GIZARTEA -

Ibrahima duela hiru urte atera zen Senegal bere herrialdetik. Odisea luze baten ostean, Euskal Herrira iritsi zen eta orain, lan baimena lortzeko gutxi falta zaionean, bere esperientzien berri ematera ausartu da. Hala ere, ez du aurpegia erakutsi nahi izan, kontatu dituen pasadizoetako asko kontatzea arriskutsua iruditu zaio eta.

2009ko Urriaren 23a

Afrikarra naizela eta Senegalen jaio nintzela esatea aski da. Ibrahima izena dudala esango dut, gure herrian oso ohikoa baita. Era honetan, bestela kontatuko ez nituzkeen gertaerak kontatu eta ni bezala etorri diren atzerritar guztien izenean hitz egin dezaket.

Senegalen, itsasoan egiten nuen lan. Ganbiara joaten ginen kontrabandoan azukrea, barazkiak eta tabakoa erostera, gero Senegalen saltzeko. Ez naute sekula kartzelan sartu, baina hurbil ibili naiz behin baino gehiagotan. Momentu txar ugari pasatu izan ditugu; tirokatuak ere izan gara, askotan. Han norbait hiltzeko ez dute askorik behar, gorpua itsasora bota eta inor ez da gehiago kezkatuko; gobernuari ez zaio axola.

Odisearen hasiera

Senegalen ez dago lan egiteko aukera askorik eta dirua irabazi eta familia aurrera atera nahi izanez gero, halakoak egin behar dira. Bi urtez aritu nintzen dirua aurrezten, Europara egin behar nuen bidaiarako. Familiari bidaia itsasoz egin behar nuela esan nion, eta agian ez nintzela bizirik aterako. Jainkoari errezatu eta dena ongi aterako zenaren esperantza izan, ez zitzaidan besterik geratzen.

Jaioterrian furgoneta bat hartu nuen Mauritaniaraino. Han kaiuko baten bila hasi ginen, kontu handiz. Polizia asko izaten da inguruetan. Bidaia bat antolatuta zuen norbaitekin kontaktatu genuen. 500-1.000 euro bitartean ordaintzen dira normalean; bakoitzaren diruaren arabera negoziatzen da. Nik 800 euro ordaindu nituen.

Kanariar Uharteak

Azkenaldian, kaiukoena diru iturri garrantzitsu bihurtu da han. Jendeak dirua aurreztu eta paterak erosten ditu, gero bidaiak antolatu, patera eramango duen kapitainen bat aurkitu eta jendeari dirua kobratuz irabaziak lortzeko.

Mauritaniatik larunbat batean atera ginen, gaueko hamabietan, eta Espainiar Estatura asteartean iritsi ginen, goizeko bostak aldera. Poliziak geldiarazi gintuen. Gero Gurutze Gorria etorri zen eta Kanariar Uharteetara eraman gintuzten. Soinean generamana kendu genuen eta arropa berriak eman zizkiguten. Lehendabiziko bi egunetan galdeketak etengabeak izan ziren.

Gaztetxoenak hartu eta ispiluz betetako gela batean sartzen zituzten. Errezagoa da haien bitartez informazioa lortzea. Bi egunen ostean, gune handi batera eraman gintuzten. Logelak eta jantokiak zeuden han, baina eremu itxia zen, ezin ginen handik atera. Eta ez genekien zenbat denbora egingo genuen. Azkenean 40 gau izan ziren baina denbora luzeagoa zeraman jendea ere ezagutu genuen.

40 egunen ostean, abokatu bat ikustera joan ginen. Nik lanera etorri nintzela eta hemen osaba bat nuela esan nion. Ondoren, mediku batekin egon ginen, odola atera eta hamaika froga egin zizkigun. Handik gutxira, polizia bat etorri zen eta hegazkina zain zegoela esan zigun. Paper bat sinarazi eta hegazkinera sartu gintuzten. Ehun lagun inguru geunden hegazkine hartan. Hegazkinak lurra hartu zuenean, janari pixka bat eman ziguten eta kitto. Besterik ez.

Madrilen ezer gabe!

Batzuei dirua eman ohi die poliziak, 50 eurotik gora sarri. Ez dakit zergatik, baina guri ez. Ez nuen ezer ezagutzen; Madrilen nengoela banekien, hori esan zigutelako. Zazpi euro besterik ez nituen poltsikoan. Bilbo Madriletik hurbil zegoela pentsatzen nuen eta zazpi eurorekin iritsiko nintzela. Beste bi lagun, Almeriara joan ziren.

Madrilgo kaleetara irten eta gurutzatzen genituen beltzaran guztiei galdezka hasi ginen. Apirila zen eta hotz handia egiten zuen. Euria ere ari zuen, tarteka. Halako batean senegaldar jatetxe batetara iristea lortu genuen. Baina jabeak ezin zigula lagundu entzun behar izan genuen, jatetxe gainean zeukan etxebizitza beteta zeukalako. Janari pixka bat hartu genuen eta kalera itzuli ginen, busti-busti eginda. Hotzak kikilduta. Goizeko ordu bietan, beste beltzaran bat ikusi genuen. Zorionez, etxeko ateak zabaldu zizkigun hark. Eskerrak hura ezagutu genuen, bestela gureak egingo zukeen!

Hurrengo goizean etxeko jabearen beste lagun batek Bilbora etortzeko autobus txartela erosi zidan, hogei euro balio zituena.

Gaueko hamarretan iritsi nintzen Bilbora. Paper bat neukan eskuan, gazteleraz Madrildik nentorrela eta nire osabarengana iristeko laguntza behar nuela zioena. Ordurako bi euro besterik ez zitzaizkidan geratzen. Osabaren etxera deitu eta bizilagun batekin hitz egitea lortu nuen. «Oraindik ez zara iritsi. Azken txanpa falta zaizu!», esan zidan hark. Lur jota geratu nintzen. Nik uste nuen nire osaba Bilbon bertan bizi zela. Baina ez, Gipuzkoan bizi da, eta hara iritsi behar nuen. Ez nekien zein herri zen.

Euskal Herrian

Osabaren herrira joateko autobusaren bila hasi nintzenean, bikote batekin egin nuen topo. Mutilak, beltzaranak, frantsesa ulertzen zuen, eta dena azaldu nion. Lagun bati deitu zion, itxura txarra nuela eta zerbait jan eta atsedena hartu beharra neukala kontatzeko. Hotz nitzen eta begiak gorri-gorri eginda nituen. Hiltzorian nengoela uste dut. Bilboko lagun batzuen etxera eraman ninduen bikoteak.

Lagun haietako bat ezagutu egin nuen, Senegaleko herrikidea zen. Izugarrizko poza eman zidan hura ikusteak. Egun bat Bilbon igaro ostean, autobusa hartu eta Gipuzkoara bidean jarri nintzen. Beste egun bat bidean pasa eta azkenean nire osabaren etxera iritsi nintzen. Bidaia oso luzea eta gogorra izan zen. Sekula ez dut ahaztuko.

Euskal Herrian, zorte ikaragarria izan nuen berriro, zenbait lanetan aritu ostean, bi hilabetera lan serioa eskaini baitzidaten, igeltsero lez. Hona etorri baino lehen Europa bizitzeko leku ederra zela pentsatzen nuen, lan asko zegoela eta jendea ederki bizi zela. Baina errealitatea beste bat da. Europan benetan gertatzen ari dena sekretu handi bat da Afrikan. Hemen ere jendea gaizki pasatzen ari da. Lan gutxi eta dirurik gabe. Senegalera itzultzen direnek ere ez dute, hala ere, egia osoa kontatzen, inork ez baitu hori sinesten. «Ez duzu nahi ni hara joaterik?». Hori erantzuten du jendeak.

Legeak dioenez, hiru urte behar dituzu paperak lortzeko eta beraz, itxarotea besterik ez zitzaidan geratzen.

Hiru urte betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkidala, paperak egiten hasi nintzen. Iraultzak abokatu batengana lagundu zidan, Donostiara. Abokatuak, prozesu guztia egiteko 600 euro inguru behar nituela esan zidan, eta hala ere, ez zidala ehuneko ehunean paperak emango zizkidatela ziurtatzen. Mundua gainera erori zitzaidan. Nik uste nuen, behin hiru urte beteta, paperak jasotzen zenituela, baina orduan konturatu nintzen gauzak ez zirela hain errezak izango. Hala ere, 600 euroak ordaintzekotan nintzen, abokatu batekin gauzak errazago egingo genituelakoan. Baina Iraultzak Heldu-ra joateko konbentzitu ninduen, gutxienez proba egin behar genuela eta. Eskerrak kasu egin nion, atzerritarrentzat prestatuta daukaten zerbitzu horretan musu-truk lagundu baitzidaten.

Paperen labirintoa

Beharrezkoak genituen paperen zerrenda bat eman zidaten. Nik ez nekien zer ziren paper haiek guztiak. Maiatzean, hiru urte bete nituenean hasi ginen paperak biltzen. Zorionez, Euskal Herrira iritsi nintzenean, erroldan izena eman nuen, eta horrek hemen hiru urte daramazkidala erakusten du.

Hirugarren aldiz Donostiara joan ginen Iraultza eta biok, Heldura. Udaletxean aurkeztu beharreko Bertakotze Informearen oinarriak eman zizkidaten han, eta udaletxean hitzordua eman zigutenean, Helduko informe harekin batera, hiru urte hauetan egin ditudan beste gauza guztien ziurtagiriak ere aurkeztu nituen. Euskara ikasten ibili naiz, EPA ateratzeko ikasketak ere egin ditut, herriko zenbait lekutan ere lagundu izan dut noizbehinka eta bikote baten etxean bizi naiz. Beno, bikotearena ez da egia. Ni nire jaioterriko beste batzuekin bizi naiz, baina erroldatzerakoan hemengo helbidea jarri behar izaten da eta bikote hark bere laguntza eskaini zidan horretarako. Dokumentu horiekin, herrian ongi bertakotuta nagoela ziurtatzen dut.

Hala ere, honek guztiak ez du ezertarako balio, ugazabak sinatutako aurre-kontratu bat aurkezten ez bada behintzat. Behin Bertakotze Informea lortuta, gainontzeko paperekin jarraitu genuen. Senegalera aurrekari penalik ez dudala egiaztatzen duen dokumentua eskatu nuen, frantsezez eta gazteleraz idatzita. Paper hori, Madrilera bidali nuen gero, Senegaleko enbaxadak oniritzia eman zezan.

Senegalen, kontrabandoan aritzen ginen bitartean behin bakarrik atxilotu izan baninduten, orain arte egindako guztia alfer-alferrikakoa zatekeen; ez nukeen hemen legezko egoeran geratzeko aukerarik izango sekula. Gero, osasun ziurtagiria erosi -3'48 euro- eta mediku baten azterketa igaro nuen. Ziurtagiriarekin Donostiara itzuli ginen laugarren aldiz, Mediku Eskolan medikuaren sinadura egiazkoa zela ziurtatzeko -beste lau euro-. Gero, lan egingo dudan enpresaren azken errenta aitorpena, gizarte segurantzan alta emanda dagoenaren ziurtagiria, enpresak zorrik ez dituela egiaztatzen duen dokumentazioa, langile berri bat kontratatzeko gaitasuna duela ziurtatzen duen beste bat eta azken bi hiruhilabetetako BEZaren aitorpenak aurkeztu behar izan ditut. Eta hiru urte betetzearren bakarrik paperak ematen zituztelaren esperantzarekin etorri nintzen ni hona!

Dokumentu guztiak eskuetan, gobernuko ordezkaritzara joan ginen, Donostiara. Bi edo hiru hilabeteren buruan erantzunen bat izango nuela jakinarazi zidaten. Baina ekainaren hasiera zen eta uda zetorren.

Irailaren 8an berriro gobernu ordezkaritazara joan nintzen, ea nirekin ahaztu egin ziren edo ez jakiteko. Laster eskutiz bat jasoko nuela esan zidaten han, besterik ez. Hurrengo egunean iritsi zitzaidan eskutitza: hamar egunen buruan nire pasaportea non eta noiz egin nuen ziurtatzen zuen orri bat aurkeztu beharra neukan; bestela, orain arte egindakoa bertan behera geratuko zen. Pasaportea Madrilen egin nuen, Senegaleko enbaxadan, eta ondorioz, Madrilera joan beharra izan nuen. Ramadanean geunden baina ez zitzaidan beste aukerarik geratzen. Egun berean Madrilerako autobusa hartu nuen, goizean enbaxadara iritsi, bost orduz itxaron, sigilu triste bat zeraman orritxo bat hartu, eta Bilbora itzuli nintzen. Hurrengo egunean, berriro Donostiara papertxo hura aurkeztera. Beste bi aste itxaron behar izan nuen erantzuna jasotzeko.

Argi izpiak ikusten

Azkenean, baietza jaso dut eta ugazabak gizarte segurantzan alta eman dit,-aurretik nik 35 euro ordainduta, langilearen gaineko tasa deitzen den 790 modelua eskuratzeko-. Altarekin, Donostiara itzuli naiz, ez dakit zenbatgarren aldiz. Poliziaren eraikinean, gizarte segurantzan alta emanda daukadala dioen dokumentua aurkeztu eta banku batetara bidali gaituzte, lan baimena eskatzeko behar diren paperak ordaintzeko -15 euro-. Ordainketa agiriarekin, hatz markak hartu dizkidate.

Behin hatz markak hartuta, lasaiago nago, nire odisea amaitu dela sentitzen baitut. Hilabete barru lan baimena dudala dioen txartela iritsiko zait.

Zorte handia izan dudala uste dut, jende askok lagundu baitit. Hauek gabe ez nintzateke orain hain pozik egongo. Baina gero eta zailago da paperak lortzea. Krisian gaudenetik gainera, sarri entzuten da hona bertakoei lana kentzera etortzen garela. Horiei guztiei zera galdetu nahi diet: Gure herrietan bizimodu duin bat izateko aukera bagenu, hau guztia igarotzera arriskatuko ginela uste al duzue?. Hango bizimodua oso gogorra da eta hona iritsi arren zailtasunak besterik ez ditugu aurkitzen.

Agustin Unzurrunzaga (Sos Racismo)

Non eduki zuten Ibrahima Kanariar Uharteetan?
«Centro de internamiento de extranjeros» deritzon leku batean. 40 egunetan izaten dituzte normalean. Denbora horrek atzerritarrak nongoak diren jakiteko eta hango enbaxadarekin harremanak izateko tartea ematen dio Gobernuari. Laster abian jarriko den lege berriarekin, 60 egun eduki ahal izango dituzte atxilotuta. Atxilotuta daude baina ez dute deliturik egin, modu ilegalean sartzea falta administratiboa baita. 40 egunetan ez badute euren jaioterriko Gobernuarekin harremanik izan eta atxilotuak identifikatzen, aske utzi behar dituzte.

Legalak al dira?
Bai, Europa guztian daude halako lekuak eta legalak dira. Erregimen kartzelarioaren antzekoa da. Europako legediaren arabera 18 hilabete arte pertsona bat halako gune batean izatea legala izango litzateke. Praktikak demostratzen omen die denbora gehiago behar izaten dutela atzerritarrak identifikatzeko. «Es que a veces nos mienten, tenemos que descubrir de donde son».

Madrilen uzti zuten ezer gabe.
Kanariar Uharteetan utzi beharrean, penintsulara pasatzen dituzte. Batzuei dirua ematen diela esaten dute, 50 euro edo, baina ez dakit zergatik. Ez dago legerik dirua eman behar diela esaten duenik.

Ibrahimak ze aukera zituen hemen geratzeko?
Familiarik gabeko atzerritar batek espainiar Estatuan bi modutako bertakotzearen bitartez lortu ditzazke paperak: soziala edo laborala. Bertakotze laborala legez oraindik posible da baina praktikan porrot ikaragarria izan da.

Zer gehiago?
Bere jaioterriko penalak legeztatuta, udalak egiten duen Bertakotze Informea, medikuaren txostena, hiru argazki eta eskaera-orria. Eta lan kontratua, noski. Hauekin urte beteko lan baimena eta egoitza baimena lortzeko aukera egoten da.

Bertakotze lege hau noiz jarri zen martxan?
2000.urtean sartu zen indarrean, 4/2000 legearekin. Egoera irregularrean zeudenei bizimodu legalera igarotzeko aukera bat eman nahi izan zitzaien honela. Lanean ari den pertsona bat, baliabideak dituena eta gure inguruan bizi dena legeztatu egiten da. Gaur egun oso garrantzitsua da hau erregimen orokorra ia erabat itxita baitago.

Zer da erregimen orokorra?
Erregimen orokorraren oinarrian ere lan kontratua dago. Baina lan kontratua jaioterrian egiten da. Ugabaza atzerriko nonbaitekin harremanetan jartzen da eta lana eskaintzen dio. Hark onartuta, bere jaioterritik ekartzen du. Praktikan fikzio juridikoa da. Jendea hona etortzen da, lanean aritzen da eta nagusiarekin konfiantza hartzean egoera erregularizatzen hasten da. 

Eta zergatik dago itxita?
Erregimen orokorrak lehentasun nazionalaren arabera funtzionatzen du, baztertzailea da. Hemengoek dute lehentasuna eta atzerritarrak hemengoen atzetik egoten dira. Katalogo bat antolatzen du INEMek, jendea zein lanbidetarako behar den zehaztuz. Orain dela urtebete erabat aldatu zen katalogoa. 46 lanbidetik bi lanbidetera murriztu zen. Hemengo jendeak nahi ez dituen lanbideak izaten dira.

Bertakotzearen legea aldatzera al doa?
Berez inon ez dago hori idatzita. Partidu Popularra izan da emendakinen bat aurkeztu duen bakarra; bertakotze legea berrikusi beharra dagoela esan du. Irailaren erdian onartu zen legea eta orain arte ez da horretan sartu. Etorkizunean zerbait gertatzen bada, Partidu Popularra izango da aldatzen saiatuko den bakarra. Eta legearen ostean araudia etorriko da. 

Eta nolakoa da lege berri hori?

Legea gogortu egiten da. Elementu negatiboak indartuko ditu. Krisi egoeran gaude eta sistema produktiboa aldatu egin behar dela suposatzen da. Ez da edozein etorkini sartzen utziko, aurrez aukeratutakoak etorriko dira bakarrik. Selektiboagoa izango da eta etorkina lan merkatuari atxikita eta lan merkatuaren baitako lan esku kontsideratuko dute.

Zer lortu du Ibrahimak orain?
Gizarte segurantzan alta eman diote eta orain urte beteko lan baimena eta residentzia baimena emango diote. Urtebetera berritu egin beharko du, eta horretarako sei hilabete kotizatuta izan beharko ditu eta lan kontratu bat lanean jarraituko duela ziurtatzen duena. Hori lortzen badu, beste bi urtetarako luzatuko diote baimena. Bestela irregulartasunera pasatzen dira eta zenbatzailea zerora itzultzen da.

Hau guztia ez al da oso kontraesankorra?

Nik uste edozein gobernuk dakiela atzerritarrak hemen daudela, baina beste kontu bat propaganda nola egiten den, politikariek zer esaten duten. Migrazioak oso kaotikoak dira eta historia guztian izan dira, bertako egoera eta jaioterriko egoera kontutan hartu behar direlako. Badakite hemen daudela, asko lanean. Ugazaba askoren interesa ekonomia murgilduak mantentzea da. Gaur egunean Estatu mailan erroldatuta bost milioi eta erdi atzerritar daude eta horietatik lau milioi eta erdi lan baimenarekin. Non dago beste milioi hori? Autonomia erkidegoan 132.000 atzerritar bizi dira, lan baimenarekin 96.000 inguru daude. Horietako asko lanean ari dira noski. Estatuak azkenean errepesioaz gain zirrikitu bat lagatzen du zabalik, lanean dabiltzanek gutxienez gizarte segurantzan kotizatu dezaten.