Amagoia Mujika
2009ko Urriaren 23a
Goiz esnatzen da egunero, lanari lehenbailehen ekiteko. Fabrikara joateari utzi zionean hasi zen lan berrian, erretiratu eta gero. Dagoeneko joan dira urte batzuk ordutik, baina etxekoek oraindik ere harrituta begiratzen diote lanera doala esaten duenean. Goizetan paseo polit horretako petrilean esertzen da, bederatziak jo aurretik. Hotz egiten duenean, egunkari zaharren bat jartzen du ipurdia harri hotzetik babesteko. Baina nahiago du goizean goizetik hasi. Izan ere, ikastolara bidean doazen haurrak agurtzea gustatzen zaio gehien. Horixe da bere «agurtzaile» lanaren parterik politena..
«Agur polita!», esaten dienean haurrei begiak piztu egiten zaizkie. Askok, lotsatuta, aurpegia ezkutatzen dute. Baina, hala ere, berak gustatu egiten zaiela sumatzen du, petrilean eserita dagoen aitona zahar horrek hain modu indartsuan agurtzea.
Besterik ez die esaten; ez die bestelako azalpenik eskatzen; ez die izenik galdetzen, ez zer moduz dauden edo nora doazen. Agur bakarrik esaten die. Baina egia-egiatan esaten die agur, une horretan egiteko daukan gauzarik garrantzitsuena balitz bezala.
Batzuetan iruditzen zaio gaur egungo haurrak ez daudela ohituta horrelako agurretara. Ezta helduak ere. Hasieran kostatu egiten zaie aitona zahar horren lanbide bitxia ulertzea. Hasieran, lehendabiziko egunetan, burutik eginda dagoela pentsatzen dute, eta mesfidantzaz begiratzen diote. Baina, azkenerako, egunero-egunero gogor lan eginez, lortzen du ibiltarien konfiantza bere egitea, eta agurrak bueltan jasotzen hasten da. Eta horixe da nahi duen bakarra, agur bat bueltan.
Azoka egunak ere asko gustatzen zaizkio. Paseoa postuz betetzen da eta bere petriletik gertuago pasatzen zaizkio denak. Dibertigarria da azoka egunetan agurrak eta salam malecunak tartekatzea. Azoka egunetan ikusten duen Saharako lagun batek behin kontatu zion bere herrian ohitura dela norbait agurtzerako orduan banan-banan bere familiako kide guztiengatik galdetzea, «Zer moduz zu», «zer moduz emaztea», «zer moduz semea», «zer moduz alaba», «zer moduz behia»... Eta, horrela, ezin inoiz amaitu. Gogorra iruditu zitzaion kontua.
Bere helburua jende guztia agurtzea da; egunerokoan daramaten martxa eroan norbait, petril batetik, bere joan-etorriekin konturatzen dela senti dezaten. Eta agurtu bakarrik, badakielako inork ez daukala denborarik inori -eta gutxiago aitona zahar bitxi bati- oparitzeko. Horregatik ez zaio gustatzen Saharako agurtzeko modua, luzeegi joaten delako.
Eta, gainera, ikusten dio beste arriskurik. Lehen, bera gazteagoa zenean eta herria txikiagoa, ederki zekiten denek elkarren berri. Bazekien bakoitza zein etxetakoa zen, zenbat senide ziren etxe horretan, nondik nora zebiltzan... Baina, orain, goizean agurtzen dituenen begietan ondo lo egin duten edo ez asmatu dezake agian, baina ez askoz gehiago. Nola hasiko da orduan baten aitaren edo bestearen semearen inguruan galdezka? Seguru hanka sartuko lukeela, modu mingarrian, gainera.
Izan ere, orain dena desberdina da. Orain mundu guztiak jende mordoa ezagutzen du. Ezagunak ditu han eta hemen; herrian, lanean, gimnasioan, baita han urrunean ere. Pentsa, inoiz aurrez aurre elkarri aurpegirik ikusi ez dioten asko lagunak omen dira. Pantaila pareko lagunak. Bai, ezagunak ugari, baina inork ez daki ezagun horren minek zer kolore duten eta pozek zer usain. Ezagunak ugari baina ahal bada, agurra aurrezten saiatzen gara askotan. Badirudi goizean etxetik ateratzeko poltsikoak agurrez betetzen ditugula eta horiek bukatzeko beldurrez ematen dugula eguna. Zer garen xuhurrak.
Akaso egunen batean petrilean bere ondoan eseri eta zergatik egiten duen galdetuko diot. Askotan pentsatu izan dut hori egitea, baina azkenean agur besterik ez diot esaten. Egia esan, berak ez badu besterik eskatzen, zergatik hasiko naiz ni azalpen eske. Esandakoa, agur.




