Nagore Amondarain
2009ko Urriaren 23a
Hedegile kalearekin -Correría kalea, ezagunago egiteko- egin dezakezu topo Andre Mari Zuriaren plazatik, aldapan gora, sartzen den azken kalea hartuz gero. Agian beste kaleek ez duten bitxikeria du honek, bertako dendak eta komertzioak iragartzeko forjazko iragarkiak baliatzen baitituzte, garai batean bezala. Horren antipodetan dago Kutxi kaleko «VascoKebab»a iragartzen duen neoizko iragarki kitscha, adibidez.
Irakurtzen jakitea miraria zen garaian, irudi bidez gidatu behar zuten hiriko biztanleek. Kale honek, oraindik ere, irudiaren bidetik gidatzera bultzatzen gaitu. Irudiek gidaturik irudia helburu duen liburu dendara iritsiko gara. Zuloa Irudia liburu dendak, esandako moduan, irudia baitu ezaugarri. Komikia, eleberri grafikoak zein bestelako liburu bereziak ditu apalategi berezietan jarrita, den-denak azala bistan dutela. Ez da liburu bizkarra soilik ikusten zaiela, itota bezala dauden liburu zerrenden pasabidedun liburu denda.
Erosteko zein bisitatzeko tokia izan daiteke Zuloa, nahiz eta ikuspegi komertzialetik begiratuta askori ez dion graziarik egingo komentarioak, badakit... Erostea, sortzea, kontsumitzea, irakurtzea... Denetatik behar baitu gure literaturak.
Eleberri grafiko edo, besterik gabe, liburu baten aurkezpenak eraman nau aste honetan Zuloara. Ez naiz hasiko Ihes ederra liburua han edo hemen klasifikatzen, hori kritikariei utziko diet, har ditzatela nahi beste lizentzia kritikak egiteko. Baina Hedoi Etxartek eta Alain Urrutiak sorturiko liburuaren aurkezpenak Zuloa liburu dendako sotora eraman nau. Toki egokia diziplinarteko liburu hau aurkezteko.
Betiko legez, kazetari gutxi, entzuleak gutxiago. Zulora kondenaturik ote daude liburuen aurkezpenak? Aurkezpenen anekdotariorako bat gehiago. Arratsaldea izanik, kazetaria semearekin etorri da aurkezpenera, saskibaloiko entrenamendutik atera berria, motxila eta guzti. TeleVitoriako kazetaria semearekin eta kamera lagun. Aurkezpena Iban Zalduaren sarrerarekin hasi da, euskara hutsez. Hogeita hamargarren minutuan, sarrera gisako Zalduaren hitz jarioa eten du kazetariak: «Mira, hablas de puta madre en euskera... Pero, quería un corte de los autores... Es que tengo prisa...». Kamera lanetan ari den gaztea lotsatuta, hasperenka. Liburuaren egileak zein aurkezlea, norabidea galduta. Eta entzuleen artean berbaroa.
Liburuaren egileek, Alainek berak, liburuan marrazturiko harridura espresio landuenen moduko irudia marraztu dute euren aurpegietan. Eta hitza hartu dute labur. Kazetaria tiraka, liburuaren ez dakit zein sekretu jakin nahian bezala, urgentziazko galderak norabide bakarrean. Hau da, mirariak beharko zituela kazetariak aurkezpenaren kronika egiteko.
Aurkezleak zulo beltza igaro ostean, bereari ekin dio, Euskal Errepublika Askean bizi den bikote hetereosexual baten istorioa ardatz duen liburuaren aurkezpenari.
Geratzen zen kazetari txintxo, interesdun eta euskaldunak hitza hartu eta, berak ere presa zuenez, galdera bat egin nahi zuela joan aurretik. Beraz, aurkezpena egileen eta irakurleen arteko izan da azken finean. Aurkezpena amaitu eta Zuloa Irudia atzean uztean, Zulo bat uretan eleberria hartu dute hizpide bertaratutakoek.




