EKONOMIA -

Azpeitian abiatuta, Durangorainoko bidea egiten ari dira Euskal Herriko baserritar gazteak asteburu honetan. Martxa hau gazte batek nekazari izatea erabakitzen duenean hasten duen ibilbidearen ispilu izan daiteke: atsegina baina malkartsua tarteka, beti ere lagunartean leunagoa eta eramangarriagoa gertatzen dena.

Xole Aramendi

2009ko Urriaren 23a

Baserria da etorkizuna». Sinplea, zuzena bezain esanguratsua. Hauxe da Akuilu elkarteak antolatuta egunotan egiten ari diren Baserritar Gazteen Martxaren leloa.

2005. urtean sortu zen Akuilu, Gazte Mugi jardunaldietan elkar ezagutu eta lanerako prest agertu zen talde baten eskutik. Lehenengo aldiz bultzatu dute ekimena, indarrak batzeko helburuz. Baserriaren aldeko apustua egiten duten gazteek ateak zabalik dituzte elkartean: «Orain arte Akuilura etorri ez direnak batzea da gure nahia. Nekazaritza sektore txikia da eta askotan bakoitza bere baserrian dago. Inportantea da elkarren berri izatea bidean aurkitzen dituzten zailtasunak gainditu ahal izateko», diote.

Mezu baikorra du Akuiluk, gero eta laino beltz handiagoen itzalpean dagoen lehen sektorea eguzki izpiz argitu nahian. «Hainbeste aldiz entzun dugu baserritik ezin dela bizi, azkenerako jendeak sinetsi ere egin duela. Elkartean `honek egin dik' ikusi eta agian beste bat animatzeko balio izan dezake», adierazi dute. Ez dute zalantzarik egiten: «Denon indarrak batuta posible da nekazaritzaren egoera beltzari buelta ematea», gaineratu du Josu Gil-ek.

Akuilu taldeko kidea da bera. Azpeitian elkartu gara. Alboan beste hiru ditu: Aritz Katarain, Judit Garzia eta Pedro Alberdi. Azken hau ez da nekazaria, kaletarra baizik. Ekoizleak zein kontsumitzaileak, biak, biltzen ditu elkarteak, eta salerosketa soilean baino elkarlanean eta euren aliantzan oinarritutako eredu baten alde ari dira lanean. «Beharrezkoak gara baserritarrak, baina baita kaletarrak ere. Horregatik ari gara kontsumitzaileen kooperatibekin elkarlanean. Ez da baserritarren ardura bakarrik egoerari buelta ematea. Kaletar batek asko aporta dezake, bai baserriko produktuak erosiz edo baserriko baloreak hartuz. Kontsumitzailea ez da kontsumitzen duen pertsona bakarrrik», argitu dute.

Martxaren harira, elkarteko kideen kezkak, erronkak eta pozak, denak otar barruan sartu, eta mataza askatzen hasi gara.

Baserria al da etorkizuna?

Judit Garzia. Azken boladan ari da zabaltzen baserrian ez dagoela zer eginik, sektore guztiak porrot egin duela. Horren kontra egin nahi dugu. Benetan egoera oso zaila da. Kopuru handiak ekoiztea bultzatu da eta mundu globalizatuan, eredu honetan sartuz gero, Txinan edo Brasilen ekoizten diren produktuekin aritu behar duzu lehian... Hori ezinezkoa da. Bertako baserritarrak, eredu horretan sartuz gero, ez dauka zer eginik. Beste eredurik badago eta posible eta beharrezkoa da bertako nekazaritza.

Aritz Katarain. Gaur egungo egoerara Juditek esan duenagatik iritsi gara. Administrazioaren aldetik produkzioan oinarritutako eredua bultzatu da: zenbat eta gehiago, zenbat eta handiagoa, zenbat eta esne litro gehiago ekoiztu... Hemengo baserrian hori ez da erreala. Baserri txikiak dira, lur kopuru mugatu batekin, inguruan aldapa besterik ez dago... Beste eredu bat eskatzen du, produkzioa txikiagoa izango duena. Era honetan lanean ari denak askoz atentzio handiagoa jartzen dio egiten ari denari. Kalitatea bermatzen du, ingurua garbi mantentzen du eta horri eutsiz gero, jendeak aukera du kalitatezkoak eta bertakoak diren produktuak jateko. Kanpotik denetarik etortzen zaigu, baina ez dakigu ez zein jatorri duen, ez nola produzitu diren. Hau prezioan garbi ikusten da. Kanpotik sartzen dira produktuak eta hemen askotan kostuaren azpitik ordaintzen digute. Honi buelta eman nahi diogu.

Behi azienda duten baserritarrek ekoiztutako esnea enpresa handiei saltzea beste irtenbiderik ez dute ikusi.

Josu Gil. Lehen etxez etxeko salmenta egiten zen, esnearen kasuan, adibidez. Osasun arloa sartu eta baldintza oso zorrotzak jarri zituen. Ondorioz, etxez etxeko banaketa desagertu egin zen eta orduan hasi zen baserritarra esnea zentralera saltzen. Gauza guztiekin berdin gertatu da: ogia, gazta... egiteko, esnea banatzeko... inbertsioak egitera behartzen zaituzte. Globalizazioan enpresa handiekin lehiatu behar dugu. Gu baserri txikiak gara eta baldintza berdinak ezin dira izan eurentzako eta guretzako. Honekin oso gogorrak dira hemen. Europako beste herri batzuetan, aldiz, ez da gauza bera gertatzen. Gu ados gaude gauzak zaindu eta ondo egitearekin, baina nire ustez administrazioak halako paranoia dauka eta horrek asko mugatzen gaitu.

J. Garzia. Jarri dituzten irizpideak agroindustriarenak dira, kalitatearen kontzeptuarekin gertatu den bezala. Kalitatea da zerbait polita eta tamainu homogeneokoa izatea. Hori da justu industria indartsu horri komeni zaiona, ez ekoizle txikioi.

Pedro Alberdi. Ezta kontsumitzaileoi ere.

J. Garzia. Sektore horien interesak lehenetsi dira. Osasun eta kalitateko arauak bide berera doaz: txiki guztiak tartetik kendu besteen mesedetan. Baina ekoizle txikien beharrik ez izatea zalantzan jartzekoa da, paisaiaren ikuspegitik eta beste mila arlotik erabat beharrezkoak direlako. Orain arte hau ez da behar bezala baloratu.

Zelaiak garbi mantentzea ere inor gutxik baloratzen du.

J. Garzia. Bai, garbi dauden bitartean. Badirudi berez horrelakoa dela hemengo paisaia.

J. Gil. Gure agintariek turistak erakartzeko erabiltzen dute: `Euskal Herria ze polita, zelai berdeak...' baina turistek utzitako dirua guregana ez da ailegatzen. Nik uste baserritarrek egiten duten lana denon onerako dela, bai kaletarrentzat, mendizaleentzat, suterik egon ez dadin, esaterako, eta horren truke ordain bat jaso behar du.

Nekazaritza jarduera indibidual bezala hartu izan, nor bere negozioan.

J. Garzia. Bai, gizartearentzat dituen onurak ez dira kontuan hartu.

Auzolana bultzatzen duzue Akuilu elkartean, ezta?

A. Katarain. Bai, baserritar gazteon etxeetan lana pilatzen denean elkarri esan eta laguntzera joaten gara. Eguna jarri, jende mordoxka bat elkartu eta lanak aurreratzen joateko balio digu. Egunerokoak norberak egin behar ditu, baina momentu jakin batuzetan, karga kentzeko balio dizu. Hesia egin behar duzula... Baserrian ari den gazteari beste animo bat ematen dio. Lagun mordoxka bat etorri eta kontu batzuk esanez lanean aritzeak morala altzatzen dio bati.

J. Gil. Guk ez dugu ezer asmatu, auzolana beti egin da baina galtzear dago. Oso interesgarria da berreskuratzea.

Gipuzkoarrak zarete nagusi elkartean. Beste herrialdeetan baino baserritar gehiago al zaudete?

J. Garzia. Helburua Euskal Herriko mailako elkartea sortzea izan zen. Asmo horrekin, herrialde desberdinetan egin ditugu bilerak eta jendeak parte-hartzen du baina jenderik dinamikoena Gipuzkoan dago. Zaila ere bada elkartea Euskal Herrikoa izatea, Iruñetik Azpeitiara bilera batera etortzea ez baita beti erraza.

Gazte bat hutsetik has al daiteke nekazaritzan?

J. Gil. Bi bide daude, hutsetik hastea edo baserritar bati erreleboa hartzea. Mekanismoak ipini behar dira kaletar batek baserrian instalatu nahi badu bidea errazteko, nahiz kaletarra izan eta ez izan familiakoa. Oso polita da lekukoa hartzea, era horretan baserritarren jakinduria hartzen duzu eta.

A. Katarain. Zerotik hastea baino askoz praktikoagoa da. Baserria erosi egin behar baduzu, behintzat, oso zaila da. Lurra erosi eta han beste inbertsioren bat egin behar baduzu...

J. Garzia. Hori ezinezkoa da.

J. Gil. Hemen daukagun arazo handiena da ia dena pribatua dela. Kasu gehienetan lurra norbaitena da eta arazo asko dakartza. Lurra herriarena izatea aldarrikatzen dugu guk. Udalek, nik uste dut, proiektu interesgarriak egin ditzakete, lursailak erosi eta gazteei edo behar dutenei utziz. Badaude lur bankuak deitutakoak, Etorlur adibidez, gazteei alokairu merke batean eman edo saltzeko izan beharko luketenak. Baina Etorlur-ek bitartekari lana egiten du erosle eta saltzailearen artean. Ez du gauza askorik errazten.

J. Garzia. Irizpide batzuk jar litezke. Nahiz eta lurrak pribatuak izan, Frantzian adibidez, baserritarren lurrak, neurri batean behintzat, nekazaritzarako mantentzen dira. Hemen ez dago horrelakorik. Letxugak landatu nahi dituenak lur batengatik pisuak eraiki nahi dituenarekin lehiatu behar du. Eta beti galtzen du letxugak jarri nahi dituenak. Hori argi dago. Ez dago irizpide bat esateko `hemen interbenitu behar da, honek baserritarren esku gelditu behar du, espekulaziotik kanpo'... Hemen dena librea da.

J. Gil. Instituzien ardurapean dago mendien kudeaketa eta haiek garbi mantentzea. Erakundeek ez badute egiten herriak egin beharko du. Badaukagu eskarmenturik kontu honekin. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian lur erosketa kolektiboak egiten dituzte. 2.000 pertsona inguruko elkarteak dira. Kaletar batek baserrian instalatzeko asmoa badu, eta elkarteko kideek begi onez ikusten badute proiektua, kuota bat ipintzen dute eta diru horregaz lursailak erosten dira eta batzutan baserria ere bai. Bertan instalatu eta urtero alokairua -sinbolikoa- ordaintzen du. Modu honetan 20 urtean 15 gazte edo instalatu dira. Baserria elkartearena da eta oso zaila da saltzea, denen adostasuna behar da eta.

P. Alberdi. Eta arduradunak badu aukerarik subastara ateratzen denean baserria erosteko.

J. Gil. Hezkuntza oso bat aldatu beharko litzateke eta beharrezkoa da, bestela urte batzutan baserria desagertzera doa.

Lurra eskuratzea al da gaur egun oztopo nagusia?

J. Garzia. Oztopo ugari daude. Baserritik datorren batentzat izan daiteke inbertsio ekonomikoari aurre egin ezin izana; beste baten kasuan izan daiteke beste era batean ekoiztu nahi izan eta Osasun arloarekin topo egitea, araudia bera da eta sekulako enpresa duenarentzat eta egunean lau gazta egin nahi dituenarentzat. Honen aurrean baserritar sarea sortzea onerako da, baita baserritarrek eta kontsumitzaileek elkarren berri izatea ere, elkar ulertzea.

P. Alberdi. Kontsumitzaileen aldetik beharrezkoa da aliantzak sortzea, osasunari eta kalitateari dagokionez produktu ona eta segurua edukitzeko. Osasun arauak oso gogorrak izan arren txerri gripea berdin berdin ailegatu da hona. Ondorioz, eredu honek ez digu segurtatzen produktu osasungarri bat. Alderantziz, neurriz kanpo intentsifikatu diren tokietan sortzen dira honelako pandemiak, nahiz ez dakidan txerri gripea hala den benetan. Guretzat beharrezkoa da baserritara ezagutu eta konfiantza berreskuratzea. Kontsumitzaileok ere oso galduta gaude, supermerkatu batera joan eta ez dakizu zer jaten ari zaren. Bientzat da onerako: kontsumitzaileak produktua nondik datorren eta nola ekoiztu den jakiteko beharra dauka, kalitatearen berme horren bila. Eta erosleak kontsumo jakin bat ziurtatuz gero, horrek baserritarrari segurantzia ematen dio. Gainera prezioak adostuta izaten dira, prezio justua da.

J. Garzia. Garrantzitsua da kontsumitzaileek begiratzea produktu bakoitzaren atzean zer dagoen: garaikoa izatea, ekoizlea ezagutzen badute hobeto eta ekologikoa bada are gehiago. Erosten dugun bakoitzean zer ereduren alde ari garen kontuan izan behar dugu.

Zein da kontsumitzaile kooperatiben funtsa?

P. Alberdi. Uztaro kooperatibak bi ekoizle ditu lanean Beizamako lur batzutan. Lurrak kooperatiba osatzen dugun guztionak dira, ekoizle zein kontsumitzaileonak. Ekoiztu, banatu, eta kontsumitu, zirkulu osoa osatzen da bertan. Ardurak ere partekatu egiten dira. Garai bateko auzolana bultzatzen dugu. Produktuak etxean jasotzeko otar sistema daukagu, baina esango nuke antzeko beste ekimen batzutan baino inplikazio eta kontzienziazio maila altuagoa dela kontsumitzaileen aldetik.

Zer moduzko bizimodua da baserritarrarena?

J. Garzia. Beste langile autonomo askori gertatzen zaion bezala, gustukoa izan behar duzu. Bestela...

A. Katarain. Tailerretik etxera zoazenean ahaztu egiten zara hango kontuetan. Gu ez.

Baserriko baloreak hartu beharra nabarmentzen duzue. Zeintzuk dira balore horiek?

J. Gil. Batetik, gure nagusia natura bera da. Udan lan dezente egin dugu eta orain, neguan atsedenaldia dator, eguna laburtzearekin bat. Honekin batera, sasoiko produktuak zein diren jakitea garrantzitsua da. Kultura hau galtzen ari da kalean. Iraultza baserritik dator.

P. Alberdi. Lehen behar zituzten gauza guztiak baserritik lortzen zituzte, ez erabat, baina moldatzeko adina. Orain, krisia dela eta ez dela gabiltzan garai honetan, zuk zeure baserrian jateko adina duzu. Orain dena kanpotik datorkigu eta erabat menpekoak gara, bai elikadura, bai energia alorrean.

Hor dago elikadura subirautza.

P. Alberdi. Hori da. Zentzu horretan, baserritarrari poza eman behar dio bere bizia ateratzeak inongo menpekotasunik gabe, neurri txikian behintzat.

J. Gil. Bada besterik. Bizimodu kapitalistaren eraginez ez dugu denborarik hartzen ganoraz jatordua prestatu eta lasai jateko, naturak markatzen duen erritmora.

Horren harira, «slow food» filosofiak gure aiton-amonek baserrian egiten zutena aldarrikatzen du.

P. Alberdi. Edonork dauka elikagai osatuntsuak jateko eskubidea, ez jatetxe garestietara doazenek bakarrik. Honi dagokionez, slow food ez doa bide onetik, nire ustez. Urrutitik ekarritako produktuak dira askotan, garestiak; puntu elitista ikusten diot.

Azken mezurik?

J. Garzia. Ez dago Euskal Herririk baserririk gabe.

H. Katarain. Eta denon esku dago hori lortzea.