-

Iņaki Altuna

2009ko Urriaren 23a

Garrantzia handiko astea izan dugu, LABeko egoitzako atxiloketak, Donostiako manifestazioan ikusitako argazkia eta ezker abertzalearen eztabaida direla-eta. Badirudi -hala diote denek- Gobernu espainolak ezker independentistaren ekimen politiko berritua galarazi nahi izan zuela joan den asteko operazioarekin. Ondorengo manifestazioak hainbesteko arrakasta lortu izanak eta Batasunaren zuzendaritzak banatutako txosten mamitsuak hainbesteko oihartzuna jaso izanak helburu hori ez duela lortu erakusten dute argi eta garbi. Orain ikusteko dago astebeteko iraultza txiki horrek jarraipen oparorik izango ote duen, zailtasunak zailtasun. Oraingoz, ondorio garbi batzuk atera litezke hamar egunotan ikusitakoarekin:

1. Donostian bildutako milaka eta milaka lagunek bidea egiteko nahikoa gihar dagoela erakutsi zuten. Ezkerreko abertzalegoaren oinarri sozialak, harrabots eta intoxikazio mediatikoaren gainetik, ondo baino hobeto irakurri ditu egoeraren gakoak. Jendea zain dago bidea egiteko. Alta, ez edozein bide egiteko. Egoera politikoa aldatu nahi duten eragileek erreparatu beharko diote herri gogoari, hanka-sartze historikorik egin nahi ez bada.

2. Perez Rubalcaba lekuz kanpo geratu da; besteak beste, aipatu herri erreakzioagatik, ezker abertzalearen erantzunagatik eta, horrek harritu du erabat, gehiengo sindikalaren ekimenak EAJ eta Aralar ere erakarri dituelako. Azken boladan egindako harremanekin, alderdi horiek erabat lotuta zituela uste zuen ministroak. Baina, antza, ez zuen dena behar bezala atxiki, eta horrek ondorioak izan ditu hedabideetan ere, Baltasar Garzonen xelebrekeria juridikoei eta Rubalcabaren gezurrei ez baitzaie beste batzuetan bezain besteko «sinesgarritasuna» eman. Hedabideek, jakina, ez diete bizkarra eman, ezta gutxiagorik ere; baina, operazioari kiratsa zeriola ikusi da han eta hemen argitaratutako zenbait artikulutan.

3. Ezker abertzalearen eztabaidak eta Batasunaren txostenaren zabaltzearekin eztabaida horren muina ezagutu izanak mami politikoa eskaini diote egoerari. Alde batetik, manifestazioaren beraren esanahia argitu dute. Izan ere, bazen arriskua manifestazioaren gainean bestelako irakurketak nagusitzeko; adibidez, EAJren parte-hartzea izatea azpimarratutako osagai bakarra edo, enegarren aldiz, borroka armatuaren gaineko adierazpenetan geratzea, hau da, Lokarri bezalako eragileek sustatzen dituzten parametroetan. Batasunaren txostenak koska non dagoen azaldu du, bereziki ezker abertzalearen oinarri sozialaren aurrean: aldaketaren fase politikoa da; prozesu demokratikoa egin behar da aukera berriak erdietsiko dituen aldaketa hori egiteko; eta horrentzat guztiarentzat konpromisoa hartu behar duten eragileek egiteko moduak egokitu behar dituzte. Aldaketa politikoa norberaren aldaketatik ere etorriko da.

4. Eztabaidaren terminoak plazaratzeak azken atxiloketekin -are gehiago Donostiakoak eta Bretainiakoak lotuz- Barne Ministerioak zabaldu nahi zuen tesia -ezker abertzalea betikoan dago, ETAren menpe, indarkeria elikatzeko- hankaz gora bota du. Madrilgo agintariek prozesu demokratikoa bera zaildu nahi izan duten arren; bidea egin nahi duten indarren, nazioarteko eragileen eta, funtsean, euskal gizartearen aurrean, Batasunaren borondatea argiki agertu da, agintari horien kalterako.

5. Txostenak ezker abertzalean aldaketak egiteko beharra erakusten du. Baina, estutasunetik edo porrotatik egin ordez, hausnarketa baldintza politikoen arabera egin dela antzeman daiteke, eta bere kultura politikoaren gainean eraiki dela. Bestela, desbideraketa izango luke arrisku; esate baterako, egungo erakundeen asimilazioaren eta egoera politikoan egiazko aldaketarik gabeko erreformismoaren zepoan erortzeko. Beste muturreko arriskuak ere badira halako mugimendu politiko batentzat: koherentziaren mozorropean helmugarik gabeko dinamikak bultzatzen dituzten jokabideak indartzea; borroka mota bakar bat goraipatzen delakoan, beste lan eta borroka politikoak mespretxatzeko joerak gailentzea; norberaren balioari gorazarre eginez, beste sektore batzuekin elkarlana baztertzeko jokabideak gorpuztea; azken helburuak lehenesten direlakoan, helburu taktikoak gutxiestea; «herri propio» bat egin daitekeelakoan, ustezko proposamen «alternatiboekin» eta «anti-sistemekin» errealitate birtualak irudikatzea eta, beraz, gizarte osoaren errealitatearen eraldaketa iraultzailea praktikan baztertzea; erradikal izatearen aitzakiapean, aktibismoa baizik ez onestea... Egindako urratsetik ondoriozta liteke Batasunarentzat eztabaida dela mutur bateko zein besteko gaitzak gainditzeko antidoto egokiena; independentzia helmuga, egoera demokratikoa erdiesteko hainbeste aipatzen den estrategia eraginkorra egiteko bidean.