PALESTINA -

Bakearen Aldeko Emakumeen Koalizioak oso eraginkorra izan daitekeen urratsa eman du: okupazioarekin aberasten ari diren konpainien zerrenda prestatu du, «Israelgo iritzi publikoaren eta okupazioan esku hartzen duten konpainien jarrera aldatzeko itxaropenarekin, okupazioa behingoz amaitzeko». Okupatuen hondamendia negozioa da okupatzaileentzat.

Jose Angel Oria

2009ko Urriaren 23a

Palestinako okupazioa negozio iturri da Israelgo zein nazioarteko makina bat enpresarentzat. Bakearen Aldeko Emakumeen Koalizioaren arabera, okupazioak interes ugari eragiten du; interes politiko, geopolitiko eta erlijiosoez gain, konpainien interesak daude. Ondasun higiezinekin lan egiten duten korporazioek, esaterako, etekin handiak ateratzeko bide ugari dituzte: Israelek Zisjordanian eta Golanen egiten dituen koloniak eraikitzen dituzte; eta palestinarrak -irizpide etnikoen arabera- bereizteko sistema (Apartheidaren Horma) eraiki eta abian jartzen dute. Eraikin berrietara iristeko bideak ere beraiek egiten dituzte. Baita hesiak, kontrolak jartzeko instalazioak eta okupaziopean bizi den populazioa kontrolatzeko gainerako neurri guztiak ere.

Korporazioak lotsarazi

Bakearen Aldeko Emakumeen Koalizioak sekulako lana egin du okupazioarekin aberasten ari diren konpainiei koloreak ateratzeko. Irakurleak whoprofits.org webgunean izango du ikerketa horren berri.

Koalizioaren proiektuak hiru arlo jorratu ditu orain arte: juduen kolonien eraikuntza eta mantenimendua, okupazioak ahuldu duen palestinar langilegoaren esplotazioa eta okupatutako populazioaren kontrol sistemak. «Oraingoz ez ditugu ikertu ez Israelgo industria militar erraldoia, ez arma merkataritza», irakur daiteke whoprofits.org webgunean.

Alor bakoitzean lanean ari diren enpresen datuak eskaintzen ditu webguneak. Konpainiak zer egiten duen, zer izen izan dituen, filialak, jabeak, non duen lantokia... Arza Wine Cellars T.R.Z. enpresa, esaterako, kolonietan lan egiten duten horietako bat da, beste ehunka bezalaxe. Ardoa, vodka, pattarra eta beste likoreak ekoizten ditu Mishor Edemin izeneko kolonian, Zisjordanian. Shor familia da enpresaren jabea. Produktu horiek zein etiketarekin esportatzen diren ere jakinarazten du webguneak.

«Golango Gaineko eta Zisjordaniako kolonietan gaur egun abian dauden eraikuntza lanak ikustekoak dira», adierazi dute Bakearen Aldeko Emakumeen Koaliziokoek. «Urbanizazio berriak, azpiegitura proiektu erraldoiak, errepideak, ubideak eta makina bat zerbitzu, kolonoek erabil ditzaten... palestinarrei kendutako lurretan. Higiezinen jabetzen saltzaileak, kontratistak, planifikatzaileak, hornitzaileak eta segurtasun, zaintza eta mantenimendu zerbitzuak dira arlo horretan lanean ari direnak, Golango Gaineko eta Zisjordaniako proiektuak garatzen ari direnak».

AEBen kontraesanak

AEBetako Gobernuak askotan esan izan du israeldarrek palestinarren lurretan eraikitako «kokalekuak» edo koloniak legez kontrakoak direla. Aldi berean, «kokaleku horiei laguntza ematen die, bertara bidalitako dirulaguntzei zergarik ez kobratuta. Dirulaguntza horiek bikoiztu egin dira azken urtean eta hazten jarraitzen dute, oso bizkor gainera». Reuters berri agentziak egindako auditoria baten arabera, zergarik ordaindu beharrik ez duten hamahiru konpainiak, koloniekin harreman zuzena duten hamahiru konpainiak, 35 milioi dolarreko dirulaguntzak jaso zituzten bost urtetan.

Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkari ohiak pizgarri fiskal horien alde egin zuen, «humanitarioak» zirela esanez. Eta ez zuen onartu pizgarri horiek alderdi islamistekin dituzten harreman susmagarriengatik AEBek zigortu dituzten palestinarren egoerarekin lotzea.

Lurralde okupatuetan israeldarrek garatutako industria eremuetan ehunka lantegi handi daude, produktuak mundu osora esportatzen dituzten korporazioenak. Kolonoek dituzten beharrak asetzeko dira lantegi horietako batzuk.

Kolonoentzat, erraztasun ugari

«Israelgo Gobernuak sekulako erraztasunak ematen dizkie kokalekuetako jarduera ekonomikoei: alokairu merkeak, pizgarri fiskal bereziak, ingurumenari buruzko legeak ez dira betearazten, lan malgutasuna... Eremu horietan lan egiten duten palestinarrek oso mugatuak dituzte eskubideak: toki batetik bestera joateko arazo eta oztopo ugari, sindikatuetan esku hartzeko aukerarik ez eta Gobernuaren inolako babesik gabe bizi dira. Baldintza horietan, palestinar langileen esplotazioa errazten dute. Baita baliabide naturalen gehiegizko erabilera eta konpainia horiek palestinar kontsumitzaileen merkatua eskuratzea ere», dio koalizioak.

Palestinarren inportazio eta esportazio guztiak Israelek kontrolatzen ditu. Palestinarren produktuek lehiakortasuna galtzen dute eta palestinar kontsumitzaileek Israelgo produktuak baino ezin dituzte erosi. «Palestinarren ekonomiaren eta oinarrizko zerbitzu guztien garapenari jarritako oztopoek mesede egiten diete Israeleko korporazioei», adierazi dute bakearen aldeko emakumeek.

Lurralde okupatuetan eta ondokoetan palestinar langileei zein produktuei ezarritako murrizketa zorrotzek palestinarren ekonomiaren Israelgo korporazioekiko mendekotasuna areagotzen du, Koalizioaren iritziz. Kontrol gero eta ugariagoek eta hormek bertako produkzioa suntsitzen dute eta langileak negoziatzeko ahalmenik gabe uzten dituzte.

Hauteskundeen ondorio

«2006ko urtarrilean Gazako palestinar irainduek, hauteskunde demokratikoetan, botoa Hamasi eman ziotenean, Israelek erabat itxi zuen Gaza. Orduan, okupazioari aurre egiteko erabakia hartua zuten palestinarrek gosez ez hiltzeko modua aurkitu zuten: tunelak».

Sara Flounders kazetariak gaia aztertu zuen Workers World Newspaper aldizkarian, otsailean argitaratutako artikulu batean: «Israelek Gazari ezarritako blokeoak egitura ekonomiko berria eragin du, ezkutuko ekonomia. Setiatutako palestinarrek mila tunel baino gehiago egin dituzte erabat itxita dagoen mugaren azpian. Hondeaketa-lanetan milaka palestinarrek egiten dute lan orain. Baita kontrabandoan edo garraioan ere, edo oinarrizko produktuak birsaltzen». Omar Shaban ekonomialariaren ustez, kontrabandoa Gazako ekonomiaren %90 da gaur egun.

«Pasabide sare zoragarria»

«Tunelek Rafah Egiptoko hiria izen bereko Gazako iheslari eremuarekin lotzen dute. Lurra zulatuta sortu duten pasabide sare zoragarri horrek eusten dio Gazako bizitzari», gaineratu zuen Floundersek. «Normalean, ehunka metroko luzera izaten dute tunelek eta hogei metroko sakoneran zulatuta daude. Tunel baten kostua 50.000 eta 90.000 dolar artekoa da. Hilabete batzuk behar dira tunel bat egiteko; lan asko eginda, gainera».

«Plastikozko trineo txikietan eramaten dute janaria. Abere handienak sartzeko, berriz, tunel handiagoak erabiltzen dituzte. Irina, esnea, gazta, tabakoa, olioa, hortzak garbitzeko pasta, generadore txikiak, ordenagailuak eta berogailuak ere era honetan iristen dira Gazara, lurpeko pasabide horietatik barrena. Egunean, hirurehun-laurehunen bat gas ontzi iristen dira bide horretatik Gazako sukaldeetara. Egipton, salerosketa mota honek krisi larria jasaten ari den ekonomiari mesede egiten dio; ofizial eta agente ustelek, eta palestinarren egoera ulertzen dutenek, beste aldera begiratzen duten bitartean», idatzi zuen kazetariak otsailean.

Hogeita hiru eguneko bonbardaketa eta inbasioak jasan behar izan zituen Gazari blokeoa ezartzen dio Israelek, txikizioa eta gosea areagotzeko. Janari lantegiak, oilasko haztegiak, ale biltegiak, NBE Nazio Batuen Erakundeak pilatuta zeuzkan elikagaiak, azpiegitura gehienak eta berrehunen bat lantegi txiki ere suntsitu zituzten okupatzaileek. Gainera, Gazara laguntza humanitarioa eraman nahi zuten nazioarteko agentziek bide guztiak itxita aurkitu zituzten bonbardaketak bukatu eta gero.

Iraken bezala

Bonbardaketak bukatu bezain pronto, tuneletako lana berriz jarri zen abian. Ann Wright AEBetako Armadako koronel ohia da, baita Estatu Departamenduko funtzionari ohia ere. Gaur egun, bakearen aldeko ekintzailea da. «Nola eraikiko dira berriz 5.000 etxebizitza, negozio eta eraikin publiko, Gaza izeneko kartzelara materiala sartzeko modu bakarra tuneletik barrena bada? Teilatuak egiteko erabiltzen diren altzairuzko pieza handiak tolestu egin behar dira tuneletan kabitu daitezen? Beharrezkoak diren tonaka porlan, egur, iltze, pintura... eta bestelako material guztiak hogei metroko sakoneran zulatutako tuneletara sartuko dituzte, gero ehunka metro eraman, eta gero berriz zuloetatik atera, Gazan zain dauden kamioietan kargatzeko?».

Gazako iparraldean lan egiten zuten bi porlan lantegi suntsitu egin zituzten bondardaketek. Suntsitutako guztia berriz eraikitzeko beharrezkoak diren ia gauza guztiak kanpotik ekarri behar dira, eta Israelek kontrolpean ditu mugak. Horrexegatik, Wrightek ondorengoa esan zuen: «Gaza bonbardatu zuten israeldarrak Gazaren berreraikuntzarekin aberasten lehenengoak izango dira. Aurrena bonbardatu egiten dute, eta gero eraikuntza materialak saltzen dituzte, suntsitutakoa berriz eraikitzeko: AEBek Iraken egin zuten gauza bera».

Menderaezinak

Sara Flounders Workers World Newspaper aldizkariko kazetariak gaiari buruz idazi zuen berriro ere uztailean. «Asko idatzi da palestinarren sufrimenduari buruz; dena, egia. Baina Palestinako historiari bere balio berezi hori ematen diona ez da sufrimendua, borrokan jarraitzeko herri honen borondate menderaezina baizik. Baita ezinezko dirudienean ere. Sufrimendu eta kemen istorio honek etenik gabe jarraitu zuen hurrengo sei hilabeteetan ere», nabarmendu zuen Sara Floundersek. Bonbardaketek eta inbasioak Gazako azpiegitura osoa, lehen ere ahula zena, suntsitu zuten. Israelek blokeoarekin jarraitu zuen, Gazako populazioa bakartzeko ahaleginean. Mundu osoan hamar bat milioi dolar bildu ziren Gazakoei laguntza emateko, baina material guztia muga pasa ezinik geratu zen.

«Blokeoaren eraginez egindako tunelak berriro zabaldu zituzten inbasioa bukatutakoan. Populazioarentzat baliabide garrantzitsu bat dira tunelak, etenik gabeko erresistentziaren ikur izateaz gain. Orain, hain beharrezkoak diren eraikuntza materialak lortzeko iturri ere bihurtu dira tunelak», idatzi zuen Floundersek.

Antzinaroko gaiak

«Gazako ezkutuko ekonomia» izenburuko artikulu horrek beste hizketagai bat ere izan zuen: tuneletatik irtendako itxaropen zirrikitua. «Bonbardaketek suntsitutako etxeak berreraikitzeko, gazatar batzuk lokatz lehorrarekin egindako adreiluak erabiltzen hasi dira, Antzinaroan egiten zuten moduan. Eta konturatu dira tunelak zulatzeko lanetatik eratorritakoa dela lokatzik onena. Beste behin, etsipenerako egoera batek noizbait garaipena lortzeko konfidantza ematen du».

 

info+

Elkartasunez Tour ekimena

Kav LaOved langile elbarrituen eskubideen aldeko elkartea

Adva Center, Israelgo gizartea begi kritikoekin aztertzen duen erakundea

The Alternative Information Center