-

Jose Angel Oria

2009ko Urriaren 23a

Swansea hiria Galesen dago. Joan den irailaren 24an, bertako hondartzan paseatzen ari zen pertsona batek gauza arraro bat ikusi zuen lurrean. Berehala jakinarazi zuen tresna militar baten pieza zaharren bat aurkitu zuela. Pieza hori bertatik jaso eta beste leku batera eraman zuten langileak gaixotu egin ziren handik hiru egunetara. Esperientzia duten adituek esan zuten gaixotutako langileen sintomak mostaza edo ziape gasak eragindakoak bezalakoak zirela, Matthew Bergerek ipsnoticias.net webgunean idatzi duenez.

Mostaza gasa beste garai bateko kontua zela uste genuenok oker geunden. Alde batetik, duela ehun urte itsasoan hondoratutako arma kimikoak itsasoak berriz ere hondartzetan ipintzen dituelako, gai horiek bereak ez direla gogorarazteko-edo. Gainera, talamez, oraindik ere arma mota hori erabiltzen da. Horrela salatu zuen, behintzat, Manuel Zelaya Hondurasko presidenteak, Brasilek Tegucigalpa hiriburuan duen enbaxadan babestuta dagoen politikariak, estrategiaynegocios.net webgunean irakurritako kronikaren arabera: «Manuel Zelayak berak salatu zuen, atzerriko zein Hondurasko kazetarien aurrean, Roberto Michelettiren Gobernuak gas toxikoak eta mostaza gasa erabili zituela Brasilgo ordezkarien egoitza bustitzeko. Zelayak berak eta bere ondokoek gonbitalarria eta odoljarioak izan zituzten, eta presidenteak bertako telebista kate bati eskaini behar zion elkarrizketa bertan behera utzi behar izan zuen, mingaina txingurritu zitzaion eta».

Bestalde, duela aste batzuk Hego Koreako agintariek salatu zuten Ipar Koreak debekatutako arma ugari dituela: hamahiru birus eta bakterio mota ditu ekialdeko estatu komunistak, arma bakteriologikoak kargatzeko erabili daitezkeenak, eta 5.000 tona arma kimiko, mostaza gasa barne, France Presse agentziaren arabera. Hala ere, munduko beste potentzia askok dituzte horrelako armak, nahiz eta hori gutxiagotan salatzen den.

Argentinan, berriz, arma kimikoak nola ekoizten diren azaltzen duen liburu bat aurkitu zuen Federico Faggionatto epaileak Mario Segovia Efedrinaren Erregearen ordenagailu eramangarrian. «Jared Ledgardek sinatutako liburuak Lehen Mundu Gerran arma kimikoak nola erabiltzen zituzten azaltzen du. Baita mostaza gasa, esaterako, nola egiten den ere», irakurri dugu clarin.com webgunean.

Dena den, hemendik aurrera ekoiztu daitekeen mostaza gasa baino askoz ere arazo larriagoa omen da duela mende bat ekoiztu eta gerora itsasora botatakoa, IPS agentziak banatu duen Matthew Bergeren kronika irakurriz gero. Vaidotas Verba Lituaniak Herbehereetan duen enbaxadorea da. Baita bere herrialdeak Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundean duen ordezkaria ere. Berari egokitu zitzaion Errusiatik Alemaniara joango den Nord Stream izeneko itsaspeko gasbide berria egiteko proiektuak Lituanian eragin duen kezkaren berri ematea. Izan ere, Baltiko itsasoan 40.000 tona arma kimiko daudela uste da, Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan botatakoak. «Itsasora zenbat arma kimiko bota den jakiterik ez daukagu, kasu askotan ez baitira operazio horiei buruzko dokumentuak jaso, eta beste batzuetan dokumentazio guztia suntsitu delako», esan zien Verba enbaxadoreak Global Green USA ingurumenaren aldeko erakundeko adituei, taldeak Washingtonen duen egoitzan. Gaia arautuko lukeen lege zirriborroa NBE Nazio Batuen Erakundeak aztertzea nahi du Lituaniako ordezkariak. Bergerek gogorarazi du duela hamalau urte, 1995ean, 4.500 bonba su-eragile atzeman zituztela itsaso gainean, Eskoziako mendebaldean, Irlandara doan hodia jarri ahal izateko hondeaketa lanak hasi eta gero. Nord Stream gasbidea egiten hasten direnean, tankerako gauza asko gerta daitezkeela uste du enbaxadoreak.

Daily Press AEBetako egunkariak sekulako lurrikara eragin zuen 2005ean arma kimikoei buruzko ikerketaren berri eman zuenean: Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, 29.000 tona arma kimiko jaurti ziren AEBetako itsasertzetik gertu, eta gai toxikoak zituzten beste 400.000 bonba. «2005ean argitaratu ziren artikuluek interesa eragin zuten Defentsa Departamenduan. Zalantza ugari zuten, inork ez baitzekien zer egin», esan dio Matthew Bergeri Rick Stauber adituak. Arma kimikoen arazoa itsaso gehienetan daukagu gaur egun.