Isidro Esnaola
2009ko Urriaren 23a
Irailean prezioek behera egin dute berriro ere Europa osoan. Baita Euskal Herrian bertan ere. Datu horrek eztabaida berpiztu du, ea deflazioa dugun ala ez. Gaiari buelta batzuk ematea merezi duela iruditzen zait, gure sistema ekonomikoa hobeto ulertzeko. Deflazioa denboran irauten duen prezioen jaitsiera orokor bezala definitzen da. Ekonomisten aburuz, prezioen jaitsiera hori eskaera-urritasunak edo gehiegizko eskaintzak eragiten dute. Hau da, eskaera-urritasunak diruz hornitutako beharrak txikiak direla esan nahi du. Beharrak asko eta oso garrantzitsuak izan daitezke, baina atzean ez badago dirurik, ez dira kontuan hartzen. Gehiegizko eskaintzak, berriz, ekoizpen ahalmena sal daitekeena baino handiagoa dela esan nahi du. Bai batak bai besteak gauza bera erakusten dute: ekoizpenaren eta eros ahalmenaren artean desoreka dagoela.
Desoreka hori ematen denean, enpresek ezin dituzte euren produktuak saldu eta, produktu horiek gainetik kentzeko, prezioak jaisten dituzte. Prezioak jaisten badira, enpresak eta jendea erosteko presarik ez dagoela pentsatzen hasten dira: hobe itxarotea, gehiago jaitsiko dira-eta. Eta horrela, ekonomia kiribil batean sartzen da: saldu ezin diren merkantzien prezioak gehiago jaitsi beharko dituzte, eta aurreikuspen horrekin, jendeak erosketak atzeratzen ditu, enpresek inbertsioak atzeratzen dituzte, ekoizpena jaitsi egiten da, ezin baita ezer saldu, langabeziak gora egiten du, lanik ez dagoelako, eta oro har, ekonomia, hazi beharrean, murrizten hasten da.
Ekonomiaren ohiko kiribila da, baina buelta emanda: hazi beharrean, txikiagotu egiten da, eta ekonomiarekin batera, kapitala, enplegua eta abar. Deflazioaz hitz egiten denean, egoera horretan pentsatzen da, eta ez prezioetan, azken horiek gainbeheraren erakusle besterik ez dira eta. Ekoizpen eta eros ahalmenaren arteko desoreka hori ekiditeko, enpresek izugarrizko esfortzua egiten dute eros ahalmena etengabe elikatzeko. Horretarako publizitatea erabiltzen dute. Horrekin ondorengoa bilatu nahi dute: bizitzaren gauza garrantzitsuez ahaztea eta, eroen moduan, euren produktuen atzean joatea, dirua irabaztea, zorpetzea... hori eta beste hura erosi ahal izateko. Azken finean, enpresek produktuen ekoizpenarekin batera kontsumitzaileak ere ekoizten dituzte publizitatearen bitartez. Baina, oraingo honetan oso urruti joan dira kontsumitzaileen ekoizpenean.
Pentsarazi digute ginen baino aberatsagoak ginela eta merkantziak erosteaz gain inbertsioetan sartu gaituzte: etxebizitza dela, akzioak direla, zorpetu egin gara eta azkenean izugarrizko burbuila puztu dugu. Burbuila lehertu denean, konturatu gara ez garela uste genuen bezain aberatsak, eta are okerrago, gure ondasunen balioa hustu den arren, gure zorrak bere horretan gelditu direla. Orain pobreagoak gara eta gainera zorpetuak. Gauzak horrela, zaila izango da kontsumoaren orgian berriz eremurgiltzea, zorrak ordaintzen ez ditugun eta biharamuna ahazten ez dugun bitartean. Hala eta guztiz ere, kontsumitzeko deiak ez dira soilik publizitatetik etortzen; orain politikariek ere horrelako aholkuak ematen dizkigute. Argi dago kontsumoa ez dela berpiztuko epe motzean; dena den, nire ustez, ez gara deflazioaren kiribilean eroriko. Arrazoia sinplea da: gobernuek dirua erruz jaulki dute, bai bankuak laguntzeko, bai enpresak laguntzeko, pizgarri-programen bitartez. Sistema ondo olioztatu dute, gogo-aldartea aldatzen denerako.
Bitartean, edozein krisitan gertatzen diren kapitalaren balio galerak gertatuko dira, enpresak itxiko dira, ekoizpen ahalmena murriztuko da eta desoreka nagusiak zuzenduko dira. Sistema ondo olioztatuta dagoen moduan, geure eskuetan dago hurrengo zikloa bestelakoa izatea, kontsumitzaile ekoizpena baztertuz eta pertsonen beharren aldeko apustua eginez.




