-

Joxe Rojas

2009ko Irailaren 25a

Zer pentsatu asko eman dit aurrekoan aurkitu nuen artikulu interesgarri batek. Edo, hobe esanda, bere izenburuak: «Influence of the Internet on European journalism», Interneten eragina Europako kazetaritzan, alegia. Izenburua soilik irakurri ahal izan dut, jakintza librearen garaian oraindik badira-eta horrelako azterketen emaitzak irakurtzeko kobratu nahi dutenak...

Baina tira, gauza da, han-hemenka aurkitu ditudan laburpenetan irakurri dudanez, Europako hainbat estatutan ibili direla «erreferentziako kazetariei» galdetzen ea zer eragin izan duen informazio teknologien oldeak euren lanean. Emaitzak ez ei dira oso positiboak: tresna gisa duten balioa aitortuta ere, erantzun duten kazetariek errezelo handiak dituzte sareak kazetarien funtzio sozialaren gainean duen eraginaz.

Eta ez da gutxiagorako. Azken bolada honetan gero eta maizago gertatzen diren bi fenomeno -edo fenomeno beraren bi aurpegi, agian- ikustea besterik ez dago. Lehenengoa galderarik gabeko prentsaurrekoena da: Urliak hedabideetan agertu nahi du azalpenak emanez, eta deialdia egiten die kazetariei halako orduan eta halako lekuan haiekin batzeko. Baina, bere mezua kaleratzea besterik ez du nahi, eta, beraz, galderak egiteko aukera ukatzen die kazetariei, bestek esandakoa errepikatzen duen papagaitxoaren pare utziz. Bi «bekatari» ikusten ditut nik horrelakoetan: Urlia, noski, kazetariari berezko duen galderak egiteko beharra ukatzeagatik, baina baita kazetaria -edo halakoetara bidaltzen duen hedabidea- horrelakoei men egiteagatik.

«Baina horrek ez du zerikusirik informazio teknologiekin!», esango du baten batek. Nik baietz uste dut: esango nuke zuzenean edo zeharka, informazioaren gizarteak, masa komunikazioak eta bereziki ikus-entzunezko hedabideek hartu duten pisuak eman diotela bide galderarik gabeko prentsaurrekoari. Urliak badaki idatziko ohar batek ez duela bideo edo audio «korte» pare batek duten boterea, eta horregatik, kazetariak baino, kamerak behar ditu parean, mikrofonoak, bere hitzen lekuko elektronikoak. Kazetariak, azken finean, gailuak piztu eta itzaltzeko besterik ez ditu behar.

Baina txarrena da kazetariak ere onartzen duela funtzio hori. Urlia normalean ez baita edozein alproja izaten, eta kazetaria -edo bere hedabidea- beldur baita haren hitzak jaso ezean, ikus-entzuleak edo irakurleak ez ote diren alboko hedabidera joango haien bila. Erdi txantxetan erabiltzen dugu askotan «izar mediatiko» kontzeptua, baina aztertu beharko litzateke hedabideek norainoko menpekotasuna duten horrelakoekiko.

Bigarren fenomeno ere bat aipatu dizuet lehen, eta honek badu harreman zuzena informazioaren teknologiekin: telebista korporatiboak dira edo, hobeto esanda *web*telebista korporatiboak. Internetek ekarri duen gauza handietako bat da edonork sor dezakeela bere hedabide propioa, bitarteko handirik gabe gainera.

Horrek informazioa demokratizatzeko aukera asko sortzen ditu, bai, baina, ai! Gure lagun Urliak ere erabaki dezake kazetariak ez dituela tratatuko, ez ondo, ez txarto, bere mezua gizarteratzeko ez baitu haien beharrik: lau ogerleko jarrita, bere kanal propioa sortu ahal du, idatzizko zein ikus-entzunezko informazioa zabaltzeko, bitartekaririk gabe... eta hari buruz jakin nahi duenak hara jo dezala zuzenean, tartean bazterrak nahastuko dituen erreportari indiskreturik gabe. Oraindik hasi besterik ez da webtv korporatiboen mugimendua, Nestle multinazionalaren Espainiako adarrak sortu berri duena kasu, baina esango nuke laster era eta jatorri guztietakoak ikusiko ditugula. Betiko paradoxarekin egin dut topo berriz ere: informazioaren gizarte hiperkonektatuan, lekurik ote dute kazetariek edota hedabideek, ala desagertu egingo dira, inprentaren etorrerarekin eskribauak desagertu ziren bezala? «Teknologia zaharkitutzat» jo dezakegu kazetaritza?