Entsegu batetik besterako tartean harrapatu dugu Karlos Nguema. Beste izen batzuekin ezagutzen dutela aitortzen badu ere, Nguemaren aurpegia askori zaie ezagun. Telebista eta antzerkian jarraitzen duen arren, azkenaldian, The Billie Jeans Donostiako musika taldeari ahotsa jartzen dio.
Unai Belaustegi
2009ko Irailaren 25a
Entsegu batetik besterako bidean tarte bat hartu du Karlos Nguemak gustuko duen kafetegi bateko terrazan eseri eta esku artean dituen hamaika proiektuen inguruan hitz egiteko. Bitartean, argazkilariak kamera martxan jarri du eta klik eta klak artean, handik igarotzen ari zen jendearen arreta bereganatu du artistak. Hasieran ez agian, baina gehientsuenek berehala antzeman diote nor zen afrikar tankerako hura. Izan ere, Karlos Nguemaren aurpegia oso ezaguna da. «Goenkale» sailean Nelson kubatarraren paperean egin zen famatu eta oraindik ere klixe hori kendu ezinik dabilela komentatzen du irribarrez: «Jendearen esamesak entzutera ohituta nago. `Han dago Nelson!', esaten dute askok». Baina ez zaio axola; «herri txikian bizi gara eta azkenean erraza da ezaguna izatea, ez naute gehiegi ere molestatzen, hemengo jendea nahiko lasaia da, kasu egitera etortzen dira, giro onean, eta listo, besterik gabe». Halakoetan jendea ulertzen saiatzen da; «nire lanaren parte da hori ere».
Mestizajea
Baina Karlos Nguema ez da ez kubatarra ezta afrika ere, donostiarra baizik. Donostian jaio zen duela 36 urte. «Ama hemengoa da eta aita Ekuatore Gineakoa. Oso gazte etorri zen, 14 urte inguru zituela, eta nire ama ezagutu zuen». Garai haietan arrazen arteko mestizajea ez zen batere ohikoa Euskal Herrian; «kanpoko jende gutxiago ikusten zen eta normala ere bada niri klixe ezberdinak jartzea, kubatarrarena edo brasildarrarena askotan jarri didate, baina orain gauzak aldatzen ari dira, mestizaje handiagoa dago, eta denok ere ohituagoak gaude jada kolore ezberdineko euskaldunak ikustera».
Bere fitxan aktorea, koreografoa, dantzaria eta musikaria dela irakurri daitekeen arren, Nguemak «titiritero» bezala deskribatzen du bere burua. «Fartsaren inguruan mugitzen naiz, titiritero baten antzekoa naiz: dantzan egiten dut, abestu, antzeztu... Gauza asko batera, baina guztiek dute elkarrekin harremana».
Txikitatik izan du «titiritero» sena barrenean, eta 16 urte inguru zituela hasi zen jendaurrean barrenekoa kanporatzen. «Diskoteka famatu bat zegoen orduan hemen inguruan, eta han egiten genuen dantzan; Michael Jacksonen `Thriller' omentzen genuen, gure erara, taula gainean». Gero Madrilera joan zen, dantzari lez lan egiteko, eta bi urte eman zituen espainiar Estatuko hiriburuan. Donostiara itzuli zenean, dantza irakasteari ekin zion, baina Madriletik zetozkion «boloak» aprobetxatuz. «Udan egiten diren galaren batean agertu nintzen, `Un Dos Tres', `Qué apostamos', `Hola Rafaela' saioetan ere bai...».
Krisia dela eta, orain garai txarragoak bizitzen ari dela dio Nguemak; «asko zaildu da artistaren bizimodua». Hala ere, ezin da kexatu, uda osoa laster telebistan estreinatuko den ETBko «Go!azen» telesail berria grabatzen igaro baitu. «Gogorra izan da, baina oso ongi pasatu dut. Udalekuetara joandako umeen dantza irakaslearen, Jotaren, papera antzezten dut». Hori gutxi balitz, Josu Mujikarekin batera telesailean agertuko diren koreografiak diseinatu ditu: «Ordu asko sartzen genituen, egunean 10 ordutik gora, goizean grabatu eta arratsaldez koreografiak prestatzen. Guztira 12 atal izango dira eta denbora gutxian grabatu ditugu».
Telebista eta antzerkia
«Sorginen Laratza» saioan dantzari gisa zebilela, «Goenkale» telesailean agertzeko eskatu zioten. Beldur pixka bat eman zion ideiak. «Aktorea ez nintzela gogoratu nien, baina lasai hartzeko erantzun zidaten, kubatar baten papera egiteko norbait behar zutela eta berehala hartuko niola trukua», gogoratu du.
Ondoren, telebistako esperientzia ezin hobeto etorri zaiola aitortzen du Nguemak. «Goenkale» telesaila amaitu eta antzerkirako deitu zuten, «Chicas bonitas, alegres maizales» lanerako. «Hasieran ikaratuta nengoen. Ez da berdina kamera aurrean egon edo zuri begira dagoen jende multzo baten aurrean antzeztea. Sekula egin gabe neukan halakorik eta, noski, hasieran beldur handia sentitu nuen. Daukadan guztia ematen dut, baina ez dut uste hobekien egiten dudana denik».
Hala ere, gustura dabilela antzematen zaio, «Eskola Hutsik», «El vendedor de tiempo» eta «El jefe de todo esto» antzezlanetan ikusi baitugu harrezkero. Hori gutxi balitz, egunotan kale antzerki batekin espainiar Estatu osoan bueltaka dabiltza.
Artista lanetan hasi zenean bere ametsa orain egiten dituen gauzak egitea zela aipatzen du Nguemak, baina ez omen da aseta sentitzen eta biharko egunean zer gertatuko denaren ezjakintasunak amets berriak eraikitzen laguntzen dio. Bizimodu zaila dela uste du, baina ausardian omen dago sekretua. «Gauza batek beste batetara eramaten zaitu, baina inoiz ez dakizu non amaituko duzun, ez dakit zer gehiago egin dezakedan bihar edo etzi, eta hori ere polita da, ateak irekita baititut beti, eta gauza berriak ezagutzeko prest nago». Bizimodu honek, «bizitzeko ilusioa» ematen dio Nguemari, «segurtasun eza ederra ere izan daitekeelako». Eta momentu txarrak igaro izan dituen arren, ez du aldatzeko batere asmorik.
Azken bi urteotan, musikarekiko sentitzen duen pasioak bultzatuta, The Billie Jeans taldeari ahotsa jartzen dabil, eta gogotsu dagoela ziurtatu du. Melankoliatsu gogoratu du The Billie Jeans ez dela bere lehendabiziko taldea. 18 urterekin STOP taldean abesten zueneko garaiak gogora ekartzerakoan, honakoa aitortu digu: «Talde hartan fartsa guztia sartzen genuen batera!». Oraingo taldea oso sendo dagoela dio Nguemak, musikari bikainez inguratua baitago. «Gus bateria-jotzailea aspaldidanik ezagutzen dut. Sergio eta James beranduago ezagutu genituen. Oso onak dira eta musika estilo ezberdinak jorratzen dituzte gainera. Michael Jackson, James Brown, Steve Wonder eta antzekoen bertsioekin hasi ginen, baina poliki-poliki gure abestiak sartu eta bertsioak alde batera utzi genituen». Orain, Izeta estudioetan buru-belarri sartuta daude, azaroan kaleratuko duten disko berria grabatzen. Diskoan, pop, rock, funk, soul, eta reggae estiloen eraginak nabarituko direla aurreratu du Nguemak. «Gure abestiekin hasi ginenean, estilo propio bat bilatu genuen, lau gara bakarrik eta ez da erreza, baina lortzen ari garela esango nuke nik». Taldekideen artean, estilo propio horri «Billyin estiloa» deitzen diote. «Disfrutatzen ari garenean ateratzen den hori da Billyin».
Eurek konposatutako abestiekin errazagoa da guztia: «Zoragarria da zure abesti batekin jendea dantzan eta pozik ikustea». Hori da euren lema: «Bizitza mugimenduan bizitzea, geldik geratzea, hilda bizitzea modukoa delako».




