INTERNET -

Segundotako kontua da. Interneteko orri batean bilaketa hasi eta 10 segundora erantzunik jaso ezean, erabiltzaileen %34ak beste orri batean egingo du saiakera. 20. segundorako bilatzaileen %65ari pazientzia agortu zaio eta minutu bat nahiko da internauten %90ak nahi duen horren peskizan beste orri batera jotzeko.

Xole Aramendi

2009ko Irailaren 25a

Internet edozertarako erabiltzen dugu: lanerako, erosketak egiteko, aisialdirako... Orri batean sartu eta berehalako erantzuna nahi dugu. Eta segundo bakar batzuk egiten ditugu zain. Erantzunik jaso ezean, beste nonbaiten egingo dugu saiakera.

Presak itota bizi gara. Berehalako erantzuna eta emaitza exijitzen dugu. Baina zenbaterainoko pazientzia daukagu Internet sareari dagokionez? CA, sofftware hornitzaile independenteen artean enpresa nagusia denak, ikerketa bat egin berri du Europako hainbat herrialdetan.

Emaitza oso argigarria da: 10 segundo pasatzerako %34ak jo du beste nonbaitera; 20. segundorako %65ari agortu zaio pazientzia eta minutu bat nahikoa dute ia internauta guztiek (%90) etsitzeko. Jarraituko dute bilaketa, baina beste web orriren batean.

Italia, Estatu frantsesa, Alemania, Estatu espainola, eta Britainia Handia aukeratu dituzte galdeketa egiteko. Guztira, 2.500 pertsona, 500 herrialdeko.

«Bizi dugun ekonomia egoeran, konpainientzat inoiz baino garrantzitsuagoa da bezeroa mantentzea, beraz ezinbestekoa dute zerbitzu ona eskaintzea. Erosketetarako, esaterako, erabiltzaileek hainbat orri bisitatzen dituzte ezer erabaki aurretik. Hori urrezko aukera da konpainientzat erosleei itxura ona emateko. Aldiz, esperientzia ezkorra bada, beste nonbaitera joko du bezeroak. Eta on line erosketarik eskaintzen ez duten enpresentzat ere ezinbestekoa da zerbitzu egokia eskaintzea». zehazten du ikerketak.

Arazoak berehala konpontzea eskatzen du internautak. Bada ikerketak nabarmendu duen zerbait: erabiltzaileak eragozpenen bat aurkitzen duenean, herenak (%32) 10 segundoren barruan arazoa konponduta egotea espero du. Ehunekoa %67raino igotzen da ordubeterako eta 24 ordu nahikoa du %97ak. «Internauten %18a da denbora jakin bat beharrezkoa denaz jabetzen dena. Beraz, lehenbailehen eragozpenak konpontzeko gai izatea komeni da», azaldu dute CA enpresaren ordezkariek.

Erabilpenak

Interneten erabilpenari dagokionez, honokoak dira arrazoiak: informazio iturri gisa (%85); erosketak (%83); bankua %78; bidaiak (%65), aisialdia (%61), hezkuntza (%47) eta zergen ordainketa (%35).

On line daudenean edozein arazorekin topo egitea nahikoa da erabiltzaileen %40ak beste orri batera jotzeko. Gainera, %37ak, pazientzia agortuta, ez du beste saiakerarik egingo. «Konpainiarentzat kaltea besterik ez dakar honek», diote.

Eguneroko presa eta Internet bidezko zerbitzu eskasa ez dira konbinazio egokiena. Ondorioz, estresa eragiten dio internautari, web estresa.

Ohiko arrazoiei dagokienez, honokoak dira: sarearen abiadura motela (%85), mezu okerrak (%77) eta web orrien funtzionamendu ez egokia (%53). Internauten herenak eragozpenak izan ohi ditu salerosketetan.

Lan arloari dagokionez, gauzak ez daude askoz hobeto. Izan ere, galdetegian parte hartu duten enplegatuen %77ak pairatzen ditu bere enpresaren web aplikazioen errendimendu baxuaren ondorioak.

CA enpresako Alexander Kjerulf-ek esana da: «Konpainiek euren langileak eraginkorrak izan daitezen nahi dute. Baina oinarrizko zereginak ere egin ezinik aurkitzen direnean estresa dator». Mundu osoan zehar enpresa ugari bisitatu ditu Kjerulf-ek, lanean zoriontasuna aurkitzeko moduaren gainean hitzaldiak eskainiz: «Esparru ugaritako langileekin egon naiz eta guztiak bat datoz web orri eskasetan nabigatzeak eragiten dien etsipenean. Langilea gustura egoteko beharrezkoa da lanerako gai direla ikustea eta ondo baloratuak sentitzea. Ondorioz, web aplikazio egokiak ezinbesteko erreminta dira gure lana ondo egin nahi badugu», adierazi du CA enpresako ordezkariak.

Langileen %73ak dio gaur egun web aplikazioen behar handiagoa duela duela bi urte baino. Eta galdetegian parte hartu duten gehienek (%97) aitortu dute ezingo zutela horiek gabe euren lana bete.

Kjerulf-en esanetan, «maiz, arazoa web orrian dago, ordenagailuaren errendimenduan edo banda zabaleraren konexioan baino. Eta bezeroak badaki segundo batzuen buruan orri alternatibo batekin egingo duela topo». Datu gehiago ere eskaintzen ditu ikerketak: langileen %68aren kasuan bere enpresaz irudi okerragoa izango du aplikazioak eraginkorrak ez badira. Gainera, %45ak ez dio beste norbaiti lanean ari den konpainia gomendatuko eta, areago, %33ak lanpostua uztea ere planteatuko du. «Negozioaren errendimendua inoiz baino une kritikoagoan dagoen honetan, estresari duen garrantzia eman behar zaio, gaineratu du ikerketak.

Honen harira, zera azaldu du Kjerulf-ek: «Konpainientzat ezinbestekoa da aplikazioen errendimendua kudeatzeko erremintak eskura izatea. Era horretan, arazoak identifikatu eta konpondu ahalko dituzte».

Web estresaren kalteak: 20 bilioi euro urtean

CA etxearen ikerketak adierazi du Europako langileek onartezina den web estres maila pairatzen dutela. Honen ondorioak honokoak dira: frustrazioa, moral baxua eta produkzio eskasagoa. Europar Batasunean urteko 20 bilioi eurotan zehaztu dituzte etsipen honen kalteak.
Lantokietako web aplikazioak erabiltzea gero eta etsigarriagoa gertatzen ari zaie langileei. Izan ere, enplegatuen %81ak aitortu du modu desegokian funtzionatu arren, aplikazio jakin batzuk erabili beste erremediorik ez duela, honek dakarren denbora galtzearekin. «Enpresa askotan web aplikazioen erabilpena ezinbestekoa da eta honek eragin zuzena du», ohartarazi du Kobi Korsah, CAko marketin arduradunak.
Web estresaren atzean arrazoia sinplea dago: espektazioak eta emaitzak ez datoz bat. «Galdetutakoen %78arentzat sarean ibiltzea denbora galtzea besterik ez da; ondorioz, ekoizpena jaisten dute. Ia erdiak (%49) onartzen du haserrearazi egiten dituela eta %38ak aitortu du lanarekiko satisfazioa murrizten diela», dio ikerketak.
Ondorioen artean ondorengoak nabarmentzen dira: goi-karguen etengabeko aldaketak, gaixotasunek eragindako lan eteteak, absentismoa, garaiz aurretiko erretiroak...