Uxue Alberdi
2009ko Irailaren 25a
Gaur jakin dut jaio eta astebetera arte ez nuela izenik izan. Txiki deitzen zidatela, edo politta edo txipristin edo haur txiki bati zuzentzeko balio duen beste edozein izen generiko. Zazpi egun pasa nituela munduan izenik gabe. Haur maitatua omen nintzen, baina izenik gabea, eta izenik gabe maitasunak ihes egiten omen du.
Agian, horregatik kostatzen zait oraindik nire burua ezagutzea eta nire izatearen mugak definitzea. Jaioberritan ez zidatelako izenez deitzen eta ez nekielako esaten hauek nire eskutxoak dira eta hauek nire hankatxoak, eta, batez ere, hau ni naiz.
«Nola du izena?». Jendeari ez omen zitzaion beste galderarik bururatzen sehaskan edo karrotxoan ikusten ninduenean. Hala galdetu zien emagin irribarretsuak ere nire gurasoei, zilborrestetik zintzilik, blaituta, amaren besoetan jarri nindutenean. Aita eta ama elkarri begira geratu ziren, eta sorbalda keinu batekin oraindik ez zutela erabaki esan zioten. «Ez duzue oraindik erabaki?», egin zien garrasi emaginak, asaldatuta. Etxera eraman nindutenean sukaldean esertzen omen ziren niri begira, eta goxo-goxo egiten omen zidaten galde: «Nola duzu izena, txiki?».
Umetako pasadizo horregatik akaso, nire izena besteren batekin nahasteko joera ikaragarria du jendeak. Estitxu deitzen didate lagunek, sarri-sarri. Amak nebaren izenez deitzen dit. Eta ez naiz bakarra: badakit badaudela Imanol aurpegia duten Andoniak, Asier aurpegiko Gorkak, Maialen aurpegiko Olatzak...
Uda honetan lanean aritu naiz eta nagusiak ez du nire izena ikasi. Uxoa deitzen zidan, behin eta berriz. Baina arazoa ez da hori, arazoa da uda osoan ez naizela gai izan nagusiari «ez naiz Uxoa, Uxue naiz» esateko. Lanpostuaren truke saldu nuen izena.
Orain oporretan nago, eta atzo lagun batzuekin Getariatik Gaztelugatxera joan ginen belaontziz. Jokin izena du gure lagunetako batek, baina ontziko patroiari Iñaki izena zuela sartu zitzaion kaskoan, eta akabo. Iñaki esaten zion bakoitzean Jokinek kasu egiten zion, eta iritsi zen une bat, txantxetan, gainerakook ere Iñaki deitzen hasi gintzaizkiona. Bidaiaren amaieran, patroiak telefonoa eskatu zion Jokini, eta hark paper batean idatzi zion: Iñaki 678945334. Izena saldu zuen, nik bezala.
Eta ezin dut burutik kendu, ohartu bainaiz gehienok egiten dugula, gatazka saihesteko izena saltzea, alegia. Ipuin klasikoetan deabruari arima saltzea deitzen zitzaion horri, eta indibidualki psikologia hori daukagun herrian, ze etorkizun daukagu sozialki?
Inork zapaldu aurretik gure mugak hausten hastea baino ez zaigu falta... eta gutxi fidatu, autozentsura garaiak datoz.




