-

Nagore Amondarain

2009ko Irailaren 25a

Zapatu euritsu batean, kalera atera ordez, lagunak gonbidatzea onena. Beti mugan dagoen herriko laguna etorri da asteburu pasa eta egonaldi horretan beste lagun baten bisita gertatu da etxean. Kafe eta te beroak ateratzen dira udazkenaren atariko zapatuan, eta, onena, bisitariak berak bilatzen duela sukaldean nahi eta behar duena; kaxoi bat zabalduz, bestean begiratuz, hangoan arakatuz... Espazioaren aurkikuntza eta kontrola esango genioke horri.

Ez didazue esango ez denik eskertzen bisitariak norbere etxean legez ibiltzea. Beste gauza askoren artean, hezkuntzaz dihardu neska koadrilak. Espazioaren antolaketa ere bitxia da, bata ordenagailuan eta beste biak sofan. Ordenagailukoa beste biei lepoa ematen baina elkarrizketaren haritik zintzilik eta dena harilkatzen. Eguraldiak oso petral egon behar duela pentsatzen du batek iluntzearen atarian berriz ere tinbrea jotzen dutenean. Atarian zain dagoen beste bisita espontaneo bat, hipermerkatuko plastikozko poltsan komiki piloa bildurik.

Hezkuntzaz ziharduen hirukotea nobela grafikoen inguruan jarri da berbetan laukote bihurtuz. Sofa gorrian zabaldu dira hainbat komiki frantziar. Mugimendu komunitarioari buruzkoak, soldatapeko lanari buruzkoak, Frantziako mugimendu sozialak, bertako grebak... Eta gai batek bestea ekarriko balu bezala, berriz dator saltoa hezkuntza kontuetara. Eredu neoliberalen gaiak gizartearen gabeziak aipatzea dakar, hezkuntzaren gabeziak aipatzearen kontua. Bakoitzak eskarmentu desberdina du, adin zein ibilbideagatik, baina denek ulertzen dute utopia izen berdinez.

Hezkuntza eredu berriak hartu dituzte hizpide. Europako eskola libreak eta hauen sortzaileen izen abizenen errenkada etorri da, hezkuntza benetako aldaketa sakonaren motorra zela pentsatzen zuten haiek.

Gasteizko Sorginak tabernan hasiko diren jardunaldien haritik etorri da dena. Sorgin talde baten burutazioa astez aste errepikatuko da, ostegunero eskola eredu desberdinen bideoak proiektatu eta eztabaidak sustatuko dira tabernako barratik atzera dagoen txokoan.

Waldorf pedagogiarekin hasiko dira jardunaldiok. Waldorf pedagogia Lehen Mundu Gerraren ostean zigarro fabrika bateko langileen seme-alabentzat sortutako eskola libre batean sortu zen. Haur bakoitzaren garapen indibiduala azpimarratzen zuen hezkuntza hori, klandestinitatera bihurtu zen. Horrek ez zuen ekidin mundu osora zabaltzea eskola eredu hori. Euskal Herriraino ere iritsi zen Waldorf pedagogia, hiru esperientzia ezagutzen ditugu, guztiak Araban; Aramaion, Gasteizen eta hiritik minutu gutxira dagoen Trokoniz herrian.

Summerhill ere hartu dute hizpide, beste eskola eredu berri bat. Berria diot, baina kontuan hartu 1921ean sortutako eredua dela. Zergatik ote berrikuntza moduan hartzea aspaldiko esperientzia bat? Eskola antiautoritario legez izendatua ere izan da, haurrek beraiek hautatzen baitute eskolara joan edo jolasean jarraitu, curriculumean eduki oso irekiak aukeratzen baitituzte... Bertako hezkuntza komunitatearen ardura da, adibidez, hezkuntza asanblada bidez arautzea.

Pestalozziren eredua ere hartuko da aintzat osteguneroko jardunaldi horietan, pedagogo honek gizartea aldatzeko tresnarik egokiena hezkuntza dela dio. Meridan dagoen eskola libertario baten esperientzia ere proiektatuko da, Paideia deritzon eskola. 1978tik martxan dagoen eskola askea. Gizarteko gabezien erreprokduzioari jarraipena eman nahi ez dioten hezkuntza ereduak dira guztiak. Utopiaz beteriko liburuak sofa gainean eta utopiaz beteriko hezkuntzari buruzko elkarrizketak.