-

Ipuinen herria izanen da Etxalar igande honetan, Euskal Herri osoko kontalariak elkartuko baitira bertan, hitzaren eta irudimenaren besta goxoan. Denetariko proposamen narratiboekin gozatu eta gozarazteaz gain, beren lana ezagutarazi, kolektibo gisa agertu eta lan baldintza egokiagoak aldarrikatuko dituzte.

Maider Iantzi

2009ko Irailaren 25a

Ipuin kontalariak talde gisa eratzen ari dira eta jaia horretan laguntzeko da. Getxon hasi ziren egiten orain dela lau urte, Aramaion eta Pasai Donibanen izan ziren gero, eta orain Etxalarren txanda da. Ipar Euskal Herriko jendea animatzea nahi dute heldu den urtean han egiteko.

«Ez da festibal bat edo maratoi bat, Euskal Herriko ipuin kontalarien festa da, denak biltzeko eta elkar ezagutzeko. Goizean kontatuko ditugu ipuinak, gero bazkaldu eta arratsaldean bilera bat egingo dugu, jakiteko, adibidez, hurrengo jaia noiz egingo dugun. Bestela posta elektronikoz komunikatzen gara beti, ez gara elkartzen eta elkartzen ez garen neurrian zaila da kolektibo bezala existitzea», argitu du Ixabel Milletek, Parisen jaio eta orain Nafarroako herri txiki honetan bizi den ipuin kontalariak.

Egiten dakitena egingo dute: ipuinak kontatu, adin guztietako jendeari. Eta jendeak euren lana ezagutzeko balioko du jaiak, existitzen direla jakiteko.

Joxe Mari Carrerek 40 kontalari inguru ezagutzen ditu Euskal Herrian. Horien eta dauden kontalari guztien mapa bat egitea ona litzatekeela iruditzen zaio, informazioa trukatzeko, elkartzeko eta eskaerak plazaratzeko. Bide horretan, urrats batzuk emanak dituzte.

Orain dela bi urte ipuin kontaketa duinaren aldeko manifestua onartu eta plazaratu zuten, kontaketa arte bat dela eta zaindu egin behar dela aldarrikatzeko. Orain, falta zaiena kontatzeko gutxieneko baldintzak zehaztea da: espazioa, adina, denbora... Urte baten buruan dokumentua izan nahi dute.

Peio Añorgak metaforen bidez azaldu digu zer diren ipuinak. Ez omen daki gauzak bertze modu batera azaltzen. Adierazi digunez, ipuinak txoriak bezalakoak dira. Batzuk geldirik daude, kartzeletan, liburuen orrialdeetan, eta «aska nazazu hemendik!» eskatzen diote. Hori nola egin pentsatzen du eta kontatzen hasten da, arnasa, begiak ematen, oro har gorputza ematen. Eta pixkanaka ipuina jaiotzen da. Kontatzen jarraitzen du eta une bat ailegatzen da preso zegoen txori horrek berarekin bizi nahi duela eta berarekin doala toki guztietara, triste edo alai dagoenean, beti laguntzen dio, alegiazko laguna baina hagitz erreala da.

Badira airean ibiltzen diren ipuinak ere, eta ikusteko begiak eta entzuteko belarriak dituenak aurkitzen ditu, edozein lekutan. «So egiten diozu eta zer begi dituen ikusten duzu, zer airetan arnas hartu nahi duen. Ura eta janaria ematen diozu eta bere harremana kontatzen hasten zara». Bertze batzuetan, oiartzuarra idazten hasten da, ipuin bat sortzen du eta hortik abiatuta egiten du kontaketa.

Pertsona ugariri kontatzen dizkie ipuinak, leku ugaritan, eta toki bakoitzean txori horrek habia egin dezan saiatzen da. Txori horren bidez hainbat lurraldetara joaten da, hagitz urrun, baina aldi berean hagitz hurbil, hain hurbil ezen txoriaren bihotz taupada adi dezakeen. Hori egiten duenean entzuleen taupada entzuten du eta zoriontsu sentitzen da. Horrek erran nahi du txoriak urrezko arrautzak jarri dituela.

Ea igandean Euskal Herriko kontalarien jaian begiak erne eta belarriak tente jarri eta txoriak bilatzera animatzen zareten, denen artean Etxalar ipuinen herri magiko egiteko.

Ixabel Millet

Irakaskuntzan ere aritzen den kontalari honek agertu duenez, gaur egun, Euskal Herrian ipuinak literatura idatzian sartuta daude, gero eta ipuin gehiago daude irakurtzeko, baina ahozkotasuna gero eta gutxiago lantzen da. Sailkapenean ahozkoa literatura txikia da. Idatzizkoa da literatura. Baina ipuinak kontatuz, gauza anitz transmititzen ahal dira: baloreak, sormena, bidaiak, proposamenak, hausnarketak, fantasia, jokoak... Zuzenean egiten da.


«Liburuetakoa ez da komunikazio zuzena. Gurea momentukoa da, ez dago atzera egiterik. Taldearen arabera, aldatzen joaten da kontua, interakzio bat dago beti. Aktoreek haien artean kontatzen dute, ez dute publikoa bilatzen. Ez da gauza bera. Antzerkian, aktoreak bakarrik hitz egiten badu ere, ez da zuzenean publikoari aritzen. Ipuin kontalaria bai, guk jendeari kontatzen diogu, ez dugu kontatzen haiek entzuteko». Ahozko tradiziotik dator hori, sutondotik, herriz herri ibiltzen ziren bufoiengandik... Beti komunikazio zuzena zen, aurrean zegoen jendeari zuzentzen zitzaizkion.


Horrekin lotuta, etxeetan, lehen elkarri kontu kontari ibiltzeko ohitura zegoen gurean, istorioak asmatzen aritzen ziren... Orain, telebista pizten dugu eta berak solastatu dezan uzten dugu, berak kontatzen du nahi duena, denei gauza bera eta era berean.
Ixabel ikuskizun bat prestatzen ari da azaroaren 19rako, Haurrenganako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Egunerako. Beldurrari buruzko bertze ikuskizun bat lantzen ari zen, baina abusuen inguruko eskaera egin zioten eta horri heldu zion. Musika, kantuak, marrazkiak... Hainbat lagungarri erabiltzen du. Japonian izan zen eta bertan kamishibai teknika ikasi zuen. Kami hitzak papera erran nahi du eta kamishibai hitzak paperezko antzerkigintza. Antzeztokiaren edo butai-aren ateak zabaltzean benetako mundutik istorioen mundura bidaiatzen dute haurrek, baina kontalaria ikusten dute eurei begira eta badakite egiazko munduan dagoela. Entzuleen arreta lortzeaz gain, hizkuntza lantzen da. Istorioa aditu eta ikusi egiten du publikoak eta horrek anitz laguntzen dio ulertzen.


Etxalarko kontalariak euskal ipuinei eta mitologiari buruzko tailerrak ematen ditu, baita ipuin klasikoen ingurukoak ere, eta gurasoei zuzendutakoak. Kontatu duenez, badira guraso batzuk ipuin kontalaritza ezagutu ez dutenak, ez dute ipuinik aditu eta ez dakite seme-alabei nola kontatu. Zein liburu aukeratu eta zein ez jakiteko irizpideak eman eta zergatiak azaltzen dizkie.


Urte bateko haurrengandik hasi eta 99 urte bitartekoenganaino, adin guztietako jendeari kontatzen dizkio ipuinak. Urtebete eta hiru urte arteko ñiñiei “Animaliak mintzo ziren garaian” ikuskizuna eskaintzen die. 3 eta 5 urte arteko haurrentzat eta 5 eta 11 urte bitarteko gaztetxoentzat, aldiz, bertze ikuskizun batzuk ditu prestatuta, “Martin Txiki eta Marizikin”, errate baterako. Euskal arketipoak lantzen ditu bertan. Gazte eta helduentzat “Printze Txikia” ipuinaren moldaketa bat egin du eta Gabonetako euskal ipuinak adin guztietako lagunei kontatzen dizkie.


Hamar urteko ibilbidea egina du Euskal Herriko herrialdeetan ipuinak kontatzen eta hagitz gustukoa du zeregin hori. “Idazleak ikastetxeetan” programarekin ikastetxez ikastetxe ibiltzen da. Horretarako, baldintza egokiak izatea hagitz garrantzitsua dela argitu digu. Egun batean, ez zuen galdetu zenbat ikaslerekin egon beharko zuen eta 200 laguneko talde bat egokitu zitzaion! Baldintza horietan ezin izan zuen ipuinik ongi kontatu. A eredukoekin euskaraz aritzea ere zaila dela adierazi digu, baina kamishibairekin probatu du eta gustura dago emaitzarekin. Hizkuntza hagitz garrantzitsua da, bakoitzak bere musika du eta ezin da ipuin bat hizkuntza batetik bertzera bertzerik gabe itzuli, moldatu egin behar da, hitzek bilatutako musika izan dezaten.


23 urterekin Euskal Herrira etorri eta euskaldundu egin zen Millet. Irakaskuntzan, teknika sortzaileetan oinarritutako metodoak sortu ditu olerkigintzarako, ipuingintzarako eta antzerkirako; UEUko kidea da eta itzulpengintzan ere jardun du.

Kandelen Argipean taldea

Anabel Muro, Begoña Gomez, Joaquin Ponte eta Pedro Ruiz kontalariek osatzen dute Kandelen Argipean talde bilbotarra. Bakoitzak bere ipuina kontatzen du emanaldietan, aldiren batean bakarrik kontatu dute istorio bera elkarrekin, baina, hala ere, lau izatea eta hamahiru urtez elkarrekin kontatzen aritzea berezia da. «Ia familia bat gara eta ipuinak elkartzeko erabiltzen ditugun aitzakiak dira. Horregatik egiten dugu ahalegina denek elkarrekin kontatzeko, nahiz eta orokorrean bakoitzaren agendak agintzen duen gehiago eta gero eta gehiago aritzen garen bikoteka edo banaka», adierazi du Pedrok.


Hainbat eratara prestatzen dituzte saioak: batzuetan norbaitek bereziki interesgarria den istorio bat azaltzen du eta horren inguruan antolatzen dute emanaldi osoa, indartzeko ipuinak bilatuz; bertzetan, aldiz, laurei interesatzen zaien gai batetik abiatzen dira, edo hurbileko zenbait istoriotatik... Saio bakoitza mundu bat da ia eta garrantzitsuena sortzeko prozesua denen artean egitea da. «Berezia da hori, eta ia beti abantaila bat orokorrean indibidualista samarra den narrazioaren mundu honetan».


Deitzen dieten lekuetan lan egiten dute: ikastetxe, liburutegi, kulturgune, lokal alternatibo, unibertsitate, antzerki, taberna, elkarte zein liburutegietan. Narrazio tailerrekin jendea mundu hau ezagutzera hurbiltzea nahi dute. «Irakurzaletasuna sustatzea eta literatura sortzea gehiago datozkigu gure ibilbide pertsonaletatik eta irakurtzeko zaletasunetik narraziotik baino. Honek ere emozionatzen gaitu eta, gainera, lan egiteko modua aldatzea ahalbidetzen digu, leku berean eta talde berarekin egindako bizpahiru hilabeteko proiektuak direlako».
Bilboko kontalariaren arabera, ipuin saio bat egiteko hagitz garrantzitsua da lekua: narrazioa komunikazio ekintza intimoa da, konplizitate eta afektu komunen giro bat sortzen da eta tokiak, ahal den neurrian, erraztu egin behar du hori, edo, behintzat, ez oztopatu.


«Argi eta soinu muntaia edo apaingarri handirik izaten ez dugunez, batzuei gure lana edozein leku eta baldintzatan egin dezakegula iruditzen zaie, eta hori ez da horrela. Horregatik da garrantzitsua Bilborocken eta espazioa eta baldintzak asko zaintzen dituzten beste areto batzuetan kontatzea. Adibide bat da antolatzaileentzat eta lanbide hau duintzeko eta arteetan leku bat aldarrikatzeko modu bat ere bai, sarri hau arte txiki bat dela dirudielako». Dena den, Bilborocken hilero ipuinak antolatzen hamar urte eman ondotik, ez dute uste aurten saiorik prestatzen ahalko dutenik eta urtarriletik aitzinera modurik izanen duten ere ez dute garbi.


Egunotan Durangon dabiltza “Emakumeon indarra” saioarekin. Bilbo aldean, inguru urbanitan, ibili ohi dira. «Ipuinek hitz biziaren beroa, afektu eta leku komunak partekatzea, denok dugun elkarrekin emozionatzeko gaitasuna, aro digital eta birtual honetan galtzen ari direla diruditenak, berreskuratzen dituzte. Hirietan nabarmenagoa da galera hori, hortaz, gure apurra jartzen saiatzen gara aurre egiteko».

Joxe Mari Carrere

Joxe Mari Carrereren arabera, kontaketa jardun artistiko bat da; hori aldarrikatu behar da bertze guztiaren gainetik eta horretaz jakitun izan behar dute bai ikusleek, bai kontalariek eta baita antolatzaileek ere. Hori du kezkarik handiena: bere burua sortzailetzat hartzea, bertzeek ere hala har dezaten. Gero, ikuspegi artistiko horretatik, emanaldiro kontatu nahi izaten du zerbait. “Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka” ikuskizunean pertsonen arteko harremanez aritu zen. Euskal Herriko ipuinak lantzen dituenean, aldiz, gure kultura ezagutarazten eta istorio zaharrak gaur egungo publikoarentzat interesgarri egiten ahalegintzen da.


Orain, bidaiei buruzko emanaldi bat prestatzen ari da. Badirudi pertsona kultua eta zabala izateko bidaiatu egin beharra dagoela, baina gero, zer ekartzen dugu? Souvenirrak. Eta souvenirrek balio gutxi dute arimarik ez badute. Metxero bat oparitzen badigute eta erraten badigute taberna batean gizon arraro batek emandakoa dela eta gizon horrek suhiltzaile kamioi bat erre zuela harekin, metxeroak dimentsio bat hartzen du, garrantzitsuena istorio hori da, ez pizgailua. Zertarako bidaiatzen dugu? Etorkinak, erbesteratuak, gerrengatik bizilekua aldatzen dutenak dira gehien bidaiatzen dutenak; immigranteak dira kultur trukaketarik handiena egiten dutenak, baina inork ez die bidaiari deitzen. Zer kontatzen du immigrante batek bere herrira bueltatzean? Zer ematen diogu? Hori guztia anitz interesatzen zaio Errenteriako kontalariari eta bidaietatik ekarritako oparien ipuinak sortzen ari da.


Helduentzat izanen dira. Heldua da eta badaki helduek zer interes dituzten: berak dituenak. Umeentzat sortzea zailagoa zaio, interes guneak zeintzuk diren bilatu behar duelako. Gazteekin ere sarri izaten ditu saioak: zaila omen da, baina, horrexegatik, baita erakargarria eta zoragarria ere. «Heldu izateko ikasketa prozesu gatazkatsu batean daude: erabakiak hartzen hasi dira, inork irakatsi gabe, akatsen bidez... Edatea, sexua eta rock and rolla, badirudi hori bakarrik interesatzen zaiela, eta ez da horrela. Orduan, helduei zer gustatzen zaie, edatea, sexua eta futbola? Zer ezberdintasun dago botelloiaren eta Sagardo Egunaren artean?».


«Ez zaizkiela ipuinak interesatzen, proba dezagun. Haurrei bezala kontatuz gero, ez; aulkia botako digute burura. Normala. Nik ere gauza bera egingo nuke. Interesa sortu behar dugu, hori da lehenengo pausoa, gazteekin eta denekin. Batzuekin gehiago nabaritzen da, helduak nahi dutelako joaten baitira saioetara, baina gazteak eraman egiten baitituzte. Nola eman buelta horri?».


Saio bat ongi ateratzeko, hainbat baldintza bete behar dira, kontalariarenak, publikoarenak, inguruarenak, adar ugari daude. Zuk nola entzungo zenuke ipuin bat gustura? Bada, horiek dira baldintzak.


Venezuelan izan zen jaialdi batean, antzoki klasiko polit batean. Harrigarria izan zen. Lehenbiziko aldiz kamerino bat eman zioten, eta kafea; «zerbait behar duzu?», «fokuak nola jartzea nahi duzu?», galdetzen zioten. Pribilejio bat iruditu zitzaion, hemen ez baitu halakorik ezagutu. «Fokuak? Total, ipuin bat kontatzeko...», pentsatzen du jendeak hemen. «Zergatik ez ditugu ipuin kontaketak antzokietan antolatzen?», galdetu du Carrerek. «Lana beste era batera planteatuko genuke horrela. Ez litzateke liburutegiko txoko batean aritzea bezala izango, fotokopiagailua baztertuta. Tabernakoa eta liburutegikoa maite dut, baina ona izango litzateke antzokietan ere aritzea, aurrera egiteko, sormenaren mugak zabaltzeko. Adar asko daude eta denak behar ditugu. Batek liburutegian kontatzea nahiagoko du, besteak antzokian, eta publikoari ere aukera gehiago emango genizkioke, aberatsagoa izango litzateke. Bestela, beti ibiliko gara norabide berean».


«Zenbat saio izaten dira helduentzat? Ez dago aukera handirik. Haurrentzat asko daude, baina zirkulu itxia da. Besteen lanak ikusita, kontalariok aberastu egiten gara eta publikoaren irizpideak ere zabaltzen dira. Antolatzaileek eta publikoak gutxi eskatzen digute. Orduan, berdin da ongi ala gaizki egitea? Oso gutxitan etortzen zaigu kritikarik kanpotik. Eta interesgarria litzateke, guretzat eta publikoarentzat», amaitu du.

Peio Añorga

Peio Añorga Grosen harrapatu dugu, Zurriola ikastolan. Ikastaro dezente ematen ditu eta horietan hainbat kontu kontatzen du, besteak beste, hitza eta isiltasuna lagun, elkar entzuteko espazioak nola sortu. Batez ere haurrei kontatzen dizkie ipuinak, helduekin ibili da, baina idaztea ere gustatzen zaio eta ez da denera iristen. Deus egin gabe egoten jakitea garrantzitsua iruditzen zaio eta horrek lan batzuei ezetz erratea eskatzen dio.


Isiltasuna behar du hitza entzuteko, hitzaren perfumea usaintzeko, hitzaren gorputza islatzeko, hitza biluzteko. Kontaketa ekintza poetikotzat du eta horregatik, liluratzeko, xaramelatzeko eta hitza egiteko ere balio behar duela deritzo. Ez hitz egiteko, hitza haragitzeko baizik. Hitza entzuten duenean, errazago zaio hitzak eta ipuinak ukitzea eta hunkitzea. Ikuskizunak nagusi diren garai honetan, entzuteko estetika garatu nahi du, entzunaz barnetik ikusteko eta irudikatzeko. «Isiltasunak ez du begirik, baina asko ikusten du, entzuten duelako; zaratak, aldiz, begi handiak ditu, ez du ezer ikusten, ordea, ez duelako entzuten».


«Gaur egun haurra gehiegi kitzikatzen dugu, baina kontsumitzeko. Kontsumitu, kontsumitu eta kontsumitu, azkenean kontsumitu egiten dugu, ahitu. Nire artea edo bidea ez da hainbeste kontsumitzeko eta edukitzeko, baizik izateko, eta horretarako ez dut hainbeste kitzikatzen eta komunikazioa efektuan sortzen, baizik afektoan. Normalean mozorroekin aritzen gara lanean eta niri horiek kentzea gustatzen zait, hitza gorritzea lehenbizi eta ondoren urdintzea, horitzea, zuritzea...».


Hori dena egiteko, zer tresna erabiltzen ditu kontalariak? Hitza da Oiartzungo artistaren lanabes oinarrizkoena. Batzuetan objektu batzuk baliatzen ditu, baina jendea engainatzeko, nahi duen lekura eramateko, zentzatzeko, arreta pizteko; beti helburu horrekin, isiltasunera eramateko. Berarentzat, artearen eginkizuna ez da dekoratzea, baizik biluztea, elkarrekin gehiago izan gaitezen, elkar entzuten dugulako. Kontatzea erritu kolektiboa da eta, hortaz, ofizio umila: denon esku dago.


«Komunikatzen ez bagara, honako sentsazioa dugu: zu hor zaude, ni hemen eta elkarren artean harresi bat dago. Komunikatzen hastean, harresi hori desagertu egiten da eta une horretan ez dago zu bat, ni bat, baizik zuni bat, edo nizu bat. Ez dut arnasa hartzen, baizik arnasa naiz. Ez dut hitz egiten, hitza naiz. Muga guztiak desagertu dira, hori da estasia. Erritmoa, taupada, denbora eta espazioa bakarrik daude. Era berean, ez dago ez espaziorik, denborarik, taupadarik, hitzik ez deus, dena desagertu baita eta momentu horretan esan dezakegu: hementxe gaituk/n!».


«Magia gertatzen den bakoitzean oso urrunera joaten gara, badirudi beste lurralde batean egon garela, beste hitz bat, beste gorputz bat ezagutu dugula, baina, aldi berean, konturatzen gara ez dagoela urruti, oso gertu dagoela eta gorputz hau dela eta lurralde hau dela eta hainbeste kilo dela, hainbeste zentimetro... Oso-oso konkretua delako. Hitza gorpuztea edo haragitzea da hori. Magikoa da, noski, momentu horretan kontzeptuak eta harresi guztiak apurtzen direlako. Artea beti izan daiteke askatzailea zentzu horretan».


Zer axola du barraskilo bati zer gertatzen zaion? Indigenek bezala, Peiok barraskiloari gertatzen zaiona berari ere gertatzen zaiola sinesten du. Kontatzea plazerra da horregatik ere, munduko izaki guztiekin jar gaitezkeelako harremanetan eta anai-arreba sentitu.


Azaldutakoa mistiko samarra izan daiteke, agian. Erantzuna hori baino errazagoa da. Zergatik kontatzen ditu Peiok ipuinak? Gogoa duelako, hobeki sentitzen delako eta horri esker bizi delako, besteak beste, zentzu materialean eta espiritualean. Pertsona bezala munduari zentzua aurkitzeko sinbolo batzuen beharra du eta horiek ipuinetan aurkitzen ditu.


Ipuinak banpiro samarrak dira, gure odola eta arnasa behar baitute, banpiro onak dira, ordea, odola eta arnasa hartu ondotik denei banatzen diotelako.