Koldo Sagasti
2009ko Irailaren 25a
Zisjordanian, Israelgo Gobernuak ezarritako ghettizazio politikaren ondorioz, herriak isolatuta gelditu dira. Kontrol militarrek, porlanezko harresiak, kolonien arteko errepide sareak, eta estratega sionistek diseinatutako gainontzeko muga fisikoek hiri nagusien arteko mugimendua oztopatzen dute.
Gizarte kontserbadoreak eta alkohola
Fenomeno kezkagarri hori dela eta, herriok bilakaera soziologiko ezberdina pairatu dute, alegia, kanpoko munduarekiko harreman handiagoa daukatenetan gizartea irekiagoa eta aurrerakoiagoa da eta, handik kilometro gutxira, isolatuago gelditu direnetan, aldiz, kontserbadoreagoak dira, gero eta gehiago ari da errotzen erlijioa eguneroko bizimoduan. Herrien arteko alde soziologiko hori igartzen da, oso modu nabarmenean, emakumeek bizitza publikoan duten presentzian eta bestetik itxuraz garrantzirik gabeko detaile batean: gizarte aurrerakoienetan alkohola dago; kontserbadoreetan, ordea, ez.
Ramala Zisjordaniako hiriburu administratiboa da eta mundu osoko bidaiari, brigadista, kooperante eta gobernuz kanpoko erakundeetako langileen topagunea. Milaka jatorriko jendearen joan etorriak, hain zuzen, ematen dio hiriari aniztasun kutsu berezia. Ramalan, beste herri batzuetan ez bezala, emakumeen presentzia nabarmenagoa da esparru publikoetan, uda partean kultur ekitaldi ugari antolatzen dituzte... eta garagardoa modu ia modu erabat normalizatuan edan daiteke.
Halaber, egoera paradoxikoa gertatzen da bertan, izan ere, Ramalan, historikoki tradizio kristaua duten beste zenbait hiritan bezala, eta Arafaten garaian araututako status quo baten arabera, alkateak, nahitaez, kristaua izan behar du. Egun kristauak gutxiengoa badira ere, arauak indarrean dirauenez, gehiengo islamistak ezkerreko hautagai kristauak hobetsi ohi ditu. Ondorioz, jatorri kristaudun herrietan, oro har, alkohola eta ezkerreko gobernuak izan ohi dira.
Halaxe gertatzen da Taybeh herrian, Palestinako garagardo faktoria bakarraren kokalekuan. Biblian ere ageri dira Efrain izeneko herrixka bati buruzko lehenengo erreferentziak, sinesmen kristauen arabera hor eman baitzituen Jesukristok bere azkeneko egunak. Gerora, Saladinok, hango herritarrek egin zioten harrera beroari esker onez, egungo izena jarri zion: Taybeh (arabieraz, gozagarria). Eta bertan, horren izen iradokitzailea duen herrian, eraiki zuen lantegia Nadim Khouryk, 1994. urtean.
Osloko akordioen ondorengoetan eta egoera berriak aukera ekonomiko berriak sortuko zituelakoan, Naimek AEBetako Boston hiriko bizilekua utzi eta jaioterrira bueltatu zen bere bi grina nagusiak uztartzeko asmoz, garagardoa ekoiztea eta Palestinan lan egin eta bizi ahal izatea. Bere ustetan erbestean dauden enpresari palestinar guztiek jaioterrira eraman beharko lituzkete euren negozioak, hango ekonomia sustatzearren, horrela baino ez baitute lortuko estatu ekonomikoki burujabe eta bideragarria, kanpoko herriekiko inongo menpekotasun ekonomikorik gabea.
Garagardo botila apartsua
Arratsalde partean egin dugu hitzordua Shadirekin Ramalako PFLP alderdi ezkertiarreko gazteen egoitzan, bera izango baitugu gidari Taybeh lantegiko bisitan. Harekin batera bere koadrilako lagun guztiak etorriko dira bisitara, denak, garagardozaleak izanik, ez baitute horrelako aukera bat galtzerik nahi. Eta hantxe joan gara tropel osoa 12 kilometro eskasera dagoen Taybeh herrira, izen bereko edabea ekoizten duten lantegia bertatik bertara ikustera.
Taxi kolektiboek faktoriaren parean utzi gaituzte. Erraza izan da topatzea, izan ere, garagardo botila apartsua irudikatzen duen mural handi bat dago lantegiko horman. Sartzearekin batera, kartel batek erakartzen du bisitariaren lehenengo begirada. Afixak, Taybeh botilarekin batera, honako lelo hau agertzen du: «Drink palestinian, taste the revolution» (Edan palestinarra, dasta ezazu iraultza). Berehala Nadim Khouryren alabetako batek egin digu harrera. Harekin dauden beste langile guztiak ere neskak dira, khourytarrak. Adeitasunez agurtu eta garagardoaren ekoizpen prozesua azaltzeari ekin dio. Edaria guztiz naturala da, gehigarririk eta kontserbagarririk gabea, eta osagai batzuk kanpotik ekartzen badituzte ere (malta Frantzia eta Belgikatik, lupulua Txekia eta Alemaniatik...), prozedura osoa Palestinan egiten dute. Tresneria guztia ere erakutsi digu eta ibilbidea bukatutakoan basokada bana garagardo eskaini digu.
Israelgoa baina garestiagoa
Edabe ekoiztu berriari zurrutada freskagarria emanda, kontu teknikoak alde batera utzi eta negozioak pairatzen dituen zailtasunen inguruan hitz egiten jarraitu dugu. Pertsonen mugimendua bezala, merkantziena ere murriztuta dago Zisjordanian eta euren produktuen garraioan ere etenak eta itxaronaldiak pairatu behar izaten dituzte check point ugarietan. Hori oztopo handia da eurentzat, izan ere, garagardoa guztiz naturala denez eta kontserbagarririk ez duenez, kontrol militarretan eguzkitan geldirik izateak biziki kaltetzen du edariaren kalitatea.
Beste traba handi bat salmentarena da. Garai batean, Zisjordania osoan ez ezik, Gazan ere saltzen zuten; egun, berriz, okupazioaren eraginez, salmenta puntuak gutxiagotu dira. Bereziki zailak izan ziren bigarren Intifadako lehen urteak, orduan Armada israeldarrak setio egoera ezarri baitzuen eta khouritarrek kontrabandoan eskuratu eta mandoetan garraiatu behar izan baitzituzten garagardoa ekoizteko lehengaiak.
Orain atzerrira zabaltzeko ahaleginetan dabiltza eta gaur egun garagardo-zaletasun tradizio handia duten herrietan saltzen dute, Belgikan eta Alemanian kasu. Esportatzeko ere traba dezente pairatzen dituzte, ezinbestean Israelgo portuen bidez atera behar izaten dutelako produkzioa eta okupatzaileek izugarrizko zerga handiak ordainarazten dizkietelako; ondorioz, produktua biziki garestitzen da.
Dena den, zailtasun guztien gainetik ere, gogotsu jarraitzen dute khourytarrek garagardo zaletasuna Palestinan zabaltzeko lanetan, eta horren adierazle urtero ospatzen duten Oktoberfest jaialdia. Alemaniako Munich hiriko garagardo festa ospetsua eredu hartuta, Taybehn ere palestinarren neurrira egindako ospakizuna egiten dute urtero urria partean. Aurten ere Palestinako kultura tradizionalak, dantzak, musika herrikoiak, hip-hoparen moduko tendentzia berrienek eta garagardoak bat egingo dute lau eguneko jaialdian.
Betiko galdera
Bestalde, islamistekiko harremanei buruz galdetuta, khouritar gazteak barre egin du, izan ere, beti egiten omen diete galdera bera. Bere esanetan ez dute arazo larriegirik, egia da Palestinako gizartea neurri handi batean musulmana dela eta hiri kontserbadoreenetan ezin dela alkoholdun edaririk saldu, baina, oro har, elkarbizitza ona da. Adibide gisa Taybeh ondoko herrixka jarri du, Deir Kharir. Bertako biztanleak musulmanak badira ere, ez dute begi txarrez ikusten auzokoen lanbidea, ez dute bizikidetza arazo handirik. Tertulia alaiaren ostean botila hotz bana hartu dugu biderako, gure anfitrioia agurtu, eta Ramalara bueltatu gara.
Hurrengo egunean bidaia etiliko honen bigarren etapa egin dugu. Ramalan suzko ibarra bezala ezagutzen den bidea egiten duen furgoneta bat hartu eta ordu eta erdiren buruan Belenen gaude. Bertan ere, bizi kalitate altuago baten erakusgarri diren zenbait ezaugarri biltzen dira, alegia, ezkerreko alkatea daukate Belenen, emakumearen presentzia beste herri batzuetan baino normalizatuago dago bizitza publikoan, eta... garagardoa edan daiteke ia normaltasun osoz.
Salestarren ardoa eta kontraesana
Belenen, berriz, bestelako edari alkoholdun bat izan dugu helburu, hots, fraide salestarren ardo upeldegietara joan gara. Bisitaren helburua, baina, ez da izan ez erlijiosoa ezta etilikoa ere, fraide horiei galdera ezeroso bat egitea baizik.
Belen inguruko porlanezko harresia eraikitzen ari zirela, Israelgo Administrazioa salestarrekin harremanetan jarri zen. Okupatzaileek apartheidaren azpiegituraren zein aldetan gelditu nahi zuten erabakitzeko aukera eman zieten. Fraideek, euren jainkoaren ustezko jaioterriaren aldean gelditu ordez, hormatik kanpo geratzea aukeratu zuten, mahastiak Israelgo aldean izanda, errazagoa izango luketelakoan esportazioaren negozioa. Erlijiosoek ez dute kazetari edo bisitari ezerosoen presentzia onartzen haien egoitzetan, baina salestarren zentro batean ikasitako gure taldeko kide baten hitz jarioari esker utzi digute sartzen.
Hor ere, Taybehn gertatu zitzaigun bezala, upeldegiak eta mahastiak erakutsi dizkigute. Bisita bukatutakoan galdera gaiztoaren ordua heldu da eta Isidrek, salestarren zentroetan ikasitako lagunak, honako hau bota du: «Ez al duzu uste, aukera eman izan baliote, Jesukristok palestinarren aldean gelditzea erabakiko zukeela? Zer dela eta hobetsi zenuten etekin ekonomikoa zuen jainkoaren jaiolekuaren aldean gelditzea baino?».
Ustekabean harrapatu du Isidreren galderak apaiza; tarte batez mutu gelditu da, ez entzunarena egin digu gero, eta joatera gonbidatu gaitu azkenik. Isidrek, aldiz, urte askotako heziketa erlijiosoagatik mendeku hartu du.
Beit Sahourren, Beleneko ghetto barruko herrixkan, gara berriz. Egun osoko ibilaldi neketsuaren ostean trago bat hartzera joan gara hiri zaharreko taberna batera. Garagardoa eskatutakoan tabernariak hiru marka eskaini dizkigu, Maccabi eta Gold Star, merkeagoak eta israeldarrak, eta Taybeh, bost shekel garestiagoa. Orain gure hautua egiteko garaia da, harresiaren alde batean edo bestean kokatzeko tenorea. Iraultzaren zapore gozagarria aukeratu dugu. «Eh! Atera Taybeh bana!».




