-

Jose Angel Oria

2009ko Irailaren 25a

Hiru urte zain, eta gaixotuta, egin ondoren, azkenean Panamako Fiskaltza Bereziak arrazoia eman die 2006an dietilenglicol izeneko gaiarekin kutsatutako herritarrei. Fiskaltzak aste honetan jakinarazi du milatik gora izan zirela Segurtasun Sozialeko Kutxak banatutako medikamentuekin kutsatutakoak, orain arte agintariek onartu duten kopurua baino askoz ere handiagoa. Pulsar agentziaren arabera, Dimas Guevara fiskalak adierazi du «arrazoi honengatik hildakoen kopurua 1.100 ingurukoa dela», orain arte ontzat ematen zen 130 hildakoen kalkulua oso urruti uzteko. «Cofadesavi elkartean bildutako biktimen senideek askotan salatu izan dute hildakoen kopuruaren inguruan ematen ziren datuak ez zirela benetakoak. Era berean, elkarteko kideek jakinarazi dute protestaldia antolatuko dutela Gobernu berriak ez baitie jaramonik egin beraiek egindako eskaerei», Pulsarekoen arabera.

Franklin Vergara Osasun ministroak aste honetan bertan hartu ditu Gabriel Pascual eta Mixila de Ciniglio kutsatutakoen ordezkariak, critica.com.pa webguneak eskainitako informazioaren arabera. Cofadesavik abuztuan entregatu zizkion Ricardo Martinelli presidentearen Gobernuari bere eskaerak. «Ministroak aurreratu die pozoiduraren biktima guztiak tratatzeko zentro bereziren bat eratzeko aukera aztertzen ari dela uneotan Gobernua, garai batean erietxe onkologikoa hartzen zuen eraikinean kokatuko litzatekeena», aipatu webguneak jakinarazi duenez.

«Genozidioa»

«Genozidioa estaltzeko ahalegina» leporatzen diote kutsatutakoek Martin Torrijos presidente ohiari, laestrella.com.pa guneak emandako informazioaren arabera. Cofadesavi elkarteko eledunek RPC Radio kateari egindako adierazpenak jaso ditu aipatu webguneak. Camilo Alleyne Osasun ministro ohiari, Rene Luciani Segurtasun Sozialeko Kutxako zuzendari ohiari eta beste goi kargu batzuei ere egotzi diete pozoiduraren erantzukizuna.

Goian aipatutako datuak oraindik asko haz daitezkeela pentsa daiteke Efe agentzia espainolak emandako informazio bati erreparatuz gero. Horren arabera, fiskal bereziak orain eman dituen kopuruak ez dira behin betikoak, informazio ugari aztertu gabe daukate-eta. 19 kaxatan dagoena aztertu omen dute orain arte, eta beste 123 dauzkate begiratu gabe. «Eskandaluak 2006an egin zuen eztanda, Segurtasun Sozialeko Kutxak dietilenglicol gaiarekin ekoitzitako botikak banatu zituenean, glizerinarekin ekoitzitakoak banatu beharrean. Ikerlarien arabera, dietilenglicola Txinan erosi zuen Rasfer Internacional konpainia espainolak, gero Medicom Panamako enpresari esportatzeko», diote Efekoek. Angel de la Cruz Medicomeko burua da pozoidurarengatik atxilotuta daukaten pertsona bakarra, betiere Efek esan duenaren arabera.

Cofadesavi elkartea azken urteotan egindako lanaren fruituak jasotzen hasia da, baina ezin ahatz daiteke bere garaian agintariek oso gaizki tratatu zituztela kutsatutakoak. 2007ko uztailean Cofadesavi elkarteko eledunek Martin Torrijos garaiko presidenteari beraien eskaerak entregatzeko ahalegina egin zuten, baina SPI Erakundeak Babesteko Poliziak egurtu egin zituen, kaosenlared.net webguneak gogorarazi duenez. «Arratsalde beltza izan zen hura, diktadura militarreko garairik gogorrenen inbidiarik gabekoa. Senide askok zauriak eta inoiz ahaztuko ez zuten esperientzia negargarriaren oroipena eraman zituzten etxera. Pozoidura masiboa ez zen nahikoa, nonbait, eta biktimei era guztietako kolpeak eman zizkieten», irakur daiteke aipatu webgunean. Handik urtebetera berriz ere elkartu ziren kutsatutakoak, agenteen erasoa salatu eta justizia eskatzeko. Kutsatutako xarabea eskaini zieten Panamako agintariei, baina ez zuten hartu.