ELKARRIZKETA -

Joan Canela Barrull

2009ko Irailaren 25a

Ory Okolloh abokatua da. Eta ekintzailea. Kenyakoa. Blogari moduan egin duen lanak egin du ezagun herrialdean bertan zein atzerrian. Kenyako Parlamentuko eztabaiden jarraipena egin zuen aurrena Mzalendotik, bilera itxiak egiten dituen ganberarenak. Ekintza aitzindari hark Afrikako herrialdeko diputatuak legea aldatzera behartu zituen eta geroztik eztabaida guztiak telebistaz eskaintzen dituzte. Mundu digitaleko pertsona ospetsu 2008ko urtarrileko hauteskundeen ondoren Kenya txikitu zuen indarkeriaren berri ematean bihurtu zen. SMS Frontline izeneko softwarea garatu zuen orduan, telefono mugikor batetik informazioa sareratzea ahalbidetzen duen programa. Gertatzen ziren erasoen mapa egitea posible egin zuen SMS Frontlinek, eta hori lagungarri izan zen indarkeria saihesteko zein indarkeriari aurre egiteko. Asmakizun hura beste herrialde askotara esportatu da, oso gauza ezberdinetan erabiltzeko.
Kenyako bizitza sozial eta politikoarekin oso harreman estua duen arren, Okolloh Johannesburgen bizi da, «arrazoi pertsonalak» medio aukeratu zuen Hegoafrikako hirian. Bertan elkartu zen GAUR8-rekin. 

2008ko urtarrilean, iskanbila ugariko hauteskundeen ondoren, sekulako indarkeria izan zen Kenyan. Zuk blogaren bitartez erantzun zenion egoerari. Nolaz bururatu zitzaizun?

Nolabait esateko, ni aspalditik teknologia ekintzaile bat nintzen. Nire ustez, teknologia oso lagungarria da, tresna egokia, aktibismo mota jakin batzuetarako, batez ere gazteentzat, horiek normalean ez baitute lekurik izaten hedabideetan. Beraz, nire ahotsa entzunarazteko erabiltzen nuen teknologia. Hauteskunde horietan iruzurra egin izana egotzi zitzaien agintariei, oso salaketa larriak egin ziren gainera. Sekulako tentsioa zegoen eta hedabide gehienek indarkeria hori sustatu, indartu, besterik ez zuten egiten. Orduan nik nire bloga zabaltzea erabaki nuen, ordurako ezagun samarra zen bloga, herritarren iritziak jasotzeko, nagusi ziren arrazoibideekin bat ez zetorren jendearen esku-hartzea ahalbidetzeko, eta indarkeriari aurre egingo liokeen giroa sortzen laguntzeko. Gertatzen ari zena ulertzeko ere bloga lagungarri izatea nahi nuen, kenyarrentzat ere oso egoera nahasia izan baitzen hura.

Nola funtzionatzen zuen zure blogak?

Indarkeriazko jardueraren baten lekukoak berehala sareratzen zuen ikusitakoa, hedabideen jabeen kontrolik gabeko informazioa emateko aukera baitzuen. Informazioak argazkiak, datuak, ahotsa eta gauza asko izan zezakeen. Horrek gertakizunen mapa bat egitea ahalbidetu zuen, leku bakoitzean zer gertatzen ari zen jakiteko; eta orduan ikusi ahal izan zen indarkeria ez zela bere kasa hedatu, norbaitek prestatutako zerbait zela alegia. Salaketa tresna bat izan zen bloga, baina indarkeriaren fenomenoari aurrea hartzeko tresna ere bai.

Bloga zabaltzeko erabili zenuen taktika bat SMS bidezko mezuak onartzea izan zen. Arlo teknikoa oso zaila izan al zen?

Beno, ni ez naiz programatzailea (barrez). Esan dezagun nire ekarpena aukera hori bururatzea izan zela, eta gero tresna hori nire blogean sar zezakeen programatzailea bilatzea.

Zergatik ziren hain garrantzitsu SMSak?

Telefono mugikorra Afrikan oso bizkor hedatzen ari den teknologia da. Beste edozein teknologia baino bizkorrago. Giza harreman ugari aldatzen ari da sakelako telefonoa. Gainera, jendea oso eroso sentitzen da, gazteenak batez ere, eta mugikorrari etekin handia ateratzeko gauza dira. Beraz, SMS bidezko mezuak onartzea pertsona askoren esku-hartzea errazteko modu bat izan zen, ordenagailurik ez duten edo eskura ez daukaten pertsona askoren esku-hartzea errazteko modua. Zentzu horretan, mugikorrak sartzea oso garrantzitsua izan zen telefonoek duten berehalakotasunarengatik.

Zein balorazio egiten duzu ekimenaren arrakastaz?

Hiru hilabetetan egunean hirurehun edo laurehun mezu inguru jasotzera iritsi ginen. Guztira, milaka ohar jaso genituen. Eta askoz ere bisita gehiago izan genituen hilabete haietan.

Eta balorazio kualitatiboagoa eskatuz gero?

Zirrara gehien eragin zuena, jendeak bere bakarkako ekintzekin gauzak alda ditzakeela ikustea izan zen; hori lortzeko ez zela ezinbestekoa erakunde handi bateko kide izatea eta jendeak politikan bazeukala zeregin bat ikustea. Kontuan hartu Kenyan betidanik gehiengoa edozein erabaki politikotik baztertuta egon dela. Hiritartasun sentimendu bat ere sortu zen orduan. Eta emakumeen esku-hartzea oso garrantzitsua izan zen, erabiltzaile asko emakumezkoak ziren-eta.

Gero ideia esportatu egin zenuten, nabarmentzeko moduko arrakastarekin gainera.

Horrela egin genuen, bai. Interneten ipini genuen gure softwarearen kodea eta geroztik oso gatazka eta egoera ezberdinetara egokitu dute. Indiako hauteskunde prozesuan indarkeriazko jarduerei aurrea hartzeko eta manipulazioa saihesteko erabili da eta Al Jazeera telebista kateak Gazaren aurka egindako erasoen mapa osatzeko erabili zuen. Esan behar da Gazako esperientzia ezberdina izan zela, bertan SMS Frontlinek ahalbidetutako esku-hartzea ikus-entzunezko hedabide indartsu baten erabilerarekin nahastu zen-eta.

Hasiera batean diseinatu genuen gatazka egoeratan erabiltzeko, baina beste gauza askotarako erabiltzen da azkenean. Madagaskarren ingurumenari egindako kalteen mapa egiteko erabili dute; hedabideek jasotzen ez dituzten salaketen berri ematen dute bertan. Malawi eta Zambia bezalako herrialdeetan, berriz, erietxe publikoetan dauden botiken berri izateko erabiltzen dute. Gaixo dagoen pertsona bat erietxera iristen denean, bertan hiesaren edo tuberkulosiaren aurkako sendagairik badagoen edo ez dagoen jakinarazten du eta orduan badakizu zein erietxera joan. Gizarte zibilak administrazioak berak baino beharren jarraipen eraginkorragoa egiten du. Kenyan bertan, esaterako, estoldak, argindarra edo garraioa bezalako zerbitzu publikoen gabeziak salatzen dituzte herritarrek.

Oso tresna garrantzitsua da giza mugimenduek egiten dituzten kanpainetarako, gizarte zibilarentzako. Jendeak dituen beharretara egokitzen du, nahiz eta behar horiek guk aurreikusi genituenekin zerikusirik izan ez, eta hori oso interesgarria da. Baina oraindik ez dago esaterik Afrikako gizarteetan zein eragin izango duen. Begi bistakoa da uneoro erabilpen eta gaitasun gehiago aurkitzen zaizkiola.

Eman dituzun adibide guztiak Hegoaldeko herrietakoak dira. Ez al da erabili Iparraldeko herrietan?

Mexiko Iparraldeko herria al da? Mexikon A gripearen hedapenaren jarraipena egiteko erabili da. Baita hauteskundeetako iruzurrak salatzeko ere.

Beno, egia esan, nik Iparralderago erabiltzen ote den jakin nahi nuen.

AEBetako elkarte batzuk ari dira zenbait proiektu prestatzen, baina oraindik ez dute bakar bat ere abian ipini.

Beste era batera egingo dizut galdera. Mendebaldeko gizarteek bereari besterik ez al diote erreparatzen? Mendebaldean Facebook edo Twitter mundu guztiak duen bitartean, zuen ekimena bezalakoak inork ez ditu ezagutzen. Afrikan sortutakoa delako gertatzen al da hori?

Erantzun zaila du galdera horrek. Begi bistakoa da inork ez duela uste Afrikatik ekimen teknologikoak sortuko direnik. Aldi berean, Mendebaldeko pertsona eta erakunde batzuek nire proiektuarekiko interesa agertu dute eta dirua ipini dute. Beraz, uste dut pertsona horiek edozein proposamen onartzeko prest daudela, edonondik etorritakoa izanik ere.

Edonola ere, Afrikak gaur egun bizi duen iraultza teknologikoaren berri ia inork ez du.

Bai, egia da. Uste da Afrika teknologia berrietatik kanpo dagoela eta hori ez da horrela. Neroni izan naiteke aurkakoaren adibide: Afrikako emakume gazte bat, teknologiaren mundua ezagutzen duena eta baliabide horiek aurrera egiteko erabiltzeko gai dena; aurrera egin bakarka eta, batez ere, talde moduan, komunitateari laguntza emanez. Internet izango ez balitz, ni beste abokatu bat besterik ez nintzateke izango. Internet erabiltzerik badaukazu, gauza asko alda ditzakezu; eta afrikarrak oso bizkor ari dira sarera iristen.

Hala ere, oraindik nagusi da Afrikaren irudirik ezkorrena, pesimistena, «kontinente galduarena».

Zoritxarrez, ikuspegi hori oso hedatuta dago Europan, Ipar Amerikan eta Asiako herrialde batzuetan. CNN telebista katea ikusi besterik ez dago beti kontu negatiboak nabarmentzen dituztela konturatzeko, berri pozgarrien gainetik. Ni herrialde horietara hitzaldi bat eskaintzera edo elkarrizketa bat egitera joaten naizen bakoitzean, ikuspegi horren aurka hitz egiten saiatzen naiz. Agian egoera aldatzen hasia izango da. Edonola ere, erantzukizuna Afrikako prentsarena ere bada, ez Mendebaldekoarena bakarrik. Afrikako hedabideei entzuten dutena gustatzen ez bazaie, alda dezatela musika! Baina ez dute horrelakorik egiten eta Afrikako hedabideek Mendebaldekoek zabaldutako bidetik jarraitzen dute.

Internetek lagundu al dezake Afrikari buruzko ikuspegi hori aldatzen?

Erabat. Internetek asko lagun dezake zentzu horretan, zuzeneko zubiak eraikitzeko aukera ematen baitu. Egia da, oro har, Iparraldeko hedabideek Hegoaldeari oso gutxi begiratzen diotela; eta oso ikuspegi etnozentrikoarekin begiratzen diotela. Aldi berean, egia da ere jende eta erakunde asko dagoela harremanak estutzearen alde. Afrikak bere buruaren beste irudi bat eman dezake, berak nahi duen irudia, eta oso ezberdina izango da.

Zer behar du Afrikak bere iraultza teknologikoa sendotzeko? Ordenagailu merkeak behar al ditu?

Ordenagailuak behar ditugu gure eskolatan, auzoetan... Eta, horretarako, noski, garrantzi handikoa izango litzateke ordenagailuak merkeagoak izatea. Baita ordenagailuek mundua ulertzeko gure moduaren arabera funtzionatzea ere. Baina daukagun beharrik premiazkoena hezkuntza sistema aldatzea da, gure hezkuntzak garrantzia handiagoa eman diezaion berrikuntzari, alde praktikoari. Eskolak eraiki eta umeek testuak buruz ikas ditzaten ondo dago, baina zerbait gehiago behar da, umeei iniziatiba izaten erakutsi behar zaie, pertsona motelak izan ez daitezen. Ingeniaritza fakultateetan ez dago kultura ekintzailerik, esaterako. Badirudi afrikarrak soldata kobratzen duen langilea izan behar duela nahitaez, ezin duela enplegatzaile izan. Afrikan asko kostatzen da hazkunde propioaz hitz egitea eta pentsatzea, beste batzuk guregana gu garatzera etorriko direla pentsatu beharrean. Mendebaldera gutxiago begiratu beharko genuke, ea zer laguntza ematen digun, eta geure konponbide propioak aurkitzen hasi beharko genuke.

Kenyara itzul gaitezen. Parlamentuko eztabaidak argitaratzen zituen bloga eratu zenuen. Bilera itxiak egiten dituen ganberaren eztabaidak. Nola egiten da hori?

Nire ustez garrantzi handikoa da herritarrek Parlamentua bezalako erakunde baten lanaren berri izan dezaten, bertan gertatzen denak eragin handia baitu beraien bizitzan. Nik ezin nuen ulertu bilera horiek kazetarientzat ere itxita egotea. Nik ezin nituen eztabaidak argitaratu, baina parlamentarien edo beste lekukoen adierazpenak jaso bai. Beraz, horixe egiten nuen: lekukotasun horiek jaso eta editatu. Zorionez, beti izan nuen nahikoa lekukotasun, nahiz eta pertsona bakar batentzat lan asko izaten zen. Informazioa lortzeko beste era batzuk ere baziren, blogean izenik eman gabe utzitako adierazpenak, esaterako.

Eta, azkenean, Kenyako Parlamentuak legea aldatu egin zuen eta batzar guztiak telebistaz ematen hasi ziren.

Horrela da. Aktibismo teknologikoak sekulako gaitasuna duela ikusi ahal izan zen orduan.

Nire herrialdean Parlamentuko bilerak telebistan ematen dituzte, baina inork ez die jaramonik egiten.

Beno (barrez), Kenyan gauza bera gertatzen da. Parlamentarien arteko eztabaidak oso aspergarriak izaten dira. Azaleko esaldiak eskaintzen dituzte ia beti, gauza hutsalak. Baina informazioa jasotzeaz gain, esku-hartzeko aukera dago. Nire blogean diputatu guztien biografiak ipini nituen eta jendeak horiei buruzko adierazpenak egiteko edo informazioa handitzeko aukera zeukan. Kasu batzuetan parlamentariek beraiek erantzuten zieten adierazpenak idazten zituzten herritarrei. Esan daiteke herritarrekin aurrez aurre egon zirela. Edonola ere, nire ustez, Mendebaldean, AEBetan behintzat, herrialde hori baita nik gehien ezagutzen dudana, politikariak ez daude eguneroko arloei lotuta, ekonomiari lotuta, eguneroko bizitzarekin zerikusi handirik ez dutela dirudi, baina Kenyan gauzak oso bestelakoak dira, eta politikarien lanaren eta herritarron eguneroko bizitzaren arteko harremana oso estua da, estua eta edonork ikusteko modukoa.

Teknologia berriek lagundu al dezakete demokrazia lortzen edo sakontzen?

Zoritxarrez, demokrazia lortzeko gauza asko aldatu behar dira, ez bakarrik teknologiaren alorrean. Era berean, gauza zehatz batzuetan asko lagun dezakete, batez ere sendotze bidean dauden demokrazia gazteetan, kazetarien lana oztopatzen duten horietan, Zimbabwen duela gutxi ikusi genuen moduan. Herrialde horretan Internetek oso zeregin garrantzitsua izan du oposizioa mobilizatzeko garaian.

Kenyan lan politikoa erraztu digu, baina Internetek berak badu arriskurik: mundu birtual horretan gera zintezke, benetako munduan inolako eraginik izan gabe. Salaketa egitea ahalbidetzen du, baina ez ditu funtsezko aldaketak bermatzen. Horretarako erakunde indartsuak beharko dira, benetakoak. Horientzat teknologia lagungarri izan daiteke, baina ezin ditu ordezkatu. Kultura politikoa bera ere aldatu beharra daukagu. Zorionez, gazteen artean hori aldatzen hasia dago. Kontuan hartu behar da Afrikan gehiengoa gaztea dela, hogeita hamar urte bete gabea. Afrikaren demokratizazioa oso prozesu konplexua da, baina saihestezina, nire iritziz.