-

Isidro Esnaola

2009ko Irailaren 25a

Irailaren 24 eta 25ean G20 osatzen dute herrialdeek gailurra egingo dute AEBetako Pittsburgh-en. Bilera horretan aztertuko duten gai-zerrendaz ez dute gauza handirik argitu. Argi dagoen bakarra da komunikabideek «bonus» delakoei buruz idazten eta hitz egiten daramatela hilabete osoa. Kontzeptu horren bidez adierazten da enpresa handien goi mailako zuzendariek kobratzen duten soldataren zati aldakorra. Zati hori izugarri handia iruditzen zaie batzuei, eta zenbait muga jarri beharra ikusten dute. Hori omen da arazorik larriena gailur horri begira.

Krisi finantzarioa lehertu zenean, paradisu fiskalak omen ziren gaitz guztien errudun. Orain, aldiz, paradisu fiskalez ahaztu, eta arazo nagusia goi mailako zuzendarien soldatak dira. Egoera horren sorburuan bi kontu egon daitezkeela bururatzen zait. Lehenengoa, gobernuburuek, eta orokorrean, politikariek gainerako herritarrok leloak garela uste dute. Uste dute ezin ditugula ulertu arazoaren nondik norakoak, eta orduan, beste zerbait kontatu behar digute. Gainera, nire ustez, azpikeriaz egiten dute hori; herritarrok estu-estu gabiltza krisiaren ondorioak pairatzen, eta zer hobeto gure haserrea bideratzeko goi mailako zuzendariek kobratzen dituzten izugarrizko soldatak aipatzea baino? Logika horri jarraituz, geure buruari galdetu beharko genioke zer gertatzen den politikarien soldatekin. Horrek erakusten du komunikabideek eta politikariek haurrak izango bagina bezala tratatzen gaituztela. Gainera, haurrak tratatzeko modurik txarrena erabiltzen dute, egia esan beharrean asmakizunekin baitabiltza. Gauzak ondo azalduz gero, haurrak gai dira arazo konplexuaz jabetzeko; politikariak aldiz...

Bigarren aukera zera izan daiteke: gauza garrantzitsuen gainean beraien arteko eztabaida oso gogor doa, eta batzuek, beste batzuen posizioak ahultzeko, bestelako kontuak erabiltzen dituzte, hala nola goi mailako zuzendarien soldatak, «bonus» famatu horiek arautzea. Bada urtebete Lehman Brothers konpainia pikutara joan zela. Gertaera horren haritik, lehenengo momentutik, altxatu ziren ahotsak banku, aseguru etxe eta burtsen kontrol estuagoa ezarri behar zela esanez; baina urtea pasa da eta ez dute ezer egin. Agian, hor dago koska. Gaur egun, estatuaz gain, arau bigun batzuen barruan banketxeek eta enpresek ere «dirua» jaulkitzen dute, diru finantzarioa, baina dirua, azken batean. Horren gainean kontrola jartzeak arauak zorroztea esan nahiko luke, eta begirale bat edo batzuk antolatzea. Ondorioa garbia da: boterearen galera ekarriko du, bai enpresa eta banketxeentzat, baina, kontrolatzailea zein den arabera, baita estatuentzat ere. Eta hauek hitz handiak dira, boterea ukitzen dute eta horretan inor ez dago amore emateko prest, ez estatuak, ezta banketxeak eta enpresak ere.

Hor egongo da borroka. Horrekin zerikusia duen albiste bat zabaldu zen asteazkenean. Horren arabera, Britainia Handiak ez du onartu Europar Batasunak kontrolatzaile bat ezartzea Europa osorako. Zergatik ez du horrelakorik nahi? Ziurrenik bere ekonomiaren ezaugarriak direla medio. Britainia Handia munduko zentro finantzarioa izan zen. Gero, Ameriketako Estatu Batuek finantza esparruan nagusitasuna eskuratu zuten eta Britainia Handia bigarren mailan geratu zen. Hala ere, bere lekutxoa zaintzen saiatu da, bere monetari eutsi dio; eta orain beldur dira horrelako urratsek zentro finantzario gisa desagertzea ekar diezaieketela. Bestalde, Alemaniaren nagusitasuna industrian datza eta industria suspertzeko ezinbestekoa du finantzen egonkortasuna. Alemaniak ez du finantza esparruan berriz ere arriskurik nahi, eta kontrolaren aldeko apustua egin du. Guzti hori Europar Batasunari dagokionez, baina G20koen artean beste herrialde batzuk ere badaude, bakoitza bere interes eta arazoekin, tartean Txina.

Azken horrek gero eta pisu handiagoa izateaz gain, nazioarteko monetaz hausnarketa propioak egin ere egin ditu, eta itxura denez, presarik gabe baina gauzatzeko bidean jarriko ditu. Horretarako bere pisu ekonomikoaz baliatuko da. Puntu horretaraino iritsita, zein gogoratzen da «bonus» famatu horietaz?