-

Josu Juaristi

2009ko Uztailaren 17a

Alemaniak plan bat dauka Europar Batasunarentzat, egitasmo horrek Batasunean zer-nolako eragina izango duen oraindik ez badakigu ere. Azkenaldian bizpahiru arrasto edo argibide utzi ditu Berlinek. Nabarmenena, Auzitegi Konstituzional Federalak utzitakoa, ekainaren 30ean, Lisboako Ituna aztertu zuenean. Orduan, aditu gehienek, Europako Batzordekoek barne, Karlsruheko epaileek Lisboako Itunari oniritzia eman ziotela nabarmendu zuten bakarrik, sententziaren 147 orrialdeetan askoz gehiago zetorrela ohartu gabe. GARAk uztailaren 7an aztertu zuen epaia, Batasunaren eskumenen eta Alemaniako Estatuaren eskumenen artean Auzitegi Konstituzionalak marra bat marraztu zuela eta horrek europar integrazioan ondorioak izango zituela esateko; beste kontu batzuen artean, zuzenbide komunitarioaren nagusitasuna kolokan jartzen zuelako. Alemaniako epaile nagusien erabakiak, azpitik, egonezina sortu zuen Bruselan, eta Durao Barrosok asteazken honetan erreakzionatu behar izan zuen, Alemaniako Auzitegi Konstituzional Federalaren erabakiarekin kezkatuta.

Karlsruhen egoitza duen Auzitegi honek, izan ere, Alemaniako Legebiltzar Federalaren esku uzten du europar integrazioaren geroa. Estatuek Itunen erreformetan negoziatzen dituzten eskumen berriak Bundestageko diputatuek aztertu eta onartu -baita atzera bota ere, beraz- beharko dituzte, eta hori egin ahal izateko, indarberritzeko exijitu die Konstituzionalak Bundestagi eta Bundesrati. Eta horretan ari dira, oporrik gabe, eta hor hasi da berotzen eztabaida.

Honen lehenengo ondorioa hauxe da: Europar Batasunak eskumen gehiago bereganatu nahi baditu -estatuei kenduta-, Alemaniako bi ganberen onespena beharko du.

Baina Auzitegi Konstituzionalak gauza gehiago esan zituen, eta eztabaidaezinak ziruditen hainbat printzipio hankaz gora jarri ditu. Hauetako batek Europako Parlamentuarekin zerikusi zuzena du, europarren borondatea ordezkatu beharrean, estatuak ordezkatzeko organo bat besterik ez dela esaten duelako Alemaniako Auzitegi Federalak. Lisboako Itunarekin Estrasburgoko Parlamentuak hartuko dituen eskumen berriak ere zalantzan jartzen ditu, beraz, neurri batean.

Eta honek guztiak, ondorioz, Europar Batasuneko legediaren interpretazioaren azken hitza eta erabakia Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren eskutan uzten du, Justizia Auzitegi Europarraren kalterako.

Joan den asteazkeneko erreakzio ofizialean, Barrosok subsidiariotasunaren printzipioa Batasunaren printzipio garrantzitsu bat dela gogorarazi zuen -erabakiak herritarrengandik ahalik eta hurbilen hartu behar direla dio honek; bere esku-hartzea edo ekimena eraginkorragoa denean bakarrik sartuko da, beraz, Batasuna- eta horixe dela Karlsruheko epaileek ukitu dutena, Europar Batasunaren eta estatuen (edota konpetentzia legislatiboak dituzten «erregioen») arteko eskumenen oreka. Hala da. Eta, gainera, oreka horren interpretazioaren azken hitza Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari kendu dio Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak. Eztabaida, ezinbestean, Europar Batasun osora zabalduko da. Alemania bere buruari -eta etorkizunari- begira jarri baldin bada beste batzuek ere beste horrenbeste egin nahiko dute.

Alemanian bertan, hemendik aurrera Europar Batasunean beste era batera negoziatu beharko dela esan dute batzuek, Konstituzionalaren erabakiaren ondoren Alemaniako Gobernuak Bruselan edo Batasuneko Ministroen Kontseiluan defendatuko duen jarrera lehenago Parlamentu federalean adostu eta erabaki beharko dela esanez. Beste batzuen ustez, horrek erabat ahulduko luke Alemaniak negoziatzeko izango lukeen ahalmena eta, ondorioz, Berlinek Europar Batasunean duen posizioa bera ahulduko litzateke. Batasuneko estatu guztietako parlamentuek gauza bera egingo balute Europar Batasunak negozioa hemen bertan itxi beharko lukeela esan duenik ere izan da. Ez dakit horrenbesterako izango den, baina garbi dago Alemaniako Auzitegi Konstituzional federalak egungo europar integrazio eredua koloka jarri duela.

Baina Alemania beste arlo batzuetan ere desberdintzen ari da. Europar Batasuneko aurrekontuen negoziazioetan jarrera gogortzen ari da eta krisiari eman beharreko erantzunean ere, neurri propioak hartu ditu (Batasunean itxurak eginez jarraitzen badu ere, estrategia europar bat balego bezala). Eta gizartea ere, oraingoz behinik behin, eta Berlinen edo Hanburgon G-20koen harira izan ziren manifestazioak kenduta, ez da beste estatu batzuetan ikusten den egonezina agertzen kalean edo lantegietan. Beharbada, krisiaren benetako ondorioak ez dituelako transmititu botereak; agian, Alemanian ere -Europa osoan bezala-, ezkerrak arazoak dituelako mezuak zabaltzeko eta gizartea mobilizatzeko; edo, beharbada, babes sozialak oraindik funtzionatzen duelako.

Alemaniak plan bat dauka, baina... Europar Batasunarentzat al da? Ala Alemaniarentzat bakarrik? Edo Europar Batasun berri -txikiago baina integratuago- batentzat?