-

Joxe Rojas

2009ko Uztailaren 02a

Badira «Moonwalk pausua»ren asmatzailea baino dezente gazteago hil diren musika izarrak. Garai batean jaun eta jabe zen walkmanak, esate baterako, 30 urte bete ditu... eta hamar bat urte izango dira hilik dagoela, MP3ak amildegira bultzatuta. Urtebetetzea ospatzeko, BBC telebistak bere aitaren walkman bat eman dio 13 urteko gazte bati, egunero erabiltzen duen iPodaren truke. Hiru egun kostatu zaio gaixoari zintek bi alde dutela (zutela?) deskubritzea. Gaur egungo musika-erreproduzitzaileen aldean dituen gabeziak kontuan hartuta, gaztetxoak dio ezin duela bere burua imajinatu «horrelako tramankulu bat egunero eramaten» eta bere buruari galdetu dio aitak benetan sinesten ote zuen «traste hori teknologia pieza erabilgarria zenik». 30 urte, belaunaldi bat soilik igaro behar izan da hain egunerokoa zen teknologia bat fosilen artera bidaltzeko. Beste lagun asko ere eraman ditu zulora: idazmakina, argazki makina karretedunak, binilo diskoak... nahiz eta horiek bizi luzeagoa izan duten.

Gero eta azkarrago aldatzen da teknologia, batez ere komunikazioari dagokionez, eta horrek eragin zuzena du gure komunikatzeko moduan. Prentsa idatzia, papera, ez da «desagertzeko arriskuan» dagoen hedabide bakarra.

Telebistak, esate baterako, ez du oso etorkizun argirik, orain arte ezagutzen dugun moduan behintzat. Espainiako gobernuak «itzalaldi analogikoari» ekin dio egunotan; telebistaren emisio sarea modernizatzeari, alegia. Baina burokrazia kontuak hain dira geldoak ezen egunotan zabaltzen hasi den teknologia erabat zaharkituta egongo dela zabalkunde prozesua amaitzen denerako. Telebista enpresek behin baino gehiagotan salatu dute: Madrilek LTDa ezartzeko aukeratu duen espezifikazio teknikoa oinarri-oinarrizkoa da, eta arazo tekniko larriak planteatzen ditu LTDari zentzua ematen dioten balio erantsiko zerbitzuak eskaintzeko: ordainpeko saioak, saio interaktiboak eta abar. Ezarri nahi den LTD sarea, beraz, hilik jaioko da: orain arteko eskema berbera eskaintzen jarraitzeko ez zen LTDren beharrik.

Baina, gainera, badira ohiko telebista kanalak laster desagertuko direla defendatzen duten adituak.

Programatzaile batek parrilla oso bat diseinatzen duen ereduak ez du balio jadanik. Ikusleak zer non eta noiz ikusi aukeratu nahi du... eta gainera aukera teknikoak ditu horretarako. Testuinguru horretan, aurrez egindako parrillek ez dute zentzurik, eta etorkizuna gehiago hurbilduko da «kartara» egindako aukeraketara.

Horren zantzuak baditugu gaur egun: Apple multinazionala aspaldi hasi zen musikarekin batera telebista saioak, pelikulak eta telesaioak saltzen, iPodetan zein etxeko ordenagailuan ikusteko, eta Microsoftek eta Sonyk ere antzeko zerbitzuak gehitu dizkiete haien bideokontsolei: hiru euro inguru ordainduta (prezioa edukiaren araberakoa izaten da), gailuak automatikoki deskargatzen du pelikula edo saioa kontsola edo ordenagailura.

Pelikula lehen aldiz erreproduzitzen hasten denetik, 30 bat eguneko epea dago osorik ikusteko, denbora hori igarota edukia automatikoki ezabatzen baita. Bideokluben (horiek ere azkar desagertu dira gure paisaia urbanotik) filosofia berbera, baina etxetik mugitu beharrik gabe. Hori aukera «ofizialei» dagokienez, «estraofizialak» ere hamaikatxo dira eta.

Gauza da oso aldaketa azkarrak gertatzen ari direla esparru horretan ere eta, beste askotan bezala, ez dagoela norantz goazen jakiterik. Aurten jaiotako batek zer pentsatuko du 15 urte betetzean gaur egungo telebista bat oparituz gero? Auskalo.