-

Oiana Blanco euskal judokarik onena da 48 kiloz azpiko kategorian. Bera izango da Munduko Txapelketan emakumeen artean gure ordezkari bakarra. Judoa gurean kirol ezezaguna izanik, baliteke meritua handiagoa izatea. Are gehiago inolako bekarik gabe erabateko dedikazioa eskaintzen dionean.

Xole Aramendi

2009ko Uztailaren 02a

Tatami gainean, hanka-hutsik, pasatzen du egunaren zati handia. Ez egonean, aurrean duen aurkaria nola menderatu asmatzen baizik. Ez bat eta ez bi, sei ordu egunero judoan. Astean egun bakarra du atsedenerako.

Datorren abuztu bukaeran Rotterdamen egingo den Munduko Txapelketarako prestatzen ari da orain buru-belarri. Bera izango da euskal emakume bakarra lehian. Gizonezkoetan, Kioshi Uematsu bizkaitarra.

Ezustean jaso du berri ona, azken asteotan Portugalen eta Madrilen egindako txapelketetan ez baitzuen txartelik eskuratu. Lehen hitzorduan esku-eskura izan zuen domina -hauxe zen Federazioak jarritako baldintza-, baina Madrilen ihes egin zion. Bosgarren postuarekin konformatu behar.

Hala ere, Europako txapelketan erakutsi duen maila ona ikusita, aukera ematea erabaki dute azkenean espainiar Federazioko teknikoek. «Rotterdameko Munduko Txapelketan lehiatzea merezi dudala erabaki dute. Bilera bat izan genuen Madrilen eta han eman zidaten erabakiaren berri. Ezin nuen sinetsi ere egin; ez nuen espero, aurretik ez dute inoiz horrelakorik egin», azaldu du.

Presioa izan du arerio azken saioetan. Portugalen irabazten zihoan, baina sekula gertatu ez zaiona bizi izan zuen. «Fisikoki ondo nengoen, buruak ere esaten zidan irabaz nezakeela baina korapilo bat sentitu nuen, arnasa ezin nuen ia hartu. Irabazi beharraren presioa izan zen, agian. Amorru handia sentitu nuen», kontatu du judokak.

Joan den apirilean Georgian jokatu zen Europako Txapelketan ere bosgarren izan zen. Rotterdameko zitaren ondoren, 2012ko Olinpiar Jokoak izango ditu buruan. 29 urte izango ditu orduan, «adin ona judorako».

Bere ezaugarriez galdetu eta entrenatzeko orduan duen konstantzia azpimarratu du inork baino hobeto ezagutzen duen Esteban Arrillagak. Bederatzi urte daramatza Oiana Blancok bere onena eman dezan saiatzen. Honelaxe aitortu du judokak berak. «Gertatu izan zait batxilergo garaian, hurrengo egunean azterketa nuela eta Estebani ezin nuela entrenatu esatea baina gero, ezin etsita, etortzea», kontatu du Blancok.

Usurbilgo polikiroldegia du bigarren etxea judokak. 17 urterekin jo zuen hara bertako klubarekin prestatzera. Kirol hau gustukoa zuelako, besterik gabe. Baina pixkanaka judoa bere bizitzaren ardatz bihurtu da, eta orain ez du tatamira igo gabeko egunik irudikatzen. «Iaz hamabost eguneko oporrak hartu nituen. Ez nuen polikiroldegia zapaldu ere egin. Baina behin oporrak pasata, desiratzen nengoen berriz hasteko. Gorputzak eskatu egiten dizu, nahiz eta denboraldi amaieran buruak, batez ere, atsedena eskatzen dizun», esan du Oianak. Oriotarra, Astigarragan bizi da familiarekin azken urteotan. Eskerrak senitartekoei, bestela ezingo lioke judoari dedikazio profesionala eskaini. «Ez dut lanik egiten eta entrenatzeko denbora daukat -azaldu du-. Nire ingurukoek beti lagundu didate. Gaur egun ere bestela ezingo nuke: lanik ez dut egiten, judoak ez du bizitzeko ematen. Gurasoekin nago etxean. Beraiek laguntzen dizute eta aurrera jarraitzen duzu. Eskerrak Kirolgiren laguntza daukagula, baina hori da bakarra, ez dut inolako bekarik. Horra ailegatu egin behar duzu eta bidean behar duzu laguntza».

1,56 neurtzen du eta 48 kilo azpiko kategorian borrokatzen du. «Nik gehixeago pisatzen dut eta txapelketarako jaitsi egiten dut pixka bat», azaldu du.

Judoa bizimodua du. «Maila honetan aritzeko ezinbestekoa da gustatzea. Bestela ezin dituzu erritmoa eta exijentzia jasan. Gauza asko utzi behar dituzu, baina judoak beste asko ematen dizkizu. Merezi duela uste dudan bitartean jarraitu egingo dut», kontatu du. Entrenatuz eta atseden hartuz. Berriz entrenatzeko. Honela joaten dira Oihana Blancoren egunak. «Entrenatu esaten dugunean entrenatu da, ez denbora-pasan egotea», dio.

Umeei eskolak ere ematen dizkie. «Ez askorik, haurrekin egoteak ere nekatu egiten du eta. Ezingo nuke klasea eman eta ondoren nik entrenatu», azaldu du. Umeak gustukoak ditu, irakasle ikasketak egin baititu. Hasieran Lehen Hezkuntza eta, orain, Haur Hezkuntza.

Berak lau urte zituen judoa egiten hasi zenean. «Txikitatik geldirik egoten ez zen horietakoa izan naiz eta kirol guztietan ematen nuen izena. Adinarekin batzuk baztertzen joaten zara eta aukeratzen. Nire ahizpa eta lehengusu bat judoa egiten aritzen ziren eta, klaseko bat apuntatu zenean, nik ere nahi nuela esan nuen etxean», gogoratu du.

Judoa eguneroko ikasketa da eta horixe atsegin du. «Beti aurkaria daukazu eta inoiz ez da errepikatzen egoera bera. Egunero gauza berriak bizitzen dituzu, gauza berriak ikasten... Ez da bukatzen. Aurkari bakoitza desberdina eta ezin duzu berdin jokatu. Eta aurkari berarekin ez da berdin izango gaur eta bihar», azaldu du.

Estrategia aldez aurretik prestatu behar da. «Badakizu ezkerra ala eskuina den, garaia den edo ez, lehiatzeko garaian ze jokabide izaten duen...», dena hartzen da kontuan.

Zure gaitasunekin bestea menderatzea da kontua. Eta erabakiak segundotan hartu behar dira. «Zentesima batzutan irabaz edo gal dezakezu. Azkar erreakzionatu behar duzu. Horretarako entrenatzen duzu egunero, lehian ari zarenean dituzun sentsazioak aurrez bizitzeko, egoera berria izan ez dadin», gaineratu du.

Txapelketan aurrean duena aurkaria da. Polikiroldegian, ez. «Entrenatzen duzunean borroka egiten duzu, baina desberdina da», dio. Eguneroko bizitzarako baliagarriak zaizkion hainbat irakaspen eman dizkio judoak. «Aurkariari zor zaion errespetua, adibidez. Borrokaren hasieran eta bukaeran bai aurkariari, bai epaileari, bai entrenatzaileari, bai tatamiari errespetua adierazten diezu», azaldu du.

Irakaslearen ardura da hori. «Judoka batzuk ez dakite zergatik agurtzen duten ere. Guk, eskolak ematerakoan, umeei erakusten diegu ondo jarrita, posizio egokian, isilik egin beharreko zerbait dela. Arauak betetzen jakiten ere erakusten du judoak», gaineratu du.

Fisikoki indarra, bizkortasuna, abiadura eta potentzia eskatzen ditu judoak. Teknikoki edo taktikoki aurkariaren arabera jokatu behar duzu eta zuri komeni zaizun egoera bilatu. «Psikologikoki, behin maila batera iritsita, zure taktika jarraitzen eta burua hotz edukitzen jakin behar duzu. Niri hori falta izan zait Madrilgo txapelketan», azaldu du. Emakumea izanagatik ez du zailtasun berezirik nabaritu. «Pertsona bakoitzaren izaera da garrantzitsua. Egiten duzunak zenbat betetzen zaituen eta zenbateraino zauden zu emateko prest. Horixe da kontua», adierazi du Oianak.

Kirol agintariei zer eskatzen dien galdetu diogu. «Kirol batzuk laguntza ekonomiko gehiegi daukate, merezi baino gehiago askotan, eta beste batzuk ezer ez edo oso gutxi. Kirol batzuk, bultzatu ezean, ez ditu inork ezagutuko. Ondorioz, ez dute babesleen interesik piztuko eta ez du inork inbertituko, babesleek ez baitute dirurik jartzen kirol ezezagunetan», esan du. Atera ezinezko zirkulua da.

Hain kirol ezaguna ez izatearen ondorioez hasi gara hizketan. «Neska batek amari judoa egin nahi duela esaten badio, `ez duzu dantza edo balleta egin nahi?' izango da erantzuna», adierazi du.

Gurasoak harritu egiten dira. «Askok uste dute borrokan inolako araurik gabe aritzen garela. Gurasoei entzuten diet `ez nuen uste hain diziplinatua zenik' esaten. Psikomotrizitate zailtasunak dituzten haurrekin, esaterako, aurrerapen handiak ikusten ditugu urtebetean», azaldu du.

Tatami gainean eta kanpoan «dena» erakutsi dio Esteban Arrillagak. «Behar duzun guztia ematen dizu. Eta tresnarik ez badauka, bilatzen saiatuko da. Bakoitzak daukan onena ateratzen daki eta, zuk nahi baduzu, ahal duzun gehiena ematera iritsiko zara», esan du. Arlo fisikoa eta taktikoa lantzen ditu berekin.

Arrillagari esker, Euskal Herrian eta espainol Estatuan erreferentzia da Oiana Blanco, baita Usurbilgo kluba bera ere. Bigarren geratu da Espainiako Ligan. «Usurbilen maila ona dago», dio Oianak. Ehun judo lizentzia daude, 14 urtetik beherakoen artean, nahiz eta batzuk bakarrik ari diren lehiaketetan.

Elkarrizketa amaitu eta entrenatzera doa. «Lehia utzita ere judoa egiten jarraituko dut», esan du agur esan aurretik.