Ez da oso kirol ezaguna, baina Euskal Herrian ere badira agility zaleak. Asteburuan Donostiako Illunben izango da kirol diziplina hau ikusteko aukera. Oztopo zirkuitu batean barna eta gidaria ondoan duela, txakurrak bere adimena, obedientzia, kontzentrazioa eta arintasuna erakutsi behar ditu. Ikuslearentzat, ikuskizuna. Txakurrarentzat, jolasa.
Amagoia Mujika
2009ko Uztailaren 02a
Usurbilen, Zubietara bidean, zuhaitz artetik ikus daiteke zirkuitu berezi bat. Txakur eskola eta Kai-argi Agility Kluba daude bertan. Oztopo desberdinetatik barna trebe eta azkar dabil Niko, sei urteko artzain belgikarra. Ondoan dauka aginduak emanez bere jabea, Jose Juan Gil. Beren arteko hizkuntza propioa daukate Nikok eta Jose Juanek. Oztopo batzuetan zenbakiak erabiltzen ditu, beste batzuetan soinuak edo kanpokoentzat ulertzen zailak diren hitzak. «Gaztelera, euskara, zenbakiak, soinuak... elkar ondo ulertzen dugu. Berak ez ditu hitzak ulertzen, soinuak identifikatzen ditu. Eta badaki soinu bakoitzarekin nik zer esan nahi diodan», hasi da hezitzailea.
Niko munduko txapeldun izana da agility diziplinan eta asteburuan Donostiako Illunben izango den txapelketan parte hartuko du. «Niri izugarri gustatzen zaizkit txakurrak». Bistan da. Sei txakur ditu guztira, hiru etxean eta beste hiru klubean.
Duela bederatzi urte sortu zuen lagun talde batek Kai-argi Agility Kluba eta txakur eskola Usurbilen. Gilek berak duela hamahiru bat urte ezagutu zuen diziplina hori. «Nire lehen txakurrak hamahiru urte pasatxo ditu eta nik agilitya egiteko hartu nuen. Ikastaro batean jakin nuen diziplina horren berri eta izugarri gustatu zitzaidan. Eta neroni horretan hastea erabaki nuen».
Zirkuitu batean barna
Edozein txakur, arraza batekoa edo bestekoa izan, aritu daiteke agilityan. Ofizialki kirol bezala onartua ez dagoen arren, horretan aritzen direnek garbi daukate kirol diziplina bat dela. Hartara, txakurrak, bere gidariaren laguntzarekin, oztopoz betetako zirkuitu bat osatu behar du, bere adimena, obedientzia, kontzentrazioa, soziabilitatea eta arintasuna erakutsiz. Zirkuitua denbora gutxienean eta akats gutxienekin osatzen duena da garailea.
«Egia esan agilitya ez du jende askok ezagutzen. Gero, zer den ikustean, askori gustatu egiten zaie, baina ezezagutza handia dago». Kai-argi klubean bederatzi txakur aritzen dira entrenatzen, klubeko bazkideak denak. Horrez gain, ikastaroak ere ematen ditu Jose Juan Gilek. Bai agility ikastaroak eta bai oinarrizko obedientziaren gainekoak.
Agilityaren oinarrian txakurraren eta gidariaren arteko harmonia dago, elkar ondo ulertzea. «Agilityan hasi baino lehen garrantzitsua da txakurrak jabeari kasu egitea, berak esandakoa ulertzea eta betetzea. Hortik aurrera, agilitya jolas bat da txakurrarentzat, eta ez betebehar bat. Gauza dibertigarri bat da eta txakurrak horrela ulertu behar du», esan du Gilek. Berak oinarrizko obedientziaren gaineko ikastaroak ematen ditu. «Nik ez ditut txakurrak hezten, nik txakurrak dituzten pertsonak hezten ditut, beren txakurrak ondo uler ditzaten eta haien hizkuntza ondo ezagut dezaten. Txakurrek beren hizkera propioa dute eta oso garrantzitsua da hori ezagutzea. Txakur batek zerbait gaizki egiten duenean ez da gaizki egin nahi duelako, gidariaren esana gaizki ulertu duelako baizik. Ni harreman hori hobetzen saiatzen naiz ikastaroetan».
«Jendea gero eta gehiago ezagutu, gehiago maite dut nire txakurra», esan zuen Seneca filosofoak. Jose Juan Gil nahiko ados dago baieztapen horrekin, «txakur bat beti saiatzen da jabeari ez hutsik egiten. Txakurrak jabearekin harreman ona nahi du eta horren bila dabil etengabe. Batzuetan, jabearen esana gaizki ulertu duelako edo mezua ez duelako ondo jaso, txakurrak pentsatzen du jabea bera dela. Baina, oro har, txakur bat beti saiatzen da jabea kontentatzen. Eta agilitya primerakoa da bien harremana hobetzeko eta kirola egiteko. Erabat gomendagarria», bukatu du.
Asteburuan Ilunben
Asteburu honetan, hilaren 4 eta 5, Donostiako Illunben agility txapelketak jokatuko dira. Hitzordua larunbatean arratsaldeko lauretan eta igandean goizeko bederatzietan dago jarria. Hiru bat orduko saioak izango dira egun bakoitzean.
Larunbatean, Espainiako Txapelketarako puntuagarria den saioa jokatuko da. Horrez gain, artzain belgikarren txapelketa berezi bat ere egingo da. Eta igandean berdin, beste bi proba izango dira. Guztira 51 txakur lehiatuko dira, horietatik 16 artzain belgikarrak. Sarrera bi eurokoa izango da eta bukaeran gerturatzen diren guztien artean zenbait sari zozketatuko dira.
Asteburu honetakoa ez da Kai-argik antolatzen duen lehen txapelketa. Dagoeneko bederatzi urte daramate urteroko hitzordu hau antolatzen. «Beharrezkoa dugu txapelketak antolatzea, gero Espainiako Txapelketara sailkatu ahal izateko. Jendea animatuko nuke Illunbera gertura dadin, benetan ikuskizun polita baita txakurrak trebezia ariketa horiek egiten ikustea», agertu du Jose Juan Gilek.




