Goierrin martxan den Elkarbizitza Plana eredu da ikuspuntu askotatik. Eskualdeko herri guztietan, bertakoen eta etorkinen parte hartzea bultzatzen duen prozesua martxan dago, gizarte kohesioa lortzeko bidean. Aniztasunaren ikuspegia txertatzen lagunduko duten azpiegiturak bultzatu dituzte. Baita atzerritarrek jasan ditzaketen diskriminazio egoerak gainditzeko neurriak proposatu ere. Begoña Pecharromanek gidatu du prozesua. Zein irizpide erabili dituzten eta antropologiak immigrazioaren gaiari zer eskain diezaiokeen galdetu diogu.
Xole Aramendi
2009ko Uztailaren 02a
Zein izan da Elkarbizitza Planaren abiapuntua?
Goierriko Garapen Agentziaren ekimena da. Lehenik EHUk errealitatearen diagnosia egin zuen eta, ondoren, gure enpresari Elkarbizitza Plana prestatzeko enkargua egin zion. Alor desberdinetako ordezkariekin harremanetan jarri ginen euren kezken berri jakiteko. Hamazortzi herri hartzen ditu guztira, bakoitza bere ezaugarriekin. Helmugak zehaztu ditugu, bai baitakigu orri batean idatzita oso polita geratzen direla baina betetzea ez dela erraza. Horregatik, komenigarriak ikusten ditugun jarduera konkretuak proposatu genituen, betiere udal agintariei eta beste erakundeen ordezkariei betetzeko konpromisoa eskatuz. Izan ere, ekimen asko bertan behera geratu ziren diru faltagatik. Osasun arlokoak ez dira praktikara eraman udalek eta Garapen Agentziak konpetentziarik ez dutelako. Genero gaiari ere ez zitzaion heldu, ez zutelako argi ikusten; Garapen Agentziak ez du Berdintasun Planik eta momentuz Ordizia da aurrerapausoak eman dituen herri bakarra. Goierriko udaletan deigarria da alor honetan dagoen hutsunea.
Zer nabarmenduko zenuke egindako bidean?
Elkar ezagutzeko espazioak sortu dira eta dinamika bat sortu. Etorkinen jarrera oso positiboa izan da, elkarlanerako prest agertu dira. Perspektiba desberdina da: denok hemen gaude eta jatorria alboratuta goazen nola antola gaitezkeen ikustera. Hezkuntzan, enpleguan... ditugun arazoak ikusi eta goazen konpontzera. Kanpotarrak herriaren partaide sentitzen dira era horretan. Lau urterako plana da eta lorpenak ebaluatu egingo ditugu, eskualdean izan duen eragina neurtzeko. Ekintza batzuk oso sinpleak dira, baina praktikan jartzeko modukoak. Guk abantaila bat dugu, kanpotik gatozela eta errazagoa zaigu politikariei edo teknikariei eskakizunak egitea. `Onartzen ez baduzu planetik ezabatuko dugu eta kito', esaten diegu. Plana errealista izan dadin eta nolabaiteko inpaktua izan dezan nahi dugu.
Legorretako adin txikiko etorkinen harrera etxea planaren katalizatzailea izan al zen?
Plana zabalagoa da eta hainbat mahai jarri ziren martxan, sektoreka. Herriko eragileei, etorkinei eta alor bakoitzeko profesionalei gonbita luzatu genien. Gabirian zegoen zentro bat, baina orduan oraindik eraiki gabe zegoen Legorretakoa. Hala ere, Segurako harrera etxean gertatuko erreketa zela eta bazegoen kezkarik. Ardura ez zen bakarrik dauden adin txikikoenganakoa soilik, baita beren familiarekin bizi direnekiko ere. Diputazioak zituen planak ezagututa mahai berezi bat sortu zen Legorretan, proiektuaren inguruko kezka zuten eragileen parte-hartzaileekin: zentroa kudeatzen dutenak, irakasleak eta Diputazioko ordezkariak. Atzerritarrei harrera nola egin zehazten duen protokoloa zehaztu genuen. Baliabide publikoen gida ere prestatu zen, etorkinek nora jo jakin dezaten. Informazio eza eta horrek sortutako beldurra handia zela ikusi genuen.
Zein beldur?
Immigrazioa kulturen arteko gatazka moduan agertu izan da. `Ezinezkoa da islamiar edo musulman bat Mendebaldeko kulturan txertatzea', diote, baita hainbat teorikok ere. Gure ustez kultura zerbait dinamikoa da. Pertsonak beste testuinguru batzuetara ezin direla egokitu pentsatzea ez da zuzena.
Ikuspegi ezkor horren atzean eredu asimilazionista dago. Honen arabera, kanpotarrak «gurea» barneratu behar du. Bai, hala da. Gainera, zertara egokitu behar dute? Gure gizartea ez da jada beste garai batzutan bezain homogeneoa. Bizitzeko moduak oso anitzak dira. Homosexual bat etor daiteke hemen eskubideak bere herrian baino gehiago errespetatzen direlako. Eta euskaldun batek esan dezake hori ez dela gure ezaugarrietako bat, fenomeno berria dela. Gai asko daude eztabaida bidean.
Norbaitek esan dezake gure tradizioez jabetu behar dutela. Non hasi eta bukatzen da?
Bai, tradizioa zer den boterea euren eskuetan eduki duten pertsonek erabaki dute. Kontuz ibili behar dugu eta dena dinamikoa dela pentsatu, espazio eta denbora jakin batek zehaztutakoa dela. `Nola gure kulturarik ez daukagula? Betidanik...' diote batzuk eta ez da batere erraza ulertaraztea.
Erakunde publikoetan jasan ditzaketen diskriminazio egoerak gainditzea da planaren helburuetako bat.
Norbaitek arrazista ez dela esaten didanean ezinezkoa dela erantzuten diot. Antropologiatik baiezta dezakegu kultur testuinguru gehienak gu-besteekiko harremanean eraikitzen direla; baztertzaileak dira gainera. Mekanismo piloa dugu norbait gure testuinguruetan sartu edo bertatik baztertzeko. Daukagun Atzerritar Legea ikuspegi horren tresna da; nork dituen eskubideak eta nork ez, nork dituen betebeharrak eta nork ez. Hori ukatzea... Aniztasuna gure gizartearen ezaugarri bezala onartzea da kontua, betebehar eta eskubide berberekin. Erlijioarena adibide bat da. Erlijio bakarreko testuinguru batetik gatoz eta ez gara ohartzen eurek ere eskubideak dituztenik. Baina horretarako testuingurua zalantzan jarri behar duzu.
Izan zen zailtasunik?
Adin txikikoen heziketa aztertu zuen mahaian, esaterako, ondoren bertako enpresetan lan egitearen baldintza jartzea planteatu zen eztabaida batean. Goierriko ikasleen artetik, zenbat geratuko dira bertan lanean? Gure seme-alabei hemen bizi eta lan egitea eskatzen al diegu? Aldiz, kanpotarrei eskatzeko gai gara. Gaztetxoek heziketa izateko eskubidea dute eta ondoren ikusiko dute zein bizimodu aukeratzen duten, gure seme-alaben moduan. Europako herri bezala hainbat konbentzio ditugu haurren babeserako. Horregatik bigarren mailako hiritarrak sortzen dituen Atzerri Legean bada artikulu bat adin txikikoen babeserako. Ez gu zintzoak garelako, legeek hala diotelako. Baina egunero ikusten ditugun jarrerekin kontraesankorra da. `Gaizkileak dira, bidal ditzatela jaioterrira', diote batzuk. Nerabeak dira eta tartean badira erasotzaileak direnak, baina ehunekoak ikusita ez dira hemengo gazteen artean baino gehiago. Lehenik atzerritar bezala tratatzen ditugu, ez nerabe edo haur bezala. Batzuk 10 urterekin datoz. Ezin ditut pentsio batean bizitzen jarri, eguneroko jarraipenik egin gabe. Une batzutan etorkin kopuru handiak erakundeak gainditu egin ditzakete baina ezin dugu ahaztu umeak direnik; beste edozein haurrentzat duzun protokolo bera erabili behar duzu. Gipuzkoako Diputazioak 1.200 ume baditu zaintzapean horietatik 200 dira atzerritarrak. Hau gizarte fenomenoa da, ez kanpotarrei dagokiena soilik. Hain gazte etortzen direnean beste balore batzutan sozializatzeko aukera gehiago dituzu. Baina etorri eta bizitzen dutena bazterketa bada, zer sentituko dute gizarte honekiko?
Diputazioko agintarien aldetik eskubideak bai, baina betebeharrak ezagutzen ez dituztenaren ideia zabaldu da gizartean. Ez al da arriskutsua?
Adin txikikoak kriminalizatu egiten dira. Etorkin haurrak bertakoak bezalakoak direla onartuz gero, ez lituzkete erabaki batzuk hartuko. Deban pentsio batean bizitzen jarri eta Iruna ikastera bidali, adibidez. Hanka-sartze handiak egin dira eta errazena erruduna beste nonbait aurkitzea da. Ez dute autokritika publikorik egin, baina egin duten norabide aldaketaren bidez -tutoretzapeko etxeak ireki dituzte hezitzaileekin-, onartu dute nolabait.
Elkarbizitza arazoak dituzten gaztetxoak zentro berean biltzeaz zer iritzi duzu?
Ez da egokiena. Konponbidea emateko ezinbestekoa da diziplina desberdinetako profesionalekin talde bat sortu eta haur bakoitzaren kasua aztertzea, etiketarik jarri gabe. Eredu positiboak sortu behar dituzu. Ume bihurri bat beste hiru eta lauren alboan jartzen baduzu, ez da ezer onik aterako. Aldiz, beste jarrera batzuk dituztenekin taldean jarriz gero, errazago ikusiko du bere ideiak ez direla onenak. Lider txikiak izan ohi dira eta ingurukoek txalotu egiten badute... Harrera etxea kartzela bezala bizi dute eta normala da bertatik ihes egitea. Bi edo hiru hanka-sartzerengatik -horien ondorioak zein diren ez dakitenean- era horretako zentroetan sartzea ez zait batere egokia iruditzen. Gainera, udal askotan teknikariaren bizkar uzten dute kontua erakunde publiko eta gizarte eragileek.
Udal askorentzat egin dituzue planak. Paper hutsean geratzen al dira?
Erakundeek zuk plana egitea nahi dute. Ez dute herritarrengana zuzendu nahi Pandoraren kaxa irekitzen duzulako. `Ea zer eskatuko didaten', pentsatzen dute. Badira behaketa lanaren beharrik ikusten ez duten udal ordezkariak, baina guri ezinbestekoa iruditzen zaigu. Ondoren, behin prozesua abiatuta, herritarrengana zabaltzea ere oso garrantzitsua da. Goierriko planaren kasuan postontzi bat ireki genuen e-posta bidez herritarrek euren iritzia emateko aukera izan zezaten.
Euskal emakumeek AEBetan bizitako migrazio prozesua aztertu duzu. Orduko hanka-sartzeak errepikatzen ari al gara?
Euskaldunak kanpora doazenean harro sentitzen gara hizkuntza gorde dutelako, ikastola eraiki dutelako... Boisen eliza katolikoa egin zuten eta hemendik joaten zen apaiza. Aldiz, mezkita bat irekitzea ez dugu ulertzen. Gauza bera egin dute hemengo askok, ez guztiek. Asko gustatzen zait gai hau; neurri bera erabiltzen ez dela ikusten da. Euskal Herriko emakumeen migrazio prozesua betidanik eman da. Bederatzi urteko umeak beste herri bateko baserrira bidaltzen ziren lanera, bakarrik, edo 12-13 urteko neskatilak Amerikako izebarengana etxera handik dirua bidal zezaten. Orain astakeria iruditzen zaigun arren, marokoarren artean ikusten dugun bera da. Marokon beste mentalitate bat dago, eta 15 urterako gazteak lanean hastea onartzen du legeak.




