-

Uxue Alberdi

2009ko Uztailaren 02a

Ohartu zarete azken boladan zeinen eguraldi beroa eta eguzkitsua egiten duen? Eta gainera ez egun batean bakarrik, baita hurrengoan eta hurrengoan ere. 30 gradu, hondartzak toallaz estalita, jendea itzal bila, goizean goizeko eta arrats parteko freskuraren zain kalera irten eta zerbeza bat hartzeko. Ez apuratu, ez da klima aldaketagatik, EITBko eguraldiaren mapa aldatu dutelako da.

Kartografia itxuraldatu digutenetik, gure herriaren marrazkia mozorrotu dutenetik, kristoren eguraldia egiten du. Demasa. Izerdi patsetan iristen gara lehengo mapako marra zaharretara eta oihu egiten dugu: zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak? Belarria jarri, eta inoiz baino pisuagoa da isiltasuna. Errioxarrak, isilik. Burgoseko lagunak, isilik. Kantabriakoak, mutu. Gaztela eta Leongo herrikide batzuk ere, berdin. Zuberoatik eta Erriberako hegoaldetik entzuten da zerbait, baina urruneko ahotsak dira, mugaz bestaldekoak, eta ez dira ondo aditzen. Orain Errioxa, Burgos, Kantabria eta Gaztela eta Leon hemen baitaude, eta Zuberoa eta Erriberaren buztana, han.

Gure errua omen da, asteburu-pasa Burgosa eta Kantabriara joaten garelako Zuberoara eta Errioxara baino gehiago. Paradigma logikoa osatu dute: hara joaten badira, hango eguraldia interesatuko zaie. Gure interesen aldeko borroka da, ez besterik. Hemendik aurrera, Athleticek non jokatzen duen, hango eguraldiaren berri emango digute; ezkonberrien telebistetan Punta Canako egoera meteorologikoa ikusi ahal izango da, eta, opor garaian Bolivian, Indian eta Aragoiko Pirinioetan marraztuko dituzte eguzkitxoak, lainotxoak, eta haizetxoak. Euskaldunon (barkatu, nortekoon) interesa non, mapa han. Mapa, haraino.

Zorte pixka batekin, krisiaren eraginez, aurtengo oporretan ez dute mapa asko zabaldu beharko nortekoon oporlekuak telebistako pantailan kabitu daitezen.

Eta, gainera, trukean eguzkiak oparitu dizkigute. Eguraldiaren mapa berria estreinatu zutenetik eguzkitsu esnatu da pantailako lur eremu abstraktu hori. Espainiaren urte loriatsuetan ere ez omen zen eguzkia sekula sartzen. Hemen (han? Hemen ala han? Non gauden jakitea ere ez da erraza) ere, antzera. Benetan, lehengo eguraldiaren mapan hamahiru eguzki kabitzen baziren, orain hemeretzi sartzen dira. Banan-banan zenbatu ditut. Sei eguzki oparitu dizkigute. Eta galdera da: lainoak eta euria iragarri behar dizkigutenean, zer? Hemeretzi laino jarriko dituzte ala hamahiru? Auskalo, eguraldia okertzeko zain egon beharko dugu, baina Mediterraneoko klima honekin, ez dakit ba, berriro ere zirimiririk eta laino petralik ikusi ahal izango dugun. Hemen ere tinto de verano eta bostak kanarietan.

Kontua da zeren truke oparitu dizkiguten eguzkitxoak. Umetako karameluen antza hartzen diet nik, eta karameluek hiru funtzio izan dituzte beti: umea engainatzea nahi ez duen zerbait egin dezan, negarrez ari den umea isilaraztea, umeak irribarretxo bat oparitzea.

Baina zuek lasai. Ez dakigu nongoak garen, ez dakigu zer den hau eta zer hura, ez dakigu zer den etxekoa eta zer arrotza, gurean bakailaoa jaten den edo fabada. Azken batean, esango dute, zer axola dio? Marrazki bat baino ez da mapa, irudi bat, zertan asaldatu? Eta haserretuz gero erradikal deituko digute. Karneteko argazki bat ateratzera joan eta beste baten argazkia emango baligute bezala da, marrak eta trazoak desberdinak dira, baina bi begi sudur bat eta aho bat ditu, ez?

Dena dela, segi hondartzara. Hemeretzi eguzki dauzkazue, eta mapa zabal honetan, nahi beste hondartza ere bai.