Nagore Amondarain
2009ko Uztailaren 02a
Uztaila jazzaren hilabetea izaten omen da, han eta hemen izaten dira jazz jaialdiak. Gasteizko txoko honetatik idaztea egokitu zait, hiri honen loraldi zein loaldiak aipatzea. Baina udarekin batera, uztailarekin batera, bi loraldi berri ditugu ate-joka. Gasteizko jazz jaialdi ofizialari aurrea hartzen dion ekimen interesgarri bat burutzen da uztaileko lehen astean Gasteizko Alde Zaharrean, Jazzaharrean ekimena. Eta loaldia aipatu nahi bada, uztaila berau etengo digun proposamenez beterik datorrela esan behar, egunez zein gauez deskantsu barik hiritarrak mugituko dituena.
Aurrez aurre kokatuak dauden bi tabernen burutazioa izan zen 2006an, harrezkero Alde Zaharreko eta hiriko gainontzeko txokoak ere blaitu ditu Jazz jaialdiaren proposamen aurreratu honek. Jazz, swing, funk, acid-jazz zein blusak bustiko ditu Alde Zaharreko tabernak. Sartu-irtenak doan izango dira, batean dagoena ikusi-entzun, eta gustatu ezean, beste batera sartzeko aukera, ordutegi jarraiak, batean amaitu bestean hasi... Talde ezagunak eta proiektu berriak taularatuko dira, proiektu berri horien artean, aipatzekoa, Buster Keatonek zuzenduriko pelikuletan oinarrituko den kontzertua. Zinema mutuari musika jartzeko saiakera berritzailea Txatarreria Keaton izenaren azpian, besteren artean, Bingen Mendizabal musikariak gidatutako proiektua.
Laurogeiko hamarkadak dituen oihartzunen artean beste bat Malatu taldea izan daiteke, bertako kideak ere izaera anitzeko taldean aritu dira eta aritzen dira egun ere. Bere garaian auzoa bera zutenek rockaren erreinu bide berriak urratu dituzte azken garaiotan. Baina eskaintza Estatuko zein kanpoko musikariez osatua egongo da, ez nadin lokalismoetan soilik kokatu.
Aldi berean emango da denboran zein espazioan beste ekimen berri bat. Alde Zaharreko jaiak, asteburu honetan ospatuko direnak. Gaur-biharretan «Zaharraz harro» leloaz jantziko dira bertako kaleak. Jai autogestionatuak eta parte hartzaileak izango dira, bertako bizilagunek zein bertan jarduten duten kolektiboek jarri baitituzte martxan jaiak. Ez dute inongo santurik goratuko, sasoi honetan ohikoa den moduan. Hori bai, santu gisa har genitzake gaur Alde Zaharrean gora eta behera ibiliko diren lagunak, parte hartzen zein antolatzen. Kolore berdea aukeratu dute jaien aurreneko saiakera paperera eramateko orduan. «Zaharraz harro» leloari lagunduko dion irudi gisa Brulleria plazan dagoen dorretxea aukeratu dute.
Estolderia guztia aldatuko dute, Aiztogile kaleko harria altxatu eta berria jarriko dute, denda txikiak desagerrarazi eta «frankiziak» sartu nahi izango dituzte, baina hiri honek arnas berri bat izaten jarraituko du belaunaldiz belaunaldi. Eta esango nuke arnas horren birikak direla Alde Zaharreko ezker zein eskuin magalak. Ia-ia birika forma osatzen duen «la nuez medieval» dio Gasteizko esamoldeak.




