GEOGRAFIA -

Etxean ahaztu zaizula mapa? Ez dio axola. Leku talaietan, behatokietan, mendi gailurretan, han daude lurrean tinkaturik. Bista panoramikoak dituzte aurrean ia beti. Orientazio mapak deitzen zaie. Mendi federazioek jarritakoak dira asko; beste asko, errepide ertzetakoak kasu, udalek jarritakoak. Han-hemenka ibili gara mahai horien bila.

Joxean Agirre

2009ko Uztailaren 02a

Ederrenetako bat Herrara mendatetik Errioxara bidean dago, Errioxako Behatokian hain zuzen ere. Mapa karratua da eta bertan behatokitik ikusten den paisaia zabaleko herri eta mendi izenak agertzen dira. Bertatik ikusten den bista ikusgarria da.

Beste bat Urbasako jauregitik gertu dago, 900 metroko altueran, Pilatosen behatokira iritsi baino lehen. Geroxeago Urederra errekaren sorrera dago. Urbasatik hegoaldera ikusten den panoramika osoa irudikatzen du mapak. «Urbasa gain horretatik hegoaldeko zerumuga osoa agertzen da eta behean ikusten diren herriak», esan zigun Urbasako parkean lan egiten duen basozain batek.

Hirugarren mapa ikusgarri bat Burgi eta Nabaskoze artean dago, Las Coronas mendatean, errepide ertzean. «Pirinio mendi-lerroaren zati handi bat ikusten da handik eta mapak gailur bakoitzaren izena eta altuera adierazten ditu», esan zigun Dioni Izal Otsagabiako harginak. «Orhi eta Aboditik hasi eta Anie, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Ezkaurre eta beste hainbat gailur ikusten dira handik», esan zigun.

Kostaldean ere badaude mapa ikusgarriak. Hondarribiko Higuer kanpineko harrera-lekuko arduradunak kontatu zigunez, inguru horretako maparik ederrena Jaizkibel gainean dago, garai batean paradorea egon zen lekuan. «Hondarribitik zoazela Jaizkibel gainera iritsi baino pixka bat lehenago dago errepide ertzean, autoak uzteko prestatutako gune batean. Kosta osoa ikusten da bertatik, Iparraldetik hasi eta Donostiaraino; barrualdera begira, berriz, Hondarribia, Hendaia eta Aiako Harriak ikusten dira», nabarmendu zigun.

Itziartik Debara bidean badago behatoki bat Ama Birjinarena deitzen diotena. Handik kosta zati eder hori mirets daiteke bertako toponimia ezagutzeko tarteka mapari begiratuz. Debatik Mutrikura bidean, Arbe hotelaren parean, badago beste mapa bat ingurumaria horren berri ematen duena.

Badago harrizko mapa hauen antzera egindako margolan bat Goiuria jatetxean, Durangoko Goiuria auzoan. Bertako nagusiak esan zigunez, jatetxea egin zenean jarri zuten. «Jatetxeak bista ikusgarriak ditu eta orientazio mahaien antzerako margolan bat egin genuen, leihotik ikusten den mendi lerroaren gailurrak izendatuz. Mendi izenak eta bakoitzaren altuerak agertzen dira jatetxean jarrita dugun margolan horretan. Anboto, Mugarra eta beste hainbat gailur agertzen dira», azaldu zigun jatetxeko arduradunak.

Larrungoa, lehena

Ederra, ikusgarria da baita ere Larrun gainetik ikusten den bista eta bertan dagoen mapa. «Gailurrean dago, borobila da eta inguru guztiko mendi gailur guztien izenak agertzen dira, bakoitzak duen altuera eta Larrundik dagoen distantzia adieraziz. Oso ondo zaindutako mapa da», esan zigun Larrungo Kaiola kantinako etxekoandreak. Antton Iturrizak, euskal mendizaletasunaren historia ikertu duenak, kontatu zigunez, Larrungoa izan zen Euskal Herrian jarri zen gailurreko lehen orientazio mahaia, trenbidea egin zutenean ezarri baitzuten. «1924an jarri zuten mahai hori. Orain dagoena ez da jatorrizkoa. Hura Lourdesko Pirinioetako Museoaren atarian dago eta orain Larrunen dagoena kopia bat da», esan zuen.

Mendi gailurretan

Euskal Herriko mendiko bigarren orientazio mahaia Gorbeiakoa da. 1931n jarri zuten Larrungo eredua jarraituz. Gasteizeko Lucio Lascaray izeneko dirudun batek ordaindu zuen lana, baina hondatuz joan zen eta 2002an, gurutzearen mendeurrena zela-eta, mahai berria jarri zuten. Ez zuen askorik iraun, lau bat hilabetera txikitu baitzuten. Bizkaiko Foru Aldundiak ez aldatzea erabaki zuen, mendizaleek burugabekeriaren berri izan zezaten. Mahai horiek egiteko pirolaba erabiltzen da, izan daitekeen materialik gogorrena, eta, apurtu zutenek, mailuak igo zituzten ekintza hori burutzeko. Gorbeiako orientazio mahaiak 104 mendi gailur seinalatzen zituen.

Mendi gailur batean jarri zuten hirugarren orientazio mahaia Erniokoa izan zen, baina honek ere historia luzea du. Antton Iturrizak esan zigunez, mahai horren proiektua 36ko gerraren aurrekoa da. «Euskal Herriko Alpinismo Federazioa zegoen orduan eta marrazkiak egin ondoren Puy de Dome inguruan zegoen Ateliers Saint Martin enpresari dirua ere bidali zieten, han egiten baitziren orduan mahai horiek pirolaba erabiliz. Gerra etorri zen eta bertan behera geratu zen asmoa. Gerra ondoren, Espainiako Alpinismo Federazioaren ordezkaritza bat bilakatu zen Euskal Federazioa eta bertako arduradunak mugitu ziren mahai hori egin zezaten. Gauzak luzatzen joan ziren. Lana frankotan ordaindu behar zen; hemen ez zegoen frankorik eta mugazain gisa lan egiten zuen Irungo mendizale batek konpondu zuen arazoa. Eskorga baten gainean igaro omen zuten Ernioko mahaia Santiago zubitik eta jarri zuten gailurrean, 1950ean», esan zigun Iturrizak.

Ernioko mahaiak zulo bat dauka. Itxura guztien arabera, Federación Española de Montañismo jartzen zuen lanean eta España hitza azaltzen zen lekuan egin du norbaitek zuloa. Ernio, Gipuzkoaren bihotzean egoki, lurralde osoko gailurren izenak, altuera eta distantziak erakusten ditu. Karakate gainean ere Debegesa mankomunitateak jarritako mahai bat aurkituko du mendizaleak 1.500 metroko altueran, antenak dauden lekutik gertu. Lekarozko Legate mendian ere, 870 metroko altueran, inguruko mendi gailurren profila ematen duen mahai bat dago. Eta beste hainbat egongo dira.