Josu Juaristi
2009ko Uztailaren 02a
Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Auzitegia Europako Kontseiluko organo bat da; ez du zerikusirik, beraz, Europar Batasunarekin. Bere erabakiak edo epaiak ez dira lotesleak eta estatuek beren aldekoak direnean bakarrik «onartzen» dituzte. Bistan da, Espainiak gustura asko «onartuko» zuela azkenekoa, ezker abertzalearen alderdi eta hauteskunde hautagaitzen ilegalizazioa babesten duena. Eta garbi dago ahalik eta etekinik handiena atera nahiko diola.
Orain, jakina, erabakia ezagututa, espero zitekeela eta antzekoak esan daitezke, eta ez dute arrazoi faltarik izango hori diotenek, oso zaila baita pentsatzea Estrasburgoko Auzitegiak estatu europar bat (are gehiago Europar Batasunekoa baldin bada, kasu honetan bezala) eta bere arautegi juridikoa kolokan jarriko dituela. Egin dezake, eta egin izan du, estatuaren aurka doana gizabanako bat denean, baina kasu horiek ez dute sistema hankaz gora jartzen, ez dute sistema kolokan uzten. Eta Estrasburgoko Auzitegia, gainerako auzitegiak bezala, indarrean dagoen sistema juridikoa eta politikoa indartzeko diseinatuta daude.
Ezker abertzalearen errekurtsoa Europan erabil daitekeen azken tresna juridikoa da. Aurkezteak berak balio politikoa du, azkeneko erabakia nekez izango baldin bada ere eskatzen dena, epaile hauek, esan bezala, estatuen ikuspuntuaren zerbitzura daudelako.
Estatuen arabera, esango du, hala ere, baten batek, eta arrazoi osoarekin, estatu batzuen aurka jotzea errazagoa delako eta, kasu batzuetan, horixe delako statu quo-aren edo sistemaren sostengatzaile diren estatuek (Europar Batasunekoek, orokorrean, eta Batasuneko kiderik handienek edo indartsuenek, bereziki) exijitzen diotena Estrasburgoko Auzitegiari. Hala, Errusiaren aurka, edo Georgiaren edo Serbiaren aurka jotzeak ez du «meriturik» eta, gainera, ondoriorik ere ez du. Baina pentsaezina da Frantzia edo Alemania edo, azken kasu honetan bezala, Espainiaren aurka joko dutenik aztergai duten errekurtsoak hauetako baten sistema juridikoa eta politikoa zalantzan jartzen duenean.
Juridikoki, Estatu espainola bere tresneria eta arautegia prestatzen (estutzen) joan da Euskal Herriaren independentziaren aldeko proiektu politikoa baldintzatzeko, gelditzeko, baztertzeko eta zapuzteko. Eta azken urteotan abiadura handiagoa eman dio estrategia horri. Estrasburgoko Auzitegia sistema horren barruan kokatuta dagoela esatea gehiegi esatea izan badaiteke ere, begi-bistakoa da sistema edo estrategia horren aurka ez duela egingo. Kontrakoa ezusteko galanta izango litzateke eta, neurri berean, sekulako zaplazteko politikoa Estatuarentzat, estatu batek inoiz onartuko ez duen zaplaztekoa. Hori ekiditeko ditu Espainia bezalako estatu batek presio tresna politikoak eta diplomatikoak.
Baina, Estrasburgoko Auzitegiak epaia atera bitartean, behinik behin, Estatu espainola giza eskubideen bortxaketaren eta eskubide zibil eta politikoen murrizketaren jomugan egon da. Tarte horretan, giro edo pertzepzio horri etekina ateratzeko aukera izaten da, eta epaiak ez du erabat uxatzen ereindako hazia. Baina hazi horiek elikatu egin behar dira, erabaki eta ekimen sendoekin. Estrasburgoko Auzitegia, berez, ez da ezer. Bere erabaki batek mugimendu edo proiektu bati min handia egin badiezaioke mugimendu horrek arazo bat du. Eta arazoa ez dago Estrasburgon, konponbidea han ez dagoen bezala. Baina, konponbidearen parametroak egon behar duten lekuan mantentzea eta horren aldeko indarrak batzea eta sendotzea mugimendu horren esku dago, neurri handi batean behintzat. Eta hori ondo eginez gero, ez Estrasburgok ez beste inork ezingo lioke eskurik sartu.




