EKONOMIA -

Krisiari aurre egiteko moneta alternatiboak garrantzia hartzen ari dira kapitalismoa nagusi den munduko zenbait herrialdetan. Globalizazioaren eta merkatu librearen aurrean, beste ekonomia jasangarriago bat posible dela sinesten duten zenbait komunitatek aspaldiko ohiturak berreskuratu dituzte.

Unai Belaustegi

2009ko Uztailaren 02a

Oraindik ez dira 10 urte igaro, egun batetik bestera betiko pezetaren ordez beste txanpon bat erabiltzera behartu gintuztenetik. Ordura arte auto bat, etxe bat edo zinemako sarrera bat ordezkatzen zuen hark, goizetik gauera ez omen zuen ezertarako balioko. Eta orain, milioika biztanlek euroa erabiltzen dute, kontsumo ondasun berbera lehen baino gehiago kostatzen zaie eta munduko beste puntan sortzen diren arazoen ondorioek zuzenago eragiten die. Egunotan izaten ari garen krisia, kasurako.

«Krisirik gabe ez omen dago desafiorik; desafiorik gabe bizitza errutina bihurtzen omen da. Agonia motel bat. Eta krisirik gabe, ez omen dago meriturik». Hala zioen behintzat fisikari famatu batek, eta zenbait lekutan, hitz horiei kasu asko egiten ari dira. Izan ere, nazioartean komunitate batzuk krisiari aurre egiteko hautabideak bilatzen hasi dira eta aspalditik ezaguna zen metodoa berreskuratu dute: moneta alternatiboa. Herrialde batean ofiziala den diruaz aparte, beste moneta batzuk ere existitu izan dira historian zehar, moneta paraleloak, talde baten nahiei jarraikiz diru-bitartezko trukeak antolatzeko.

Zergatik Moneta hauek?

Azken urteotan plazara ateratzen ari diren moneta alternatiboek hiru helburu jarraitzen dituzte. Batetik, aipatu taldearen edo komunitatearen irabaziak lokalizatzea. Bestetik, ekonomia suspertu eta elkartrukea areagotzea. Eta azkenik, merkatu arruntean lekurik aurkitzen ez dutenei beste aukera bat ematea. Gainera, komunitateen arteko loturak sendotzeko ere baliagarriak direla defendatzen dute. Beraz, globalizazioaren aurrean, «lokala» krisiaren eraginetik babesteko ezkutu paregabea izan daitekeela dirudi.

Ingalaterrako kasuak

Orain arte kontatutakoak iraganeko kontuetan edo herrialde azpigaratuetan azaltzen den fenomeno baten itxurakoa ematen badu ere, Mendebaldean gertatzen ari den zerbait baino ez da. Errealitatea erakusten ari denez, teoria neoliberaletan oinarritu den kapitalismoa krisian dago eta ondorioak sektore publikoak eta herritarrak ari dira ordaintzen. Honen aurrean, soluzioak topatu dituzte. Ingalaterrako zenbait herritan, esaterako, liberaren inflazioaren ondorioz, moneta txikien alternatiba beso zabalik hartu dute komunitate jakin batzuetan. Ideia hori errealitate bihurtzen ari den Robert Jackson-en ustez, «moneta txiki hauek ez dira fenomeno berri bat; iraganean ere, gauzak zail jarri izan direnean komunitateek euren arazoak gainditzeko erabili izan duten alternatiba da».

Euren moneta propioak martxan jarri dituzte Ingalaterrako hegoaldeko bi herrik: Totnes eta Lewes. Lehendabizikoak (8.000 biztanlerekin), 2007ko martxoan jaulki zuen Totnes Pound delakoa, eta Lewes-ek (16.000 biztanlerekin), 2008ko irailean. Hirugarrena Brixton izango da. Londres hegoaldeko auzunea da Brixton, eta txanpon berriarekin zenbait proba egiten ari dira, aurtengo irailerako Brixton Brick moneta (Brixtongo Adreilua) jaulkitzeko asmotan baitabiltza. Proba horiek emaitza onak eman omen dituzte.

Balaztak

Totnesen bertako moneta 70 merkataritza gunetan erabiltzea daukate, eta Lewes-en 100dik gora dira, eskola, liburutegi, farmazia eta golf zelaiak tarteko. Hiru hiri hauek, Transition Towns (Trantsizioko Herriak) izeneko erakundearen barruan daude. Euren webgunean adierazten dutenez, norberari eragiten dizkioten aldaketen gaineko kontrola nahi dutenek osatzen dute taldea. Erakundea sortzeko arrazoia, egungo bilakaera ekonomikoari balazta jartzen saiatzea izan zen, batez ere ingurumenari dagokionean, beste ekonomia eredu bat, hain kutsatzailea izango ez dena posible delako uste osoarekin. Ahal den neurrian, nolabaiteko kezka pizten saiatzen dira jendearengan, gastatzen duten dirua nola gastatzen duten pentsaraziz.

Txanpon alternatiboak erabiltzen hasi diren herriek kritikak ere jaso dituzte. Globalizazioari eta kapitalismoaren krisiari emandako erantzun hauek ez dira oso gustukoak izan zenbait sektoretan. Ekonomia alternatiboak sortzeko saiakerek balio dute enpresa txiki eta independenteen garrantziaz konturatzeko, eta etxean egindako produktuak edota inguru hurbilean lanean dabiltzanen jarduna baloratzeko. Badakite ondasunak nork, non eta nola ekoitziak izan diren. Denda txikiek eta herri eta hirietako merkatuek biztanleen harremanetan duten garrantziaz jabetzeko ere oso baliagarriak omen dira. Merkatu askearen aldeko teorikoek eta korporazio handienek ideia hauek ezin dituzte onartu. Merkatu txikiak babestea euren teorien aurkako ekintza dela, eta beste txanpon batekin merkataritzan aritzea, finean, lehia askearen kontrako praktika bat dela uste dute. Izan ere, teoria horien jarraitzaileek, ezin dute oraingoz behintzat halako erakundeetan parte hartu.

Kritikak

Neoliberalen oinarrizko lege bat ere kolokan jartzen dute ekonomiok: komunitate bakoitza produktu jakin batean espezializatzea eraginkorragoa dela eta komunitate horri onura ekartzen diola mundu mailako merkatuaren testuinguruan. Honen aurrean, merkatu alternatiboek tokian tokiko produkzio bideak bultzatzen dituzte. Horrekin lotuta, produktuak munduko punta batetik bestera garraiatu beharrik ere ez dago, eta garraioan aurrezteko eta petrolioaren kontsumoa murrizteko aukera dakar horrek. Ekonomia eredu jasangarriagoak omen dira. Lehendabiziko sektorean lan egiten dutenek asko eskertu dute hori, kanpotik ekartzen diren salgaiekin lehiatzea gero eta zailagoa bihurtzen ari baita. Moneta lokalak erabiltzearen beste argudioa, interes txikiko maileguak ematen direla da eta komunitate gehienek nahi duten adina inprimatu dezaketela.

Interesik ez

Interesez betetako maileguek enpresa, gobernu eta gizabanakoak bankuekiko zorpetzea eragiten dute, eta ekonomiaren hazkunde esponentziala bultzatzen duen faktoreetako bat da hori, sistemak oreka mantentzeko gero eta zor handiagoa sortu behar duelako. Alta, merkatuak, lehia bizi eta gupidarik gabeko lasterketa batera bideratzen du, non irabaziek bakarrik axola duten. Moneta txiki hauekin ordea, maileguari atxikitako interes baxua gizarte zerbitzuetara bideratu ohi da osorik, eta horrek herritarren zorpetzea ekiditeaz gain, ekonomiak hazkunde lasterketarik gabe funtzionatzea ekartzen du. Esan daiteke ekonomiaren beraren izaera eta azken urteotako funtzionamendua kolokan jartzen ari direla komunitate hauek, beste era bateko garapena bilatzen baitute.

2.500 monetatik gora

Kontsumismoa geldotzeko ere balio omen dute merkatu txiki hauek. Susan Witt Berkshireko kideetako batek uste duenez, «jendeak gero eta gauza gehiago erosten zituen inongo arrazoirik gabe, behar ez diren gauzak. Erosketa bera prozesu inpertsonala bilakatu zen eta tokian tokiko monetak hutsune hori bete dezake berriro». Aurrez aipatutako Ingalaterra hegoaldeko hiru gune horiek, horren erakuslerik berrienak besterik ez dira. Horiez gain, guztira 2.500 omen dira munduko ekonomia sare ofizialetatik kanpo zirkulatzen duten txanpon alternatiboak, guztiak antzeko helburuarekin: globalizazioaren aurrean norberarena babestea. Mexiko, AEB, Suitza, Austria, Kanada, Alemania edota Estatu frantseseko gobernuek oraindik ez dituzte debekatu.

AEBetan ere bai

Ameriketako Estatu Batuetan, neoliberalismoaren teoriak gehien aplikatu diren lurraldean, gutxienez mota honetako zazpi moneta daude martxan, Kalifornia, New York, Pennsylvania, Michigan, Oregon, Wisconsin eta Massachusetts-eko estatuetan. Hemen darabilte guztietan ezagunena den Berkshare-a. Berkshares konderriko biztanleek 364 saltokitan truka dezakete txanpon hori eta bost banketxetan aldatzeko aukera dago, 95 zentimo-dolar Berkshares bakoitzeko. Erabiltzeko orduan, dolar baten balioa du. Horrela, 5 zentimo aurrezten dituzte Berkshares-arekin egindako erosketan. Bestalde, salatzaileek %5a galtzen dute, baina aldi berean bezeroak mantentzen dituzte.

Txanpon txikiak jaulkitzeko saiakerak historian

II. Mundu Gerraren aurretik, 1932an, oraindik mundua depresio ekonomikoan murgilduta zegoela, Austriako Wörgl herrian Silvio Gessell argentinarraren teoria ekonomikoak praktikan jartzen hasi ziren. Krisiaren ondorioz herria dirurik gabe geratu zenez, alkateak diru propioa asmatu eta jaulkitzea erabaki zuen: Wörgl-eko moneta. Gessell-en “Diru herdoilgarrien” ideiak praktikan jarriz, txanponok hilabeteko iraungitze datarekin ateratzen ziren, eta ondorioz hurrengo hilabetean erabilgarriak izan zitezen %1eko interes tasa ordaindu behar izaten zuten. Alkatearen zigilu batek balioztatzen zuen dirua. Hori zela-eta, herritarrek, interes tasa ordaindu beharrean, nahiago izaten zuten irabazitako dirua gastatzea. Ondorioz, diruaren gaineko espekulazioak amaitu ziren eta herriko eta inguruetako produkzioari bultzada handia eman zioten, jendeak dirua ohe azpian gorde beharrean merkatuan gastatzen baitzuen. Denbora gutxian langabezia tasak ikaragarri egin zuen behera. Noski, Wörgl-eko arrakasta ikusita, gainontzeko herriek ere elkartrukean aritzeko metodo berbera martxan jartzea erabaki zuten, eta bakoitzak bere txanpona jaulkitzeari ekin zion. Austriako Gobernuak, estatuko ekonomiaren funtzionamendua kolokan jartzen ari ziren ustean-edo, guztiak debekatu zituen, monetaren monopolioarekin jarraitzeko.