Unai Belaustegi
2009ko Uztailaren 02a
Asteartean 40.000 eta 50.000 lagun artean bildu ziren ordu erdi eskas iraun zuen ekitaldi bat ikusteko. Ez zen U2ren kontzertua izan, baina kontzertu horretan bezala, futbol zelai batean bildu zen jendetza hori guztia. Futbol zelaian bai, baina ez futbol partida bat ikusteko. Protagonistak ez ziren 22, protagonistak bi besterik ez ziren: Florentino Perez eta Ricardo Izecson Dos Santos Kaka. Santiago Bernabeuko ateak bi ordu eta erdi lehenago ireki zituzten, aurreikusten ziren 25.000 pertsonek sartzeko arazorik izan ez zezaten. Azkenean, zifrak bikoiztu egin omen ziren «Osaba Florenen» proiektu berriko lehendabiziko «galaktikoa» ikusteko. «Kakari egindako harrera apoteosikoa» izan zela irakur zitekeen elmundo.es atarian. Apoteosia, ezaugarri berezi batzuengatik pertsona bat jainkotzeari esan izan zaio. Antzinaroan heroiei zegokien meritua izaten zen. Ekainaren 30ean, futbolari bat, heroi bat agian, jainkotu zuten. Jainkoen pare jarri zuten. Eta horrelako gertaera batek eskatzen duen bezala, futbolaria badaezpada goitik behera zuriz jantzita agertu zen, 8 zenbakia bizkarrean zeramala. Orain arte, zenbaki hori argentinar batek erabiltzen zuen, Kakak baino korrika gehiago egiten duen batek. Orain, berriz, berari eman diote. Hobeto omen datorkio jainko baten bizkarrari.
Zenbakiaren gainean, futbolean jokatzen hasten denean (oraindik ez du baloirik ukitu kamiseta berriarekin) eramango duen izena arabiarrez, txineraz eta japonieraz idatzita erakutsi zuen. Eguna amaitzerako, 3.500 kamiseta salduta zituzten jada. «Inoiz ikusi gabeko zerbait izan zen. Brasildarrak zoramena piztu zuen Bernabeun», irakur zitekeen Marca.com webgunean eta egunkariko azalean hurrengo egunean. Kakari ongietorria nork emango eta madrildarrek jainkotuta daukaten beste batek, Florentino Perez presidenteak, eman zion; «Ricardo Izecson dos Santos, zure etxean zaude», gogoratu zuten AS egunkarikoek. Eta Olinpoa behar den bezala betetzeko, Alfredo Di Stefano ere atera zuten agertokira, Real Madrilen historian izan omen duten bigarren jokalaririk onena dela eta Bernabeuk Maracana zirudiela esan zion Kakari. Kontuak kontu, futbolari baten aurkezpen soila izan behar zena, «Hollywoodeko faktorien tankerako» showa izan zen (GARA.net). Mundu guztiko komunikabideak bildu ziren, horretarako prestatuta baitzeuden aurkezpenaren ordua eta lekua. BBC.co.uk atarian, krisiak gorabehera, Real Madrilek azkenean brasildarraren fitxaketa gauzatu ahal izan duela azpimarratu zuten. Eta borobiltzeko, Eurosportek «Madrid nire aukera bakarra zen» titularrarekin ireki zuen bere web orrialdea.
Azken horiek ez zituzten aukeratzeko hitz gehiegi izan, protagonistak 40 segundo eskaseko hitzalditxoa egin baitzuen, gaztelera ulergarrian, bildutakoei eskerrak eman, pozik zegoela erantsi eta Real Madrilen historian leku bat egitea gustatuko litzaiokeela nabarmentzeko. Ondoren, milaka argazki atera, zenbait kamiseta izenpetu eta listo. Ez zuen baloirik ukitu. Kaka baloiari ostikoka ikusteko zain daudenek, oraingoz jai daukate, abuztuaren 7ra arte ez baitu zelairik zapalduko.
Biharamunean, beste futbolari bat aurkeztu zuten. Baina ez Bernabeun. Ezta Madrilgo kamiseta jantzita ere. Eta noski, ez ziren 50.000 lagun joan bera ikustera. Iñigo Diaz de Zeriok «galaktikoak» baino denbora gehiago egin zuen hizketan eta euskara ere erabili zuen. Hala ere, edo horregatik agian, komunikabideek ez zioten hainbesteko garrantzirik eman. Hemen, gutxienez, bien argazkiei tamaina bera ematen saiatu gara.
Antzerkian apoteosia eszena baten bukaera triunfala izendatzeko ere erabiltzen da: datorren astean, Cristiano Ronaldo aurkeztuko dute.




