Hogei urteko ikasle bat AEBetako eskuinaren ikur bihurtu da, abortuaren aurkako kanpainatan gezurra eta joko zikina lotsarik gabe erabili ondoren. Internet erabiltzen du bere ekintzen berri emateko, betiere emakumeek urte askotako borrokari esker lortutako eskubideak murrizteko helburuarekin. Aurki Euskal Herrian ere honelako «ekintzaileak" izango ditugu, han gertatzen dena kopiatzeko joera izugarria baita.
Unai Belaustegi
2009ko Uztailaren 02a
Kaliforniako Unibertsitatean historia ikasten ari den hogei urteko neska gaztea Ameriketako Estatu Batuetan oso ezaguna egin da denbora gutxian. Eskuinaren eta sektore tradizionalistenen ikur gisa aurkezten dute telebista programa kontserbadoreek.
Izan ere, Barack Obama presidente berriak abortuaren inguruko legeak berrikusiko dituela iragarri zuenetik, abortuaren aurkako mugimenduak haren aurkako kanpaina gogorrak egiten ari dira eta ezin hobeto etorri zaie Rose gaztearen protagonismoa.
Kaliforniako San Jose hirian hazi zen eskuinaren izar berria. Etxean heztea erabaki zuten gurasoek, Kaliforniako eskola kristau batera joaten hasi zen arte. Hamabost urte eskasekin Live Action izeneko fundazioa sortu zuen, eskoletan eta gazte jendearen artean abortuaren aurkako konferentziak emateko asmoarekin. Azken urteotan, gainera, Leadership Institute zentroak eskaintzen dituen ikastaroetan esku hartu izan du, Virginian egoitza duen fundazioak oso izen ona baitu komunikaziorako trebetasuna hobetu nahi duten AEBetako kontserbadoreen artean.
Hori gutxi balitz, Unibertsitateko kanpusean Planned Parenthood Federation of America erakundearen aurkako kanpainak bultzatzen ditu. Federazio hori familia plangintzaz arduratzen da, eta, besteak beste, sexuarekin eta ugalketarekin lotutako zerbitzuak ematen ditu.
Lila Rosek, duela hiru urte, unibertsitateko lehen urtean zela, James O'Keefe ezagutu zuen. New Jerseyko «The Centurion» izeneko aldizkari kontserbadoreko sortzailearekin batera, abortuak praktikatzen zituzten zentroetan infiltratzeko plana asmatu zuen.
Erietxera gezurretan
Hala, 2006an, Lila Rose Planned Parenthood erakundeko erietxeetara joaten hasi zen, haurdun zegoen nerabe baten papera antzezten. Haurdun dela eta haurra gizon nagusi batena dela esan, eta laguntza eskatzen die medikuei «arazoa konpontzeko». Bere helburua klinikako kide edo boluntarioren batek legea haustea izaten da. Ondoren, bideokamera batekin grabatutako prozesu osoa interesatzen zaion eran «txukundu» eta Interneten ezagutzera ematen du, bere erakundearen webgunean.
Bere biktimen artean Indiana, Tennessee, Kalifornia eta Arizonako erietxeak daude. Pasa den urteko uztailean grabatutako bideo batean, Lila Rose Planned Parenthoodeko klinika batetara nola joaten den ikusten da. Han, hamalau urte besterik ez dituela esaten du eta umearen aita 31 urteko gizonezko bat dela. Egoera horren aurrean, umearen aitak hamazazpi urte dituela esateko gomendatzen diote erietxean, hori esateak umea ez izateko bidea erraztuko diolako. Bideoarekin, «egunero ematen den gertaera bat irudikatu eta salatu» nahi omen du AEBetako eskuinaren izar berriak.
Obama estutu nahian
Azken urteotan zenbait komunikabidek ohiko bihurtu dute kamera ezkutuak erabiltzearen fenomenoa. Lila Rosek kamerari ematen dion erabilera gainerakoen artean bat gehiago besterik ez litzateke izango, AEBetako egungo testuinguru politikoarengatik ez balitz. Izan ere, Barack Obamak presidente postua lortu zuenetik, zenbait aldaketa egingo dituztela iragarri zuen: horietako bat abortuaren auzia berrikustea izan zen.
Dirudienez, auziaren inguruan oinarrizko kontsentsua lortzeko ahaleginak egiten ari da oraindik presidentea. Baina Obamak erabakitako izendapen batzuek sutan jarri dituzte abortuaren aurkakoak. Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako Departamenduko buru izateko Kathleen Sebelius Kansaseko gobernadore ohia izendatu zuen, emakumeek abortuaren inguruan erabakia hartzeko duten eskubidea publikoki defendatu izan duena. Eta noski, abortuaren aurkakoei ez zitzaien erabakia batere gustatu eta presidentearen kontrako kanpaina gogorrari ekin zioten. Notre Dame Unibertsitate katolikoak Obama gonbidatu zuen hitzaldi bat eskain zezan, eta sekulako zalaparta sortu zen, esaterako. Gainera, presidenteak Sonia Sotomayor izendatu nahi du AEBetako Epaitegi Gorenerako, abortuaren aurkakoek onartu nahi ez dutena.
Iritzi aldaketa
Eskuinak antolatutako kanpainak herrialde osoan zabaldu dira eta herritarren ahotan dabiltza bolo-bolo. Dirudienez, lehendabiziko ondorioak ere izan ditu estatubatuarren iritziarengan. 1995ean abortuaren gaiaz galdeketak egiten hasi zen Gallup institutuak jendearen iritzia aldatzen ari dela jakinarazi du. Aurten -azken hamalau urteotan lehen aldiz-, populazioaren gehiengoa abortuaren aurka agertu da. Inkestan parte hartu zuten estatubatuar helduen %51 abortua legalizatzearen aurka agertu zen eta %42k emakumeek askatasunez erabakitzeko eskubidea zutela erantzun zuen.
Jakina, honekin guztiarekin, abortuaren kontrako taldeek indarra hartu dute. Lehen ondorioak nahiko latzak izaten ari dira, eta mehatxu guztien erdian Planned Parenthood erakundea jarri dute. Tennesseko legegileek aditzera eman dutenez, erakundearekin duten 721.000 dolarreko kontratua eteteko aukerak ikuskatzen ari dira, Lila Rosek grabatutako bideo bat ikusita sentitu zuten egonezinak eraginda. Kaliforniako Orange konderriko Ikuskaritza Kontseilua ere Planned Parenthoodi ematen dioten 300.000 dolarreko laguntza bertan behera uztearen alde agertu da, bideoak ikusi eta enpresari kontserbatzaile bat Roserekin batzartu ostean.
Sexuarekin eta ugalketarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituen erakundearen aldeko ahotsak ere izan dira. Besteak beste, Talk2Action blogeko sortzailea den Frederick Clarksonek, osasun arloko profesionalek horrelako kanpainekin jasaten dituzten bidegabekeriak salatu zituen. Euren borondate onenarekin arazo larri batekin aurkezten zaien gazte bati laguntza ematen saiatzeak gizartearen mehatxuak jasotzera eramaten dituela dio, eta Rosek sortutako egoerak «tranpatiak eta abortuaren aurkako propaganda» besterik ez direla.
Estereotipoak apurtu
Kanpainak egiteko metodo berri honek, abortuaren aurkariek erabili dituzten gainontzekoek baino zalaparta askoz handiagoa sortu du, haize berriak ekarri ditu eta Rose bera mugimenduaren ikur bihurtu dute. Kristautasunaren Defentsarako Koalizioko Patrick Mahoney elizgizonak dionez, orain arte abortuaren aurkako mugimendua «gizonezko zuri eta erlijiosoen» kontua omen zen, baina Lila Rosek erakutsi du hori ez dela horrela, jende gehiagori eragiten dion kontua dela. Unibertsitatean ikasten ari den neska gazte honen ekintzek abortuaren aurkako taldeei haize freskoa eskaini diela ere esan du. Inork ez omen du Rose «neska gaizto, gogor eta mendekuzaletzat» hartuko. Horrexegatik aukeratu dute, hain zuzen ere, estereotipo horiek hankaz gora botatzen dituelako.
Hala ere, badago Lila Rosek egiten duena ez dela hain berria eta modernoa dioen begiralerik ere. Frederick Clarksonek gogorarazten duenez, «Texas estatuko Denton herrian egoitza duen Life Dynamics elkarteko Mark Crutcherek asmatu zuen taktika hau, duela urte asko. Berak telefonoz egiten zituen abortuaren aldekoak hanka sartzen harrapatzeko ahaleginak. Normalean harreragileekin besterik ez zuen hitz egiten Crutcherek».
Kontuak kontu, abortua emakumeen eskubide bat dela aldarrikatzen dutenen egoera gero eta okerragoa da gaur egun AEBetan. Sektore kontserbadoreenak erabat harrotuta dabiltza. Horren erakusle izan daiteke pasa den maiatzaren 31n gertatutakoa. George Tiller mediku estatubatuarra tiroz hil zuten, elizkizun batetatik ateratzen ari zela, bere klinikan abortuak egiteagatik.




