-

Isidro Esnaola

2009ko Uztailaren 02a

Ekainak 18an eta 19an Europar Batasuneko gailurra ospatu zen. Bertan, estatuburu eta lehen ministroek Europa mailako bankuen gaineko ikuskapena martxan jartzea erabaki zuten. Erabaki horrek bertan hartutako beste erabaki batzuk oharkabean pasatzea ahalbideratu du; hain zuzen ere, gure eguneroko bizitzan garrantzia duten erabakiak.

Gailur horren ondorioetan esaten da maiatzeko aurreikuspen ekonomikoak ikusirik, «pizgarri ekonomiko gehiago ezartzea ez dagoela justifikaturik». Hortaz, hemendik aurrera atentzioa «egoera finkatzean» zentratu beharko dela dio; hau da, defizit eta zorra gainditzeko «irteera estrategia sinesgarri eta fidagarria diseinatu beharra» dagoela. Beste era batean esanda, Europar Batasunak krisiari aurre eginez diru nahiko gastatu dela pentsatzen du. Eta orain, kontuak berdintzeko beharra ikusten duela ondorioztatu dezakegu. Horrek suposatzen du, batetik, diru iturria itxi beharko dela, hau da, pizgarriekin bukatu, eta bestetik, diru bilketa handitu beharko dela. Beraz, «irteera estrategia» diseinatuko duela esateak... zergak igotzeko plana diseinatuko duela esan nahi du.

Eskandinaviako herrialdeetan zergen igoeraren inguruko eztabaida jadanik piztu da. Matti Vanhanen Finlandiako lehen ministroak «Financial Times» egunkarian artikulu bat idatzi du. Esaten du presio fiskal orokorra igo beharko dela, baina modu koordinatu batean, gutxienez hainbat zergetan, besteak beste, BEZa, errentaren gaineko zerga eta zerga bereziak aipatzen ditu horien artean. Suediako lehen ministro eta jarduneko Europar Batasuneko lehendakariak, Fredik Reinfeldt-ek, antzeko adierazpenak egin ditu; «gastuak gutxitzeko, pizgarriak ez handitzeko eta zergak igotzeko ordua da». Ikusten den moduan, Europan adostasun orokorra dago zergen igoeraren inguruan.

Gure inguru hurbilean, ohi den moduan, eztabaida handirik ez. Estatu espainoleko Gobernuak Europako pizgarri ekonomikoen plan handiena martxan jarri du. Horretaz gain, ekonomiaren gainbehera oso sakona izaten ari da Estatu espainolean eta hori zerga bilketan asko nabaritzen ari da. Europako gailurrera joan aurretik, Espainiako Gobernuak zerga bereziak igo zituen. Adituen ustetan, 2012. urterako aurrekontuen defizita %3ra jaisteko, zergen bidezko diru bilketa bederatzi puntu igo beharko du Estatu espainolak. Hori dirutza da. Agian ez da maila horretara iritsiko, baina instituzio guztiek aurrekontuak osatzeko zer-nolako zailtasunak dituzten ikusita, diru kopuru oso handia beharko dute. Horrek esan nahi du zerga igoera handiak etorriko direla udazkenetik hasita. Gasolina eta tabakoarena lehenengo urratsa besterik ez da izan.

Zergen inguruko afera, era bikainean adierazi zuen Francisco Cominek: «Zergak ez dituzte legeak behartzen dituztenek ordaintzen, zergak saihesteko ahalmen politikoa ez dutenek baizik». Eta hori da, hain zuzen ere, orain argitu beharreko kontua: zeren gainean eroriko den zerga bilketa hori. Tabakoa eta gasolinarekin hartu duten bidea ikusita, denon artean banatu nahiko dute horren zama. Krisiak eztanda egin zuenetik, herritarrok krisia ordaindu besterik ez dugu egin. Lanpostuen galera gure gainean erori da, etxebizitzen prezioak jaitsi dira, baina zorrak bere horretan mantendu dira. Are gehiago, inflaziorik gabe, zergaren zama handitzen doa. Eta udazkenetik aurrera, zerga igoera.

Beraz, horrela laburbildu daiteke egoera. «Festa» aspaldi bukatu zen; orduz geroztik, estatuek, eskuzabaltasunez, faktura guztiak ordaindu dituzte. Orain, norbait faktura horien kargu egiteko garaia iritsi da. Eta lehenengo letra igorri digute. Ea azkena den. Langileriaren eskuetan egongo da hori horrela izan dadin.