Infraganti -

Izenari ohore eginez, toki ezin aproposagoa da Talai Mendi Zarautz bere osotasunean ikusteko. Mendi magalaren berdeaz bete zaizkigu lehenik begiak. Pausu batzuk aurrerago, Kantauri itsasoaren urdinak inguratu gaitu. Leku ederra da lasaitasunaz gozatzeko. Gustukoa du Gaizka Garitanok.

Xole Aramendi

2009ko Ekainaren 26a

Eguzkiak gogor jotzen du eta behean, hondartza jendez beteta ikus daiteke. Gaizka Garitanok (Derio, 1975) horixe du udako plana: familiarekin hondartzaz gozatzea.

Erretiroaren berri eman zuenetik lasaiago dago. «Kanpoan egin ditut egun batzuk futbolaz deskonektatzeko; parranda ere egin dut», argitu du.

Kirolak ere izango du tarterik bere bizimodu berrian; hori bai, denbora-pasa gisa. Tenisa eta txirrinda gainean ibiltzea ditu gustuko, adibidez. «Astebete daramat ariketa fisikorik egin gabe eta gorputzak eskatu egiten dit. Orain arte egin izan ez ditudanak, baloirik gabekoak, egingo ditut», argitu du.

Erretiroa hartu berritan etapa berriek berekin dakarten bertigo sentsazioa bizi du. Etorkizunaz badu ardurarik: «Lan mundua zaila dago eta ikusiko dugu... Suposatzen dut futbolarekin harremanetan jarraituko dudala, baina ez dakit non. Nire burua ez dut beste ezer egiten ikusten».

Entrenatzaile titulua lortzeko bidean da eta garai batean ateratako kazetari titulua ere badu kaxoian gordeta. «Ez daukat intentzio handirik arlo horretan aritzeko baina hor dago. Letren mundua gustukoa dut, baina ez dut inolako abilezia berezirik horretarako», aitortu du. Azken denboraldian «praktikak» egin ditu Alavesek bere zaletuei banatzen dien aldizkarian. «Familia Zarautzen bizi da. Egunero Gasteiza joan-etorria egitea gehiegi zen eta han geratzen nintzen, pisu batean. Neguko arratsaldeak zerbaitekin betetzea pentsatu nuen. Alavesen aldizkarian zerbait idazten hasi nintzen. Hasieran ez nuen sinatu nahi, ez ziren garrantzizko lanak. Astero taldekide bati elkarrizketa egiten nion futbolaz aparteko kontuez», azaldu du.

Atzera begiratu eta harro sentitzen da futbol profesionalean egindako ibilbideaz. Batez ere, bere esfortzuari esker lortu duelako. Kostatako bidea izan dela dio. «Lanaren poderioz iritsi nintzen goi mailara. Batzuei txikitatik ikusten zaie daukaten kalitatea, beste batzuk lana eginez eta asko demostratuz ailegatu behar dute. Hori izan zen nire kasua. Hainbeste urte jokatuz, hortik ibiliz, azkenean nire tokitxoa irabazi nuen eta harro nago», esan du.

Athletic taldean entxufez sartu zela ere entzun behar izan zuen. «Osaba (Ander Garitano) Athleticen ari zen ni beheko mailatan hasi nintzenean. Entxufez sartu nindutela zioten batzuk, baina gero bakoitzak berea erakutsi behar du», argitu du Garitanok. Lezaman eman zituen lehen pausuak. Ondoren, Lleida, Eibar, Ourense eta berriz Eibar etorri ziren. Realaren elastikoarekin zapaldu zituen lehen aldiz Lehen Mailako zelaiak. «Athletic-en eskaintza ere banuen eta batzuk ez zuten ulertu, baina arrazoi asko zeuden tartean», argitu du. Norbaitek pentsa dezake berandu etorri zela Lehen Mailako debuta. Ordurako 29 urte zituen, hamabi denboraldi zeramatzan jokatzen. Bere ustez une egokia zen: «Merezi nuen momentuan etorri zen. Futbolean nire onena 26 urtetik 32 bitartera eman nuen».

Azken denboraldia Alavesen egin du. Gasteiza joaterako bazekien kirol ibilbidearen azken geltokia zela. «Kategoria mantendu izanez gero banuen indarra beste urtetxo bat jarraitzeko, baina Bigarren B Mailara jaitsi garenez, uztea erabaki dut. Gorputzak ere abisu batzuk eman dizkit. Gazte hasi nintzen eta 34 urte ditut. Nahikoa», dio.

Gaztetan maleta egin eta kanpoko taldeetan jokatzeko prest egon zen, baina ez gero. «Oso gazte eduki nituen alabak (Joane eta Maialen, 8 eta 5 urte) eta hortik aurrera erabaki nuen hemen jokatu nahi nuela. Euskara gal zezaten ez nuen nahi. Erabaki ona izan zen, euskal talde gehienetan aritu naiz. Euskal Herrian askoz hobeto bizi gara», esan du deriotarrak.

Gertutik ezagutu du futbolaren aurpegi mingotsa. Behin baino gehiagotan bizi izan du kategoria jaitsiera. Porrotetik zer ikasi duen galdetu eta «gogortu egiten zaitu», erantzun du jokalariak. «Inoiz ez naiz ibili talde irabazleetan, eta joan aurretik banekien zer gerta zitekeen. Sendoago egin nau bai pertsona gisa bai kirolari bezala ere», esan du.

Badu arantza bat, kirol ibilbideari amaiera nahi bezain ondo eman ez izana. «Min egiten dit taldea jaitsi egin delako. Hemendik urte batzuetara agian beste perspektiba batekin ikusiko dut, baina orain pixka bat erreta bukatu dut», aitortu du. Erreta eta ekonomia kontuetan master intentsiboa eginda. «Azken urteak, bai Realean, bai Alavesen, psikologikoki gogorrak izan dira. Realean kapitaina nintzen eta ez dakit zenbat batzar egin genituen diruaz hitz egiteko: Konkurtso Legea, kontratuak... asteroko kontuak ziren. Entrenatzen baino ordu gehiago egiten genituen diruaz hitz egiten. Alavesekin ere gauza bera: Konkurtso Legea, EREa... Diruagatik bakarrik ez nengoen prest egoera hori aguantatzeko. Uztea izan da onena, bai niretzat bai Alavesentzat», azaldu du.

Futbol profesionalaz hasi gara hizketan. «Gaur egun horrela dago. Krisiak asko eragin dio». Arrazoietara goaz. «Ez da ondo kudeatzen. Familia ekonomia bezala gestionatu beharko litzateke, baina 100 euro sartu eta 300 gastatuz ari dira. Egun futbola ez da autofinantzatzen. Ez du gastuak ordaintzeko adinako dirurik sortzen. Diru publikotik atera behar da eta sekulako zorrak daude diputazioekin, ogasun sailekin... Azkenean kaleko jendeak ordaindu beharko du. Jokalariek arazo asko dituzte soldata kobratzeko, Konkurtso Legea ere sortu da jokalariei ez ordaintzeko... Bola handi bat ari da sortzen eta ez dakit zertan bukatuko den hau guztia», esan du.

Euskal selekzioa jarri dugu mahai gainean. «Etorkizuna iluna da. Gauzak dauden bezala mantendu nahi dituzte. Zerbait lortzeko norbaiten aurka jo behar da eta ardura dutenak ez daude prest», gaineratu du.

Badu alde onik. «Asko batu gaitu euskal taldeetako jokalariak. Oso harreman ona daukagu, baita beste gai batzuengatik ere. Eta hori ona da», dio.

Bada futbolariak zelaian ondo jokatu eta irabaztera mugatu behar dutela dionik. Garitano ez dator bat. «Jendeak grazia egiten dit `isilik egon, futbolean jokatu eta kitto' dionean. Pertsonak gara. Nire iritzia eman dezaket eta zerbait egin badezaket ondo, besteek bezala».

Pribilegiatutzat du bere burua. «Nire anaia langile normala da, amak lan egiten du eta soldata txiki baten truke zenbat ordu sartzen dituen ikusita... Futbolak ekonomikoki nahiko ondo bizitzeko aukera ematen dizu. Hori dela eta, oso pribilegiatua sentitzen naiz. Baina jokalariok nahiko prentsa txarra daukagu eta jendeak ez du ikusten atzean dagoen sakrifizioa. Emaitzak onak ez direnean bizitza normala izatea bera ere zaila da. Hau gutxik daki», argitu du.