Goizeko lauetatik edo bostetatik zortziak edo bederatziak arte izango dute lo egiteko beta EHZ festibalera doazenek. Beste hogei orduak bete-beteak izango dituzte, Euskal Herriko eta atzerriko musika talde handi eta interesgarrienekin batean, kale animazioa, antzerkia, tailerrak eta beste hainbat emanaldi izango baita Heletan datorren ostiralean hasi eta igandera bitarte.
Joxean Agirre
2009ko Ekainaren 26a
Azken ordura arte gordeta eduki dute hordagoa: Manu Chaoren kontzertuak eta Fermin Muguruzaren “Checkpoint rock” dokumentalak zabalduko du datorren ostiralean lehen aldiz Heletan egingo den EHZ Festibala. Fermin Muguruzarekin batean dokumentalean parte hartu duen Safaa Arapiyat emakumezko rap kantari palestinarra ere bertan izango da. Manu Chaok bere azken diskoa aurkeztuko du, baina Muguruzak adierazi duenez, aspaldiko lagun zaharrak izaki, elkarrekin kantaren bat bat edo beste kantatuko dute. Asko izanik ere, ez da hori ostiraleko mauka bakarra, Emir Kusturica & The No Smoking Orchestra (Kusturicak baxua jotzen du tarteka taldean), Los Angeleseko The Bellrays eta Willis Drummond euskal taldea ere bertan izango baitira. Eta ez da hasiera baizik. Zortzi egun falta dira jaialdia abian jartzeko eta Izarne Molina Komunikazio arduradunarekin elkartu ginen Bidarraiko aterpetxean. Hego Euskal Herriko ikasle andanarekin zebilen lanean, begirale.
Nola definituko zenuke EHZ jaialdia?
Euskal Herriko erakusleiho bat dela esan ohi dugu. Musika erakusten da bereziki erakusleiho horretan, baina ez musika bakarrik. Nahi duten elkarte guztiei gune bat uzten diegu egiten duten lana erakutsi edo tailerrak antola ditzaten. Euskal Herriko arazo politiko, sozial eta kulturalen berri jakiteko leku aproposa da, beraz, jaialdia. Dena den, erakusleihoaren ezaugarri nagusiak irekia eta alternatiboa izatea dira. Egia da musika dela gure programazioaren ardatza. Egia da talde oso garrantzitsuak datozela, baina ez dugu inolaz ere arrakasta duten taldeen jaialdi bat egin nahi. Joera eta talde berriei leku egiten saiatu gara. Aurten, bestalde, aldaketen urtea da eta, musikaz gainera, animazio taldeei eta antzerkiari ere garrantzia eman diegu, Heletan egiteak aukera handiak ematen dizkigulako. Jaialdia, azkenik, euskaraz eraikitzen dugu eta saiatzen gara hiru egun horien bilakabidea euskaraz izan dadin.
Jaialdiaren antolakuntzan belaunaldi erreleboa egiten ari zaretela esan da.
Hamabost lagunez osatutako administrazio kontseilu bat du jaialdiak, guk AK deitzen duguna. Urte osoan astean behin bildu ohi gara eta kide bakoitzak batzorde jakin baten ardura darama. Segurtasuna, teknika, janaria, animazioa, komunikazioa, programazioa, animazioa eta aurrekontua dira batzorde nagusienak. Administrazio kontseilu horren baitan eman da belaunaldi aldaketa. Bospasei gazte sartu gara 20-23 urtekoak eta besteak 30 urte bitartekoak dira, aurreko edizioetan ere antolakuntzaren koordinazioan lan egindakoak. Errelebo bat egitea zen aurtengo edizioaren helburuetako bat, eta errelebo hori gauzatzen ari gara. Ni laguntzaile gisa lan egiten hasi nintzen 17 urterekin, gero batzorde batean lanean hasi nintzen, animazio batzordean, eta aurten sartu naiz AKn. EHZ Festibalaren indar nagusia, dena den, laguntzaileak dira. 600 laguntzaile ditu festibalak eta eurek eramango dute hiru egun horietan antolakuntzaren zama nagusia, lau orduko lau txandatan banaturik egingo baitute lan batzorde ezberdinetan. Azpiegituraren muntaian eta festibala bukatu ondoren dena jaso eta garbitzen ere laguntzaileak arituko dira. Laguntzaileak izan dira, hain zuzen ere, jaialdia Heletara ekartzeko erabakia hartu dutenak.
Heleta herri txikia eta lasaia da. Izan al duzue bertako jendearekin harremanik erabakia hartu aurretik?
Bost aukera genituen esku artean eta horien artean Heletarena zen bat. Bost aukera horiek landu ondoren AKk laguntzaileen biltzar nagusiari eman zion azken erabakia hartzeko aukera. Ez ziren, noski, 600 laguntzaileak bildu, baina 100 bildu ziren. Heletaren aldeko aukera hartu zuten. Bost aukera horien azterketa AKk egin du, baina, festibalaren indar nagusia laguntzaileak izaki, haiek hartu dute erabakia. Batzorde bat dago lan taldeak koordinatzen duena eta batzorde horrek bidaltzen die informazioa laguntzaileei. Lehen esan dudan bezala, hori da gure festibala berezi eta ezberdin egiten duena. Ez dut uste antzeko beste jaialdirik dagoenik. Jaialdi gehienetan enpresak arduratzen dira azpiegituraz. Baditu, noski, beste hainbat ezaugarri. Badu, esate baterako, jarrera antikapitalista bat ere, eta multinazional handien edariak debekatu egiten ditugu edo otorduak egiteko bertako bioekoizleen produktuak erabiltzen ditugu.
Zer baloratu dute Heletako jendeak eta Herriko Etxeak baimena emateko orduan?
Egin dugun lana. Eta lan sakona egin dugu jaialdiaren berri agintariei eta herritarrei ematen.
Pentsatzen dut jaialdiaren ardatza rock musikak jarraituko duela izaten.
Hala izan da, baina horretan ere zertxobait aldatzen ari da festibala. Ohartu gara rock musikak Euskal Herrian sekulako indarra duela eta jaialdi askok ez dute beste gauzarik proposatzen. Horretan ere ezberdinak izan nahi dugu eta beste musika motei lekua egiten saiatzen ari gara. Ez dugu kontsumora bultzatzen duen festibala izan nahi. Parte-hartzailea izatea nahi dugu, ez kontsumista. Horregatik, tailer pilo bat antolatuko ditugu, jendeari parte hartzeko aukerak zabaltzearren. Beste jaialdi askotan eguneko sarrerak 70 euro balio izaten ditu. Gurean hiru eguneko sarrerak 45 euro balio ditu. Denei irekia izatea da gure helburua. Manu Chaoren kontzertua ikusi nahi dutenentzat 20 euroko sarrerak jarriko ditugu. Bestela, 45 euro horietan zerbitzu guztiak sartzen dira.
Manu Chaorena ezustekoa izan da askorentzat. Gordeta al zenuten berria azken ordurako?
Bizpahiru lagun ibili dira kontzertuaren hitzordua lotzen eta horiek eduki dute ezkutuan. Ez da Manu Chao bakarrik: festibalaren irekiera handia izango da.
Zein izango da zure ustetan aurtengo berrikuntza nagusia?
Berrikuntza nagusia animazioarena izango da. Idauze Mendin beti saiatu izan gara animazio taldeak sartzen, baina ez zegoen lekurik. Heletan gune ezberdinak egongo dira. Herria hartzen dugu eta ondoan dagoen pentzea. Pentzean antolatuko dira gaueko kontzertuak eta egunez nahiz gauez animazioak izango dira herrian. Antzerki taldeak, tailerrak, txarangak eta kontzertu txikiak izango dira etengabe. MusikHerria herri diskoetxea bertan izango da, euskal musikari eta talde txikiei leku bat egiteko. Gure helburua ez da talde erraldoi eta famatuak bakarrik ekartzea, baizik eta bertako talde guztiei agertokia ematea.
Hiru eguneko sarrerak 45 euro balioko dituela esan duzu. Zer ematen duzue horren truke?
Kontzertu eta animazio ekitaldi guztiak, kanpalekua, aparkalekutik herrira joan-etorrian ibiliko diren autobusak eta beste hainbat zerbitzu ematen ditugu sarrera horrekin. Gure filosofia kultura denen esku jartzea da eta ezin genuen beste era batera jokatu. Orain dela 13 urte sortu zen Arrosan. Zortzi urte eman zituen bertan, beste bost Idauze Mendin eta berrikuntzen urtea izango da aurtengoa. Jende aldetik urterik onenak Arrosakoak izan ziren. Zuberoara eramateak alderdi on asko bazituen, baina jendea urrituz joan zen, nahiz eta Idauze Mendin ere urte ederrak izan diren. Heletak aukera hobeak eskaintzen ditu programazioa zabaltzeko. Bidenabar jendearengana hurbiltzeko balioko digu aldaketak.
Zenbat jenderentzako lekua du jaialdiak? Eta nongoa da EHZra datorren jendea?
Hogei mila lagunentzako lekua antola dezakegu Heletan, baina ez dugu jaialdi masiboa izan nahi eta 12.000-13.000 lagunentzako prestatuko ditugu zerbitzuak. Jendearen jatorriaz, esan dezakegu hegoaldetik gero eta jende gehiago datorrela, baina hala ere etortzen den jendearen laurdena izango da. Beste laurden bat Bordeletik honako herrietatik dator eta erdia inguru Iparraldeko gazteak dira.
Zer esan dezakezu aurtengo programazioaz?
Kalitatezko taldeak ekartzen saiatu gara. Euskal talderik onenak daude eta mundu mailako batzuk ere bai. Manu Chaoz gainera, Emir Kusturica and The No Smoking Orchestra, Seun Kuti and Fela's Egypt 80, Puppermastaz, Beat Torrent, The Bellrays, Des-Kontrol, Willis Drummond, The Congos, Sebastien Schuller, Nomadak TX, We Are Standard, Che Sudaka, Zura -DJ Blue, Rorrokan, Hudaltzainak, The Sparateens, Deabruak Teilatuetan eta beste hainbat talde pasatuko dira Heletatik.
Zein izan da aurtengo edizioari begira urteko lanik zailena?
Lekua aukeratzeak lan izugarria eman digu. Kontuan izan behar da bost aukera aztertu behar izan ditugula eta bost herri horietako agintariekin eta herritarrekin harremanetan aritu garela aukerak aztertzen. Ordu askotako lana izan da hori aurrera eramatea. Bestalde, jaialdi bat lekuz aldatzen delarik, segurtasun plana ere aldatu egiten da. Plan hori diseinatu eta udalekoei, suhiltzaileei, poliziari aurkeztu behar zaie onespena lortu ahal izateko. Behin plana diseinatu delarik, datorren urtean egokitzapen batzuk aski izango ditu onartu ahal izateko. Esan bezala, programazio batzordeak ere lan izugarria egin du, baina berritasun moduan animazioari aurten eman diogun garrantzia nabarmendu nahi nuke. Zortzi antzerki talde pasatuko dira Heletatik: Qualite Street (Breizh) «La fleur au fusil» obrarekin (larunbatean), Tokia (Euskal Herria) «Les frères Grooms» eta «Forum» lanekin, Dejabu (Euskal Herria) «Covek nija ptica» obrarekin, Cie Traboules (Euskal Herria) «Tzimi» eta «Pietrus» antzezlanekin, Crac (Bordele) «La Crac'Havane de lux» obrarekin eta Tipul eta Putil (Euskal Herria) esketx herrikoi batzuekin. Era berean, «Salda badago», euskal rockaren hastapenen inguruan egindako filma erakutsiko da. Nomadak Tx-ek bere karpa erraldoia eramango du, Hudalzainak taldeak (Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue eta Fredi Paia) bertsoa eta musika oinarritzat dituen ikuskizuna eramango du, Ehiartzea elkarteak «Baten bila» erakutsiko du, hiru artistak elkarrekin egindako emanaldia, Klown Pilotarik klown ikuskizuna, Wombolombakehe Orchestra, Zurbeltz (afrikar perkusioa lantzen duen Baigorriko gazte taldea) eta Bost Gehio (euskaraz kantatzen duten bost neskak osatutako taldea) ere izango dira Heletan. Baiguran parapentea egiten aritzen direnekin ere hitz egin dugu eta handik jauziak egingo dituzte Heletako plazaraino. Dantza emanaldi batzuk ere programatu ditugu.
Janaria egiteko inguruko bioekoizleekin hitz egin duzuela esan duzu.
Hala da. Bertako bionekazaritzak ematen dituen jakiak eta bidezko merkataritzatik eratorriak erabiliko ditugu taloak, entsaladak, ogitartekoak eta pintxoak egiteko. Heletako ostalariek hainbat plater konbinatu egingo dituzte konfita, entrekota eta solomoa erabiliz. Heletako elkarteek gosariak prestatuko dituzte eta ostiral arratsaldean koktel-poteoa antolatuko dute. Igandeari familia edo herri giroa eman nahi diogu. Ume txikiekin datozen gurasoentzat haurren txokoa prestatuko dugu eta zikiro-jana izango da.
Zer ordu utzi dituzue jendeak lo egiteko?
Goizeko lauetatik zortziak bitartekoak izango dira ordurik onenak lo egiteko, ostean berriro animazio taldeak hasiko batira lanean. Jendea nekatuta baino pozik bidali nahi dugu bueltan etxera.
DATUAK
EHZ festibalaren Komunikazio arduraduna da. 17 urterekin hasi zen laguntzaile gisa jaialdian lanean. Animazio batzordean egin du lan urte batzuetan. Orain hogei urte ditu. Ziburukoa da, Seaskan egin zituen bigarren mailara arteko ikasketak eta frantsesez egin du Lanbide Heziketa. Erizain laguntzaile izan nahi du eta azterketak prestatzen ari da. Animazioa oso gogoko du eta antzerkia ere bai. Korrikaren Iparraldeko koordinatzaile izan zen Izarne Aurelie Poussetekin batean. Jaialdiak irauten duen bitartean ez du lana baizik buruan, baina lana gogoz egiten du. Ziba elkarteak antolatzen dituen udalekuetan egiten du lan.
Egitaraua
OSTIRALA
Agertoki nagusian: Manu Chao, Fermin Muguruzaren dokumentala, Emir Kusturica and The No Smoking Orchestra, The Bellrays eta Willis Drummond. Agertoki txikian: Zura, Borrokan eta Kalash L’Afro. Erregelua aretoan: Nomadak Tx eta DJ Blue. Gazte agertokian: Zezenaren taldea, Hurmurao, Alizon et Les Vagabons eta Moskorri. Plazan poteoa.
LARUNBATA
Agertoki nagusian: Puppetmaztaz, Beat Torrent, We Are Standar eta Che Sudaka. Agertoki txikian: Des-Kontrol, Deabruak Teilatuetan eta Wankkin’ Noddles. Erregelu aretoan: Les Cauries Dans la Tete, Ixha, Dejabu eta DJ Madgic. Gazte agertokian: A Tant Rêver du Roi, Iceberg eta Baraka Musik. Itsasoa aretoan: Baten Bila eta Tzimi. Plazan: Les Freres Grooms, Zurbeltz, Qualite Street, Tanec, Crac’Havaine, Udalzainak eta Wonbo Orchestra.
IGANDEA
Agertoki nagusian: Seun Kuti and Fela’s Egypt 80, The Congos eta Sebastien Schuller. Agertoki txikian: Fiacras, The Sparteens eta Mikel Hats. Erregelu aretoan: Zikiroa, Kukuxku eta Tipul eta Putil. Gazte agertokian: MusikHerria. Itsasoa aretoan: Baten Bila eta Tokia-Forum. Plazan: pilota, merkatua, Gauzak Biltzen, Bost Gehio, Pietrus, Hudalzainak eta Wonbo Orchestra.




