-

Josu Imanol Unanue

2009ko Ekainaren 26a

Gero eta argiago daukat langile gehienok ez daukagula klase kontzientziarik; nola ulertu, bestela, langileak gizartearen gehiengo zabala izanda eskuineko alderdiak agintzen egotea ia leku guztietan? Zergatik aukera eman gure aurkako erabakiak bultzatzen dituztenei?

2.- Estatistiken arabera, euskal herritar gehienok euskararen alde gaude, baina euskaldunak ia %25 bakarrik gara Euskal Herrian, eta euskara egunero erabiltzen dugunok oraindik ere gutxiago gara. Gainera, zenbat eta zailtasun gutxiago izan euskara ikasteko, hainbat eta gutxiago entzuten da gure herrietan. Konturatu gara horretaz?

3.- Adituek esaten dutenez, hiritar gehienok oso irekiak gara eta matxismoa, homofobia, arrazakeria... baztertzen ditugu. Orduan, zergatik daude hain hedatuta eta errotuta portaera horiek gure artean? Horrelako jarrerak eteteko zer egiteko prest gaude?

4.- Guztiok nahi dugu etorkizun hobea eta besteak beste, Ama Lurraren etorkizunarekin, kutsadurarekin edo errekurtsoen erabilera txarrarekin kezkatuta gaude. Baina nola erabiltzen ditugu erregaiak? Ekoizkinak? Natura bera?

5.- Gure buruaren jabe izatea nahi dugu. Hala ere, ardura guztiak inoren esku jartzen ditugunean, kontrako jarrera erakusten dugu. Horren adibideak; pentsatzen dugu ikastetxeetan bereganatu behar dela etxean edo kalean ematen ez dugun heziketa; gure osasunaren ardura medikuen esku jartzen dugu, gure gorputzetik gero eta gehiago urrunduz; erakundeek bideratu behar gaituzte kontzientzia sortzen «laguntzeko» edo akatsak zuzentzeko.... Ohartu gara horretaz?

6.- Aske bizitzea nahi dugu guztiok, baina erraz eskatzen dugu gehiengoarekin bat egiten ez dutenei eskubideak murriztea. «Etsaiei inongo aukerarik eman gabe», erraz betetzen ditugu hemengo eta hango kartzelak, zigor gogorragoak eskatzen ditugu. Dena gure espazioetan polizi eta kontrol gehiago jarrita konpontzen dugu. Horri jarraiki, gure arteko asko eta asko, erakundeen aldeko makina errepresiboen parte bihurtu dira. Orain, ziurtasunaren aitzakiarekin, justu kontrakoa bultzatzen ari gara: gure inguru libreak galtzen ari gara eta ito arteko presioa eta kontrol mediatiko eta poliziala ditugu.

7.- Gure etorkizuna, herri gisa ikusten dugu gehienetan, askea eta demokratikoki guztion artean hedatua, baina ba al dakigu taldean bizitzen? Erabakitzen? Pentsatzen? Errespetatzen? Ba al daukagu herri sentimendurik? Konpromisoak aurrera eroanda zerbait arriskatzen dugula jakinda, prest al gaude ezer galtzeko?

8.- Gizakiok, aspalditik pairatzen ditugun zapalketa ezberdinak konpondu gabe saiatzen gara aurrera egiten, ohartu barik beste batzuk lehenago egindakoak errepikatzen ditugula. Gainera, esaten dugu, adinak jartzen duela bakoitza bere lekuan. «Gazteak zoro, adinduek zorrotz!», baina ez gara guztiok gazteak izan edo zaharrak izango? Non dago belaunaldien arteko ulertezinaren koska? 9.- Jakinda ere, gurekin bizia ez dela amaituko lurrean, ohikoa dugun modura, bizi planak eta proiektu guztiak epe motzera begira burutzen ditugu. Zeren beldur gara?

10.- Ematen du gure bizi laburrean, guztia aldatu beharra daukagula, hau bai erronka! Indarra galtzen dugu besteen bizian sartzen eta besteen biziak aldatzen gureak konpondu gabe. Aniztasuna bera ere, aberastasuntzat baino arazotzat hartzen dugu. Eta hala-hola, tinko mantentzen gara hozka berdinean talka eginda. Erronka aurrez aurre dugu: noizko sortuko ditugu kultura ezberdinen arteko loturak eta behar-beharrezkoa den errespetua? Kontraesan asko ditugu eta, aipatu moduan, bizi laburra dugu zerbait lortu edo aldatzeko. Ohartu gara horrekin?

Hamar puntu aipatu ditut, baina ahal ziren milaka izan, pertsona bakoitzak bere zalantzak dituelako. Ziurrenik guztiok daukagu helburu bat: bizia ondo irautea. Pena da horretaz ez ohartzea, denbora galtzea eta kontraesanak ez gainditzea.