Sanferminak -

Munstro zuri-gorriak laster irentsiko ditu Iruñeko kaleak. Gutxiago falta da sanferminetarako. Zurrunbilo horretan peñek burua agertuko dute beren pankartetan. Ironia finena eta eztenkada zorrotzenak biltzen dituzte pankartek. Finean, marrazkilariek historia marrazten dute, liburu marduletan kabitzen ez dena eta kontatu beharrekoa.

Amagoia Mujika

2009ko Ekainaren 26a

Peñarik gabe, sanferminak ez lirateke sanfermin. Parrandaren eta umorearen maitaleak ez dira oharkabean pasatzen zurrunbilo zuri-gorrian. Izan ere, peñek badituzte oso bistako egiten dituzten tasunak; batetik, kolore desberdineko blusak, bakoitzak berea. Hain zuzen ere, peña bateko kide izatea da sanferminetan zuri-gorriz ez janzteko dagoen aitzakia bakarrenetakoa. Blusa peña bat identifikatzeko nahikoa ez denean, bada beste pista handi bat: pankarta. Peña bakoitzak dauka berea (normalean bi, bata helduena eta bestea haurrena), eta horixe da bakoitzaren aurkezpen txartela.

Pankarten historia aspaldikoa da. Duela 150 urte zezen-plazara elkarrekin joateko elkartzen ziren gazte iruindarrek dagoeneko pankartak eramaten zituzten. Lelo eta marrazki xumeak zituzten pankarta haiek eta festara gerturatzen ziren kanpotarrak -gutxi batzuk garai hartan- agurtzea zuten helburua. Orduko eta oraingo peñek ez daukate antz handirik, baina orduan bezala orain, peña batek hiru osagarri ezinbestekoak ditu: jendea, pankarta eta musika. Baina, nola eta nork egiten ditu pankartak?

Txema Estebanek bizitza erdia baino gehiago darama pankartak marrazten. 36 urte ditu eta 14 zituela hasi zen. Izan ere, eta Estebanen hitzetan, marrazkirako zaletasuna «jaiotzetiko gaixotasuna» du. Hartara, Errotxapeako peña txikien pankarta marrazten hasi zen eta, lau urteren buruan, txikiena helduena baino pankarta hobea zela konturatuta, mailaz igo eta helduenekin hasi zen. Errotxapeako lokal batean harrapatu du GAUR8k, pintzela eskuan. Urte askoan etxeko pasilloan marraztu izan ditu pankartak. «Jendea harritu egiten zen. Baina, hala ere, asmatzen nuen proportzioekin. Praktika kontua da», hasi da Txema Esteban.

«Udaberri guztia ematen dugu pankartak egiten, bozetoak lehenengo eta oihalak ondoren. Neguan sartzen gara lokalean marraztera eta udan ateratzen gara. Sasoi honetan, underground marrazkilariak bihurtzen gara». Ondoan dauka Jokin Larrea, marrazkilaria hori ere. Bikote artistikoa osatu dute azken bost urteotan. Aurten, esaterako, 16 peñen pankartetatik sei marraztu dituzte. Sei horietatik hiru enkarguz egin dituzte eta, beste hirutan, lehiaketara aurkeztu eta irabazle suertatu dira. Izan ere, peña batzuk zuzenean eskatzen diote marrazkilari bati bere pankarta egiteko eta beste batzuk lehiaketa irekia antolatzen dute. Aurten lau pankarta atera dira lehiaketara.

«Asko zaintzen dugu peña bakoitzaren pankarta bestearen desberdina izan dadin. Bakoitzak bere nortasuna dauka. Beti izaten da gai nagusi bat, haria eramaten duena, eta horren bueltan sartzen ditugu beste gai batzuk. Lotura bat ematen diegu gaiei», jarraitu du Larreak.

Politikariak trufatzen dira

Baina, zer dira pankartak? Larrearen esanetan, «haserrealdi bat». «Behin kazetari batek galdetu zigun politikariak ez ote diren haserretzen pankartetan beraiez barre egiten dugulako. Eta zer pentsatua eman zidan galderak. Eta konturatu nintzen galdera gaizki eginda zegoela. Finean, politikariak dira gutaz barre egiten dutenak. Eta ez dute barre egiten bakarrik urte guztian. Festetan, gutaz barre egiten jarraitzen dute. Urtean zehar jarrera horiei beste erantzun bat eman behar die gizarteak. Baina, festetan gaudenean, gure helburua ondo pasatzea denez, beste modu batera erantzuten diegu, pankartekin. Finean, politikariei esaten diegu ez gaituztela engainatzen, badakigula zertan dabiltzan. Eta hori umorez esaten diegu. Baina haiek egiten dute barre gutaz, eta ez alderantziz. Garbi gera dadila», nabarmendu du Larreak.

Pankarten prozesua otsaila inguruan hasten da. Ordurako, belarriak eta begiak erne jartzen dituzte marrazkilariek, gaurkotasunari eta politikariei begira. Eta gaurkotasunak, tamalez edo zorionez, pankarta askorako ematen du. «Epeek agintzen dute. Gauza asko zaharrak geratzen zaizkigu. Esaterako, aurten Bushi jaurti zioten zapatarena lortu dugu azkenean bazter batean sartzea, baina zaharra geratu da. Gainera, bertako gaiek agintzen dute eta hemengo politikariek askorako ematen dute. Politikariak sufritu egin behar ditugu, baina gure lanerako, pankartak egiteko, gaiak soberan ematen dizkigute. Eta badirudi luzerako izango direla pankartetako gai», nabarmendu du Larreak.

Esteban eta Larrea bere aldetik gaiak biltzen aritzen diren arren, «jakintsuen batzorde» txiki bat ere antolatzen dute. «Gure lagunak dira, sanferminak oso modu berezian bizi dituztenak. Ez dira peñetakoak, baina mundu hori oso barrutik bizi dute. Kalean elkartu eta berehala aipatzen digute `pankarta gairen' bat. Horiekin meriendatxo bat egiten dugu, gaiak biltzen jarraitzeko. Hori apirila amaieran edo maiatza hasieran izaten da, eta gai mordoa ateratzen da bilera horretatik», jarraitu du Estebanek.

Teknologia berriek izan dute eraginik gaien bilketa zorrotz horretan. «Garai batean, Internetik ez zegoenean, egunkarietako zatiak gorde behar izaten genituen. Eta mordoa biltzen genituen etxean. Orain, teknologia berriei esker, Interneten barna ibiltzen gara albisteak eta bideoak ikusten. Eta bideoak behin eta berriz ikusten ditugu, politikarien keinu itsusiena topatu nahian. Oso gaiztoak gara zentzu horretan», gaineratu du Estebanek.

Peñetako lehiaketak ere maiatzean aurkezten dituzte. Hartara, marrazkilariek pankarten bozetoak prestatzen dituzte. «Bozetoek sekulako lana daukate, oso landuak direlako. Ordu mordoa ematen dugu horiek egiten». Maiatza, beraz, bozetoen hilabetea da.

Lehiaketen kasuan, aurkezteko epeak bete behar dira, besterik gabe. Enkarguz egindako pankartetan, berriz, peñarekin negoziatu beharra dago. «Normalean nahi duguna egiten dugu, nahiko libre aritzen gara. Noski, kontuan izaten ditugu peña bakoitzaren ezaugarriak eta haiek ere eskatzen digute gauza bat edo bestea nabarmentzeko. Hartara, haiek eskatutakoak txertatzen ditugu gure marrazkian», jarraitu du Larreak.

Ekaina, oihalen hilabetea da. «Ekaina osoa ematen dugu oihalak marrazten. Pankarta batzuk besteek baino lan gehiago ematen dute, baina, batez beste, pankarta bakoitzak 80 bat orduko lana du, hasi bozetoarekin eta bukatu oihalarekin. Gainera, guk gure lana daukagu aparte eta handik ateratakoan marrazten ditugu pankartak. Sekulako egurra hartzen dugu, gauez, desorduetan, lo gutxi eginda...».

Baina gustuko aldapan nekerik ez. Eta bai Esteban eta bai Larrea gustura daude pankartak marrazten. «Komikilaritzan aritzen den marrazkilari batentzat lan nahiko egokia iruditzen zait. Zerikusi handia dauka komikiarekin. Dena bineta bakarrean izaten den arren, ez da ideia bakarra, ideia asko agertzen dira. Uste dut lotura duela komikiarekin, eta horregatik gustatzen zait», esan du Larreak.

Estebanek garbi dauka beretzat pankartak marraztea «pasio» bat dela. «Niretzat pankarta aldarrikapenerako espazio librea da, herritarrek bere egin behar dutena. Beste toki askotan ahotsik ez dutenek ahotsa dute pankartetan. Nire ustez historia egiten ari gara pankarta hauen bidez».

Hemeretzi urte daramatza Txema Estebanek pankartak marrazten. Distantzia horretatik begiratuta, pankartak ez direla asko aldatu uste du. «Lehen eta orain gizarteko arazoak berdinak dira. Lokalak, parkeak, auzoak... arriskuan daude orain, duela hamarkada batzuk bezala. Politikariek ez dute eboluzionatu, aberastu egin dira, baina ez dute eboluzionatu. Eta beti izango da borrokatzeko arrazoiren bat. Horregatik, pankartak luzerako izango ditugu». Sumatu du, hala ere, aldaketarik. «Gero eta indibidualistagoak gara eta hori ere ikusten da peñetan. Jende aldetik osasuntsu daude eta badaude peña batzuk aldarrikapenaren bidetik gogor jarraitzen dutenak. Baina beste asko elkarte gastronomikoen antza hartzen ari dira».

Egunak luzeak dira lokalean marraztu eta marraztu ari direla eta bukatzeko gogoa dute. Gero, sanferminetan beraiek marraztutako pankarta batekin gurutzatzean harro sentitzen direla aitortu dute.

Behin oihalak amaituta, makilak jostera eramaten dira. Eta, hortik aurrera, peñetako kideen eskuetan hartzen dute bizia. Eta neurririk gabeko jaiaren parte bihurtzen dira. «Pankartek oso egoera txarrean bukatzen dute. Kalimotxoa, ajoarrieroa... denetik izaten dute. Baina gu ez gara horrekin kezkatzen. Pentsa, autoak egiten dituztenak auto horiek nola bukatuko dutenaren inguruan kezkatuko balira, ez lituzkete egingo!», bukatu du umorez Estebanek.

 

Pankarten aurkezpen ofiziala, igandean, arratsaldeko zortzietan

Peñak eta pankartak aldi berean jaio ziren. Hasieran –duela 150 urte inguru–, kanpotik zetozenak agurtzea zuten helburu pankartek. Orain, hiriaren errealitatearen kritika egiten dute. Azken urtean hirian batez ere –baita hiritik kanpo ere– gertatu direnen errepaso kritikoa egiten dute oihal horiek. Hori bai, umorez.
Peñen aurkezpen txartela direla esan daiteke. Egunero peñek egiten duten kalejiran pankartak irekitzen du bidea, horrek ematen du abisu peña bat badatorrela. Pankartak ez dira oharkabean pasatzen eta behin baino gehiagotan astindu dituzte agintari politikoen eta Elizaren bulegoak. Azken 30 urteetan gutxienez bi pankarta izan dira zentsuratuak. Eta 2007an Iruñeko artzapezpikuaren inguruko pankarta batek hautsak harrotu zituen berriz. Zentsuratzeko eskatu zuten arren, azkenean kalera atera zen pankarta. «Herritarrak ez ezik, beste estamentu batzuetan ere pankarten zain egoten dira. Jakin-mina pizten dute zalantzarik gabe», agertu du Endika Lakuk, Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak.
Dagoeneko pankarten bozetoak publiko egin dituzte, joan den astean hain juxtu. Hartara, pankarta orijinalak, oihalean marraztutakoak, ezagutzea falta da. «Oihalen aurrealdean peña bakoitzak aukeratutako marrazkia dago eta, atzealdean, peña bakoitzaren armarria. Behin marrazkia amaituta, oihalak jostera eramaten dira, makilak jartzera. Eta prestatuta daudenean, peña bakoitzak bere egoitzara eramaten du pankarta».
San Fermin jaien aurreko azken igandea izaten da pankartak jendaurrean aurkezteko eguna. Aurten, ekainaren 28an izango da, hurrengo igandea (uztailaren 5) sanferminetatik gertuegi geratzen zela-eta. Hartara, Peñen Egunean aurkezten dituzte pankartak. Lehen egun bakarra zena, azken bi urteotan asteburu osoko jaia bihurtu dute.
Larunbatean, hilaren 27an, goiti-behera lasterketa izango da. «Urte mordoa daramagu goiti-behera lasterketak antolatzen, baina duela hiru urtetik hona Peñen Egunera pasatu dugu, garbi gera dadin hori peñek antolatzen dugula eta ez Udalak. Kanpoko jende asko etortzen da lasterketan parte hartzera, izen handikoa da lasterketa hori». Larunbatean bertan «speññing» maratoia izango da Gaztelu plazan. «Bertaratzen direnek peñen ereserkien erritmora eragingo dituzte pedalak. Propio horretarako moldatu ditugu ereserkiak eta guztiak CD batean bildu ditugu», kontatu du Lakuk.
Igandea izango da egun nagusia. Goizean etxeko txikienentzako aukera zabala izango da. Horrez gain, pankarta zaharren erakusketa zabala izango da ikusgai. «Peña bakoitzak 20 pankarta ekarriko ditu erakusketara. Pankarta originalak normalean bota egiten dira, baina bozetoak gordetzen ditugu normalean. Gainera, 1976. urtetik hona pankartak txartel moduko formatuan ere kaleratzen ditugu. Eta jendeari asko gustatzen zaio txartel txiki horiek biltzea. Badira bilduma egiten dutenak ere. Egia esan, beti daukagu buruan pankartekin liburu bat egiteko aukera, eta noizbait egin beharko dugu. Garrantzitsuak dira, finean, historia kontatzeko modu bat da. Azken urteotan zaindu eta gorde ditugu pankartak –originalak ez noski–, baina urte askoan ez da egin lan hori eta asko galdu dira bidean. Pena da».
Eta aurtengo pankartak ezagutzeko hitzordua jarria dago: igandean, hilak 28, arratsaldeko zortzietan. Lehenago ezin da pankartarik ireki. «Peña bakoitzak bere pankarta bilduta eramaten du Gaztelu Plazaraino. Eta arratsaldeko zortzietan zabaltzen dira guztiak. Eta jende asko eta asko biltzen da pankartak ikustera eta beren iritzia ematera. Oso momentu polita izaten da», bukatu du Endika Lakuk.