Itsuak eta musika -

Neurologoek diotenez, gure garun-azalaren hiru herenak bistarekin loturik daude. Itsu jaiotzen den haur baten garun-azalak, ordea, ukimenari eta entzumenari egiten dio leku. Horregatik izan omen dira horrenbeste musikari itsu. Baina gaur ere musikara bideratzen al dira itsu jaiotzen diren haurrak? Ez dirudi hala gertatzen denik.

Joxean Agirre

2009ko Ekainaren 26a

Oliver Sack neurologoaren azken liburuak, «Musicofilia»k, atal bat eskaini dio musika eta itsutasunaren arteko loturari. «Umea nintzenean -dio neurologo ingeles famatuak-, Londreseko 30eko hamarkadan alegia, asko gustatzen zitzaizkidan Enrico izeneko piano afinatzailearen bisitak. Bi piano genituen, baina etxeko guztiok jotzaileak izan arren, beti zeuden pianoak desafinaturik. Egun batean, Enrico gaixo zegoela-eta, beste afinatzaile bat agertu zen etxean bastoi zuririk gabe. Harritu egin nintzen, niretzako piano afinatzaile guztiak itsuak baitziren».

Oroitzapen pertsonal zenbaiten ondoren, gaiari heltzen dio Sackek eta kultura askotan musikari eta kantari itsuek izan duten garrantziaz hitz egiten du. Kultura gaelikoan, esate baterako, arpa eta gaita-jotzaile askori dall (itsu) izena ematen zieten. Organo-jotzaile itsuen tradizioak ere mendeetako historia du Europan. Gospelaren, bluesaren eta jazzararen munduan musikari itsu ugari daude. Jazzean, esate baterako, Stevie Wonder, Ray Charles, Art Tattum, Jose Feliciano, Rahsaab Roland Kirk eta Doc Watson dira ezagunenak. Artista askok ere abizenari ondoan blind hitza eransten badiote, ohore baten moduan eransten diote. Hala egiten dute Blind Lemon Jeffersonek, Blind Boys of Alabama taldeak, Blind McTellek edo Blind Willie Johnsonek. Zergatik bideratu dira itsuak musikaren interpretaziora? Historian zehar beste egiteko askotarako muga gehiago izan dituztelako.

Mugak gainditzen ari dira gaur egun. Jabier Garciak, Gipuzkoako ONCEren zerbitzu buruak esan zigunez, erakundeak kontrolatzen dituen afiliatuen artetik bizpahiru izango dira musika arloko irakasle-ikasketak egiten ari direnak. «Gaur egun aukera guztiak zabalik ditu itsuak edo ikusmenarekin arazoak dituenak. Ni neu ingeniari industriala naiz eta badaude gehiago ere. Lehen ikasturtea bukatu eta gero hasi nintzen ikusmenarekin arazoak izaten. Baina ingeniaritza, arkitektura eta horrelako ikasketak lotura nahikoa zuzena dute bistarekin eta zailtasunak izan ditzakegu, egiturekin eta marrazkiekin lan egin behar delako. Badaude karrera batzuk gure egoerara hobeto egokitzen direnak», esan zigun Jabier Garciak.

Itsuen artean, fisioterapia da karrera ohikoena. «ONCEk Fisioterapia Eskola Unibertsitarioa du Madrilen. Irteera asko dituen karrera da. Gipuzkoan bakarrik hiru fisioterapeuta ditugu lanean», gaineratu zuen Javierrek. Ba omen daude pelukeria ikasten ari diren ikasle itsuak ere. «Beste karrera tipiko bat Zuzenbidea da. Testuaren gainean lan egiten da Zuzenbidean. Testuak braillera pasatzen dira edo PDF formatuan jartzea aski da ordenagailuak audiora itzultzeko», erantsi zuen.

ONCEk laurogei bat ikasleren jarraipena egiten du egun Gipuzkoan. Itsuek edo bistarekin arazoak dituztenek edozein ikasketa egin ditzakete egun, baina Oliver Sacksen ustez, doian bereziak dituzte musikarako. «Mundu bisualik ez duten haurrek hotsei eta ukimenari lotutako munduak sortzen dituzte», dio bere liburuan.

Maria Theresia von Paradis Mozarten laguna zen eta piano-jotzaile miresgarria. Jaiotzetik itsua izaki, 18 urterekin bista berreskuratzen hasi zen aldi batez eta bere talentua gutxitu egin omen zitzaion. Sacksek dioenez, egin diren ikerketen arabera, musika ikasten duten ume itsuen artean %60 inguru dira tonu absolutua dutenak, eta ehuneko hori %10era jaisten da ikusten duten musikarien artean. «Garun-azalaren hiru herenak bistarekin lotura dute. Jaiotzetik edo umetatik itsuak direnen garun-azala bere horretan egitekorik gabe geratu ordez, beste sentsu batzuen zerbitzuan jartzen da, entzumenaren eta ukimenaren zerbitzuan batez ere», dio Sacksek.

Alai abesbatza Donostian

Orain urte eta erdi hartu zuen Donostiako Alaia Abesbatzaren zuzendaritza Joxan Pascualek. «Hogeita hamar edo hogeita hamabost dira abesbatzan. Erdiak baino gehiago ONCEko afiliatuak behar dute. Heren bat itsuak dira eta beste heren bat ikusmen arazoak dituztenak eta besteak ikusten dutenak. Zer zailtasun sortzen dituen horrek abesbatza zuzentzeko orduan? Nik topatu nuen gauzarik zailena sarrerak egitea izan zen. Sarrerak arnasaren bidez markatzen ditut, arnas hotsarekin. Arnasa fuerteago hartuz, entzuten dute. Mantsotu edo azkartu behar denean, memorizatu egin behar izaten dute, errepikatzearen poderioz. Abesti baten azken akordearen edo kalderoiaren zenbat konpas dituen ere buruz ikasi behar izaten dute», esan zuen Pascualek.

Ea ikusmenean arazorik ez dutenek ezin dieten lagundu galdetu genion abesbatzako zuzendariari. «Entseguetan gauza bat egin ohi dugu: ikusten dutenak pixka bat lehenago hasten dira erreferentzia emateko eta gero sartzen dira ikusten ez dutenak. Abesti bat ikasteko balio du horrek, baina jendaurrean ezin liteke hori egin», erantzun zuen.

Itsuek musikarako dohain berezirik duten galdetu genion Pascuali. «Egia esan, ikusten dutenek intuizio garatuagoa behar dute abesbatza batean pare kantatzeko bakarrik ere. Partiturarik gabe kantatzen dute. Solfeoa braillera itzulita erabiltzen duen bakarra emakume bat da. Horrek pentagramak erabiltzen ditu. Beste askok testua eramaten dute braillean idatzita. Koruan badago bat tonu absolutuaren jabe dena, baina bakarra da. Bakarkako interpretazioan oso ondo moldatzen dira. Frantzian bada organo-jotzaileen eskola bat oso tradizio handia duena. Organista itsu asko daude Frantzian», esan zuen.

Orain aurkeztu berri duten itsuentzako batutaz ere galdetu genion. «Horrek zuzendaria baldintzatzen du. Konpasa eramateko markatzen diren lau mugimenduak itzultzen ditu batuta horrek eta bibrazioen bidez ematen dio informazioa itsuari, baina nik askotan ez dut zuzentzeko konpasik ere eramaten, beste mugimendu batzuekin adierazten ditut adierazi beharrekoak», erantzun zuen. Errepertorio erlijiosoa, euskal kantak, Hego Amerikako eta Afrikako kantak lantzen dituzte.

ONCEk baditu musikari profesionalak. Horiek lehen kategorian sartzen dituzte. Bigarren kategorian lauzpabost abesbatza daude eta horien artean dago Gipuzkoakoa. «Bi urtez behin erakustaldi bat egiten da. Azkenean, lau koru bildu ziren; Galiziakoa, Madrilgoa, Valentziakoa eta gurea. Eta gurea besteen pare zegoela ikusi nuen», esan zuen.

Bizkaiko Abesbatza once

Monica Gonzalez Arzuaga da Bizkaiko Abesbatza ONCE zuzentzen duena. «Urte asko ditu abesbatzak. Hogei urte beteko ditu laster. Nik orain zazpi urte hartu nuen», esan zigun Monika Gonzalezek. Orfeon Baracaldes orfeoia ere berak zuzentzen du.

ONCEren abesbatzarekin herri kantak eta musika sakroa latzen ditu, baita bilbainadak ere. «Errepertorioa zabala da. Arriagan egiten den bilbainaden lehiaketan hartzen dugu parte. Bizkaiko Federazioko bazkide izanik, antolatzen dituen ekitaldietan izaten gara eta ONCEren egoitzan, zaharren etxeetan eta beste hainbat lekutan», esan zuen. ONCEko abesbatza batean kantatzeko erdiak baino gehiagok itsuak izan behar dute. «Hogeita hamar kide daude abesbatzan eta mistoa da», azaldu zigun.

Itsuen abesbatza bat zuzentzeak zer zailtasun dituen galdetu genion. «Partiturarik gabe kantatzen dute. Kantuen hitzak braillean irakurtzen dituzte eta memoria erabiltzen dute batik bat. Ahotsen sarrerak markatzeko hotsak erabiltzen ditut nik, txaloak edo txistuak. Orain asmakizun asko ari dira ateratzen, itsuak horrelako taldeetan integra daitezen», azaldu zigun.

Joan den asteartean abesbatzako bazkaria zuten Bilboko El Arenal jatetxean. Han ere kantatuko zuten, noski. Radio Nervion, ETB eta beste hedabide askotan hartu izan dute parte.

 

Ibon CASAS

ROCK KANTARIA

«Gaixotasunak gaztetan barruan eragin zidan amorrua kanporatzeko bidea eman zidan rock musikak»

 

Donostiarra da. Umetatik gustatu izan zaio musika, baina 11 urterekin telebistan AC/DC taldea jotzen ikusi zuenetik, liluraturik geratu zen. Orain 39 urte ditu eta Ibon Casas Banda izena duen proiektua du esku artean. “La pasta por delante” izeneko diskoa eta bideoklipa aurkeztu ditu berriki Donostiako eta Bilboko FNACen. Emmy etxeak kaleratu ditu. Bere musika blind rock (rock itsua) bezala definitzen du. Retinosi pigmentarioa du, baina ez da gelditzen. Altea izeneko bere zakurra ondoan duela agertu da elkarrizketara.
 
Noiz hasi zitzaizkizun bistako arazoak?
Umetatik. Hiru urte nituenean ohartu ziren gurasoak xehetasun batzuk ez nituela behar bezala ikusten. Okertzen joan zait gaitza eta begi-niniaren erditik ikusten dut orain zerbait.

Noiz hasi zinen musika lantzen?
Hamasei urterekin gaitzak halako amorru bat sortarazi zidan barrenean eta musikak barruan daramazun amorrua hori hori kanporatzeko bidea eman zidan.

Zein izan zen zuk sortu zenuen lehen taldea?

Ceda el Vaso zuen izena. Nik hogei urte nituen. Bi Ibon ginen taldean. Bestea orain Barricadako bateria da. Lau lagunen artean osatu genuen talde hori. Heavy metala zen erabat. Hernaniko gaztetxean jotzen genuen.

Ordurako ba al zenuen, beraz, harremana Hernanirekin?
Hernaniko bolera nire aitonarena izan zen urte askoan. Amaren aldetik, beraz, aitona-amonak hernaniarrak dira eta umea nintzenetik etorri izan naiz herri honetara. Hogei bat urte nituela lagunak egin nituen hemen eta gaztetxearen sorrera ere parean egokitu zitzaidan. Musika jotzeko leku bat izatea oso garrantzitsua izan zen guretzat. 1990eko kontuak dira horiek eta geroztik ez naiz gelditu.
Ceda el Vaso taldea aipatu duzu. Nolakoa izan zen zure ondorengo ibilbidea?
Talde bat baino gehiago sortu nituen eta kaleratu gabeko disko dezente geratu ziren bidean. Orain esku artean dudan proiektua La Fonda da. Rocka egiten dugu, baina lasaixeagoa da, kolore gehiago du, atseginagoa da eta gai aldetik ere anitzagoa.

Disko bat atera berri duzue. Zeintzuk dira bertan landu dituzun gaiak?

“La pasta por delante” du izena. Musikariak ohituta gaude herri batean jo eta lau hilabete geroago kobratzera eta horren kontrako aldarri bat dago kantu horretan. Musika eta hitzak neuk egiten ditut eta beti gauza bera esaten dut: hitzak idaztea oso lan zaila da niretzat. Gaiak hor daude eta ugari gainera, baina kanta batentzat hitz egokiak idaztea nekosoa da, exijentea naizelako beharbada. Diskoa www.iboncasas.com web orritik jaitsi daiteke.

Euskaraz ere baduzue kanta bat.
Baxu-jotzaileak, Rafaelek, egin zuen. Ni ez dut hitz egiten. Txikitandik ikasi dut apur bat eta kantatzeko ez dut arazorik, baina bai hizkuntza horrekin lan egiteko. “Guztion amets galduak” da kantaren izena.

Aipa iezaguzu gaurko zure estiloa definitzen duen kanta bat.
“La pasta por delante” izan daiteke edo “Las tiendas de barrio”. Sei kanta biltzen dituen EP bat atera berri dugu eta  ONCEk diruz lagundutako bideoklip bat ere kaleratu dugu. Emmyk atera ditu biak.

Itsutasunarena ere modu baikor batean agertzen da zure kantuetan. 
“Apaga la luz y verás” da atera dugun single horretako hirugarrena. Guk gutxi ikusten dugulako-edo, beste sentsuei gehiago eskatzen diegu. Begiak itxi eta beste sentsazio batzuk gozatzera gonbidatzen dut kanta horretan entzulea. Behatz punta bakoitzean begi bana dugula esan daiteke. Badaukat beste kanta bat “Chofer para ciegos” izenekoa itsuen zakurrei eskainia. Bada beste bat “Ceguetón” izenekoa, regueton erritmoan kantatzen duguna. Reguetona eta rocka nahasten ditugu kanta horretan eta blind rocka dela esan daiteke. Kanta hauetaz gain, beste hainbat ditugu zuzenean jotzeko. Taldean bi lehengusu ditut, hernaniarrak biak, David eta Sacha Soriazu. Iñaki Udabe da bateria jotzen duena.
 
Diskoaren eta bideokliparen aurkezpenak egiten ari zarete.
Martxoan hasi ginen Donostiako FNACen. Bilbon eta Zaragozan izan gara eta Madrilera goaz aurki. Dena den, zuzenekoak ematea da gure ilusioa. Nik ezin dut irakurri, ezin dut autorik gidatu, gauza asko ezin ditut egin eta derrigorrezkoa dut zuzenean kantatzea. Oraindik zerbait ikusten dut eta ondo moldatzen naiz agertokian. Zuzenean jotzen ez duen musikaria zapuztuta badago, ni are gehiago.

 

Musika ordenagailuz idazteko BME programa informatikoa, braillearen bigarren mendeurrenean

Urtarrilean bete ziren ehun urte Louis Braille Paris ondoko Coupvray herrian jaio zela. Hiru urte zituela galdu zuen bista aitaren lantokian guraize batzuekin jolasean ari zela. Guraize punta sartu zuen begi batean, zauria gaiztotu eta bi begiak hondatu zizkion gaitzak. Beka bati esker zientzia eta musika ikasketak egin zituen. Organoa eta biolontxeloa jotzen ikasi zuen Parisko eskola batean eta hor ezagutu zuen Charles Barbier, 1821ean mezuak bidaltzeko sistema bat asmatu zuen militarra. 1925etik 1929ra bitartean sistema hori hobetuz asmatu zuen braillea, mundu guztiko itsuek gaur erabiltzen duten idazketa eta irakurketa sistema. Asmakizunak milioika itsuren bizimodua hobetu zuen. Braillea musika idazteko eta irakurtzeko ere erabili izan da eta asmatzailearen bigarren mendeurrenaren aurreko urteak baliatu ditu ONCEk musika idazteko eta irakurtzeko programa informatiko berri bat aurkezteko. Programaren izena Braille Music Editor deitzen da (BME). Musika idazteko ikusten zuen norbaiten laguntza behar izaten zuen oraindainokoan itsuak. Atera berri den programari esker, itsuak bere kabuz idatzi eta irakur ditzake pentagramak.
Orain bederatzi urte hasi ziren programa informatikoa lantzen eta Europako Batasunaren laguntza izan du garapenean.  Brailleak, pentagraman idatzitako musika puntuen hizkuntzara eramaten du. Horrenbestez, musikari itsuak konposatzen ari den musika zuzenean idatz dezake ordenagailuan, inori diktatzen aritu gabe. Ordenagailuak idatzitako musika entzun eta zuzenketak egiteko aukera ere ematen du eta musika hori, gainera, pentagrama arruntera itzultzeko eta ostean inprimatzeko gai da.
Programa informatiko hau eta berriki aurkeztu den orkestra zuzendariaren itsuentzako batuta izan dira berrikuntza ikusgarrienak. Batuta horrek bluetooth sistema du puntan eta ordenagailura bidaltzen du informazioa; jarraian, ordenagailuak itsuak daraman besoko batera bidaltzen du informazio hori.