-

Josu Juaristi

2009ko Ekainaren 26a

George W. Bush izan da, zortzi urtez gutxienez, giza eskubideen etsaien paradigma. Europar Batasunean ondo errotutako edo barneratutako iritzia da. Bush esaten zen tokian Ameriketako Estatu Batuak esaten zen eta, paradigma horren antitesis moduan, Europar Batasunak bere burua aurkezten zuen, giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen paladina balitz bezala. Gero Obama etorri zen eta Ameriketako Estatu Batuak europartu egin zirela zirudien, egun batetik bestera, baita oinarrizko eskubideen kontuan ere. Hala al da, ordea? Egiaren bat esan ote dugu hasiera honetan?

Asko ez, egia esan. Lehenengoa, beharbada, giza eskubideen etsaien paradigma Bush zela esan dugunean. Baina, horrela izanda ere, errealitatearen parte bat besterik ez da. Eta hori jakiteko Europar Batasunera etorri behar dugu bueltan. Beti esan ohi da Europak Ipar Amerikari jarraitu besterik ez diola egiten, politika eta joera guztiak handik etortzen direla, lehenago edo geroago. Baina honek ere ez dio errealitate osoari erantzuten.

Irailaren 11ko erasoen ondoren Bushen Administrazioak oinarrizko eskubideen aurka hartutako neurri batzuk hilabete batzuk geroago hasi ziren aplikatzen Europan, baina beste asko eta asko hemen zeuden, jadanik, indarrean. Eta, gauza jakina bada ere, eskubide zibilen eta politikoen aurkako ikaslerik saiatuena Estatu espainola zela, eta dela, esan behar da. Espainia da, beste guztien aurretik, Europa polizialaren alde inork baino indar handiagoarekin lan egiten duen Estatu komunitarioa; Espainia da gobernuen arteko harreman polizialak etengabe indartzen saiatzen den Estatu komunitarioa; Espainia da politika horiek «komunitarizatzen» hasten direnean Bushen papera betetzen duena. Eta gobernuen arteko akordioen bidez edo politika komunitarioen bidez ezin duenean, bere kontura egiten du «aurrera» eskubide zibilen eta politikoen aurka. Azken hilabeteotan honen adibiderik izan da, Euskal Herria oraindik banatzen duen mugaren alde bietan, baita askoz urrunago ere, Frantzian esate baterako. Eta kexak ere iritsi omen dira, kexa ofizialak nekez egingo badira ere publiko. Kexa horiek Espainiako polizia indarrek Frantziako lurraldean burutzen ari diren ezkutuko operazioekin dute zerikusia. Jon Anzaren desagerpena izango litzateke, iturri batzuen esanetan, operazio horien adibide bat, inoiz onartuko ez den adibide bat, jakina, baina ba omen dira adibide gehiago, Espainiako hainbat komunikabide edo orrialde digitaletan atera direnak, esate baterako, azken asteotan, ustezko ETAko kide batzuek polizia frantsesekin izandako elkar jotze edo liskarren harira, edo azkenaldian izan diren atxiloketa batzuen harira. Jendarmeek jakin gabe egindako operazioak lirateke, polizia indar espainolek egindakoak: jarraipenak direla, kolaborazioa exijitzeko atxiloketak direla... Aipaturiko iturrien arabera, ezkutuko operazio horiek egonezina sortu dute Gobernu frantsesean. Hau zalantzan jar daiteke, jakina, duten elkarlan poliziala, begi-bistakoa denez, handia eta estua baita, baina, egia ala erdi gezurra izan, beste zerbait bistarazten du honek, Espainiako Estatua aitzindari dela elkarlan poliziala azken muturreraino eraman nahi edo eramaten duten Europar Batasuneko kideen artean, sarri askotan ustez defendatzen dituzten legeen edo arautegi komunitarioen aurkakoa bada ere. Ekainaren 17an «Le Monde» egunkariak jakitera eman zuenez, Europar Batasunak Ameriketako Estatu Batuekin ezkutuan egiten dituen bileretan, Batasuneko estatuek giza eskubideen unibertsaltasuna eta torturaren eta atxilotze sekretuen aurkako jarrera hartzen dute, formalki. Gero, etxera etortzen direnean, bistan da Batasuneko estatuek ez dituztela hitz handi horiek betetzen, batzuek behinik behin...