Berta Zapeta, Elida Urapuca eta Tania Pariona. Hiru bide, hiru borroka. Hiruek dakite emakumea, indigena eta lider izatearen erronka zein aldapatsua den. Baina barne-barnean sentitzen dute bidean egindako pausu txiki bakoitzak berekin dakarren harrotasuna. Guatemala, Bolivia eta Peruko herri zapalduen errealitatera gerturatzen lagundu digute.
Xole Aramendi
2009ko Ekainaren 26a
Bidez Bide elkarteak gonbidatuta, hiru emakumeek beren borrokaren berri eman dute Zarautzen. Izan ere, kultura ezberdinen arteko elkar ezagutzatik abiatuz muga asko gaindi daitezkeelakoan daude topaketaren antolatzaileak. «Ezjakintasunak sortzen ditu askotan gatazkak. Gure artera etortzen direnak, ez direnak eta hemen bertakoak, guztiak uztartzea ezinbestekoa da norabide berean aurrera egiteko», adierazi dute Bidez Bide elkarteko kideek.
Berta Zapetak, Elida Urapucak eta Tania Parionak indigenen urteetako zapalkuntzaren testigantza ekarri zuten, eta bereziki, emakumeena. Eurak dira seme-alabak beraien identitatearen jabe egin daitezen lanean ari direnak; hezkuntza sistema antolatzen ari direnak; esparru pribatutik publikorako saltoa ematen ari direnak; eta emakume lider indigenen ahotsa nazio mailan ez ezik nazioartean ere entzun dadin ahaleginetan ari direnak. Gizonezkoekin elkarlanean, parez pare, batzutan; gizonezkoen pentsamolde eta jarrera matxistari aurre eginez bestetan.
Bertak, Elidak eta Taniak nork bere bidea egin dute; errealitate desberdinak bizi dituzte beren herrialdetan, baina badira komunean dituzten oztopoak ere. Hiruek nabarmendu dute beren herrialdetan ez dela indarrean den legedia betetzen. «Guatemalako legeak irakurrita, kontxo, munduko herritarren eskubideak ezin hobeto babesten dituela pentsa dezakezu, baina ez da horrela -adierazi du Bertak-. Gure herrietan legeak behin eta berriz hausten dira».
Legearen urraketa oso nabarmena da hezkuntzan; gainera, herri baten biziraupenean hizkuntzak duen berebiziko garrantzia kontuan hartu behar da. Hiru herrietan, gaztelera zein jatorrizko herritarren hizkuntzak onartzen dira teorian, baina egunerokoak oso urrun dagoen errealitatea erakusten du.
Guatemalako, Peruko eta Boliviako indigenak sekulako ahalegina ari dira egiten euren komunitateetan antolaketa politikoa, soziala eta kulturala garatzeko bidean.
Berta Zapeta kitxe etniakoa da. Gertutik ezagutzen du Guatemalan agintari indigenek betetzen duten papera. Herri ugari dira bi alkate dituztenak: Estatuak aukeratutako bat, indigenena bestea. Estatuaren alkatea herriko azpiegiturez eta beste hainbat arloz arduratzen da. Indigenek justizia, hezkuntza eta osasun sistema propioak dituzte, nahiz eta Estatuak ez dituen onartzen. Mendez mende, belaunaldi batek hurrengoari zabaldu dion jakinduria maiarrean oinarritutako sistemak dira. «Agintari indigenaren esku dago justizia maiarra gestionatzea, baita komunitatea antolatzea ere -azaldu du Bertak-. Ez dugu folklorismora mugatu nahi, erabakitzeko ahalmena dugun eragile sozial eta politikoak izan nahi dugu. Maiarren justizia sistemak asko dauka herri gobernagarritasunari eskaintzeko. Estatua ez da horretaz ohartzen, baina diru asko ere aurrezten du», nabarmendu du.
Chichicastenango adibidea kontatu digu, bertakoa izaki: «Asanblada Orokorrean Chichicastenango 87 komunitateen ordezkariak biltzen dira. Agintaritzarako bost hautagai aurkezten dira eta erabakia hartu aurretik denen bertuteak eta akatsak aztertzen dira guztien artean. Urtebeteko zerbitzua egiten du alkateak, inolako sosik jaso gabe. Aukeraketaren ondoren Asanbladaren ordezkaritza bat bere emaztearengana joaten da bere baimena eskatzera, karguan dagoen urtebetean emaztearen bizkar egongo baita etxeko ekonomia», kontatu du.
Jose Macario da egungo alkatea. «Ez daki ez irakurtzen ez idazten, ezta gazteleraz hitz egiten ere, baina herri eremutik hasi eta nazioarteraino, ekintza politikoa darama aurrera», nabarmendu du Bertak.
Hezkuntzari dagokionez, umea, lehen urteetan, etxean hezten da. «Uzta ereiten erakusten zaio, baita oihalgintza ere», esan du. Eskola publikora zazpi urterekin sartzen dira eta erabateko kolpea jasaten dute hizkuntza dela eta. «Espainolez soilik hitz egiten diete eta umeek kitxe hizkuntza bakarrik dakite», adierazi du. Guatemalan onartu berri den Hizkuntza Legeak, teorian, hezkuntzan kultur aniztasuna babestu eta bi hizkuntzen erabilpena arautzen du. «Baina hau ez da komunitateetara iristen». Urrunago doa: «Eskolan hizkiak eta zenbakiak erabiltzen ikasten dute, baina ez arrazonamendua garatzen».
Identitatea eraikiz
Horiek horrela, komunitateen arteko elkartea sortu da eta haurrak eta gazteak trebatzeko espazioak sortu dituzte. «Kultura eta identitatea lantzen da eurekin», gaineratu du. Gazteen arteko sareak garatzen ari dira.
Osasun sistemak sendabelarren erabilpena du ardatz. «Estatuak ez ditu onartzen, ezta emaginak ere. Emakume hauek komunitateari eskaintzen dioten zerbitzua ez da eskertzen eta, aldiz, salatu egiten dituzte erditzean edozein arazo gertatuz gero», kritikatu du.
Emakumeek arlo pribatutik politikora jauzi egin dezaten sareak ere ari dira hedatzen. «Emakume askori gertatzen zaie ez direla ausartzen euren ideiak plazaratzen lotsa eta beldurragatik. Euren burua baloratu eta dauzkaten gaitasunak dituztela onar dezaten saiatzen gara». Hogeita hamar hezitzaile trebatu dituzte nork bere komunitatean prozesuaren lidergoa hartzeko. «Garrantzitsua da esperientziak elkarrekin trukatzea. Emakume indigena liderrek seme-alaben hezkuntzari erabateko garrantzia ematen diote eta irakaskuntza bekak sortu dituzte. Dirutan ez da esanguratsua, umeko zazpi dolar inguru, baina haurrentzat garrantzitsua da eskolako tresnak edukitzea eta emakumeentzat, nola ez, beraiek proiektua gestionatzea», azaldu du.
Chichicastenangon alkate indigena ez da sekula emakumea izan. Dena den, autoritate indigenak badu emakume lider talde bat, aholkularitza lana egiten duena. Alkatearen pareko organoa da. «Ez dugu gustuko gizon handi baten atzean emakume handi bat dagoela dion esaera. Guri ez zaigu atzean egotea gustatzen, guk parez pare egon nahi dugu», zehaztu du.
Guatemalako Kitxe departamenduan -bertan dago Chichicastenango-, hamabost alkatetza indigena daude. Herrialde osoan, 37. «Orotara 350 agintari elkartu dira eta apustua Nazio Kontseilua osatzea da, beraiek proposatu, aztertu eta politika publikoen gaineko iritziak emateko», azaldu du.
Herritik nazioartera salto nola egin da kontua. «Oso gutxitan entzuten dira gure hitzak, ez eta zer egiten dugun ere. Gure eskubideak etengabe zapaltzen dira. `Nola entzunarazi nazioartean gure aldarrikapenak?', galdera egiten dugu», dio.
Berta, beste bost herrialdetako ordezkari indigenekin batera -Elida eta Tania barne-, giza eskubideen masterra egiten ari da. Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Institutuak eta Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandatariak antolatu dute. «Herri indigenen gainean dauden hitzarmenak ezagutzen ari gara, baita NBEren funtzionamendua ere. New Yorken astebete egin dugu Herri Indigenen Foro Iraunkorrean eta Genevara ere joatekoak gara».
Etxera itzultzean oso baliagarriak izango zaizkie indigenen liderrei hirurek Europan ikasitakoak. «Herri bezala ez gaude prest politikoki erantzuteko. Ez dakigu sistemak nola funtzionatzen duen. Herriarentzat benetako tresna politikoak dira eta nire zeregina hara itzultzean legeak besteei jakinaraztea da», kontatu du Bertak.
Elida Urapuca Boliviako gwarayotarren agintari izatera iritsi den lehen emakumea da. Horretaz galdetzean bizkar gainean daraman zama azaleratzen zaio begietan. «Ez da erraza, baina aurrera goaz», esan du. Mehatxuak jaso izan ditu, lagunak nola hil dituzten ikusi, baina kementsu ageri da.
Bi gizonezkorekin lehian aukeratu zuten alkate. Lau urterako. Datorren urrian utziko du kargua. Aurretik, herrikideek «ebaluazioa» egingo diote, karguan egon den bitartean lanak ondo egin dituen ala ez esanez. Gogoan du bera aukeratu zutenekoa. «Benetako erronka izan zen ni, emakume indigena bat, zortzi herriren ordezkari izendatzea -adierazi du-. Emakumeok, izan indigena ala ez, jakin behar dugu gizonezkoa beti dela matxista».
Lurra, etorkizuna
Bizitza, etorkizuna, lurraldeari lotuta dago gwarayotarrentzat. Batez ere Santa Cruz probintzian, lurjabeak hain boteretsuak diren gunean. «Lurrik gabe eta baliabide naturalik gabe ez gara ezer -argitu du-. Lapurtu zigutena berreskuratuz herri bezala berpiztu egingo gara».
Herri indigenen eskubideen zapalkuntza etengabekoa dela gaineratu du ondoren. «Konstituzioak behintzat onartzen ditu gure eskubideak, nahiz eta gero praktikara eraman behar den. Errespetatzen ote diren atezuan egon behar dugu. Askok, nire hizkuntza erabiltze hutsa eraso moduan hartzen dute», esan du.
Bolivian egoera larri askoak bizi dituzten indigenak badira. «Mestizo anaiek erabateko sarraskiak egin dituzte», azpimarratu du agintariak.
Lanean tinko jarraitzeko asmoa du Elidak: «Herri eremutik hasita, emakumeok erabakiak hartzen diren guneetan egon behar dugu».
Tania Pariona kitxua da, Ayacucho zonaldean dagoen Caiara komunitatekoa. Noqanchiq (Gu Geu) gazteen sareko kidea da 24 urteko gaztea. «Emakume Indigenen Tailer Iraunkorraren barnean gaude. Peruko aimarak, kitxuak eta Amazoniako etniak biltzen ditu, eta helburua emakumeon ahotsa entzunaraztea da. Gure kulturetan oraindik ere matxismoa da nagusi eta liderrak gizonezkoak dira. Hala ere, emakumeok lorpen asko ditugu aurrez aurre: umeen hezkuntza, belaunaldi arteko ezagutzen hedapena, agrobiodibertsitatearen babesa...», esan du.
«Perun 29 milioi pertsona bizi dira eta horien erdia indigenak gara. Indigena den ala ez norberak erabaki eta sentitu behar du. Askok oraindik ez du bere auto-onarpen prozesua egin», dio.
Bere kulturaren ardatzak azaltzerakoan, lehenik auzolana nabarmendu du. «`Gaur nigatik, bihar zugatik' ez da esaldi hutsa, eguneroko bizimoduaren ardatza baizik. Auzolanean egiten ditugu uzta bilketak, etxe eraikuntzak eta beste hainbat zeregin», azaldu du.
Gizonaren eta emakumearen arteko dualtasunean eta parekotasunean sinesten dute Andeetako kulturek, baina gauzak asko aldatu dira. «Zoritxarrez, oreka galdu eta gizonezkoak boterea duen bitartean, emakumea ezkutuan, isilpean, geratu da -dio-. Dena den, nekazal guneetan, eguneroko lanean eta erabaki batzutan mantentzen da parekotasuna. Izan ere, komunitate batzutan emakumeek daukate agintea -gaineratu du-. Emakumeok hainbat espaziorako sarbidea eskuratu dugu, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko».
Hezkuntza propioaren aldeko apustua egin dute emakumeek. «Haur indigenak etxeko jardueretan, eguneroko bizimoduarekin, ikasten du».
Hizkuntzari dagokionean, aurrerapausoak ematen ari dira: «Eskualdeko Gobernuak onartu du Ayacuchon bi hizkuntza daudela, kitxua eta gaztelera. Kitxua hezkuntzan aitor dezaten ere pausuak ematen ari gara -esan du-. Gutako bat hirira badoa eta bertakoek kitxuaz hitz egiten duenean ulertzen ez badiote, arazoa ez da berea, hiritarrena baizik, ez direlako gai Perukoa bertakoa den anaiarekin harremana mantentzeko».
Taniak eskolara joateko aukerarik izan ez duten emakumeak ditu bidelagun tailerrean eta beraiengandik asko ikasten duela azpimarratu du. «Titulurik ez da behar lidergoa eskuratzeko, bizi-baldintzak hobetzearen alde borrokatu eta kargu politikoak hartzeko. Nazioartean indigenontzat onartu diren hainbat lege emakumeon lanari esker atera dira aurrera, nahiz eta hau ez den aipatzen. Nik ama asko ditut elkartean, euren lanari esker gaude belaunaldi berriak gauden tokian -aitortu du-. Gazteon erronka da euren jakinduria geureganatzea».
Elikagaien gaineko subiranotasuna da indigenen beste aldarrikapen bat. «Esportazioa dute helburu eta ondorioz monolaborantza erabat zabaldu dute. Geure produktuen haziak desagertuz doaz, ikaragarrizko galera dator. Nik ez dut ulertzen nola dagoen hain desnutrizio indize altua biodibertsitateari dagokionean hain aberatsak garenean».




