Gorka Elejabarrieta
2009ko Ekainaren 26a
Aurreko legealdia Europako Parlamentuan inoiz izandako legealdi eskuindarrena izan dela esan dut behin baino gehiagotan. Zer esan datozen bost urteetarako osatu berri denari buruz? Alderdi Popular Europarrak aurreko legealdian baino eurodiputatu gutxiago izango ditu, egia da, baina horrek ez du esan nahi parlamentuak ezkerrera egin duenik. Are gehiago, oraingoa aurrekoa baino eskuindarragoa da, duda izpirik gabe.
Alderdi Popular Europarrak (APE) bozen %35,9 lortu ditu eta 264 diputatu. Aurreko legealdian baino %0,8 eta 24 diputatu gutxiago. Alderdi Sozialista Europarrak (ASE) bozen %21,9 eta 161 diputatu, aurrekoetan baino %5,7 eta 53 diputatu gutxiago.
2004-2009 legealdian bien arteko aldea 74 diputatukoa zen. Orain, aldiz, 103 diputatukoa. Beti ere APEren alde. Datu hauei gainera Alderdi Ultraeskuindarrak lorturiko bozen eta diputatu kopuruaren igoera gehitu behar zaie.
Alderdi Berdea da ultraeskuindarrekin batera hauteskunde hauetan igo den alderdi bakarra. 53 diputatu izango ditu aurrerantzean, aurrekoetan baino 10 gehiago. Eta zer esan ezker eraldatzaileari buruz? Bozen %4,3 eta 32 diputatu lortu ditu. Aurreko legealdiarekin alderatuz jaitsiera nabarmena. %0, 9 eta 9 diputatu gutxiago.
Ezkerraren emaitzari dagokionez, aipatzeko datuak dira, batetik Die Linke-k Alemanian eta SPk Herbeheretan ez dutela aurreikusten zen igoera izan. Frantziar estatuan NPA alderdiak ere bere sorrera inguruan sortu ziren zurrunbilo eta aurreikuspenei ez die eutsi. Ez du ordezkaritzarik lortu. Finlandiako ezkerrak zuen eurodiputatua galdu du eta suediarrek bakarra lortu dute. Italiako ezkerrak bere «via crucis»ean jarraitzen du eta 7 diputatu izatetik ordezkaritza ez izatera pasa da. Ordezkaritza handiagoa lortu duten bakarrak Portugaleko Bloco de Esquerda eta Frantziar estatuan sortu den Front de gauche pour changer d'Europe izan dira. Sail honetan nazioartean gertatuko direnak aurreikusten saiatzen gara. Nire kasuan, eta hauteskundeei dagokienez, ezin esan, beraz, esandakoak bete direnik. Finean, ezingo dugu berriz esan 2004-2009 legealdia Europako Parlamentuko legealdirik eskuindarrena izan denik. Datozen bost urteetarako osatu berri den parlamentua izango da aurrerantzean legealdirik eskuindarrena.
Eta europar instituzioek bere eredu neoliberalarekin aurrera jarraitzen duten bitartean, ez dirudi oraingo parlamentua bide horretan europar teknokratei oztopo handirik jartzeko gai izango denik. Kontrakoa, bidea erraztuko die.
Badirudi iraila bukaeran edo urria hasieran ospatuko dela berriz ere Lisboako Itunaren inguruko erreferenduma Irlandan. Europako hauteskunde kanpainan ez da fitsik esan horren inguruan, alderdi nagusiei ez zitzaien itunaren inguruko eztabaidarik interesatzen. Baina hauteskundeak pasa eta berehala baiezkoaren aldeko kanpaina izugarria hasi dute Irlandako Gobernuak eta europar instituzioek. Itunari Irlandak eskaturiko aldaketak gehitu dizkiotela diote behin eta berriro, itunari irlandarren aldarrikapenak gehituko zaizkiola eta oraingoan ez dagoela inongo arrazoirik alde ez bozkatzeko. Errealitatea aldiz oso bestelakoa da, eta irlandarrek bozkatuko duten ituna duela urtebete bozkaturikoaren berdin-berdina izango da. Ez diote itunari inongo aldaketarik egingo.
Europar instituzioak diotena da etorkizuneko itun batean irlandarrei bermeak eskainiko zaizkiela hiru gairen inguruan: abortua, neutraltasuna eta zergatzea. Baina nork daki etorkizunean Europar Batasunak egingo dituenak? Nola ziurtatu dezakete oraingo teknokratek etorriko direnek berme hauek beteko dituztenik? Hiru berme hauekin batera zerbitzu publikoen inguruko deklarazio bat dago, inongo betebehar juridikorik ekarriko ez lukeena. Horregatik diot, orain bozkatuko den ituna aurrekoaren berdin-berdina dela.
Eta itun horri ezetz esan zioten irlandarrek. Oraingoan ere Europar Batasunaren etorkizuna irlandarren esku egongo da.




