Ordubete besterik ez da falta partidari hasiera emateko. Autobusak gainezka, futbol estadio berrira zaleak eramateko. Bandera ugari. Bertaratu diren milaka palestinarrek oso pozik dirudite, egunero ez baitute izaten beraien selekzioa futbolean ikusteko aukerarik.
Laura Rioja
2009ko Ekainaren 12a
Alramm herrian dago estadioa, Ramalaren eta Jerusalemen artean. Bidean, kontrola. Kalandiako kontrolgunean gaude, Apartheidaren Hormaren ondoan. Okupatzaileek gogorarazten digute lurralde okupatuetan gaudela, futbolaren kontuarekin ahaztu egingo zitzaigulakoan.
Kontrola atzean utzita, konboiak aurrera egin du. Berehala, musika jarri dute autobusean, palestinarren izaera nolakoa den erakusteko. Estadioak urte bat baino ez du. Selekzioak bigarren partida jokatuko du gaur han. «Lehenengoa Jordaniako selekzioaren aurkakoa izan zen –esan digu Munee Goul "Al Quds" egunkariko kirol saileko zuzendariak–. Jokalari on batzuk badauzkagu: batzuk hemengoak dira, besteak Gazakoak, beste batzuk Kuwaiten bizi dira... Ikusiko dugu zer gertatzen den. Obamari buruz zerbait esan nahi ote dudan? Gauza berririk ez dagoela: diplomazia biguna». Estadioan hitz egitean, futbola beti politikarekin nahasten da. Okupatzaileek egunero hiltzen dituzten palestinarren aldeko minutuko isilunea egin, eta partidari hasiera eman zaio.
Lau mila zale inguru bertaratu dira Faisal Husseini estadiora. Kazetari asko etorri dira partidaren berri ematera. Etxeko jokalariak aurkarien areara hurbiltzen diren bakoitzean, harmailak dantzan hasten dira. Estadioko lekurik onenean, agintariak: Jasser Abed Rabo PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkaria, Jibril Rajoub Palestinako Futbol Federazioko burua eta Hasan Abolebda Gazteria eta Kiroletako ministroa.
Txetxeniako taldeak gola sartu du, hamahirugarren minutuan. «Gaizki hasi gara –esan du ministroak, familia osoa ondoan duela–. Partidari buelta eman behar diogu. Hebrondik etorri gara, partida ikustera, eta ezin gara garaipenik gabe itzuli. Merezi dugu garaipena. Horrelako partidak ikusteko aukera gutxi izaten ditugu hemen». Partida festa moduan ospatzen dute palestinarrek. Umeek, dantzan eta builaka. Estadiora etorri diren emakumeak ere –gutxi batzuk– zutitu egiten dira, palestinar futbolariak animatzeko. Berdindu behar zuten eta horrela gertatu da. A zer poza! Kafea eta tea saltzen dutenak ez daude geldirik egoteko, nahiz eta sekulako beroa egiten duen: mugitu beharra daukate negozioa egiteko.
«Bazen garaia kirolez zerbait idazten hasteko, beti Barack Obamaren inguruan aritu beharrean –esan digu Munee Goulek, Issad Hamssa palestinar selekzioko entrenatzaileak egiten dituen aldaketak koadernoan idatzi eta gero–. Mundu osoan esaten da aldaketak datozela Obamarekin, baina ez da ezer gertatuko». «Guk badakigu zertaz ari garen. Kapitalismoa kapitalismoa da, eta Obama beti Israelen alde dagoen herrialdeko presidentea da. Ekialde Hurbilera egin duen bidaia bere aldeko erregimenekin dituen harremanak estutzeko helburuarekin egin du. Obamaren hitzaldia oso-osorik entzun nuen eta gauza berririk ez nuen aditu. Asentamenduak? Hori beti esaten digute. Obamak Europak duen jarrera bera dauka: asentamenduak hustu eta bi estatu eratu. Zer bi estatu? Israelek ez du bakerik nahi», adierazi digu "Al Quds" egunkariko kazetariak. Ia miraria izan da palestinarren lehenengo gola. Berdinketa markagailuan eta atsedenaldia. Dantza estadioan, eta opari bat txetxeniarrentzat, Palestinara etorri izana eskertzeko.
«Umoreari eutsi behar diogu»
«Azkenean, irabaziko dugu. Beste gauzarik ez dugu jakingo, baina erresistentzia egitea zer den ondo baino hobeto dakigu», esan du Abolebda ministroak, barrezka. Kafea ekarri digu. «Bizirik iraun nahi badugu, umoreari eutsi behar diogu. Ikusten duzu hemen gauzak nolakoak diren. Estadioko segurtasuna, hemen egon diren palestinar poliziakideak ere, Israelek kontrolatu ditu. Obama? Auskalo! Hasiera ona eman dio bere agintaldiari, baina ez daukat itxaropen handirik. Era guztietako gauzak entzuten ditugu. Itxaron egin beharko da, oso prozesu luzea izango da-eta».
Bigarren zatia hasi eta berehala, txetxeniarren bigarren gola. Estadioan ez daude beraien aldeko asko, baina bertaratu direnek ospatu dute gola. Hurrengo jokaldian ia-ia iritsi da etxekoen gola. Txalo zaparrada estadioan.
«Atzo palestinar bat hil zuten Bilinen, ostiralero Hormaren aurka egiten duten mobilizazioan. Duela gutxi beste bat hil zuten leku berean», jakinarazi digu gazte batek. Hauxe gaineratu du: «Hemen ez da ezer aldatzen. Unibertsitatean Obamaren hitzaldia entzun ahal izan genuen. Itxaropena? Oso gutxi. Geure politikariekiko konfiantzarik ez badaukagu, nola eman gure konfiantza atzerriko norbaiti? Nahiago dut futbola politika baino».
Zale palestinarrak partida ikusten ari diren une berean, ehunka kolonok Obamaren aurkako manifestazioa egiten dute Tel Aviven. Hebronen, berriz, nazioarteko eta Palestinako lagunek kolonia juduen hedapenaren aurka egin nahi zuten manifestazioa debekatu egin dute. Obamak Ekialde Hurbila bisitatu ondoren, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak kolonia txiki bat baino ez du desegin. Hala ere, kolonoak sutan jarri dira. Eta horien faktura betikoek ordainduko dute, palestinarrek, alegia. Ereindako lurrak suntsitu zituzten, eta sei palestinar zauritu.
Palestinako begirale itxaropentsuenek esaten dutenez, AEBek NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan beti Israeli eman dioten laguntza txikiagoa izan daiteke hemendik aurrera. Israelgo hedabideek kontu handiz aipatzen dute gaia, Etxe Zuriak palestinarren aldeko urratsak egingo dituen beldur.
Netanyahuren estuasuna
Haitham Tamini kazetariak Reuters agentziarentzat egiten du lan. Israeldarrekin lan asko egindakoa da. Bere diagnosiak ez du itxaropenerako tarterik uzten: «Sekulako beldurra dute. Edozerk beldurtzen ditu. Orain ere gauza bera gertatzen zaie. Libanorekin kezkatuta daude, baita Iranekin ere, eta Obama ez da israeldarren gustuko. Ekialde Hurbileko arazo nagusia horixe da, guztiak beldurrez akabatzen bizi direla».
Obamaren bisitak oihartzun handiagoa izan du Israelen, ortodoxoen artean, batez ere, palestinarren artean baino. Hemen esaten denez, Netanyahuren gobernuari ez zaio gustatu Obamak esandakoa, baina Israelgo exekutiboak ez du horregatik bere jarrera aldatuko. Kanpoko mehatxuek ez dute inoiz Israel kikildu eta lehen ministroak badaki juduen lobby edo presio taldeak AEBetako gizartean zein eragin duen.
Partida bukatu baino lehentxeago Fahed Abdal Jordaniatik etorritako futbolariak gol polita egin du. Bazirudien epaileak jokoz kanpokoa adieraziko zuela, baina markagailuan jarri dute gola. Berdinketa ez da txarra. Zaleek ospatu egin dute, zutik jarrita. Estadioan denak pozik daude. Ez dute bertatik irten nahi.
Umeak dabka dantzatzen hasi dira berriz, zaleek banderak zelaira botatzen dituzten bitartean. Inguruetako teilatuetara igota partida ikusi dutenek ere ospatu dute emaitza. Etxeratzeko garaia. Etxerako bidean, Nasser Kauasma auto gidaria ez dago isilik egoteko. Belen hiria zeharkatzen ari garela, urruti samar ikusten diren argiei begiratzeko esan digu. «Al Aksa da hori. Hemendik oso ondo ikusten dira mezkitako argiak. Al Kuds-en (Jerusalem hiria, arabieraz) dagoenez, ez daukat bertara joaterik, ezta neure familia ikusteko ere. Bigarren Intifada hasi zenean, Al Kudsera joatea debekatu zidaten. Horrela dira gauzak hemen».
Autobusa Hebronera iristean, normalean baino militar gehiago ikusi ditugu. Israelgo armadak debekatu egin du bertara sartzea. Obamak bidaiarekin jarraitzen du. «Alemanian dago, ezta?», esan digu gidariak, umore puntu batekin, kontrolera iritsi garenean.




