-

mikel olasagasti

2009ko Ekainaren 12a

Pasatu dira 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeak, amets hura sortu zutenek nahiko luketeen baino itxura kaskarrago eta tristeagoarekin: desinformazioa, izugarrizko abstentzioa, ultra-eskuindarren gorakada eta postre moduan bozen desagerketa. Hauek guztiek amorrua ematen didaten arren, asko kezkatuko nintzateke azken horren errua «beste behin» «errore informatiko» baten ondorio dela esatera ausartzen badira.

Baina dena ez da amorrua eta tristura. Lerro hauen bidez, Christian Engstrom zoriondu nahiko nuke, Suediako Piratpartiet-eko hautagai burua, herrialde hartako 18 eserlekuetako bat lortu duelako bozen %7,1 eskuratuta. Zorionak, beraz, alderdi horretako kide guztiei eta Europan zehar horrelako alternatiben alde bozkatu dutenei. Indarra badago eta hau ona da. «Lobby» aktibo eta jantzia izango dugu Europan, software patenteen kontra, software libre eta gizarte eredu libre baten alde.

Legeen %80 Europatik datorrela esan dute politikari guztiek eta, ondorioz, Europak benetan ematen dioguna baino garrantzi handiagoa duela azaldu nahi izan digute, lortzea beste kontu bat da. Igandean, emaitza «ofizialak» jaso bitartean afaltzen geundela, kasu bat azaltzeko aukera izan nuen. Eskatu genituen bokaten zain geunden bitartean, bideogintzaren etorkizunaz hasi ginen hizketan.

Youtube bideo ataria eta honen antzerako klonak -Dailymotion, Euskaltube eta beste hainbat nabigatzaile- zer diren ere ez dakienak ezagutzen dituela ondorioztatu genuen. Aldiz, zenbatek dakite bideo horiek ikusteko grabatuak izan diren formatuak eta erreproduzitzeko aplikazioak patenteen pean daudela eta honek zuzenean ala zeharka erabiltzaileari arazoak sortzen dizkiola? Galde diezaietela bestela NASAko kideei, Hubble satelitea konpontzera joan ziren azken bidaian, tripulazioak egun bat libre izan eta ezin izan zuten DVD bat ikusi, softwareak arazoak ematen zizkielako. Eta nola konpondu patenteen pean dauden aitzakiarekin aplikazioak itxiak direnean, nabigatzaileetan bideoak ikusteko dugun softwareen moduan.

Interneteko kasuan, software hori webguneek eskatzen dute. Youtube edo beste webguneetara sartzerakoan, honek software jakin bat eta bertsio jakin bat eskatuko digu, enpresa jakin batek garatutakoa, doakoa bai baina ez irekia. Kontuan izanda webguneak sortzeko kodea, HTML lengoaia, W3C izeneko elkarteak onartutako estandarrez osatuta dagoela eta berez nabigatzaile guztiek bete behar dutela, «normaltasunez» nabigatzeko enpresa jakin baten teknologia behar izatea kontrajarria da. Denak aurrera egiten duenez, lengoaiek ere aurrera egin behar dute eta HTML5 izenekoa proposatu zuten orain hilabete batzuk, gaur egun webguneek duten kodearen eboluzioa. Erabiltzaileek ez dute ezer nabaritzen, baina garatzaileei leiho mordo bat irekitzen zaizkie. Bertan, bideoak eta audioak erabiltzaileei eskaintzeko modu erosoagoa proposatzen zuten, formatu ireki eta patentaturik gabekoak erabiliz. Zoragarria ezta? Bada, Applek eta Nokiako kideek proposamen irekia atzera bota dute, ezer zehatzik proposatu gabe. Hau da, une hauetan ez dago proposamen zehatzik, ideiak soilik.

Arrazoia ulertzea konplikatua izan daiteke, lehen proposamenak OGG formatu irekia proposatzen zuelako, guztiz librea dena, baina hortxe dago koska. Hain da librea, non ez duen patenterik, eta patenteen mundua hain da korapilatsua, non agian «norbaitek» horren aurkako patenteren bat izan dezakeelakoan nahiago duten horrelako formatu librerik ez erabili.

«Norbaitek, agian», hau da, beldurra besterik ez, ezin delako zehatz-mehatz jakin nondik atera daitekeen salaketa. Norbaiti bururatzen zaio Opel-ek kotxerik ez egitea Ford-ek 4 gurpildun autoak egiten dituelako?

Oraingoz, Europako Parlamentuak atzera bota ditu patente hauen aldeko legeak, AEBetan normalak diren arren, Europan ez dira onartzen. Etorkizunean berriz saiatzen direnerako, primeran etorriko da Christian Engstrom bezalako bat lehen lerroan, orain arte egon direnekin batera, baina dedikatuagoa. Halere, ez da Christian-en lana soilik, garatzaileek lehenbailehen hartu behar dituzte horrelakoak eta erabiltzaileek kontsumitu, bestela jai dugu. Aupa Christian, aupa zuek!