-

Batean gazteak elkartzen dira eta bestean erretiratuak. Batean garagardo botilen bilduma dute eta bestean zezenketen irudiena. Batean parrandako planak egiten dituzte; bestean, eskulan txikiak. Baina biek, Azpeitiko Akerzulo eta Donostiako Egia auzoko Txemaren Txokoa, gauza bera dira azken batean: denbora lagunartean emateko toki apartak.

Maider Iantzi

2009ko Ekainaren 12a

Azpeitiar guztiak egon omen dira behin edo behin Akerzulon. Jaietan, lokaleko inor ez eta kanpoko jende piloa ikusten dute. Baten lagunak etorri direla eta lagunen lagunak atea irekita beste haren lagun batzuk ekarri dituela gaua pasatzeko... Sokamuturrean, zezena ere sartu izan zaie. Garagardo botilen bilduma dute horman, hainbat tokitako 200 oroigarri. Lokalekoak ez direnak eta tarteka etortzen direnak ere gogoratzen dira edozein bidaiatatik botilak ekartzeaz.

Akerzulo duela sei urte sortu zuten, jolas-aretoa zegoen lekuan. Txokoa koadrilako baten gurasoena da, gazteek beraiekin prezioa adostuta dute eta alokairua ordaintzen diete hilero. Lokala hartu zutenean ez zuten gaztetxerik herrian eta tabernetara joateko gaztetxoak ziren oraindik. Kalean hotza pasatzen baino hobeki egonen ziren Akerzulon.

Gazteen elkargunea mordoa aldatu da hasieratik hona. Sorreran, adin bateko koadrila bat ziren, baina gero, pixkanaka, kalean egoten zen jendea biltzen eta nahasten joan zen. Batzuk ez ziren beti ateratzen eta, urte batzuk pasatu ondotik, lokala aprobetxatzen ez zutenek bazkide izateari uztea eta giltza gehienetan erabiltzen zutenei ematea erabaki zuten. Batzuek egun osoa hemen ematen dute eta besteak asteburuan bakarrik etortzen dira, edo gauean, orduan ez du merezi ordaintzea. Baina edozein etor daiteke. Kaletik bertan gelditzen da eta parranda bukatutakoan tabernak itxi eta askotan etortzen dira zerbeza hartzera. Handia da, jende asko sartzeko lekua dago eta asteburuetan dena beteta egoten da. Sofa piloa dute, zaborretatik hartuak, zahartzean etxetik ekarriak edo bigarren eskuko dendan erosiak.

Siesta orduan egin diegu bisita. Lagun batzuk besaulkietan daude erdi lo, Fama telebista programaren eta ametsen arteko tarte goxoan. Egunero bezala, Imanol eta Xabi kafea hartzeko elkartu dira Herriko Tabernan eta handik etorri gara lokala ikustera.

Lagunartean egon, elkartu, hitz egin, telebista ikusi, musika entzun, parrandarako planak egin... Azken batean, denbora pasatzeko lekua da Akerzulo, lagunartean egoteko txokoa. «Deitu beharrik ez dugu, bakoi-tzak bere ordutegia dauka eta nahi duenean ateratzen da, bakarren bat beti egoten da, langabezian dagoelako, ikaslea delako edo oporretan dagoelako. Denetarik dago», azaldu dute.

Azkeneko lau bat urteetan lokal dezente dago Azpeitian. Azkerzulo sortu zuten garaian agian ez zegoen hainbeste. «Egunero tabernan egon beharrean, libre gaude gure lokalean nahi duguna egiteko, tabernan beste jendea errespetatu behar dugu, eta ez dugu ohiturarik etxean geratzeko, kalean gaude beti. Orain, udan plana egiten dugu, mendira edo hondartzara joaten gara; neguan, ordea, ondo hartzen dugu horrelako txoko bat. Askotan, asperdura ere ekartzen du, lau pareten artean sartzen gara eta telebistan iragarkiei begira egoten gara. Bakoitzak bere alternatibak bila-tzen ditu eta hemengoa jakina da: hona etorri eta egotea».

Bazkide ez direnentzat itsulapiko bat egoten da, bakoitzak nahi duen dirua jartzeko, gero erosketak eta konponketak egiteko. Auzolanean, gero eta hobeto zaintzen dute lokala.

 

Txemaren Txokoa Egian

Donostiako Egia auzoan, aurkitzeko hagitz zaila den toki batean dago Txemaren Txokoa: Duque de Mandas kalean, Groseko tren geltokiaren parean, taberna txiki baten ondoan. Kaioa izena du ostatuak, baina norbaitek letrei itxura aldatu eta Alkaida idatzi du gainean. Atariko bankuan eserita topatu ditugu Txema Mendizabal, Jon Erauntzetamurgil eta bertze lagun erretiratu batzuk, arratsalde batean. Hantxe bildu ohi dira egunero dozena erdi bat adiskide, berriketan aritzeko, Neska katemea ondoan dutela. Beren maskota da, lasai-lasaia eta hagitz estimatua inguruan. Lokalean bizi da. Bisitaren unean, gelditu gabe ari ziren solasean, honetaz eta hartaz. Bankua sekretuak kontatzen hasiko balitz...

Jonek erosketetarako gurdi bat zuen esku artean, bizilagunen batek emana zion konpon-tzeko. Halako lan txikiak egiten dituzte. Gurpildun banku bat egin dute, adibidez, Txema eta Jon izenak gainean grabatuta. Txema erretiratu zenean, orain dela sei urte, emazteak eta biek lokal bat erostea erabaki zuten, berenduak egiteko eta lagunekin denbora pasatzeko. Kamera batena zen, Madrilera alde egin zuen lanera eta orduan saldu zien. Keak ateratzeko biderik ez dutenez, ezin dute sukaldean ibili eta merienda gutxi egiten dituzte. Gainera, bakoitzak bere elkartea dauka. Txema "Los Corcones"-ekoa da. Telebista bat daukate eta astero elkartzen dira pilota partidak ikusteko. Musikarik ez dute jartzen, ez baitira ados jartzen.

Txokora sartu bezain laster jakin dugu zein den jabearen zaletasuna: zezenak. Sanferminetako eta bertze hainbat jaitako irudiz beteta ditu hormak. Zezen-ziriak egiten ditu, aita zenak Donostiako zezen-plaza zaharrerako egiten zituen eta harekin ikasi zuen. 1952ko zezenketetako programak ikusi ditugu, Iruñekoak eta Donostiakoak, artzainek zezenak Nafarroa- tik ekartzen zituztenekoak. Honekin lotutako bitxikeria bat kontatu digu Txemak: Lasturreko baserritarrek behiak kalera atera eta gauetan libre uzten zituzten, odol nafarreko zezenek aurkitu eta ernari utz zitzaten. 1922ko sanferminetako kartelak, Bilboko zezen-plazako argazkiak... Joni zezenak gustatzen zaizkio, zezenketak ez, ordea, eta Txemak ez du lortzen konbentzitzea.

"Los Corcones" elkarteko ikurra ere eskegita dago horman. Arreba zena dekoratzailea zen eta berak egin zuen. Korrokoi ar bat eta eme bat marraztu zituen, txapel banarekin, Santa Katalina zubia eta Urumea atzean zituztela. Argazki batean elkarteko lagunekin ageri da Txema, makilak astintzen, danborradan. Bertze batean, aitarekin zezenketetan, ziriak egiten laguntzen zion garaian.

Emaztea Cortesekoa duenez, anitz ibili da inguru hartako zezenketak ikusten eta garai zaharretan bezala toreatzen dutela azaldu digu, muletarik, kapoterik eta ezer gabe, gorputzarekin bakarrik. «Ni, orain, ez naiz ateratzen zaharra eta lodia naizelako, baina ibili izan naiz. Gaztetan adarkada bat jaso nuen Cortesen, 15 puntu eman zizkidaten eta jaiak izorratu zizkidan».

Alde batean trastez betetako apalak, bainu txiki bat, mikrouhin labea, hozkailua eta mahaia dituzte. Tailerrean, berriz, denetarik: zerrak, bastoiak, hiru bizikleta, txori kaiolak... Txema anitz ibiltzen da bizikletan eta, haizea egiten duenean, objektu piloa aurkitzen du eskulanak egiteko. Ura berotzen denean, Urumean karramarroak arrantzatzen ditu. Objektu ugari dute, baina badakite bakoitza non dagoen eta dena dabil ongi. Bazter batean edariak dituzte, apaingarri modura, lehen pa-txarana egiten zuten, baina orain ardo gorri nafarren bat hartzen dute eta kito.

Orain, Txema peñekin lanean ari da Nafarroan eta hilabetean behin etortzen da. Bitartean, Jonek nahikoa egiten du lokala zaintzen. Amaginarreba hil zitzaionetik, sarri egoten da Txema haren herrian, Cortesen. Etxe handi bat utzi zuen eta hiru peñentzat lekua prestatzen ari dira. Lan hori bukatzean ikusiko dute txokoan zer egin.