Egoitz Lasa
2009ko Ekainaren 12a
Aireportu batean zain egotea tokatzen denean, ez aspertzeko ez dago aukera handirik. Edo kafetegira joan edo aldizkari dendara, edo biak. Nik normalean biak aukeratzen ditut. Lehenbizi aldizkari edo libururen bat hartu eta gero kafetegira. Azkenekoan ere halaxe egin nuen eta kontua denbora galtzea denez, ba dendan bueltaka nenbilen liburuen titulu guztiak irakurriz. Guztiak «Como....» hitzarekin hasten ziren eta bukaerak berriz «... la felicidad», «... la vida», «... el amor» eta «... triunfar» estilokoak ziren. Dios! Orain ere sartu nauk autolaguntza sekzioan.
Izan ere autolaguntza sekzioak bere arriskuak ditu. Arazoren bat daukazu? Hori konponduko duen autolaguntza liburu bat dago. Ez daukazula arazorik? Hilda zauden seinale. Baina lasai hil ondoren laguntzeko liburuak ere badaude eta. Arazo guztietarako dago autolaguntza liburu bat eta horrek egiten ditu arriskutsu, konponbidea liburu hoietan bilatuko dugula pentsatzeak. Imajinatzen? «Como ser feliz» irakurri Bartzelonatik Bilborako hegaldian eta kitto! Bizitza guztirako feliz. Inolako arazorik ez, egundoko osasuna, lanean arrakasta, konplexurik gabe, lagunekin primeran, bikotearekin ezin hobeto, auzokide guztiekin de puta madre...eta gero, zer? Gero «Como no aburrirse» zer hain zoriontsu izateak azkenerako aspertu ere egin behar du. Eta horren ondoren? Lasai ordurako egongo da libururen bat «Como ser feliz sin aburrirse» izena duena. Hori bai, izena agian ez da hain sinplea izango. Zerbait elaboratuagoa izango da, bestela kuadrilako batek idatzi duela ematen du. Horrelako zerbait gutxi gorabehera «La alegria mediante la espiritualidad, el amor y la compasión como camino a la diversión y disfrute de una vida plena de salud interior» dena azalean eta maiuskulaz.
Baina ez du funtzionatuko, eta oraindik ez dut ikusi inon arazo hori konponduko duen «Como lograr que funcionen los libros de autoayuda» liburua. Egia esan normalena alderantziz funtzionatzea da. Zure arazoa konpontzeko liburuan, beste mila arazo dituzula kontatzen baitizute eta ez zegoen tokian ere begiratzen hasten zara zure bizia hobetzeko asmoarekin. Horixe da liburu hauen tranpa. Logikoa erabat. Arazoak konpontzeko liburuak saltzeko, arazoak sortu egin behar dira.
Orain barietate ikaragarria dago baina garai batean bakarra zegoen. Liburu bakarra arazo guztientzako. Biblia. Lehenengo autolaguntza liburua. Triste zaude? Irakurri biblia. Lanik ez daukazu? Irakurri biblia. Senarrak jotzen zaitu? Irakurri biblia.
Ez zuen ordea ezer konpontzen. Bizitza ulertzen laguntzen omen zuen. Zakurraren putza! Aita, semea eta espiritu santua batera den uso batek emakume bat haurdun utzi eta birjin jarraitzen duela baieztatzen duen liburuan nola arraio ulertu behar da bizitza? Sortuko ez ziren ba gero liburu sinesgarriagoak! Ipurbeltz bera adibidez. Eta euskal literaturaz ari garela, ba al dago euskaraz sorturiko autolaguntza libururik? Zein arazo konpontzen ahaleginduko da? «Nola sortu enpresa bat Euskal hitza erabili gabe» edo «Nola izan euskalduna preso erori gabe» edo orain uda datorrela «Nola eskakeatu txosnan turnoak egitetik». Seguru salduko liratekeela eta Durangon stand berezi bat izango lukete gainera, funtzionatuko luketen edo ez hori beste kontu bat da.
Nik erosi izan ditut autolaguntza liburuak eta ze esango dizuet, ez didate funtzionatu. Hala ere, badago bat auto eta laguntza hitzen esanahia modu praktiko eta eraginkorrean biltzen dituena. Playboy. Eta honek funtzionatzen du.




