-

Donostiako Urbieta kalean, 66. zenbakian, bada denda bat izenik ez duena baina inguruko guztiek ezagutzen dutena. Ontziak, soinekoak, bitxiak... Angeles Ganboak maite ditu objektu zaharrak eta bizi osoa darama gordetzen

Maider Iantzi

2009ko Ekainaren 12a

Goizeko hamarrak dira eta Angeles Ganboak atea itxi du gurekin lasai egoteko. Adineko gizon bat eskaparateari begira gelditu da. «Aunitz gelditzen dira horrela, oroitzapenak ekartzen dizkie», kontatu digu dendari sunbildarrak. Gazte ugari ere joaten omen da berarengana zer daukan ikustera edo objektu bereziren baten bila. Nafarra bada ere, 11 urterekin etorri zen Donostiara bizitzera eta nabari da auzoan ezaguna dela. Bata eta bertzea agurtzen du kristalaren bertze aldetik eskua altxata. Tok-tok egin du norbaitek eta  begiratzera joan da Angeles. «Baduzu ezkontza-hornirik (arras de boda)?», galdetu dio emakume batek ate ertzetik. Ez dauka halakorik, baina lortzen ahaleginduAulki txiki banatan eseri gara. Denetariko lanparak ditugu gainean: batzuek armiarma itxura dute, bertzeek kandelak dituzte, parpailekin apaindutakoak ere badira... Ez da ia hormarik ikusten, dena dira ispiluak, platerak, koadroak, txapelak eta loreak. Gustura bizi da Angeles horrela, objektuen artean, eta bete-beteta ditu denda eta etxea ere, Donostiakoa eta Sunbillakoa. Objektu artean bizi gara denok ere, makina bat objektu erabiltzen dugu egunero gure zereginetarako eta gure zerbait gelditzen da haietan grabatuta. Objektu zaharrek joandako garai baten berri ematen digute. Adibidez, dendariak haurren soineko txuri polit bat erakutsi digu. Oinez ibiltzen hasten zirenean janzten zieten umeei.

Objektuen istorioak

Objektu zaharrek joandako garai baten berri ematen digute, istorioak gordetzen baitituzte barrenean. Angelesek 78 urte ditu eta primeran oroitzen da, adibidez, 7 bat urte zituela amatxiren ahizpa Celestinarekin Sunbillatik Berara egin zuen bidaiaz. San Esteban bestak ziren eta etxe batetik deitu zioten Celestinari sukaldera joateko. Xahartua zegoen eta neska berarekin joatea nahi zuen fardela eramateko, nabalak, mantala eta sukaldeko tresna guztiekin. Etxe handi bat zen, elizaren ondoan. Bi anai-arreba ezkongabe bizi ziren eta etxekoandreak, argal-argala zen, berehala erran zion Celestinari: «Begira, garai hagitz zailak dira eta Madrileko jendea espero dut. Moldatu beharko duzu. Bi oilo ditut salda eta kroketak egiteko eta gero beti badira oilaskoak. Arroz esnerik ez da falta eta flanak zuk eginen dituzu». Etxekoandre horren apurua, bestak izaki, jendea helduki eta jana eman behar. Atari eta lorategi ikaragarri ederra zuten, dena udarez eta sagarrez betea, eta neskatoa ez zen handik atera. «Ze polita den niretzat Berako kontu horretaz hala oroitzea!», adierazi digu.

«Niri tarteko gauzak pasatu zaizkit, baina ttikitako gauzak bertan daude: eskolako kontuak, nire Sunbillako lagunak. Elkar harrapatzen dugunean txandarik gabe aritzen gara! Ze irriak egiten ditugun! Gazte denborako kontuak dira hoben-hoben-hoberenak, pobreak ginen, baina denak berdinak ginen, aberatsik baldin bazen gure artean gordea egonen zen», azaldu du.

Eskolan hiru talde ziren, ttikiak, erdikoak eta gehiago zekitenak. Mutilek bertze eskola bat zuten. Hagitz eskola gutti hartua da Angeles, beti bazuen ardi zain ari beharra edo lanen bat egin beharra etxean. Eskolara joaten zenean ez zuen batere ikasten, eskapatu egiten zen. «Zorte handia izan genuen maestrarekin, izugarri ona genuen. Bagenuen estufa bat eskolan, erdi-erdian, eta neguan lehenbiziko lana hura piztea zen. Ke handia ateratzen zuen eta maestra negarrez hasten zen kearekin. Gero, amak edo attak erran zidaten txotx idorrak eraman behar zirela eta iratze pixka batekin jarriz gero ez zela kerik. Nik ikasi hura, eskolarako baino aire hobea nuen sua pizteko». Gauetan ikasgaia ikasi behar izaten zuten pixka bat, baina Angelesek ez zuen libururik ireki ere egiten. Hurrengo egunean galdetzen bazioten gorri-gorri jarriko zen, baina irakasleak ez zion errietarik eginen, sua kerik gabe pizten zuenez...

Txikiagoak zirenean bertze irakasle bat izan zuten. Denak suaren inguruan esertzen ziren bero-bero, han ez zen kerik eta kantatu egiten zuten lehenbizi, gero ipuin bat ateratzen zuen maistrak eta Angelesek koloretako ipotxak ikusten zituen, polit-politak, ez du behin ere halako ipuinik ikusi. «Maestra harek haurrak maite zituen, txaketa paratu, kendu, lehortu... Kexatu egiten ziren señorita Beatrizek ezer ikasi gabe bidaltzen zituelako haurrak bertze eskolara, baina ongi zaintzen gintuen. Badakizu denbora hartan zer zen eskolara hain kontent joatea! Eskola ikasi behar da, baina inportanteagoa da maitatzea, ez zaizu iruditzen?».

Errekan orrazten

«Ez da pobrerik horren kontent bizitu denik. Etxean ez ziguten errietarik egiten. Attak egunero doktrina pixka bat leitzen zigun bost haurroi, mahaiaren inguruan. Bi liburu zituen, euskarazko doktrina eta bertsoen liburu ttiki bat erroperoaren gainean. Doktrina hori ez dut harrapatu, erraten nien `ez bota deus, ez erre deus', baina ez dut gehiago ikusi. Lehengusuak nituen oso bertsolariak, ardi zaintzen edo edozertan ari zirela beti bertsotan aritzen ziren. Azoketan ere baziren beti bertso paperak, Donezteben, Elizondora ez ginen ailegatzen, baina norbaitek ekarriko zituen. Gustatzen zitzaizkidan».

Aunitz jostatzen ziren auzoan. Erreka bat bazuten eta aita eta ama siestan zeudenean bertara eskapatzen ziren, txipak hartzen zituzten, txipatuak egoten ziren goitik beheiti... Errekak bizi handia zuen. Amek errekan garbitzen zituzten arropak eta orrazia eta ispilua eramaten zituzten. Emakumeek elkarri kontuak errateko tokia zen, behin adin batean. «Iruditzen zait euren gizonen kontuak erraten ariko zirela. Behar da. Batek erranen zuen: `Gurea polita dabila!'. Irri batzuk eginen zituzten gizonen gainean, seguru».

Angelesek berezkoa du objektuekiko maitasuna. Ttikitatik altxatzen zituen ganbaran. Ez daki zergatik. Trapuzko panpinak ere nola janzten zituen suaren ondoan! «Etxe batera joaten banaiz, gauza zaharrak alde batean jartzen ditut eta berriak bertzean. Trapu zahar bat ere ez dut botatzen. Trasteek ez didate trabarik egiten eta zikina dagoeneko ez dut ikusten. Ikusi gabe saltzen dizkidate gauzak, `nola altxatuko duzu dena?', erraten didate. Konforme naiz, ezin da dena altxatu».

11 urterekin Donostiako etxe batera etorri zen neskato. «Ze lastima, gazte samarra da», erran zuten ikusi zutenean, baina proba egitea erabaki zuten, pena emanen zien berriz Sunbillara bueltatzea. «Izugarri ongi tratatu ninduten. Arratsetan oroitzen nintzen, bakarrik gelditzen nintzenean, baina hain onak ziren! Ez nuen ikusten purrusta bat egiten zidatela. Poliki-poliki erakutsi zidaten sukaldean eta denean. Segidan hasi ziren bidaltzen umeekin eskolara. Igandetan hiru haur ateratzen nituen, bi neska eta mutiko bat, eta tranbian ibiltzen ginen».

Patxik, senarrak, ezagutu eta laster eskatu zion ezkontzeko. Hagitz mutil jatorra zen eta Angelesek baietz erantzun zion. Ezkontzaren aurretik sekulako anginak harrapatu zituen eta honela erran zion Patxiri: «Ez naiz ezkonduko, hil egin behar dut». Penizilina eman zioten eta ileapaindegira joan gabe, ohetik zuzen-zuzenean joan zen Sunbillako elizara. Bost haur izan zituzten eta hazi zirenean, ikasi eta lanean hasi zirenean, denda bat irekitzea pentsatu zuen. «Denda?», zur eta lur begiratu zioten etxekoek. Atzo izan zela iruditzen zaio.