-

Modaren munduan kaleko joerak antzemateko erabil-tzen dira «cool hunter"ak, joera bilatzaleak, alegia. Mondragon Unibertsitateak enpresa kudeaketan master bat egin duen nekazaritza-ingienari asturiar bat bidali du munduan barrena. Bere lana «business hunter"arena izango da, ibilian ibiliz negozio berrietarako ideiak biltzea.

2009ko Ekainaren 12a

Nekazaritza-ingeniaria da. Asturiarra. Karrerako laugarren ikasturtea egiten ari zela, Faustino Villabrille irakasle edukitzeko zoria izan zuen. Justizia sozialaren alde lan asko egindako apaiza da, Guatemalan ibilia eta Asturiasen bertan, Agrivaldes kooperatibak sortu zituena. Irakasle honek bultzatu zuen euskal kooperatibismoaren sortzaile izan zen Jose Maria Arizmen- diarrietaren lana ezagutzera. Ivan Marcos Pelaez Euskal Herrira etorri zen eta enpresa gestioan master bat egin zuen, Oñatiko ETEOn. Irakasleak, Julen Iturbek, ikasketa bukaerako proiektua zertaz egin behar zuen galdetu zionean, Ivan Marcosek proiektuaren izenburua aipatu zion: «Munduari itzulia 80 kooperatibatara». Hasierako ideia horretatik jaio zen «Munduan zehar aukera bila».

Joan den otsailean atera zen Ivan Marcos Pelaez munduari itzulia emateko asmoarekin. Indian eman ditu ondoko hilabeteak eta Thailandian dago orain. Bidaiaren helburua? Garapen bidean diren herrialdeetan negozio, produktu, zerbitzu eta ideia berriak bilatu eta gure sistemara ekartzea. Enpresa munduko hizkeran, «business hunter» deitzen zaio lanbide horri. Dagoeneko Indiako zenbait sektore aztertu ditu Ivan Marcosek eta egunean bertan jartzen ditu ideia horietako gehienak bere blogean (http://ciudadanoenelmundo.wordpress.com), wikian (http://obea.wikispaces.com/Las-cosas-de-Ivan) edo twuitterrean (http://twitter.com/ivanmarcos), hiru bitarteko aipatzearren. Ostegunean zortzi inauguratu zuten teknologia berriei buruzko Visio 2009 batzarra, Gateizen. Julen Iturbek irekierako hitzaldia Ivan Marcosen proiektuaz ematekoa zuen eta, kontatu zigunez, skype bidez berarekin hitz egiteko asmoa zuen. «Berrehun lagun egongo dira en-tzuten eta nire asmoa skype bidez Ivanekin hitz egitea da», esan zigun.

Ibilbidea

Lau hilabete eman ditu Indian. Tibetera igo da, baina arazoak zituen Txinara muga horretatik igarotzeko eta Thailandiara jai-tsi da, Txinara behetik sartzeko asmoarekin. «Kontuan izan behar da India esnatzen hasi den herrialde izugarria dela eta oso interesgarria da gisa honetako bidaia batean. Bestalde, Ivanek berak gogo bizia zuen bai Vicente Ferrer-en proiektua, bai `Bombayko Irribarreak' deitua, ezagutzeko. Beste zenbait harreman ere bazituen. Nekazaritza-ingeniaria izanik, Asturiasera ere bidali nahi zuen informazioa. Gainera, India izugarri herrialde handia da eta ingelesa erabiliz harremanak egiteko aukera ematen du. Txinan, esate baterako, askoz ere murritzagoak dira aukera horiek», esan zigun Iturbek. Thailandia,Vietnam, Malaysia, Txina, Japonia, Australia, Zeelanda Berria eta AEBak dira datorren urteko otsailera bitartean Ivan Marcos Pelaezek arakatuko dituen herrialdeak. «AEBetako egonaldiak ere interes handia du guretzat. Hemen masterra egin zuen ikasle bat, Dani Bianchi, dugu Chicagon, kooperatibismoa ikasten. Ivanen bidaia honetan Chicagon kooperatibek nola funtzionatzen duten ikustea interesgarria iruditu zizaigun», esan zuen.

Indiako berri

Ivan Marcosek blogean ematen du bere bidaiak eragindako gogoeten berri. «Badira urte ba-tzuk Vicente Ferrer-en lanari buruzko liburu bat nire eskuetara iritsi zela. «Iraultza isila» zuen izena. Bere lanaren berri zuzenean ezagutzeko grina piztu zi-tzaidan eta ezin nuen abagune hau pasatzen utzi, munduko ekintzailerik handienetakoa baita bera. Baratzezaintza Argitalpenen zuzendari Alicia Namesnyrekin ere mintzatu naiz. Bere aldizkarian kolaborazioak egin ditut eta ordaindu behar zidan diruarekin Meghana izeneko neskato bat besoetako egin nuen. Meghana Vicente Ferrer izango da», adierazi du bere blogeko pasarte batean. Vicente Ferrer fundaziora egindako hiru eguneko bisitaren berri ematen du eta eskolak, ospitaleak, emakumeen tailerrak eta nekazari-tzan dituzten proiektuak nolakoak diren agertzen du.

Bombayri buruz ari dela honako hau adierazi du: «Ahmedabad-etik Bombayra hamar bat ordu daude trenez. Ahmedabad-eko geltokia kaosa zen. Bi orduko atzerapenarekin atera zen trena. Bi ordu horiek lurrean eserita itxaroten zegoen jendearekin hizketan eman nituen. Optimistenek Bombayn 16 milioi lagun bizi direla diote. Eta pesimistagoek 25 milioi bizi direla».

Ivan Marcos Pelaezek oso ondo idazten du eta eguneroko gorabeherak oso modu dotorean kontatzen ditu. Hiri horretan ezagutu dituen bidaiariak aipa-tzen ditu, esate baterako. Hiri horretako agendan zuen bigarren hitzordu garrantzitsua Bombayko Irribarreak deituriko proiektuarena zen. Hiriko auzo txiroetako umeekin lan egiten dute. «Bombay mundu txikiz betetako mundua da, kontraesanez betetako itsaso bat, baina maitemintzen duen hiria ere bada, batez ere, ezustekoak eta abenturak gogoko ditugunon-tzat», idatzi du, beste pasarte batean.

Badaude bidaia horretan une gozo eta lasaiak ere. «Badago Diutik zortzi bat kilometrora edozein bidaiako egonaldia alaitzeko moduko paradisu bat, Nagoa Beach izenekoa. Badira hor hondartza hutsak ere eta ur garbietan bakar-bakarrik murgildu eta urpekaritza egin dut», kontatu du.

Travbuddy

Ivan Marcos Pelaezen kronika horretan behin eta berriz ager-tzen den izena da Travbuddy, bidaiarien elkartea. «Bi egun basamortuan eman ondoren, Molti Palace hotelera itzuli gara. Biharamunean Padam-ekin geratuta nago, Travbuddy elkarteko kidearekin», esan du, esate baterako, une batean. Baditu kronika horrek Indiako kaleetako kaosa agertzen duen pasarte gogoangarriak ere. «Indiako kaosaren froga bat ikusiz atera nintzen hiritik. Biribilgune batean rickshaw batek bi bizikletazaleri aurrea hartzen ari zen kamioi bati bozina jo dio. Bizikletazaleek zakur bat saihestu behar izan dute eta zakurrak etzanda zeuden bi behi, bi basurde moto batekin tupust egiteko zorian ziren une berean», azaldu du. Tarteka, gogoeta sakonak ere jaulkitzen ditu: «Txirotasuna perspektibarik eza da. Benetako txiroak ez dira errebelatzen».

Munduari itzulia

Bere osabak maiz aipatzen omen zion unibertsitatera joan aurretik egiten zuten «Gap year» delakoa. «Britainia Handiko ikasle askok sei edo hamabi hilabete hartzen omen zituzten munduan barrena ibiltzeko», esan du pasarte batean eta bere lehen bidaiak aipatu ditu. «Aurten, Obea Learning Around the World proiektuari esker, nire Gap Year partikularra egiten ari naiz eta aurreko bidaietan ikasi eta liburuetan irakurri duda  guztia ari naiz baliatzen. Eta munduan zehar egindako adiskideek ere lagunduko didate», adierazi du. Web sozialaren lanabes berriei esker, etengabeko harremana du Julen Iturbe irakaslearekin. «Twiterrari edo wikiari esker, ondoan banu bezala jarraitzen dut bere ibildea. Berarekin hemen zegoenean baino gehiago hitz egiten dudala uste dut», esan zigun Julen Iturbek.

 

 

Ivan Marcos Pelaez


Obea Learning AROUND THE WORLD proiektuko bidaiaria

«Hogeita lau urte nituela, aita Faustino Villabrille ezagutzeko zoria izan nuen eta
kooperatibismoa aztertzen hasi nintzen»

 

Ez da sinestuna, ez da fededuna, baina txikitandik mirestu ditu herrialde urrunetara jendeari laguntzera joaten diren misiolariak. Beti mirestu izan ditu esploratzaileak eta abenturazaleak. Gaztetan irakurri zituen Verne, Stevenson, Leginetxe, Kapuscinski eta beste hainbat idazleren lanak. Eta koktel horretatik jaio zaizkio gaur dituen kezka sozialak, baita beste lurraldeak eta kulturak ezagutzeko grina ere. Urtebeteko bidaiaren lehen lau hilabeteak Indian eman ditu eta Thailandian dago, une honetan, Ivan Marcos Pelaez. Internet bidez bidali genizkion galderei erantzun die.


Noiztik dauzkazu kezka sozialak eta noiz jaio zitzaizun kooperatibismoari buruzko interesa?
Ezin dut data zehatzik eman, baina lotura handia izan dut baserritik bizi den jendearekin, beti gustatu izan zaizkit, eta horrexegatik erabaki nuen nekazaritza-ingeniaritza ikastea. Nire aiton-amonak nekazariak ziren eta beti izan dut garbi kooperatibak zirela irtenbidea eta beti sinestu izan dut elkartasunak egiten duela indarra. Hogeita lau urte nituela, aita Faustino Villabrille ezagutzeko zoria izan nuen, Asturiasko Agrovaldes izeneko kooperatiben sortzailea, eta berari esker hasi nintzen euskal kooperataibismoa aztertzen. Ondoren MBA (Master in Business Administration) egitera joan nintzen Euskal Herrira, herrialde horretan bakarrik baitago kooperatibismoa aztertuz MBA bat egiteko aukera.

Noiz sortu zitzaizun bidaiatzeko gogoa eta zaletasuna?
Hemezortzi urte nituela hasi nintzen Asturiastik ateratzen. Betidanik izan dut beste herrialdeekiko jakin-mina, beste kulturak ezagutzeko grina. Irakurzale amorratua izan naiz eta uste dut irakurketaren bidez sortu zitzaidala grina hori. Verne, Stevenson, Leginetxe, Kapuscinski eta beste hainbat egileren lanak irakurri nituen, unibertsitatean ikasketak egiten ari nintzenean, eta Erasmus bekei esker Portugalen, Eskozian eta Irlandan bizi izan nintzen.

Zer arrazoi izan zenituen Euskal Herrira etortzeko?

Lehen aipatu dudan bezala, Euskal Herriko kooperatiba mugimendua bertatatik bertara ezagutu nahi nuen eta nik teorian ikasitakoak praktikan nola funtzionatzen zuen ikusi. Kooperatiba horiek globalizazioaren arora nola egokitu diren aztertu nahi nuen. Errealitate hori gertutik ezagutzeko aukera izan dut.
Nola jaio zen orain egiten ari zaren proiektuaren ideia?
Gisa honetako bidaia baten ideia betidanik izan dut buruan. Txikitandik egin nahi nuen zerbat zela esango nuke. Munduari itzulia emateko ametsa izan dut aspaldidanik. Hori gauzatu ahal izateko, ordea, zerbait zehatzagoa prestatu behar nuen eta MBA egiten ari nintzela ikusi nuen gogo hori errealitate egiteko aukera. Julen Iturberi behin baino gehiagotan aipatu nion eta beste irakasleren bati ere eman nion nire amets horren berri. Proiektua Ikerketa+Garapena+Berrikuntza Sailari egokitu eta globalizazioa, adimen lehiakorra eta beste hainbat arlorekin loturak egiten hasi ginen. Horrela jaio zen proiektua.

Non zaude une honetan?

Thailandian nago orain. Hiru hilabete emango ditut Asiako hego-ekialdean eta hemendik Txinara pasatuko naiz. Gero, Japoniara.

Oraindaino bizi izan dituzun bizipenetatik zein iruditzen zaizu aipagarriena? Zein izan da aberasgarriena?
Zaila da bizipen bat besteen gainetik nabarmentzea. Indiako eta Nepalgo jendearen sotiltasuna gustatu zitzaidan, kaleko jendearekin izan ditudan elkarrizketa luzeak, umeen irribarrea eta beste hainbat gauza. Ez dute ezer askorik, ez dute ongizate materialik, baina zer erakutsi asko dute. Vicente Ferrer-en fundaziora egin nuen bisita ere oso ederra izan zen. Bidean aurkitu ditudan bidaiari zenbaitek ere arrasto sakona utzi didate. Adiskideak egin ditut bidean eman ditudan hilabete hauetan eta adiskide horiek betiko izango dira.

Garapenerako ideia berrien bila abiatu zinen. Biltzen ari zaren ideien zerrenda horretatik zer nabarmenduko zenuke?
Ideia asko bildu ditut, baina ez nuke bakar bat nabarmenduko. Oro har, gauza bat esan dezaket, liburuko teoria guztiak baino interesgarriagoa dela gauzak bere horretan ikusi eta bizitzea, beste herrialde batzuk, beste kultura batzuk, nola bizi diren ezagutzea. Enpresaren arloan ere gauzak asko ari dira aldatzen. Globalizazioak ekarri dituen aldaketak izugarriak izan dira eta hori ere zuzenean bizi eta ikusteak ikuspegi errealagoa eta benetakoagoa ematen du. India da gauzak aldatzen ari direla ikusteko lekurik argienetakoa, adibide ikusgarriena.

 

Julen iturbe


Mondragon Unibertsitateko irakaslea

«Ivanek egiten duen lana ‘cool hunter’enaren gisakoa da, modaren munduan aspaldi asmatu zuten»

Ivan Marcos Pelaezek egin behar duen lana lehendik asmatuta zegoen. Modaren esparruan erabiltzen dituzten ‘cool hunter’en antzekoa da. Hortik hartu zuen ideia Julen Iturbek, Ivan Marcosen irakasleak. Iturbe bilbotarra da, ingeniari informatikoa. Kooperatiba munduko enpresetan lan egin du hamabi urtez eta orain dela sei bat urte, «40 urte betetzen direneko krisialdia» tarteko, bizimoduz aldatzea erabaki zuen. ETEOn klaseak ematen ditu eta aholkularitza enpresa bat sortu zuen.
 
Gisa honetako proiektu bat aurrera eramateko egokia iruditu al zitzaizun Ivan Marcos?
Ivan fenomenoa da. Kooperatiben mundua asko interesatzen zitzaion eta enpresen kudeaketari buruzko master bat egiten hasi zen. Master bukaerako proiektua egin behar izaten dute ikasleek. Eroskirekin eta Ulmarekin kolaboratzen ibili zen hasieran, baina benetan interesatzen zitzaiona munduari itzulia ematea zela esan zuen. Hasieran, Julio Verneren itzuliaren izenburua erabiliz “Munduari itzulia 80 kooperatibetara” egin nahi zuela esan zigun. Munduan barrena dauden kooperatibak aztertu eta alderaketak egitea zen bere hasierako asmoa. Hogeita hamar edo hogeita hamaika urte izango ditu. Kezka sozialak oso barnean ditu mutilak. Bidaiarien Interneteko sareak oso ondo ezagutzen ditu. Aurkeztu zigun aurrekontua oso apala zen munduari itzulia eman behar ziola kontuan izanda. Munduan zehar bidaiatzen oso eroso sentitzen den horietakoa da. Sare horiei esker, elkarri asko laguntzen diote eta aurrekontua izugarri jaisten dute. Harremanetarako asko balio du mutilak.

Zer egin duzue bidaia hori ordaindu ahal izateko?

Guk interes hadia genuen munduan barrena hainbat unibertsitatetako esperientzia zenbait ezagutzeko eta kooperatiba jakin batzuek ere interesa erakutsi zuten Ivan Marcosek informazioa eskuratzen lan egin zezan. Itzuli honetan, beraz, lehentasun batzuk baditu, dirua eman dioten kooperatiba horien beharrei erantzun behar baitie lehenik, baina gainontzean eskuak erabat libre ditu bere bidea eta bere ikerketak egiteko. Bera egiten ari den lan hau aspaldi asmatutakoa da, cool hunter (joera bilatzailea) deitzen diote. Kontsumoaren munduari lotutako lanbidea da. Modaren esparruan lan egiten duten enpresa handiek erabiltzen dituzte. Munduan zehar bidaltzen dituzte, zein jarrera nagusituko diren begira dezaten. Kalean biltzen den informazioa merkatuko ikerketen osagarri izan daitekeela uste dute. Makroekonomiaren jarrerak daude, noski, alde batetik, baina badaude egunerokotasunak markatzen dituen joerak ere. Enpresak bere aldetik biltzen duen informazioaren osagarri da, ondorioz, cool hunter-ek biltzen dutena.

Ivan Marcos Pelaez negozio, zerbitzu eta ideia berrien bila joan da. Jar al dezakezu negozio horietako baten adibide zehatz bat?
Demagun Ivanek Indiara iritsi eta pedalei eraginez funtzionatzen duten taxiei erreparatzen diela. Hiru gurpileko bizikletak dira eta demagun horiek hemengo bizikleta enpresa batean egin daitezkeela bururatzen zaiola. Kontuan izan horrelako milaka taxi daudela Indian.

OBEAren bidez zuzentzen duzue Ivan Marcosen proiektua. Zer da OBEA?
Oñatiko ETEOn gaude. Mondragon Unibertsitateak hiru fakultate ditu: Enpresa Ikasketak (ETEO), Ingeniaritza eta Humanitateak. ETEOren barruko ikerketa taldea da OBEA. Gure lana enpresa irekien ereduak ikertzea da. Enpresak normalean erakunde itxiak izaten dira, sekretuak gordetzeko inguruan segurtasun neurri asko jartzen dituzte. Gure enpresa eredua gizarteari irekita dago, jabetza intelektuala beste batzuekin partekatzen du. Gaur bertan bilera bat dugu Donostian, ezindu fisikoekin komunitate bat sortzeko. Ezinduentzako teknologiak lantzen dituzten enpresa zenbait oso interesatuta daude. Nork ezagutzen ditu ondoen ezinduen premiak? Ezinduak berak, noski. Harreman horiek bideratzeko da bilera. Teknologia horiek patentatu eta gorde beharrean, enpresa eredu irekiagoak asma ditzakegu.

Zuen egitasmoetan suma daiteke garapen bidean dauden herrialdeen aldeko borondate bat ere.
Prahalad izeneko autore baten ideiak erabiltzen ditugu. Jende pobrearekin lan egiteari buruzko estrategia bat landu zuen. 4.000 milioi lagun baino gehiago egunean bi euro baino gutxiagorekin bizi dira eta horiek sistema ekonomikoan sartzea da bere helburua. Berak esaten duenez, jende horrek ez du karitatea nahi, ez dute gure aurrekontuen %0,7 nahi. Negozioak eragin behar dira herrialde horietan, baina ez modu kolonialean. Herrialde horietan jarduera ekonomikoak sortzea da helburua.