Iñaki Altuna
2009ko Ekainaren 12a
Europako hauteskundeek esanahi politiko handia izan dute Euskal Herrian, nahiz eta egia ere baden parte-hartze txikiak bestelako irakurketarik eragin dezakeela: alde batetik, Europak sortzen duen jakin-minik eza; eta bestetik, zenbait alderdiren ohiko jokabideak eragin duen desatxikimendua. Hala eta guztiz ere, izandako bozak Euskal Herriaren egoeraren eta etorkizuneko aldagaien erakusle dira. Azpimarragarriak dira, zentzu horretan, ezker abertzaleak lortutako emaitza onak.
Hauteskunde hauek joan den martxoaren 1ean EAEn izandakoen segidan etorri dira eta, beraz, ikuspuntu horretatik ere zenbait aztergai garrantzitsu dago. Adibidez, Patxi Lopezek lehendakaritza eskuratu eta EAJ gobernutik kanpo gelditu izanaren ajeak. Esan liteke Lopezek majo pasa duela bigarren itzuli hau, Araban eta Gipuzkoan irabazteaz gainera, EAJtik oso hurbil gelditu baita EAE osotasunean hartuta. Basagoitik «aldaketaren» eragiletzat bere burua aurkeztu arren, PPri ere puska ederra atera dio PSEk, Estatu espainolean gertatutakoaren kontra. Akaso ez zaie gehiegi axola, baina PSEkoek, PSNkoek eta PS-Pays Basque-koek jakin beharko lukete lehen indarra direla Euskal Herrian.
Aitzitik, EAJk behera egin du dezente. Dezente baino gehiago. Martxoaren 1ean irabazi eta gero, «kolpe instituzionala» ematea leporatu zioten Lopezi. Halere, bere oinarriak ez dio oraingoan jarraitu. Pipermina boterea galtzean izan denez, proiektu politiko jakin bat eskaini ezinik dabil. PSErekin haserre gobernua kendu diolako, baina PSEren -edo PPren- atzetik bestelako apustu politiko sakonik ez duelako. Horregatik, kezkaz begiratzen diote ezker abertzalea 2011ko hauteskundeetara -udal eta foru hauteskundeetara- legalki aurkezteko aukerari, nazio proiekturik gabeko «paktismo» hutsalaren gainbehera eman daitekeelako.
Batzuek zein besteek lortutako emaitzen ondorioz, Euskal Herriaren etorkizuna trenkatzeko egiazko mapa politikoa azaldu da. Lau bloke handi dira: eskuin eta ezker espainolak, eta eskuin eta ezker abertzaleak. Horretan kokatzen da gizartearen hautua eta horretan bilatu beharko dira aterabideak.
Marrazki hori argi azaldu ahal izateko, ezker abertzaleak izandako berpizkundea dugu faktore nagusia. Mugimendu politikoa da ezker abertzalea eta horrelaxe agertu da berriro. Donibane Lohizuneko hondartza ondoan hauxe entzun diot iheslari politiko bati: «Bada giharrea». Hala da, bada giharra estrategia independentista bideratzeko. Indar metaketa egitea eta prozesu demokratiko bat bideratzeko ahalegina egitea -horren alde gehiengoa dagoelako Euskal Herrian- lirateke orain lehentasunak. Bidea non dagoen ikusi du ezker abertzaleak azken boladan. Jakin behar duen gauza bakarra da boz kopuru handi horrek zehazki bide jakin hori egiteko ematen diola gasolina. Irabazteko, atzera eta aurrera ibili beharrean. Arnaldo Otegik iragarritako «albiste onak» ez dira bere kabuz etorriko; izan ere, jasotzeko erein egin beharra dago. Eta ereiten ez bada, egindako urratsei segida ematen ez bazaie, «ezkerreko herri abertzalearen» gogoari erantzuten ez bazaio, «albiste txarrak» ere etor litezke.
Ez du erraza izango, errepresioari ere aurre egin beharko baitio. Hauteskunde hauetan Iniziatiba Internazionalistaren bozekin izandako iruzurra adierazgarri dugu. Halere, esan beharra dago boz iraultzaileak sistema bidegabeari zer-nolako kaltea egiten dion agerian gelditu dela. Horregatik, irregulartasunak estaltzeko alderdi guztiek eta hedabide gehien-gehienek ere bat egin dute. Eta bat egin ez dutenak oso motel ibili dira. Egunotan, soilik bi egunkarik -GARAk eta «Euskal Herriko kazeta»k- aipatu dute gaia lehen orrialdeko titular nagusian. Albistea Floridan edo Iraken gertatu izan balitz...




