-

2010eko udan, Munduko Futbol Txapelketa jokatuko dute Hegoafrikan eta oraindik zalantza ugari daude antolakuntzari dagokionez. Ekonomiaren uzkurtzea, delinkuentzia eta hiesaren gaiak pil-pilean daude. Igande honetan hasiko den Konfederazio Kopa herrialde horrentzat proba garrantzitsua izango da.

Unai Belaustegi

2009ko Ekainaren 12a

Duela bost urte, FIFAk Munduko Futbol Txapelketaren inguruko zenbait aldaketa martxan jarri zituen. Horietako bat txapelketa kontinentez kontinente aldatzen joatekoa izan zen. Hala, ordura arte Amerikak eta Europak zuten hegemoniari amaiera eman zion. Asia aukeratu zuten lehenengo eta orain Afrikari tokatu zaio. Kontinente beltzean sei estatuk erantzun zioten FIFAren deialdiari: aukeratu zutena, Hegoafrika; bukaera arte iritsi ziren Egipto eta Maroko (espainiar nahiz frantziar federazioen apustua); eta, bidean geratu ziren Nigeria, Tunisia eta Libia. Zoriak Afrikako hego muturraren izena atera zuen zozketa-ontzitik eta, berehala, 2010eko mundiala antolatzeari ekin zioten haiek. Hasiera-hasieratik oso prozesu eztabaidatua izan zen, bai aukeraketari, bai aurkeztutako kandidaturei zegokienez. Nigeria ez zen proposamena ofizial egitera iritsi, itxuraz handiegi geratzen baitzitzaion txapelketaren trajea. Bestetik, Tunisiak eta Libiak kandidatura bateratua aurkezteko asmoa erakutsi zuten, baina saiakerak berehala zapuztu ziren, Gaddafiren gobernuak jakinarazi zuenean Israelek ez zuela lekurik izango txapelketa Libiak antolatzen bazuen. Ondorioz, Libia lehiaketatik kanporatu zuten eta harekin batera Tunisia. 2010aren atarian, Afrikak eta bere hegoaldeak munduaren arreta bereganatu dute, ekainaren 14an hasiko den Konfederazio Kopak munduko selekzio indartsuenak bilduko baititu.


Korrika eta presaka

Baina futbolaz haratago, Hegoafrika beste lasterketa bat korritzen ari da, hau erlojuaren kontra. Nahiz eta bost urte luzez buru-belarri aritu munduko kirol gertaera ospetsuenaren exijentziak betetzeko ahaleginetan, polemikak etengabeak izaten ari dira eta txapelketa beste norabait eramatearen aldeko oihuak gehitu besterik ez dira egin ordutik. Hasiera-hasieratik, proiektuak, besteak beste, Nelson Mandelaren babes osoa izan zuen eta aukeratuak izan bezain pronto, irribarrez agertu zen hura komunikabide guztietan, bere jaioterriarentzat aukera ezin hobea izango zela defendatuz. Ordura arte promesak eta etorkizunerako hitz politak zirenak, beraz, errealitate bihurtzeko momentua iritsi zen. Proiektuak marrazki eta maketetatik adreiluetara pasa behar ziren. Baina paper dotorean bilduta zetorren opari itxurosoa arazo bihurtu zen, nahiko azkar.

Jimmy Mohala

Horren adibide nagusia, agian, Jimmy Mohalaren kasua izan zen. Urtarrilaren hasieran, txapelketako antolaketa batzordeko kide zena etxe aurrean hilda agertu zen, gorputzean zenbait tiro zituela. Mohalak futbol zelaien eraikuntza baimenak ematerako orduan gertatzen ari omen ziren irregulartasunak eta legez kanpoko kontzesioak salatu zituen behin baino gehiagotan eta zalaparta gehiago atera ez zezan betiko isilarazi zutela dirudi. Arazoak oraindik epaitegietan jarraitzen du eta ez dirudi, epe motzean behintzat, erantzulerik aurkituko dutenik. Bestalde, garraioen kontuak ere buruhauste nahiko eman ditu. Dirutza handiak aurreikusi ziren estadioei eta komunikazio sareei bideratzeko, baina horrelako kasuetan gertatu ohi denez, aipatutako aurrekontuak txikiegi geratu dira. Diru inbertsioen exijentziek goraka egiten zuten heinean, kapitalismoa uzkurtzen hasi zen eta txapelketa jokatzeko urtebete eskas falta dela,krisiak bete-betean harrapatu ditu antolatzaileak.

Krisia

Hegoafrikar askori krisiaz hitz egitea eguneroko bizitzako arazoei beste izen bat jartzea bezalakoa izan daiteke. 1994an eman zioten ofizialki amaiera Apartheidari, baina oraindik ere herritarren arteko ezberdintasunak handiak dira; sozialak, ekonomikoak nahiz politikoak. 2008aren bukaeran NBEk kaleratu zuen munduko hiri nagusiei buruzko txostenean, esaterako, Hegoafrikako hiriak agertzen ziren aurrena desberdintasun sozial handienak dituztenen sailkapenean, Brasilgoen edota Kolonbiakoen aurretik. Hori gutxi balitz, koiuntura ekonomiko berri honetan, orain arte Afrikaren gune ekonomiko garrantzitsuena izan den herrialde honek, epe motzean behintzat, hainbat barne arazori egin beharko dio aurre. Azken hamazazpi urtetako lehendabiziko atzeraldi ekonomikoa bizi du Afrikako estatu honek; eraikuntzan eta autogintzako esportazioetan oinarritua, munduko eskaerak gutxitu ostean, produkzioak behera egin eta langabeziak ia 50 milioi biztanletik herena mehatxatu du. Delinkuentzia tasak munduko altuenetarikoak dituen Hegoafrikan (urtean 18.000 hilketa eta 80.000 auto lapurreta inguru izaten dira), testuinguru global berriak gizarteko barne tentsioak larritu ditu eta Gobernuak munduaren aurrean eman nahi duen itxura zaintze aldera-edo, kontrol poliziala handituko duela iragarri du. Hala, bertaratzen diren turisten segurtasuna bermatuta egongo dela ziurtatu du. 2010erako, 190.000 polizia mobilizatuko dituzte. Izan ere, ezin ahatz daiteke Munduko Futbol Txapelketek leku guztietako jendea erakartzen dutela eta horrek diru mugimendu handiak eragiten dituela. Ohikoa denez, honek guztiak bestela ere eguneroko bizitzan aurrera egiteko zailtasun gehien dituztenei eragingo die, mundiala jokatu edo ez.

Prest izango al dute?

Datorren urteko Munduko Futbol Txapelketa antolatzeko Hegoafrika aukeratu zuten momentutik bertatik nazioartean kritikak eta zalantzak plazaratzen hasi ziren, ekonomikoki indartsua zirudien estatuak oinarri monetarioa baino zerbait gehiago behar zuelakoan txapelketa antolatzeko. Hiesa, delinkuentzia tasa altuak eta arazo ekonomikoak tarteko, lehiaketa beste norabait eramatea komenigarria izango zela defendatzen hasi ziren asko. FIFAk berak ere, Joseph Blatter presidentearen bitartez, aitortu zuen duela bi urte B plan bat bazeukatela, Hegoafrikak huts egingo balu. Ordezko horien artean, oso denbora gutxian Munduko Futbol Txapelketa antolatzeko gaitasuna omen zuten Japonia, Australia, Mexiko eta Espainiaren izenak atera ziren. Hala ere, halako gertaera handi baten aurrean, ohikoak izaten dira estatu antolatzaileak epeak beteko ez dituen zurrumurruak. Pekinen egin zituzten olinpiar jokoetan, adibidez, estadio nagusia («Txori Habia») garaiz amaituko ez zutela iragarri bazuten ere, azkenean olinpiar jokoak hasi baino bi hilabete lehenago bukatu zuten.

Kontuak kontu, sarreren salmentak ongi doazela dirudi eta nahiz eta oraindik urte bat falta, datorren ekainaren 14an Hegoafrikak Munduko Futbol Txapelketaren aurrekaria izango den Konfederazio Kopari emango dio ostatu. Bertan, futbol selekziorik garrantzitsuenak elkarren artean lehiatuko dira. 2010ari begira Afrikako hegoaldearentzat proba aparta izango da hau eta ongi ateraz gero, futbol mundua lasaitzeko baliagarria izango zaie, bederen.