Joseangel Oria
2009ko Ekainaren 12a
Barack Obama AEBetako presidentea Ekialde Hurbilean ibili berria da. Kairon hilaren 4an eskaini zuen hitzaldia aro berri baten hasiera gisa aurkeztu zaigu, esan digute Israelen eskuineko indarrek osatutako Gobernua jokoz kanpo geratzen ari dela presidente beltzarekin, itxaropena berriz posible dela Palestinan... Ulertzekoa da Obamak oso urrats txikiak egin izana, handiagoak eginez gero, helburua urruntzeko arriskua baitago, batez ere urrats horien aurkako indarrak batu egiten badira. Kontu handiz ibili beharra dauka, beraz. Hala ere, urrats horiek txikiegiak direla esaten dutenak ere hor daude, eta horien artean beste inork baino zilegitasun handiagoa du Irakeko erresistentziak, gezurrak aireratu ondoren AEBek inbaditu eta okupatu zuten herrialdeko erresistentziak alegia.
«Obama presidenteak iragarri zuena ez zen batere argia izan», adierazi du Irakeko Fronte Patriotiko Nazionalista eta Islamikoak jabha-wqs.net webgunean, arabieraz. IraqSolidaridad elkarteak (www.iraqsolidaridad.org) itzuli du gaztelaniara, eta rebelion.org webguneak ere argitaratu du idatzia. Obamak eskainitako hitzaldiari sekulako arreta eskaini zaiola nabarmentzen du Fronteak, «AEBetako presidente batek mundu musulmanari eskainitako lehenengoa izan delako». Irakeko erresistentziako indar horren iritziz, hitzaldiak galdera ugari utzi ditu erantzunik gabe. «Obamak esan zuen AEBetako Gobernuak bere erabaki baten eraginez okupatu zuela Irak. Nork eman zion Gobernu horri herrialde independente eta subirano bat, nazioarteko iritziaren aurka eta legedia kontuan hartu gabe, okupatzeko baimena?».
Frontekoen ustez, Obama presidenteak AEBek munduan duten irudia hobetu nahi badu, «argi eta garbi onartu behar du gure herrialdeari ezarri zaion txikizioaren erantzukizuna». Gogora ekartzen ditu okupazioak eragindako milaka hildako eta zaurituak, kalte materialak, azpiegituraren suntsiketa eta kultura, gizarte eta zientzia garapenari azken sei urteotan jarritako oztopoak.
«Gainera, Obamak esan zuen Irakeko egoera okupazioa hasi zenean baino hobea dela orain. Guk zera galdetu behar dugu: nola neurtzen da hori? Zein izango da irizpide nagusia egoera hobea den ala ez erabakitzeko garaian? Okupazio garaian, Irakeko herria segurtasun testuinguru batean bizi al da? Zuek Irak okupatzen duzuen bitartean, bertako familia batek ba al dauka bere seme-alabengatik kezkatu gabe bizitzerik? Non dago Bushen Gobernuak, inbasioa abian jarri nahi zuenean, irakiarroi agindutako demokrazia?» Oso galdera logikoak, indartsuenen aurrean nolabaiteko amnesia nagusituko ez balitz. «Irak irakiar herriaren esku utziko dugu», esan zuen Obamak. Eta Fronteak, beste galdera bat: «Iruzur egiten dutenak, lapurrak eta ustelak al dira `irakiar herria' Obamaren iritziz? Azken sei urteotan herrialde osoan eskola bakar bat ere eraiki ez duten horiek? Irak munduko herrialderik ustelena izatera eraman duten horiek?».




