Martin Gruttadauria: «Gero eta lur gehiago dago esku gutxitan eta gero eta esku gehiago lurrik gabe»
Euskal Herrian egon berri da «RR Cosecha Amarga" dokumentala aurkezten. Zuzendari argentinar gazteak soja transgenikoaren monolaborantzak sortu duen triskantzaren erretratu garratza egin du
Amagoia Mujika
2009ko Ekainaren 12a
Zer kontatu edo salatu nahi izan duzu «RR Cosecha Amarga» dokumentalean?
Kasualitatez, Cordobako Nekazari Mugimenduarekin harremanetan jarri nintzen. Aurretik ere banekien zerbait gertatzen ari zela soja transgenikoaren monolaborantzarekin, baina ez nekien arazoa norainokoa zen. Hartara, jende honekin harremanetan jarri eta erabat maitemindu nintzen haiekin. Nekazari horiek hitz batekin definitu beharko banitu, duintasuna erabiliko nuke. Sekulakoa da beren borroka, eta aurkari oso indar-tsuak dituzte. Nekazarien arazo larriena beren lurrak galtzeko arriskua da. Belaunaldiz belaunaldi jaso dituzten lurrak lapurtu egiten dizkiete, enpresari indartsuek era guztietako trikimailu juridikoak erabiltzen baitituzte horretarako. Eta desjabetzeak oso bortitzak izaten dira. Leporaino armatutako 80 polizia iristen dira eta arrastaka ateratzen dituzte beren etxaldeetatik. Hartara, nekazariak hiri handietako kanpoaldean sor-tzen ari den pobrezia gerrikoaren zati bihurtzen dira egun batetik bestera. Miseria gorrian geratzen dira. Arazo honek 200.000 familiari eragiten dio, nahiz eta datu zehatzik ez dagoen. Arazoa ikusita, dokumentala egitea erabaki genuen.
Nola joan da grabaketa?
Hiru urte eman ditugu graba-tzen, toki batetik bestera mugitu gara. Nekazariekin bizitzen aritu gara. Guk beti esaten genuen kamera boligrafo modura erabiltzen genuela, apunteak hartzen genituela kamerarekin. Hartara, aurretik ez genuen gidoirik egin, ez genuelako baldintzarik nahi. Gidoia editatzeko orduan egin dugu, behin material guztia bilduta. Finean, ikerketa bat egin dugu. Eta hori egiten ari ginela, egoera zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gehiago haserretu gara. Dokumentalak bi helburu ditu: nekazarien duintasuna nabarmen-tzea eta ikuslea, gu bezalaxe, haserraraztea.
Eta emaitza nolakoa izan da?
Bi orduko dokumentala da. Publiko orokorrarentzat ez ezik, Cordobako Nekazari Mugimenduarentzat ere bada. Izan ere, nekazariak beren artetik oso aparte bizi dira; asko, gainera, iristeko zailak diren tokietan bizi dira eta beren arteko komunikazioa eta harremana ez da erraza. Hain bakartuta bizi direnez, sekulako zailtasunak dituzte beren arazoen berri emateko. Haientzat hirira iristea ez da erraza, ez bakarrik urrun daudelako, baita beren etxaldeak ezin dituztelako bakarrik utzi ere. Gainera, errealitatea beste erritmo batera bizi dute, ez dituzte komunikabideak beren eskura eta zailtasun handiak dituzte beren arazoak ezagutzera emateko. Horregatik, dokumentala haientzat lagungarri izatea nahiko genuke.
Nekazariak biktima zuzenak dira, baina, monolaborantzak gizarte osoarentzat dira arriskutsuak, ezta?
Bai, baina sekulako desinformazioa dago eta jendea oso erratuta dago sojaren kontuarekin. Adibidez, duela gutxi sekulako gatazka izan zen. Erretentzio batzuk izan ziren eta herritar asko eta asko agertu zen nekazaritza negozio handi horien alde. Herritar askok ez daki urrundik ere monolaborantzak zer dakarren. Adibidez, unibertsitateko irakasle bat, asko jota, hilean 2.500-3.000 peso irabaztera irits daiteke. Lurjabe batek, panpa hezean, 300-500 hektareako lur bat alokatuz, 35.000 peso irabaz ditzake hilean. Aipatutako erretentzioek aberastasuna modu orekatuagoan banatzea zuten helburu eta herritar guztiak erabat asaldatu ziren erretentzio horien aurka. Aberastasunaren kontzentrazio izugarria gertatzen ari da; gero eta lur gehiago dago esku gutxitan, eta gero eta esku gehiago daude lurrik gabe. Nik nire herriarekin maitasun-gorroto harremana daukat. Izugarri maite dut Argentina, baina ezin dut jasan jende asko hain inozoa izatea, hain modu itsuan sinestea komunikabide handienek sojari buruz esaten dutena. Komunikabideetan bada oso zabaldua dagoen diskurtsoa. Horren arabera, monolaborantza horrek bakarrik ekar dezake garapena Argentinara. Gutxi batzuen esku dauden monolaborantzako lurrak dira, horien arabera, Argentina aurrera eramango duen motor nagusia. Eta hori sekulako erokeria da, jende askok sinesten duen erokeria.
Aldiz, arriskutsua ere gerta daiteke herrialde baten etorkizuna laborantza bakarraren mende egotea.
Noski. Argentinan ekoizten den sojaren %90 inguru esportatu egiten da. Uneren batean, edozein arrazoi dela medio, sojaren prezioak behera egingo balu nazioarteko merkatuan, zer gertatuko litzateke Argentinan? Edo Txinak, esaterako, soja merkeago salduko balu? Ezin da herrialde baten etorkizuna ekoizpen bakarraren bizkar gainean jarri.
Biodibertsitatearen ikuspuntutik ere erabat kaltegarria da.
Gaur egun, 17 milioi hektarea daude sojaren laborantzara bideratuta. Urtean, 70 milioi tona inguru ekoizten dira eta asmoa da 2015 urtea baino lehen urtero 100 milioi tona ekoiztera iristea. Horrek esan nahi du, noski, lursail gehiago beharko direla soja transgenikoaren monolaborantzara bideratzeko. Argentina munduan lur erauzketa gehien egin dituzten herrialdeen zerrendan dago. Esaterako, erakunde batzuek emandako datuen arabera, Argentinan, orduko 40 futbol zelai ebakitzera iritsi dira. Urte batzuetan, euria alde egoten da eta soja izugarri hazten da. Baina, beste urte ba-tzuetan, euriak ez du laguntzen eta sojarik ez da hazten. Lursail askotan eta askotan gertatu da; soja hiruzpalau urtean hazten da eta gero, batere ez. Eta, gainera, lur hori erabat higatzen da eta desertu baten antza hartzen du. Dagoeneko ez du ezertarako balio. Eta, era berean, biodiber-tsitatea erabat apurtzen da, baita lursail horietan bizi diren nekazarien bizimodua ere. Triskantza sekulakoa da.
Soja larre amaigabeei «desertu berdeak» esaten diete nekazariek.
Bai. Eta nik beti galdetu izan diot neure buruari zergatik. Orain badakit zergatik. Soja transgenikoa dagoen tokian, hori bakarrik dago, soja. Inguruko guztia hil egiten da, landaredia, intsektuak, animaliak... denak hil egiten dira. Soja transgenikoa da bizirauten duen bakarra. Biodibertsitatea, akabo. Eta, ondorioz, desoreka izugarria sor-tzen da
Fumigazioak ere kalteak eragiten ditu.
Bai. Soja fumigatzen dutenean, tartean dauden laboreak harrapatzen dituzte eta horiek jaten ez gara ausartzen dagoeneko. Bada kasu oso berezi bat: Cordoba hiriburutik gertu bada auzo bat soja laborantzez inguratua geratu dena. Hori gutxi balitz, duela gutxi arte auzo horretan PCV materialeko elektrizitate transformagailu batzuk zeuden, minbizia eragiten dutenak. Hartara, koktel arriskutsua zen auzo hori. Izugarria da zenbat minbizi kasu gertatzen diren auzo horretan. Baziren, gainera, haurdunaldi oso bereziak. Emakumea- ren sabela handitu egiten zen edozein haurdunalditan bezala, baina, barruan, ez zen haurrik hazten. Oso kasu bitxiak eta larriak dira. Kalean `huevo duero' esaten zaio. Duela gutxi, eta urte luzeetan borroka egin ondoren, lortu dute azkenean auzoaren inguruan ez fumigatzea. Hala ere, albo-alboan fumiga-tzen dute eta berdin-berdin iri-tsiko zaie glifosatoa
Argentinak soja transgenikoarekin dauka arazoa. Baina beste toki askotan ere antzeko arazoak daude.
Dokumentala egiten ari ginen neurrian informazio bola handituz eta handituz zihoala konturatu ginen eta guk Cordobako Nekazari Mugimenduaren arazoei heltzea erabaki genuen. Baina dokumentalean agertzen den ekonomista batek esaten duenez, kapitalismo globalizatuak Latinoamerikan sortu duen arazo nagusia baliabide naturalen harrapaketa orokorra da. Argentinan, sojaren monolaborantzak erakusten du harrapaketa hori. Gu ez gara ari soja esportatzen, lurraren aberastasuna ari gara esportatzen -agortzen ari delako- eta ura ari gara esportatzen. Bi baliabide horiek gero eta urriagoak dira munduan. Harrapaketa kapitalista horrek, beraz, monolaborantza itxura hartzen du, herrialde bakoitzean desberdina.
Bada harrapaketa globalizatu hori tapatzeko diskurtso bat.
Bai, bada diskurtso progresista moduko bat esaten duena benetako garapena ekoizle handi horien eskutik etorriko dela. Batetik nekazari txikiak daude, kasik eskuekin lan egiten dutenak. Horien parean agertzen dira ekoizle handiak, beren makinariarekin, eta lana azkarrago eta hobeto egin dezaketela esaten dute. Garapena hori dela sinestarazten dute eta, zoritxarrez, jende askok sinesten du.
Nola dago antolatua Nekazari Mugimendua?
Oso sistema horizontala da, oso interesgarria alderdi horretatik begiratuta. Batzarretan, denen artean hartzen dituzte erabaki guztiak. Komunitateak oso barreiatuta eta beren artean urrun daude. Komunitate batetik bestera 200 kilometro egon daitezke eta tartean mendikate handi bat. Hartara, beren bilgunea, egoitza nagusia, Cordoba hiriburuan daukate. Hilean behin biltzen dira bertan eta komunitate bakoitzeko ordezkari bat bertaratzen da horietara, dituzten arazoak agertzeko. Bere tasun nagusia da ezin dela gelditu, behetik sortzen delako.
Haserretzeko arrazoi asko topatu dituzue dokumentala egiterakoan. Ba al da mezu baikorrik, itxaropenik?
Bai, noski. Gu maitemindu egin ginen nekazarien borrokaren duintasunarekin. `Nekazariek irabazi egingo al dute?', galdetu dezake norbaitek. Duintasuna ez dago garaipenean, duintasuna nekazarien borrokan bertan dago eta hori bereziki nabarmentzen saiatu gara dokumentalean.
Argentinako nekazaritzak ez zituen garai onak bizi eta RR soja mota zerutik etorritako irtenbidetzat hartu zuten askok. Alternatiba merkea zen, erraz eta azkar erein zitekeen eta emaitzak epe laburrean espero ziren. Hartara, eta artean legerik eta entsegu seriorik egin gabe zegoen arren, RR sojaren eskuetan erori ziren Argentinako lurrik onenak eta emankorrenak.
Gaur egun, Argentina munduko bigarren soja ekoizle garrantzitsuena da eta ekoizten duen sojaren %90 esportatu egiten du. Labore horrek ereindako lurraren %55 bereganatzen du eta bere esportazioak herrialdeko diru-sarreren %30 inguru ekartzen du. Baina, kontua ez da dirudien bezain polita. Sojaren boomak gutxi batzuen eskuetan pilatu ditu ondasunak eta aberastasuna; eta beste asko eta asko arrastaka eraman ditu pobreziara eta miseriara.
Teknologia berriak zuzen sartu dira Argentinako laborantza lurretan eta eskulanaren beharra nabarmen gutxitu da. Hartara, nekazari asko eta nekazarien inguruan mugitzen ziren beste langile asko lanik gabe eta behar larrian geratu dira. Hiri handietako kanpoaldean, pobreziaren lurretan, bizi dira orain.
Soja transgenikoaren laborantza oso bortitza da lurrerako. Pestizida asko erabiltzen dira eta horiek lurra erretzen dute pixkanaka-pixkanaka. RR sojaren ezaugarri nagusia da glifosatoak ez duela kaltetzen. Noski, baina pestizida horiek soja transgenikoa ez den beste guztia kaltetu egiten dute, eta nola gainera. Beraz, soja transgenikoa dagoen tokian hori baino ez dago. «Desertu berdeak», esaten diete nekazariek.
Argentina erabat sojaren esportazioaren mende dago egunotan. Hartara, sojak huts eginez gero, arazo larriak izan ditzake herrialdeak aurrera egiteko.
Finean, soja transgenikoaren zabalkundea suntsitzailea da. Mendiak errausten ditu; belaunaldiz belaunaldi bizi diren lurrak landu dituzten nekazarien familiak zapaltzen ditu; dena, soja lerro berri bat landatu ahal izateko. Lekale antipatikoa da soja. Batez ere, sortzen duen aberastasuna esku gutxitan pilatzen delako. Batzuentzat hori da soja, ongizatea eta berentzat eta ondorengo belaunaldientzat lasaitasuna. Beste askorentzat, ordea, sojak zera esan nahi du: desjabetzea, etxaldetik ateraraztea, menderatzea, giza eskubide oinarrizkoenak urratzea.




