Josu Juaristi
2009ko Ekainaren 12a
Uztailaren 1ean Suediak hartuko du Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluko presidentzia, urtea amaitu arte. Lisboako Ituna berresten ez den bitartean, seihilabeteko presidentzien sistema ez da birmoldatuko. Suediak Txekiar Errepublikari hartuko dio erreleboa eta, oraindik ia hogei egun falta badira ere, Stockholmeko agintariak hasi dira, dagoeneko, lehentasunak eta ideiak plazaratzen.
Lehentasunen artean immigrazioaren kontua jarri dute suediarrek, gainerako estatu kideekin ohiko bilerak egin ondoren (presidentzia hartzen duenak ez baitu bere kabuz bakarrik markatzen datorren seihilabeteko agenda edo gai ordena; adostu egiten da). Horretarako, Stockholmeko Egitamua prestatu dute, aurten bertan amaituko den Hagako Egitamua ordezkatzeko. Azken honen antzera, Stockholmeko Egitamuak edo programak Europar Batasunak hurrengo bost urteko epean Justizia eta Barne Arazoetako esparruetan izango duen legegintza-agenda markatuko du. Stockholmeko Egitamua urte honen amaieran onartuko da, seguru asko, estatu kideen arteko negoziazioak ordurako bukatzen baldin badira, behinik behin.
Egitamuak aipaturiko esparru horren arlo guztiak ukitzen ditu, baina Suediako Gobernuak immigrazioaren eta asiloaren kontuan arreta berezia jarri du, besteak beste, egun Batasunak duen erronkarik handienetakoa delako. Suediak Europar Batasuneko asilo politikarik aurrerakoienetakoa du (oraindik ez dago europar asilo politika komunik), aurrerakoiena ez bada, eta bere filosofia -bi kontzeptuotan oinarrituta: mugak ezin dira gehiago itxi eta immigrazioaren erronkak guztioi dagozkigu, erantzukizunak konpartitua behar du izan, beraz- Batasun osora esportatzen saiatuko dela agindu du Stockholmeko Exekutiboak. Erantzukizuna denen artean hartu behar dela diotenen artean Europar Batzordea dago, eta baita estatu kide dezente ere; hitzetatik ekintzetara pasatzea, ordea, beste kontu bat da. Suediak, hitz politekin, intentzio edo asmo on guztiak sartu ditu Stockholmeko Egitamuaren testuan, itxuraz behintzat, baina, Europar Batasunean ohi den bezala, hitz polit horiek negoziazio mahaira iristen direnean, egungo europar integrazioaren ereduarekin egingo dute topo, eta ilea moztu zaien ardiak bezala aterako dira, ustez zirenaren antzik gabe. Oinarrizko Eskubideen Gutuna negoziatu zutenean ere antzeko zerbait gertatu zen, eta Batasunaren errealitate tristea izendatzaile komun apalenean aurkitu zuten, beti bezala.
Orain arte, immigrazio eta asilo politika komunitarizatzeko edo bateratzeko egin dituzten ahalegin guztiek porrot egin dute; bitartean, estatu kideek nahi dutena egiten dute, mutur batetik bestera, Suediatik (onerako) Italiaraino edo Estatu espainoleraino (txarrerako). Bitartean, Europar Batzordea urduri dago, besterik ez bada esparru honentzako martxan jarri nahi duen bulego berria estreinatzeko irrikatan dagoelako -European Asylum Support Office (EASO)-. Bulegoa datorren urtean jarriko litzateke martxan -politika komuna edo komunitarioa adostuko balu Batasunak-, eta oraindik ez da zehaztu non eraikiko litzatekeen. Gaur dakiguna, ordea, zera da: Stockholmeko Programa ez da Suediak nahi bezala aterako (are gehiago, gobernuetan eta Parlamentuan eskuina nagusi dela jakinda), mugen kontrol militarra handitu egingo du, immigrazio politika diskriminatzaileak bultzatuko ditu, espioitza eta kontrola areagotu egingo ditu eta segurtasun eta defentsa politika geroz eta agresiboagoak diseinatuko ditu. Eta, azkenean, ohi bezala, norbaitek honako hauxe esango du Brusela aldean, hitz politak zakarrontzira bota ondoren: «Baina, begira behintzat zer nolako bulego dotorea eraiki dugun!».




